Ingurumenerako mesede ala kalte?

  • Plastiko konpostagarrizko poltsak ohikoak baino toxikoagoak dira titularra irakurri genuen iazko urrian Elhuyarren. CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko adituen ikerketa batean zegoen oinarritua albistea, eta zalaparta handia piztu zuen. Garazi Zabaletak Zamudioko Titan Eco Sostenible film biodegradagarri eta konpostagarrien enpresako Patxi Sustatxa kidearengana jo du, gaia argitzera.


2024ko ekainaren 02an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Plastikoaren erabilera masiboa pixkanaka ordezkatzeko eta ustez kontsumo sostengarriago bateranzko bidea hasia da Europako herrialdeetan azken urteotan. Konpostagarriak diren poltsak eta bilgarriak gero eta ohikoagoak dira inguruko saltokietan –oraindik plastikoaren erreinuak indarrean jarraitzen duen arren–, eta jendartean ere, badirudi gero eta kontzientzia handiagoa dagoela gaiarekiko.

Baina, halako batean, ikerketa batek guztia zalantzan jarri du: Plastiko konpostagarrizko poltsak ohikoak baino toxikoagoak dira titularra irakurri genuen iazko urrian Elhuyar aldizkarian eta webgunean. Gurean ez ezik, Euskal Herritik kanpo ere zalaparta handia piztu zuen, izan ere, CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko adituek irailean argitaratutako ikerketa batean zegoen oinarritua albistea, eta, beraz, bazuen sinesgarritasunik. “Zertan ari gara plastikoa kentzeko esfortzua egiten, orduan?”, galdetuko zuten askok, albistea irakurritakoan.

Egia da, eta agian ez zuen hainbesteko zabalpenik izan, CSICek berak, kontua argitze aldera, azalpena argitaratu zuela bi hilabete beranduago, iazko azaroan: “Aurreko prentsa oharrak izan duen inpaktu mediatikoa dela eta, eta material biodegradagarri konpostagarrietarako aldaketa sozialari kalterik ez eragiteko, CSICetik argitu nahi dugu azterlanak ez duela frogatu ziurtagiridun poltsa konpostagarriak gizakientzako toxikoak direnik elikagaiak garraiatzerakoan, ezta horietatik lortutako konposta ere”. Zarata mediatikotik harago, eta gaian gehiago sakontzeko asmoz, Zamudioko Titan Eco Sostenible film biodegradagarri eta konpostagarrien enpresako Patxi Sustatxa kidearekin solastu gara.

Konpostagarri, birtziklatu, biodegradagarri… kontzeptu saltsa argitzen

“Askotan kontzeptuak nahasi egiten dira, eta batzuetan bezeroek ‘biodegradagarri’, ‘konpostagarri edo ‘birtziklatu’ hitzak darabiltzate gauza bera balira bezala”, dio Sustatxak. Bakoitza zertan datzan azaltzeko eskatu diogu.

Material birtziklatua prozesu fisiko baten bidez produktu bat beste produktu bat bihurtzean datza. Birtziklatutako materialak, poltsen eta ontzien kasuan, normalean, plastikoan izaten du jatorria: plastiko zaharra hartzen da, txirbilak egiten dira, eta txirbil horiekin beste ontzi edo poltsa bat sortzen da.

“Europako arautegia betetzen duen material konpostagarri batek ez du kutsadurarik sortzen”

Material konpostagarriak landareetan du jatorria, eta ez dira birtziklatzen, beste erabilera baterako balioa hartzen dutela da gakoa. “Beren bizitza bukaerako helburua ez da txirbilak egitea horrekin beste material bat sortzeko, baizik eta konposta egitea. Eredu zirkularra da: lurrean du jatorria, eta lurrera doa ziklo bukaeran”. Plastiko konpostagarriak PLA sigladun –azido polilaktiko– materialez eginak egon daitezke, esaterako. Artoan edo azukre-erremolatxan izan ohi dute jatorria horiek.

Biodegradagarri hitzak, Sustatxak nabarmendu duenez, berez, ez du ezer esan nahi. Biodegradazioa produktu bat bere osotasunean degradatzera iritsi arteko prozesu naturala da. “Denboraren faktorea da hemen garrantzitsua, ez baitu ezertarako balio esateak produktu bat biodegradagarria dela 400 urte behar baditu horretarako, plastikoak bezala”, dio. Salatzen duenez, hitz hau eta beste asko darabilte enpresa ez oso jasangarriek euren burua, nolabait, zuritzeko –edo, hobe esan, berdetzeko–.

Azpimarratzekoa da, bestetik, landareetan jatorria duten bioplastiko guztiek –gazteleraz ‘bio-basados’ edo ingelesez ‘bio-based’ bezala ezagutzen direnek– ez dutela zertan konpostagarriak izan. Alegia, bio jatorridun plastikoek jatorriari soilik erreparatzen diote, eta, konpostagarriek, berriz, haien bizitzaren bukaerari. Polietilenoak, esaterako (PET siglez ezaguna), landare jatorria izan dezake, azukre-kanaberatik eratorritakoen kasuan, adibidez, baina ez da biodegradagarria, ingurumeneko mikroorganismoek ez dutelako gaitasunik material hori konpost bihurtzeko.

Ikerketaren argiak eta itzalak

Irailean argitaratutako ikerketan poltsa biodegradagarrien, plastikozko poltsa arrunten eta birtziklatuen toxikotasuna neurtu zuten, zebra-arrainen zelula-lerroetan hartutako datuetan oinarrituta. Hiru egoeratan neurtu zuten toxikotasun maila: zuzenean poltsen laginetatik; poltsen zahartzea fotodegradazio –izpi ultramorez– bidez simulatu ondoren; eta konpostatu ondoren gelditzen diren poltsen zatitxo txikiak hartuta. “Harritu gintuen plastiko arrunteko poltsen eraginpean jarritako zelulek toxikotasunik ez erakusteak, eta bai, aldiz, biodedragarrien kasuan”, azaldu zuen Cinta Porte ikerketaren egile nagusiak. Biodegradagarriak bezala, birtziklatuak ere ohiko poltsak baino toxikoagoak direla ondorioztatu zuten ikerketan.

Baina, ikerlariak honakoa erantsi zuen segidan: “Poltsa biodegradagarriak egiterakoan, fabrikatzaileek bereziki toxikoak izan litezkeen gehigarri kimikoak eransten dituztela da gure hipotesia”. Sustatxak ere hori nabarmendu du ikerketaren emaitzez galdetzerakoan: “Hasteko, kontuan izan behar da aurretiazko informe bat zela, onartzen zuten gehiago sakondu beharra zegoela. Baina, gainera, bertan zioten material biodegradagarria ez dela bere horretan arazoa, horri erantsitako gehigarri kimikoak baizik”.

Enpresari bizkaitarrak azpimarratu duenez, film biodegradagarri gehiena kanpotik inportatzen da gaur egun, eta horren gaineko kontrolik ez da egiten. Ikerketaren egileek ez dute zehaztu ze poltsa erabili zituzten lagin moduan. “Imajinatu janari azkarreko enpresa batek informe bat ateratzen duela, esanez, tomateak osasunerako hanburgesak baino kaltegarriagoak direla, tomateen ikerlan bat egin dutelako eta kutsatzaile asko dituela ondorioztatu dutelako. Baina, aztertutako tomate horiek Europako araudiaren arabera ekoitzi dira? Zeren, ez bada horrela, eta araututa dagoena baino askoz fitosanitario gehiago badaramate… noski kaltegarriak direla”, adierazi du. Bada, antzeko zerbait gertatzen da poltsa eta ontzi biodegradagarrien kasuan, bere arabera.

Material konpostagarriaren ekoizpena, multinazionalen esku

Titan Eco Sostenible enpresako kudeatzaileak salatu duenez, desfase ikaragarria dago kanpotik ekartzen den film biodegradagarriaren kontrolean: “2018an, erabilera bakarreko plastikoa mugatzeko legea sartu zen indarrean, eta hasieran erabilera asko murriztu zen arren, honezkero eraginkortasuna galdu du, legea ez baita betetzen, inolako jarraipenik ez delako egiten”. Komertzioetako plastikozko poltsen erabilera mugatzen du, teorian, legeak, baina Sustatxak dio gaur egun denda oso gutxik betetzen dutela. “Saltoki handiek eta gutxik gehiagok betetzen dute. Orokorrean, polietileno konbentzionalera bueltatu da merkataritza, ezta birtziklatutakora ere”, erantsi du.

Europar Batasuneko herrialdeetan ekoizten den film konpostagarriak, orokorrean, EU 13432 araua errespetatzen duela dio bizkaitarrak. Arau hori da poltsa eta bilgarri konpostagarriek bete beharreko neurriak zehazten dituen normatiba: “Oinarrian, arauak dio produktua sei hilabete baino gutxiagoan degradatu behar dela eta degradazio prozesuan soilik ura, CO2a eta konposta utzi behar dituela”, Sustatxak azaldu duenez. 

Araua betetzen dela bermatzeko ziurtagiri-emaile desberdinak daude, baina Europan ezagunena TUV Austria dela dio enpresariak. “Zertifikatzea, dena den, ez da derrigorrezkoa, konfiantza irabazteko egiten dugu. Guk, adibidez, ziurtatutako produktua erosten dugu”, adierazi du. Izan ere, Zamudioko lantegian ez dute film biodegradagarririk ekoizten, eraldaketara mugatzen dira. Ekoizpena multinazional eta enpresa handien esku dagoela nabarmendu du kudeatzaileak. “Gu mekanizaziora mugatzen gara, baina, jatorrian, enpresa handiak dira guztiak, eta plastiko konbentzionalarekin eta konpostagarriarekin, biekin lan egiten dutenak”.

Nolabait, energia trantsizioan eta ekonomia berdean negozio aukera ikusi duten enpresak dira nagusi konpostagarrien merkatu horretan ere.  

Plastiko irlen aldean… gaitzerdi

Greenpeacen datuen arabera, urtero 12 milioi tona plastikok baino gehiagok bukatzen dute itsasoan; guztiok ditugu buruan plastikoz osatutako irla erraldoien irudiak. Eta, plastikoen artean, plastikozko poltsak dira zabalduen daudenetako batzuk. Espainiako Estatuan, batez beste, pertsona bakoitzak, urtean, erabilera bakarreko 144 plastikozko poltsa botatzen dituela kalkulatzen da, eta horietako bakoitzak 12 minutuko bizitza laburra duela. Degradatzen, berriz, bost hamarkada baino gehiago ematen dituzte.

"Plastikoaren arazoa zein da? Birtziklatzen edo berrerabiltzen ez den plastiko portzentajea oso altua dagoela, naturan abandonatua gelditzen dena. Alegia, birtziklatzen den plastiko kopurua baino askoz gehiago ekoizten dela, eta plastiko hondakin tonak eta tonak sortzen dituela”. Aldiz, konpostagarriak balira naturan abandonatuak diren milaka tona plastiko, berez, urte gutxitan degradatu eta konpost bilakatuko lirateke. “Bioplastikoak orain artekoak baino askoz jasangarriagoak diren zalantzarik ez dago, baina, kontua da, planteatzen diren alternatiba berriak gizartean onartzea askoz gehiago kostatzen dela. Alternatiba horiek akats txiki bat izatea nahikoa da, baztertuak izateko”. Sustatxak portaera sozial horren baitan kokatzen du iraileko azterlanak sortutako zalapartaren eragina ere.

Orduan... poltsa konpostagarriak baratzera bai ala ez?

Konpostatzea degradazio prozesu artifiziala dela gogorarazi du Sustatxak, produktua jango duten bakterioentzako hazkuntza-likidioa sortzen delako. Konpostatze industrialak bakterio gehiagoko hazkuntza-likidoa eta tenperatura altuagoak lortzen dituenez, indartsuagoa da prozesua. “Etxean konpostatu daitekeen edozer konpostatzen da planta industrialetan, baina, alderantziz, ez”, dio. Gehitu du, dena den, Titan Eco Sosteniblen darabiltzaten film gehienek, material fina direnez, etxeko konpostean ere funtzionatzen dutela. “Kontua da, Espainiako Estatuan nagusi den konpostatze eredua industriala dela, eta horregatik, ‘industrial compost’ zigilua erabiltzen da gehien”. Poltsa gehienak etxean ere ongi konpostatuko liratekeela dio, baina, bestelako material konpostagarriek, edalontziek edo mahai-tresnek, planta industrialetan funtzionatzen dute soilik. “Tira etxean ere konpostatuko lirateke, baina denbora gehiago beharko lukete, eta EU13432 arauak sei hilabeteko muga ezartzen du”.

Bizitza jasangarrietatik urrun gaude Europako eta Mendebaldeko gizarteak, eta plastiko konbentzionalaren erabilera murriztearekin eta konpostagarriena handitzearekin soilik ez diegu egungo erronka klimatiko eta sozialei erantzunen. Baina, hala ere, Sustatxak argi du poltsa eta bilgarri konpostagarriek jasangarritasunari begira izugarrizko aurrerapausoa ekarri dutela. “Europako arautegia betetzen duen material konpostagarri batek ez du kutsadurarik sortzen”, amaitu du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
5.000 eta 10.000 euro arteko zigorrak Aroztegiko zazpi auzipetuentzat

Iruñeko Hirugarren Zigor Auzitegiak 5.850 eta 9.450 euro arteko zigorrak ezarri dizkie Baztango Aroztegiko zazpi auzipetuei, derrigortze edo bortxa delituagatik. Baztertu egin du, ordea, talde kriminala osatzen zutela.


Suteak, noren mesederako?

Edozein arlotan, arazo bat suertatzen denean, eta ia inor ados jartzen ez denean, ohiko galdera plazaratzea da onena: Nori egiten dio mesede?


2025-09-15 | Iñaki Sanz-Azkue
Aspis sugegorria
Gorrian zuri

Sugea ikusi orduko: “Sugegorria!”. Telesforo Aranzadi zenak esaten baitzuen, begiek ez dutela ezagutzen dutena baino ikusten. Eta sugegorria ezagutu, ezagutzen dugunez (entzunaz, sikiera), hori bera izaten da joera: ikusten dugun suge oro sugegorria dela iruditzen... [+]


2025-09-15 | Garazi Zabaleta
Aztal
Iruñetik artzain eskolara, eta handik Otsagabira artaldea osatzera

Artzain gisa hirugarren kanpaina du aurtengoa Koldo Vicente Eseberrik. Familia Otsagabikoa izan arren, Iruñean bizi izan zen txikitatik, baina abeltzaintzaren munduarekin harreman estua izan du beti. “Osaba artzaina zen, haragitarako ardiak zituen hemen, eta txikitan... [+]


2025-09-15 | Jakoba Errekondo
Arboletarako eroa daukat

Bada Garde. Urrutira gabe hor dago, urrutieneko mugaren guardan. Umetan ezagutu nuen Garde, ez dut gogoan zenbat urte nituen, baina landatuta geratu zitzaidan han ikusi nuena.-


Suteak

Dei batek dena alda dezake. Eguna bai, bederen. Hurrengo orduetako martxa, sikiera. Ourensen dagoen lagunak jasotzen du Noainen dagoen Lugoko lagunaren deia. Dei bakar batek ekarri zituen Galizako elkarte bateko zortzi artzain eta ahuntzain bat etxera. Zoragarria izan zen... [+]


Basozainei argazkiak manipulatzea leporatu diete Valle de Odietako akusatuek

Valle de Odietako epaiketa epaiaren zain geratu da ostiral honetan Iruñeko Justizia Jauregian akusatuek deklaratu eta akusazioek eta defentsak haien ondorioak azaldu eta gero. Ez da aldaketarik egon alde bakoitzak egindako eskaeretan.


Apoak klima aldaketaren seinale

Vichamako (Peru) aztarnategian, arkeologoek 3.800 urte inguruko estatuatxo berezi bat aurkitu berri dute. Caral zibilizazioaren azken arokoa da, eta bi apo irudikatzen ditu.

Aztarnategi bereko hainbat hormairuditan gosetea, lehortea eta, finean, ingurumen krisiari lotutako... [+]


2025-09-11 | Nicolas Goñi
Munduko auzitegi gorenak klimari buruzko estatuen ardurak argitu izanak ze aldaketa dakar?

Garaipen historikotzat jo dute hainbatek: duela sei urte Ozeano Bareko estatu zaurgarrietako ikasle talde batek bultzaturiko ekimen baten ondorioz, Nazio Batuen auzitegi gorenak iritzia plazaratu du uztailaren 23an, zeinak munduko estatuek klima aldaketari begira dituzten... [+]


2025-09-11 | Xuban Zubiria
Hondartzan bainua hartzeko ordaindu egin behar

Italiako hainbat hiritan hondartzen eta itsasoaren izaera publikoa aldarrikatzeko mobilizazioak egin ditu udan Itsasoa Aske mugimenduak. Hondartzen erdia enpresa pribatuek kudeatzen dutenez, bainua hartzeko ordaindu beharra daukate herritarrek. Zonalde turistikoenetan ordainpeko... [+]


Trekutz eguna

2023ko uztailean jaso genuen berria antzuolarrok. Irimon bi aerosorgailu erraldoi jartzeko proiektu bat aurrera eramateko eskaera jaso zuela Udalak. Hasieran zalantzak eta galderak: nor zegoen proiektuaren atzean? Zein zen proiektuaren benetako helburua? Zein izango... [+]


2025-09-10 | Estitxu Eizagirre
Onintza Enbeita eta Feli Madariaga
"Azokako mahaiaren bestaldetik desprezioa ikusten da, asko"

Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe". Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori, lurrari... [+]


Frantziak lehen ministro berria du
Zein da Sébastien Lecornu? Antinuklearren etsaia, ehiztarien laguna, Macronen zale fidela

François Bayrouk dimisioa eman eta ordu gutxitara izendatu du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ordezkoa: Sébastien Lecornu izango da lehen ministro berria, aurretik Defentsa ministro izandakoa eta Macronen oso gertukoa. Oposizioa haserre mintzatu da, ezker zein... [+]


Eguneraketa berriak daude