Zapalduen hitza zokoratzeko asmakizuna

  • Wokismoari begiratu beharrean antiwokismoari so jarri gara. Antiwokistek sorturiko multzoa delako wokismoa, eta antiwokismorik ez balego ez legokeelako wokismorik. Multzo eklektiko horri begiratu, eta laster ohartzen gara eskuin muturrak hastio duen guzia barnebiltzen duela: feministak, antirrazistak, izpiritu kritikodun pentsalariak, trans aktibistak... Finean, ‘woke’ guziek zera dute partekatzen: zapalkuntza estruktural bat salatzen eta justizia soziala aldarrikatzen dabiltza. Alta, jendartearentzako mehatxu gisa aurkezten dizkigute. Argi geratu dadila: eskuin muturreko pentsalariek xeheki landuriko pentsamoldea da antiwokismoa, AEBetako think tank gogoeta esparru batzuetan eraikitakoa. Horregatik dugu honen anatomia egin beharra, oinarrian dagoena eta helburu duena begi-bistatik ez galtzeko.

Antiwokismoa lehentasunetan jarrita dute Mendebaldeko alderdi ultraeskuindar guziek. Argazkian, Ron DeSantis Floridako gobernadore ultraeskuindarra.Associated Press

Feminismoa wokismoa da. Borroka antirrazista wokismoa da. Trantsizio ekologikoa wokismoa da. Trans identitatea wokismoa da. Parekidetasunaren aldeko politika wokismoa da. Idazkera inklusiboa wokismoa da. Ikerketa dekoloniala wokismoa da. Polizia indarkeriaren salaketa wokismoa da. Heteroaraua galdekatzea wokismoa da. Amatasunari buruzko hausnarketa kritikoa wokismoa da. Besteak beste. Haatik, ñabardura bat: nehork ez du berea wokismotzat eta inor ez da wokismoarekin identifikatzen. 

“Antiwokismoa ideologia berri bat da, hutsetik eraikitako arerio baten arabera osaturikoa. Berez, arerio hori –wokismoa– ez da existitzen. Definituriko etsai horri esker osatzen du berea antiwokismoak, eszenatoki politikoan existitu ahal izateko”. Hori dio Martin Deleixhe-k, Bruselako unibertsitateko zientzia politikoetako irakasleak.

Definizioa gehiago osatu nahian, ondokoa ere gehitzen dio: “Zientzia sozialetako jakintza kritiko oro du jomugan jartzen, errealitatean diskriminaziorik ez dagoela edota diotena baino anitzez gutxiago dagoela frogatzeko”. Diotenaz, ezkerreko “sektarismo ideologiko” baten menpe lirateke unibertsitateak, eta adierazpen askatasunaren eta unibertsalismoaren izenean, ikerketa eta hezkuntza “gangrena horretatik atera” beharrean dabiltza. Zehazkiago, karrikatik eramandako diskriminazioen kontrako borrokek jakintzaren esparrua “kutsatu izanaren” mezua zabaltzen dabiltza. Baina finean, anti-intelektualismoaren aurpegi berria da antiwokismoa: jakintza sozial kritikoak dituzte jomugan, eta arerio nagusienak dituzte ikuspegi dekolonialetik eta intersekzionalitatetik bideraturiko lanketa akademikoak. Ondokoa dio Deleixhek, David Paternotte lankidearekin idatzitako Qu´est-ce que l´antiwokisme? (Zer da antiwokismoa?) artikuluan: “Gure ustez, wokismoaren kontzeptuak analitikoki ez du interes handirik, izendapen horren pean batzen direlako elkarren artean arrunt ezberdinak diren fenomeno soziopolitikoak. Nozio horrek ez digu balio inguratzen gaituen mundu soziala deskribatzeko, ulertzeko eta esplikatzeko. Haatik, argi da zenbait eragile politikok eta intelektualek termino hori estrategikoki erabili dezaketela –baita erabiltzen dutela ere–, hain justu, arerioei sinesgarritasuna kentzeko eta indar harremanak birkonfiguratzeko”.

“Antiwokismoa ideologia berri bat da, hutsetik eraikitako arerio baten arabera osaturikoa. Berez, arerio hori
–wokismoa–
ez da existitzen”
Martin Delheixe

Antiwokismoaren jomugan kausiturik, ideologia eta mugimendu hori aztertzeko beharra sentitu zuten 2023an Belgikako hainbat unibertsitariok. Horien artean dugu Deleixhe bera, galderei erantzuteko tartea bideratu diguna. Anatomie de l´antiwokisme (Antiwokismoaren anatomia) izeneko ikerketa eguna antolatu zuten 2023ko abenduaren 11n, eta bilduma jaso zuten ondotik, La Revue Nouvelle aldizkariaren 4. zenbakian. Kontzeptu berri horrek bere baitan dakarrena azaleratzeko bidean, antiwokismoa ikerketa-objektu gisa kontsideratzea beharrezkotzat dute. LARRUN honetan ere bide beretik jo dugu. Antiwokismoaren anatomia bat egin nahi izan dugu.

Eskuin muturraren diskurtso landua

Oinarrian, AEBetatik dator antiwokismoa, AEBetako eskuinaren esferatik. 2010. hamarkadaren erdialdean gara, eta think tank gogoeta talde pribatu batzuk dabiltza eskuin muturrari buruz hausnarrean, erakargarriagoa izanen liratekeen diskurtso eta proposamen politikoak osatzeko asmoz. Berez, gogoeta hori ez da berria, aitzinetik ere izan ziren beste batzuk, eta horiei zor zaizkie 1990eko hamarkadan gertaturiko Politically correct (Politikoki zuzena) terminoaren berreskurapena, zein 2010eko hamarkadako Cancel culture (Ezeztapenaren kultura) nozioaren loraldia. Kontzeptu guzi horiek helburu bera dute: gutxiengoan direnen diskurtsoak zokoraturik mantentzea, munduaren ordena bere horretan atxikitzeko. Beraien zirkulu itxian gogoetatzen zebiltzala egituratuko zen Black Lives Matter afroamerikar mugimendua, AEBetako pertsona beltzek jasaten duten indarkeria sistemikoa salatzeko –tartean, Poliziaren hilketak eta inpunitatea–. Stay woke –esnatuta egon zaitez– leloa zabaldu zuten, pairaturiko arrazakeriaren parean zutik egoteko aldarrikapen gisa. Arrazakeriaz gain, bestelako diskriminazioentzako ere balio baldin badu kontzeptuak, eskuin muturreko eragileek zuten terminoa berreskuratuko eta bestelakotuko, finean, berdintasunaren eta askatasunaren aldeko borroka orori zilegitasuna kentzeko. Stay woke laburtu woke-era, mugimendu bat definitzeko balio duen ismo atzizkia gehitu eta mamua sortua zuten: wokismoa. Zapalkuntzen kontrako aktibismoa eta horien ohako intelektual gisa ikusitako unibertsitateak hartu zituzten jomugan.

AAEBetan garatu dute antiwokismoaren estrategia politikoa, Black Lives Matter mugimendu antirrazistak karrikak harturik zituela. Argazkia: Anthony Quintano

Emankorra zirudien kontzeptuak, eta laster zukua aterako zioten eskuin muturreko politikariek ere. Ron DeSantis Floridako gobernadore ultraeskuindarra izan zen ikuspegi eta diskurtso horretan apustua egin zuen lehena. 2023. urtean gara, eta AEBetako presidentetzarako Alderdi Errepublikanoen primarioetan zegoenak “woke birusari” gerra deklaratzen dio. Bide bera hartuko zuen laster Donald Trumpek ere, “woke is bullshit” edo “woke-a kaka hutsa da” esaldiarekin hasiera emanda bide berri –baina ez hain berri– horri. Dantzan sartuko ziren ere eskuin muturrarekin eskuz esku dabiltzan mainstream komunikabide boteretsuak.

Mundu mailara zabaldu, eta beste eskuin muturreko ordezkariek laster berenganatu zuten ingelesezko terminoa: Argentinako Javier Mileik –“Woke kantzerra”–, Italiako Giorgia Melonik –“wokismoaren kontrako gerra” zein Hungariako Victor Orbanek –“woke birusatik babestuko ditugu gure haurrak”–; eta guretik hurbilago, Frantziako Estatuko Marine Le Penek –“pozoi wokista”– edota Vox alderdi espainolak hilabete hastapenean aurkezturiko “woke ideologiaren kontrako plana”.

Sare sozialak izan dira zabalpenerako tresna ahaltsuak, bere horretan badirelako ideien zabaltzeko bide eraginkorrak, baina, oroz gainetik horien jabeek ere diotelako gerra deklaraturik wokismoari. Dela X-ren jabe Elon Musk zein Facebook eta Instagramen jabe Mark Zuckerberg, badabiltza borroka hori lehen lerroan jarrita, besteak beste, ikuspegi maskulinista zabalduz, trans pertsonen kontrako ofentsiba gogorra bideratuz eta beren enpresetako emakumeen eta pertsona arrazializatuen inklusiorako politikei bukaera jarriz.

Antiwokismoaren sustatzaile sutsua da Elon Musk, munduko aberatsena ere dena. Argazkia: Reuters

Musk eta Zuckerberg dira munduko bi pertsona aberatsenak, 379.000 milioi dolarrekin lehena eta 184.000 milioirekin bigarrena. Hori ere zehaztu beharra dago, ikerketa-objektua ulertu nahi bada. Eta berdin-berdin zehaztu beharra dago gizonak direla, heterosexualak eta zuriak. Antiwokismoa pribilegioen betikotzearen aldeko proposamena delako, sistema zisheteropatriarkal kapitalista, kapazitista eta arrazista bere horretan atxikitzeko dabilena. Horregatik dituzte zapalduen aldarriak eta proposamenak zikindu eta zokoratu nahi, beraien pribilegioek hor segitzeko sendo. Zentzu horretara mintzo da Le lobby transphobe (Lobby transfoboa) liburua plazaratu berri duen Maud Royer trans aktibista: “Patriarkatuaren defentsa dago oinarrian. Ez dago besterik. Arrazismoa, gizonen pribilegioen defentsa eta emakumeen menderakuntza zabaltzeko diskurtsoari esker irabazten dituzte hauteskundeak. Amerikar kontserbadoreek ulertu dute emakumeen eta trans pertsonen eskubideez ari garenean, funtsean, gauza beraz ari garela, autodeterminazio eskubideaz eta norberak norbere gorputzaz erabakitzeko eskubideaz ari garela. Trans identitateak bere baitan dakar genero kategoriak, eta hortik gizonen dominazioa, auzitan jartzearena. Horregatik arriskutzat daukate trans identitatea”.  

Zapalduen aldarriak zikintzen eta zokoratzen dabiltza, beraien pribilegioek hor segitzeko sendo

Soa eskuin muturrari bakarrik mugatu beharrean, Delheixek uste du indar politiko horren zabalpena testuinguru politiko eta sozioekonomikoari ere lotu behar zaiola: “Dela Blair Britainia Handian, Schröder Alemanian, Hollande Frantzian... ezkerraren ospe-galtze batean gaude, berez bere balore kardinala izandako berdintasunaren defentsa bigarren mailan kokatu zuelako ezkerrak, neoliberalismoan murgilduta”. Horrez gain, krisi sozioekonomikoaren giroan kokatzen du eskuin muturraren loraldia: “Desberdintasunak handitu arau, hobenduna bilatzeko joera handituz doa, zapalduen arteko lehia eta gatazka elikatuta. Ogi-papurrentzat borrokatu behar duzunean, are basatiagoa da borroka”.

Ofentsiba ideologikoa eta politikoa

Kezkaturik so egiten dio ultraeskuinaren gorakadari Deleixhek: “Oker gabiltza erratearekin eskuin muturrak ez duela gogoetatzen. Alderantziz, badabil hausnarrean, intelektualak baditu, eta aspaldi hasi ziren ezberdintasunen salaketak deuseztatzeko balioko lukeen pentsaera-sistema bat lantzen, finean, jendartean ezberdintasunak egote hori normaltzat kontsideratua izan dadin”.

Aspaldiko kontua baldin bada ere,  antiwokismoak bere berezitasun propioak dituela dio: “Termino horren arrakasta zor zaio, hain justu, zehaztugabea izateari, eta guzia salatzeko duen gaitasunari. Sona belzten die feminismoari, antirrazismoari, queer borrokei, etxebizitza zein lan esparruko diskriminazioen kontrako borrokei, eta abar, eta abar. Hori da antiwokismoaren indarrik handiena: ez duenez zehazki ezer definitzen, guzia definitu dezake, hots, eskuin muturrak traban duen guzia”.

Bere ohiko diskurtso arrazista eta xenofoboarekin seduzitutakoez haratago zabaltzeko diskurtso borobila landurik dute. Batetik, unibertsalismoaren eta adierazpen askatasunaren baloreak berenganaturik dituzte, eta bestetik, izu-ikararen hedapena xehe-xehe landuta dute, bakar batzuen beldurra jendartearen beldur bihurrarazteko xedez.

2025eko martxoaren 8ko manifestazioa, Donostian. Argazkia: Ana Banegas

Stanley Cohen soziologoaren arabera, “izu-ikara morala” garatzen zaigu gertakizun, pertsona edota pertsona multzo bat jendarte baten balore eta interesentzako mehatxu gisa ikusia denean. Kasu horietan dagoen beldur giroa komunikazio kanalen anplifikazioari lotzen du Cohenek. Termino hori dakarren Folk Devils and Moral Panics (Folk deabruak eta paniko moralak) liburuan adibidetzat hartu zuen 1960. hamarkadako Ingalaterrako itsasbazter bateko gazteen arteko borroka bakan batzuen harira zabalduriko beldurra. Komunikabideek gertakizun bakan horiek behin eta berriz aipaturik eta hanpaturik, azkenean, kontrol sozialaren gogortzean ikusi zuen jendarteak eman beharreko erantzuna.

“Eskuin muturra badabil aspaldian ezberdintasunen salaketak deuseztatzeko balioko lukeen pentsaera-sistema bat lantzen”
Martin Delheixe

Adibide (baita fake news edo berri faltsu) bakan batzuen gainean oinarrituriko izu-ikararen giroa sortzeko saiakeran dabiltza antiwokismoaren sustatzaileak, wokismoak obskurantismoa eta totalitarismoa ekarriko lukeela errepikatuta. Frantziako Estatuko antiwoke ezagunek beti dute adibide bera: 2019ko martxoan Pariseko Sorbonnes Unibertsitatean Eschyle antzerkia ezeztatu izana Blackface-a –azal zurikoek aurpegia beltzez marrazteari horrela deitzen zaio– salatzeko protesta antirrazisten eraginez. 2019koa da gertakizuna, eta oraindik ere hori darabilte ahoan. Aldi oro adibide bera emateak, agian azaleratzen digu besterik ez dutela, ez? Unibertsitario gisa problematikotzat dauka hori Delheixek. Baina ez da antiwoken arrangura. Alderantziz, fake news –berri faltsuen– eta bullshit –zernahikeriak– delakoez osaturiko informazio eta formazio garai berri honetan oztopo dituzte unibertsitateek dakarten hausnarketa kritikoa eta jakintza zientifikoa.

Behin eta berriz errepikatzearen bortxaz lortzen dute faxista batzuen beldurra jendarte osora zabaltzen, eta horri tiraka, proposamen politiko libertizidioak onargarritzat bihurtzen. Hori ez da fabulazio bat, hori Historiaren irakaspena da. Antiwoken estrategia da, eta adibide argienak ditugu hezkuntzaren sektorean bideraturiko presio-kanpainak: genero berdintasunaren aldeko programek umeen oreka mehatxatzen dutela errepikatzen dabiltza, helburutzat harturik heziketa parekideago baten aldeko urrats ororen deuseztapena. Trans pertsonen eskubideen aitortza bidean jarritako oztopoak –ulertu, erasoaldiak– dira beste adibide esanguratsuak.

Bi hitzez: nahikoa da orain arteko parekidetasun eta inklusio neurri eta legeekin; jada urrunegi joan gara eta horrela segituz jendartea bera genuke hankaz gora jarrita.

Antiwokismoaren indarrik handiena: ez duela zehazki ezer definitzen. Guzia definitu dezake,
hots, eskuin muturrak traban duen guzia
Hitzen lapurreta

“Trikun-trakun egin eta giza eskubideen aldeko diskurtsoz edertzen dute haiena. Wokismoak, postmodernismoaren gailur politiko gisa aurkezturikoak, elkar-bizitzaren arau kardinalak –unibertsalismoa, laikotasuna, adierazpen askatasuna edota herritarren arteko berdintasuna– deuseztatzen dituela diote. Wokismoaren kontra egitea, demokraziaren eta giza eskubideen alde egitea litzateke”, irakurri dezakegu Zer da antiwokismoa? artikuluan. Kontuan harturik jomugan dituztenak –feministak, ekologistak, antirrazistak, LGBTQI aktibistak...– eta horien aldarrikapenak –laburbilduta: justizia soziala eta askatasuna guztiontzat–, gehiegikeria da balore horien erabilpena, are gehiago dakigularik eskuin muturra dagoela atzealdean.

Antiwokek bideraturiko adierazpen askatasunaren instrumentalizazio hori aztertzen dabil Thomas Hochmann, Pariseko unibertsitateko zuzenbide irakaslea: “Alde batetik, inoiz ez dugu hainbesteko eskuin muturraren gorroto esaldirik entzun irrati, telebista eta aldizkarietan. Eta beste aldetik, diskurtso horiei eusten dieten pertsona berberek dute zentsurapean direla oihu egiten, horiek dira kexu ezin dutelako ezer erran. Haien aurka borrokatzeko ahalegin oro deslegitimatzeko arma bihurtu dute adierazpen askatasuna”. Afera da hitz egiterakoan kritikak, kontra-iritziak edota herraren zabalpena mugatzeko legediak jaso behar izate hori zaiela ezin jasana. Horregatik ere dute, beraien hiztegia aldatuta, helburu bera atxiki arren, beraiena eztiturik aitzina egin ahal izateko:  “arraza” beharrean “erlijio” edo “kultura” erabilita, “beraienaren kontra” egin beharrean “geurearen defentsaren alde” dabiltza, “gutxiagotasuna” beharrean “ezberdintasuna” erabiliko dute...

Unibertsalismoaren balorea ere dute berenganaturik. Kontua da, Antiwokismoaren anatomia dosierrean ohartarazten duten gisara, antiwokismoak defendituriko unibertsalismoa hegemonikoa dela, pribilegiatuek definituriko unibertsalismoa dela. 'Statu-quo'-a mantentzeko gisan, “aldarri identitariotzat” edo “komunitarismotzat” etiketatzen dute hegemoniaren eta zapalkuntza sistemen irakurketa kritiko oro.

“Unibertsalismo intentsibo eta kritiko bat jarri behar diegu parean, gure jendarte ‘humanistaren’ zutabe diren zapalkuntza estrukturalak auzitan jartzeko, eta beraien duintasunaren eta emantzipazioaren alde borrokan dabiltzanek duten ‘eskubideak ukaiteko eskubidea’ ohoratzeko”. Delheixen ustez, hori da antiwoskimoaren aurka egiteko bideetariko bat. Baina ezin da izan unibertsitatearen esparruan bakarrik bideratuko den borroka bat. Karrikatik ere aurka egiteko beharra ikusten du: unibertsitateen kontrako erasoez gain, politika publiko zehatz batzuk dituztelako jomugan –aniztasuna, berdintasuna eta inklusioaren izenean bideraturikoak–, baita gutxiengoak eta horien aldeko militanteak ere.

Bilboko manifestazioan jarritako pankarta, martxoaren 8aren kari. Argazkia: Marina Gallardo
Mugimendu arriskutsua, zentzu anitzetan

Elkarbizitzarentzat mugimendu arriskutsua delako antiwokismoa. Lehenik eta behin, ultraeskuina boterera daraman proposamen politiko bat delako, eta hori oinarri are zabalago batekin: “Kontziente izan behar gara orain arte bakoitza beretik zebiltzan taldeak bateratzea lortu dutela”. Horrek dakar indar politikoen birkonfigurazio bat, hau da, eskuin neoliberalaren eta eskuin muturraren, baita ezkerreko eta zentroko zati baten arteko juntatzea. Ondokoa irakurri dezakegu La Revue Nouvelle-n dosierrean: “Berez bateraezinak zirela pentsatzen genuen bi diskurtsoren arteko konbergentzia baten sintoma dugu antiwokismoa: eskuin muturraren diskurtso identitarioa, nazionalista, askotan modu irekian sexista, arrazista eta homofoboa dena, eta kontzientzia onez zabalduriko diskurtso ‘humanista’, ‘unibertsalista’, ‘demokraziaren’ izenean alderdi tradizionaletatik –eskuin, zentroa, baita ezkerra ere– hurbil diren batzuk zabaldurikoa”. Baina kasu, ez gaitezen engaina: eskuin muturraren onerako doa, poliki-poliki baina segurki, ideia kontserbadoreen eta faxisten legitimazioa dakarrelako topaketa horrek. Eta justizia sozialaren bidean, atzerapausoak. 

Stay woke, esklabotzaz geroztik

1896an gara, AEBetan, eta The Awakening of the Negro (Beltzaren esnatzea) testua plazaratzen zuen Booker T. Washingtonek. Esklabo ohia zen bera, irakaslea eta afroamerikarren eskubideen defendatzailea. Esklabotzaren bukaera izanik ere, askatasunean bizitzeko deia egiten zien afroamerikarrei, “esna dagoen izpiritu baten” beharra azpimarraturik. 1865eko abenduaren 18an esklabotza abolitu bazuten ere AEBetan, arrazakeria eta arraza segregazio bortitza pairatzen zutelako pertsona beltzek, nagusiki hegoko estatuetan.

Afroamerikarren askapen borrokan betitik presente egon den leloa dugu Stay woke (Izan esna). Besteak beste, 1938an, Leadbelly blues musikariak Scottsboro Boys abestia grabatu zuen, epaimahai zuri batek bortxaketaz akusatutako bederatzi mutil afroamerikarren aurkako epaiketa baten kontakizuna eginez, ondokoa azpimarratuta: Best stay woke, keep their eyes open (Onena, esna egotea da, begiak zabalik edukitzea). 1943an, The Atlantic aldizkariak J. Saunders Redding irakaslearen A Negro Speaks for His People (Beltz batek bere herriarentzat hitz egiten du) artikulua argitaratu zuen, adingabe beltz sindikalista bat aipatuta, eta ondokoa zioen: Waking up is a damn sight harder than going to sleep, but we’ll stay woke up longer (Esnatzea loak hartzea baino gogorragoa da, baina denbora luzeagoan egonen gara esna). Klase eta arraza zapalkuntza batzen zituen hausnarketa izan zen hura.

2014an hartu zuen plaza berriz ere esna egoteko aldarriak, arrazakeria sistemikoaren kontrako borrokaren lelo inportantea bihurturik. Fergusonen (Missouri) polizia zuri batek Michael Brown afroamerikarra tiroz hil izana salatzeko protestetan loratuko zen #StayWoke traola. Black Lives Matter mugimenduak aldarrikaturiko esaldia da. Geroztik, bestelako zapalkuntzen kontrako borroketan ere erabiltzen da. Hori horrela, woke ez da existitzen, stay woke ordea bai. Eta aspalditik gainera.

Antiwoken adierazpen askatasuna (sic)

“Diskriminazioa”, “ez-binario”, “justizia soziala”, “kutsadura”, “arrazakeria”, “buru osasuna”, “energia garbiak”, “biologikoki emakumeak”, “LGBT”, “feminismoa”... dozenaka hitz ez erabiltzeko manua bideratu berri die sektore publikoko langileei Donald Trumpek. Orotara, 200 zenbatu ditu The New York Times-ek. Wokismoaren kontra egiteko neurri gisa aurkeztu du erabaki hori. Bilatu ditzakezue, ez dituzue aurkituko, desagertu egin ditu. Diktaduren peko liburu erretze masiborik ez dugu ikusi, baina bai adimen artifizialari esker topatu eta desagerrarazitako milaka eta milaka dokumentu. Ez da hain ikusgarria, baina emaitza bera du. Azkenean, gauza bera da: (neo)faxismoa. Gogoeta, errealitate eta mundu ikuskera batzuen isilarazte inposatua.

MCC Brussels, Europan zentraturiko ‘think tank’-a

Europa mailako ultraeskuina sendotzeko lanean dabil MCC Brussels think tank gogoeta taldea 2022az geroztik. 1996an sortua, hastapen batean MCC zuen izena eta Hungarian zentratua zen, baina gauzak aldatu ziren 2020. hamarkada hastapenean, Viktor Orban ultraeskuindarraren inguruak dirutza bideratu eta helburuak berrikustearekin: Europa osoari begira jarri eta “patrioten belaunaldi berria” sortzean jarri zuten helmuga. Ultraeskuinaren zutabe diren baloreak zabaltzeko asmoz, hitzaldiak, txostenak eta bilerak osatzen dabiltza. Gaur egun, Europako 30 bat hiritan presente da MCC eta Bruselan du adar nagusia –MCC Brussels–, europar instituzioetan eragiteko asmoz dabiltzan hogeita bost bat langilerekin. Argiki, Europa mailan antiwokismoa zabaltzeko estrategiarekin dabil MCC Brussels eta zentzu horretara, ingurumenaren aldeko eragileei, zein berdintasunaren eta inklusioaren aldekoei Europar Batasunak banaturiko dirulaguntzak mozteko presio-lan gogorra bideratzen ari da. Europar Batasuna “ahultzeko” eta “barnetik suntsitzeko” estrategia lantzen ere badabiltza. Brexit-aren mugimendua jarraitu eta Europatik ateratzeak zekartzan zailtasunak ikusita, estrategia aldatu eta Europar Batasuna barnetik birmoldatzeko bidea dute finduta. Eurodiputatu ultraeskuindarrentzako lanabes inportantea da think tank boteretsu hori.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskuin muturra
Antiwokismoa: eskuin muturraren maskara berria
Jule Goikoetxea: “Euskal Herrian ere Trumpek eta Mileik gorroto duten guztia da woke”

Mundu mailan abiadura handian garatuz doan ideologia eta mugimendua dugu antiwokismoarena. Boterera arribatzeko eskuin muturreko agintariek duten arma berria da, eta berdin-berdin zabaltzen ari da herriko karriketan, unibertsitateetako korridoreetan zein telebista platoetan. Eta... [+]


2025-05-21 | Irutxuloko Hitza
Deialdi antifaxista egin dute Donostiako Altzan, ostiralerako

Segurtasunaren aldeko elkarretaratze bat antolatu dute ostiral honetarako, hilak 23, Altzako Harria parkean. Donostiako hainbat eragile antifaxistek salatu dutenez, “Voxeko jarraitzaile bat” da deialdiaren atzean dagoena, eta Frente Obrerok eta Juventud Combativa... [+]


2025-05-20 | Aiaraldea
Etxegabetzea burutu gabe joan da AMA Desokupa enpresa Amurriotik, “herri erantzunari esker”

Airaldeko Greba Batzordeak (SOS Aiaraldea) jakinarazi duenez, larunbatean hartu zuten itzulera hegazkina desokupazio enpresako kideek. 


Ezustea Errumanian: Europar Batasunaren aldeko hautagaiak irabazi ditu presidentetzarako hauteskundeak

Bukaresteko alkate Nicusor Dan-ek eskuin muturraren hautagai George Simion garaitu du bigarren itzulian. Danek bozen %55 eskuratu du, Simionek %45. Hala ere, eskuin muturra hazi egin da lehen itzuliarekin alderatuta. Errusiaren "esku hartze" polemikan... [+]


2025-05-19 | Jon Torner Zabala
Koalizio kontserbadoreak irabazi ditu hauteskundeak Portugalen, eta eskuin muturrak gora egin du

Lehen ministro Luis Montenegro buru duen AD koalizio kontserbadorea gailendu da Portugalgo Legebiltzarrerako hauteskundeetan, bozen %61 lortuta –iaz %51 eskuratu zituen–. Irabazleen artean Chega eskuin muturreko alderdiko hautagai André Ventura ere badago,... [+]


2025-05-06 | Antxeta Irratia
Irungo Lakaxita gaztetxeak pintaketa faxistak salatu ditu berriz

Joan den abenduan gaztetxeak pintaketa nazi-faxistak salatu zituen ere, eta oraingo honetan “Stop LGTBI”, “Fuera degenerados” edota “No os dejaremos dormir” bezalako mehatxuak izan dira asteburuan Lakaxitako hormetan azaldu diren mezuak, diana... [+]


Errumaniako lehen ministroak dimisioa aurkeztu du, eskuin muturraren gorakadaren aurrean

Errumaniako presidentetzarako hauteskundeetan Simion eskuin muturreko hautagaiak lortu duen garaipenaren ondorioak azkar heldu dira. Marcel Ciolacu sozialdemokratak dimisioa eman du, ultraeskuinaren hazkundea geldiaraztea xede zuen gobernu koalizioak "jarraitzeko arrazoirik... [+]


Eskuin muturrak erraz irabazi du Errumaniako presidentetzarako bozen lehen itzulia

Gutxienez botoen %40 lortuta, George Simion AUR alderdiko buruak bikoiztu egin du bigarren indarraren babes kopurua. Europako Batasuna "diktadura bat" dela aipatu du Simionek behin baino gehiagotan, eta Errumaniak Ukrainari emandako laguntza etetearen alde agertu da... [+]


Espetxera bidali dute Ion Aranburu realzaleari Sorian egindako erasoaren harira atxilotuetako bat

Ion Aranburu koma egoeran eta ZIUan ingresatuta egon zen hainbat astez, erasoaren ondorioz.


Pippi Kaltzaluzek 80 urte bete ditu, beti bezain iraultzaile

Pippi Kaltzaluzeren istorioak lehenengoz kaleratu zirenetik 80 urte bete direla-eta, leku berezia eskaini diote Boloniako Nazioarteko Haur eta Gazte Liburu Azokan. Azkarra, independentea, errebeldea, lotsagabea, menderakaitza, apur bat basatia, sormen handikoa, ausarta eta... [+]


Bost urterako inhabilitatu dute Marine Le Pen, Europako Parlamentuko funtsak desbideratzeagatik

Parisko Auzitegi Korrekzionalaren arabera, 2,9 milioi euro desbideratu zituen Frantziako RN Batasun Nazionalak 2004 eta 2016 artean. Le Penez gain, alderdiko beste 24 kide ere errudun jo dituzte. Helegitea aurkeztuta ere, RNko buruzagia ezingo da aurkeztu 2027ko Frantziako... [+]


2025-03-17 | Iraitz Amor Pla
Lotu zure txakurrak

Euskal Herriko Mugimendu Feministak aurtengo Martxoak 8ko mobilizazioak "faxismoaren, erreakzionarismoaren eta zapalkuntzaren aurkako aliantzak" ehuntzean ardaztu ditu.

Kepa Kortak Naiz-en idatzitako “Musikariaren jakituria” artikuluan faxismoa definitzeko... [+]


2025-03-12 | Nicolas Goñi
Errumanian meatzaritzak eskuin muturra bultzatu eta krisi instituzionala piztu du

Errumaniako presidentetzarako kandidatu ohia Călin Georgescu, aurten berriro iragan behar diren hauteskundeetara erregistratzera zihoalarik, Poliziak atxilotu zuen otsailaren 26an. Egozten dizkioten krimenetarik bat “ordenu konstituzionalaren aurkako ekimenen... [+]


Pintaketa faxistak egin dituzte Maulen aldarri feministen aurka

Martxoak 8an egindako pintaketak gainetik margotu dituzte ikur faxistekin Zuberoako hiriburuan. Horren aurrean elkarretaratzera deitu dute, astelehenean.


2025-03-10 | Behe Banda
Kartoizko eta prezintuzko eskultura, ama, ni eta pailazo bat

Behe bandako zutabea bezain erlojuaren aurka prestatzen ditut mozorroak, korrika, aztoratuta, zalantzaz, erretxin, estropezuka eta sarri arrakasta ez erabatekoarekin; adibidez, zutabe hau eta biharko mozorroa. Oraindik ez dakit bietako zein bukatuko dudan lehenago. Baina... [+]


Eguneraketa berriak daude