Mozkorturismoa

Argazkia: Kronika.

2024ko urtarrilaren 29an - 13:10

Hasi da txotx denboraldia, eta herritarrek ilusioz ekin diote sagardotegietako upeletan ondutako uzta dastatzeari. Ezin huts egin urteroko errituari, euskal kultura bultzatzeko eta bizitzeko modu honi. Baina tradizio oro, nahi edo ez, aldatu egiten da, eta ohituraren funtsa lausotu egiten da maiz, sidreroen ikusmena tragoz trago lausotzen den bezala. Nola transmititu zaie belaunaldi berriei txotx denboraldia? Nola ulertzen dute egungo sagardozaleek –edo, besterik gabe, parrandazaleek– sagardotegiko zita?

“Urtarriletik apirilera, asteburuero, esperientzia honetaz gozatu nahi duten adin guztietako pertsonez betetzen dira herriko kaleak”. Hala deskribatzen du denboraldia Hernaniko Udalaren webguneak. Ordea, kaleak bete baino gehiago, azken urteetan kaleek gainezka egiten dute, eta badirudi Astigarraga eta Hernaniko espazio publikoak sidreroentzat erreserbatuta daudela hamalau bat astez jarraian. Erraz esaten da: ia lau hilabete etengabeko festa erraldoian, mugarik nahi ez duen jende mozkorrez lepo.

Astigartar eta hernaniar askok ere festa nahi dute eta sagardoaren kultura gogoko dute, baina euren herrian hori egitea ukatzen zaie. “Larunbat arratsaldetan gure herrietako bizilagun asko euren bizitokitik kanporatuak sentitzen dira”, berretsi dute Astigarragako eta Hernaniko udal ordezkariek Hartu ardura kanpainaren aurkezpenean, eta ohartarazi dute “bizikidetza arazoak” sortzen dituela jendetzak. Txotx denboraldia eskuetatik joan zaiela onartu dute bi udalek, eta 2024ko denboraldia hasi berritan egoera kudeatzen laguntzeko bilera bat eskatu diete Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Baina badu atzera bueltarik gehiegikerien denboraldi bilakatu den honek?

Begi-bistakoa da herriak ez daudela prest astero milaka turista sagardozale jasotzeko. Autobusak saldoka, oihuak eta zarata gau eta egun, pixa bazter –eta erdi– guztietan, sagardotegian neurriz jan eta edan ez duenaren oka plaza erdian, aparkatutako autoak apurtuta... eta larriena: era guztietako erasoak. Sidreroz betetako kale eta tabernak ez dira seguruak ez emakumeentzat, ez LGTB komunitateko pertsonentzat, ez pertsona arrazializatuentzat, ez gutxiengoen parte den inorentzat ere. Ez da sagardoa, zu zara. Hartu ardura kontzientziazio kanpainaren bitartez erasoak saihestu nahi dituzte udalek. Baina urteroko kartel eta iragarkiek eragina dute alkoholaren eta beste drogen aitzakian erasoak egiten dituztenengan?

Sagardotegien kultura harro bultzatu da urteetan, eta bertako turistak nahiz kanpokoak erakartzeko goxoki aparta izan da. Arazoa da ez dela neurririk hartu turismo hori jasangarri egiteko, halakorik posible bada. Orain, egoera erabat kontroletik kanpo dagoela, zaila da litroak edatera datozen sidreroei atzera eginaraztea. Nola mugatu herrirako jarduera ekonomiko garrantzitsua dena? Nork jarri behar ditu mozkorturismoa onbideratzeko tresnak?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sagardo denboraldia
"Ez da sagardoa, zu zara" kanpaina jarri du abian Hernanik, eraso matxista eta arrazisten aurka

Herriko zenbait eragilerekin batera, "ez da sagardoa, zu zara" lelopean aurkeztu du kanpaina asteartean Hernaniko Udalak.


2023-01-11 | ARGIA
Abian da txotx denboraldia

“Inflazio eta igoeren gainetik ilusioa eta pasioa elkartuta” aurkeztu du Euskal Sagardoak txotx denboraldia. Sektoreak “pozik” hasiko du sagardotegi garaia, bi urteren ondoren txotxetik dastatu ahal izango delako sagardo berria.


2021-01-20 | Usurbilgo Noaua
Sagardoa txotxetik mahaira, otsailean hasiko den denboraldi berrian

Urte garai honetarako dagoeneko sagardotegiek zaletuez gainezka behar zuten honez gero. Ilara luzeak edari berria dastatzeko irrikan. Jendetza mahaien bueltan, kupeletan. Pandemian gaude ordea eta halako irudirik ez da errepikatuko aurtengoan. Txotx denboraldi berria izan izango... [+]


Sagardo denboraldiaren irekiera

Hernaniarra naiz. Sagardozalea. Eskubaloira jokatu dudan hogei urteetan ezagutu ditudan emakume gehienek, nazioarte mailan jokatutako kirolari handiak barne, nik bezain beste gozatzen zuten sagardotegian garaipenak ospatzen genituenean, edo talde sentimendua kupel artean... [+]


2018-01-11 | Urumeako Kronika
Zaporeak proiektuak irekiko du larunbatean, Hernaniko txotx denboraldi berria

Eguerdiko 13:00etan emango dio hasiera, proiektu solidarioak, 2018ko sagardotegi garaiari. Aurretik, trikitilariak eta Kalez Kale Kantariko kideak ibiliko dira herriko kaleetan, eta kirikoketa erakustaldia egingo dute Plazan. Irekieraren ondoren, bazkaria egingo dute Goiko... [+]


Eguneraketa berriak daude