argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
“Mario Lopez” eta “Gernika”
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko martxoaren 22a

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa emakumeontzat, bereziki, klase sozial batetik beherakoentzat. Baina, azkenean, norbaitek bataila asko irabazi ditu, orain, Nagore Laffage izateko sinbolo, eta lezioa izan zedin Diego Yllana hiltzailearentzat, eta bere kasakoentzat. Norbaitek borroka asko egin du; norbait gogoratu da ez ahazteaz.

Azken egunetan berriro irakurri ditugu izenok medioetan. Yllanak, ahanzturarako eskubidea omen duela-eta, helegitea jarri zuen Googlek bere izena hilketa harekin lotzen dituen sarrerak ezaba ditzan. Bere izena jakitea kosta zenarekin 2008 hartan, biktimarena baino esaten ez zenean, biktimarena zikintzea askoz errazagoa zenean. Ikasi dugu, ondo, medioek biktimak birrintzen dituztela. Ikasi dugu, ahal dela, biktimaren izena ezkutatu egin behar dela, gizartearen zati handi bat krimen matxista errepikatu eta errepikatzeko prest dagoelako, ukazioz, ez-sinestez bada ere. Audientzia Nazionalarekin ados egon behar oraingoan: ukatu egin dio ustezko eskubidea Yllanari. 2008an irabazten hasi ziren batailen emaitza bat ere bada.

Birrintzeko biktimaren izenik eman ez zaienean, ordea, medioek errazago ahazten dute, dirudienez. Duela hiru hilabete beste krimen matxista batek hartu zituen medioak, birrintzeko biktimarik eskaini gabe. Izen bat irakurri genuen: Mario Lopez. Gogoratzen zarete? Oraindik “Mario Lopez” eta “Gernika” googleatu, eta gogoratzeko aukera daukazu. Oraindik ez da erabaki lezio publikoa, mediatikoa norentzat izango den kasu horretan. Nor ahaztuko dugun. Zer gogoratuko dugun. Beraz, gogoratu: ez ahaztu.