Ama(ma)ren artilezko jertsea


2025eko otsailaren 6an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Erein, 2024

----------------------------------------------------

Izenburuak eta azaleko irudiak (Puntobobo, artile-mataza eta trapuzko panpina) osasun mentala, puntua egitea eta haurtzaroa iradokiko dizkigute, baina adabaki gehiago harilkatuko dira liburua zabaltzean.  

Puntobobo "puntua eratik" egiten den puntua da, sinpleena, hasieran ikasten dena, beti berdina delako. Bigarren datorrena "puntua atzetik" da eta bi puntu horien artean, buelta kopuruarekin batera, gero eta konplexuago bihurtzen da joskintza lana. Gure jendartearen metafora izan daiteke, normaltasuna eta hortik at dagoena nola kokatzen diren, nola hurbiltzen edo urruntzen dituen pertsonak: liburu honetako gai nagusia.

A larriz idatzitako Ama da Itxaso Martinen liburuko bigarren istorioan ezagutuko dugun lehen pertsonaia, eta ez da detaile xumea. Izan ere, liburu honetan gurutzatzen diren bi istorioetako protagonistak ama-alabak dira. Lehen istorioan izena duen ama eta bere alaba Maddi, eta bigarren istorioan izenik gabeko letra larriko Ama eta bere alaba Ixi.

Amatasunaren inguruko gogoeta egitera gonbidatuko gaitu nobela honek, baita ama-alaben arteko harremanari buruz ere, eta oro har, familiaren ehuna zelan josi den begiratzera. Izan ere, komunikatzeko moduak ez dira errazak senidetasunean, eta ez dira beti hitzen bidezkoak izaten: isiltasunak eta kontaktuak (edo haren gabeziak) ere asko esaten dute (edo asko gorde).

Era berean, emakumeak agertzen dira erdigunean. Esperientzia femeninoak unibertsalizatzen dira eta gizonak bigarren planoan geratzen dira. Hala ere, ez da utopia feminista baten kontaketa, botere harreman patriarkala, klaseen arteko zapalkuntza edo herriaren kontrol soziala ere badaudelako, aita, senarra, apaiza, irakaslea edo medikuaren bidez.

Etxeko sukaldean agertzen dira lehen istorioko pertsonaiak elkarrekin berbetan bazkalorduan. Bigarren istorioan ordea, narratzaile orojakileak kontatuko digu beste ama-alaba batzuen arteko harremana, nagusiki etxe barruan kokatuta, haien babesleku bihurtuko dena. Etxea, bizirik egongo den hirugarren pertsonaia garrantzitsu bat izango da, urteekin eraldatzen joango dena.

Lau emakumeren istorioek osatuko dute artilez trikotatutako jertsea eta honen hariek irakurlearen azala ziztatu eta korapiloak sortuko ditu erraietan.


Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!