Euskal Herria Bizirik sarea sortu da eta “trantsizio berdearen fartsa” salatu ostean manifestazio nazionalera deitu du apirilerako

  • "Lurraldearen defentsan lanean ari garen Euskal Herriko hainbat herri mugimenduk eta plataformak gure indarrak, ezagutzak eta ekintzak batu ditugu natura eta landa-ingurunea suntsitzen dituzten makroproiektu andana baten inposaketari aurre egiteko". Hitz horiekin eman du bere burua ezagutzera ostegunean Gasteizen Euskal Herria Bizirik sareak. Hamalau kolektibok eta norbanako gisa batu diren beste hainbat kidek osatzen dute sarea. "Megaproiektu horien guztien aurkako borroka ezinbestekoa eta urgentziazkoa da", aldarrikatu dute eta hainbat mobilizazio eta ekimenetan parte hartzeko deia zabaldu dute. Horien artean, manifestazio nazionala Azpeitian apirilaren 13an.


2024ko urtarrilaren 18an - 12:00
Azken eguneraketa: 2024-01-19 09:27
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

"Trantsizio berdearen fartsa" salatu du EH Bizirikek Gasteizen egin duen aurkezpenean, eta Lurraren defentsan batu den sare honek partekatzen duen helburua ere azaldu du: "Ingurune naturalaren babesa, trantsizio energetiko deszentralizatu eta kudeaketa komunitarioaren defentsa, landa-eremu bizi eta funtzionala bermatzea, nahiz planetaren muga biofisikoak gainditu gabe baliabide naturalen aprobetxamenduaren unibertsaltasuna, lankidetza, ondasun komunen zaintza eta erabakiguneen deszentralizazioa ezaugarri izango dituen gizarte baten alde aritzea".

Ondoren, otsailetik maiatzera bitarteko mobilizazioak eta ekimenak iragarri ditu. Nagusia, apirilaren 13an Azpeitian egingo duen manifestazio nazionala. Egun berean lurraren defentsan diharduten taldeen eta jendeen artean Topaketa egingo dute.

Martxoaren 20an, Barakaldoko BECen egingo duten "Wind Europe" kongresuan bilduko da industria eolikoa eta honen atarian elkarretaratzea eta protesta-martxa deitu ditu EH Bizirikek.

Maiatzaren 26an, berriz, mendi martxa nazionala deitu du Kolitza mendira, Balmasedatik abiatuta.

Ekimenen artean, "Hamaika" erakusketa ibiltariaren berri eman du: Euskal Herriko hamaika ilustratzailek parte hartu dute lurraldea berreskuratzeko aldarria egiten duen erakusketa artistiko honetan, eta makroproiektu eolikoek kaltetutako zenbait familia eta bizilagunen testigantzak ere jaso ditu. Bortzirietako Haizeak Bizirik taldearen ekimenez sortu den erakusketa Euskal Herriko hainbat herritan egongo da ikusgai eta estreinaldia Beran izango da, otsailaren 23tik martxoaren 3ra.

Bestalde, iragarri du Jaurlaritzak otsailean onartzeko asmoa duen Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legeari erantzuteko salaketa ekimen bat antolatuko duela EH Bizirikek. Bere hitzetan, "lege horren baitan enpresa-korporazioen interesak babestu eta makroproiektu energetikoei bultzada berri bat emateko baliatu nahi du Jaurlaritzak".

EH Bizirik mapa informatiboa ere lantzen ari dira, Euskal Herrian lurrari erasotzen dioten makroproiektuak salatzeko.

Argazkia: Dos Por Dos.

Hemen osorik plazaratu duten irakurketa:

"Arreta berezia jarri dugu Euskal Herrian gaurdaino iraun duten ekosistema natural eta sozialen babesean, defentsan eta kontserbazioan. Lurreko eta itsasoko habitatak suntsitzea eta atmosferaren kutsadura egungo kontsumo neurrigabea eta etengabeko hazkundea oinarri dituen ereduaren ondorio dira. Gure planetan bizitza ahalbidetzen duten ezinbesteko baldintza ekologikoak arrisku larrian jartzea da horren emaitza.

Eredu ekonomiko horren arau nagusia ahalik eta diru-etekinik handiena sortzea da, ingurumen- edo gizarte- arloko osakinak kontuan hartu gabe. Ekonomia eredu horren eraginez, baliabideak gehiegi ustiatzeaz gain, elite korporatibo batek kontzentratu eta kontrolatzen ditu biziari eusteko beharrezkoak diren baliabideak (ura, baso-baliabideak, haizearen indarra, eguzkia, laborantza-lurrak, haziak...), eta, ondorioz, merkantzia bihurtzen ditu baliabide horiek, biztanle gehienentzat haien eskuragarritasuna baldintzatuz, eta, okerrago dena, biziraupen-baliabideak zentzuz eskuratzeko jendeek dugun eskubide naturala pribilegio bihurtuz.

"Jendarteak aspalditik eskatzen duen aldaketaren inguruan nahasmendua sortu eta ziria sartu nahi digute"

Gauzak horrela, sistema honek eragindako krisi ekosozialari aurre egiteko indar ekonomikoek ulertzen duten jarduteko modu bakarra inposatzen jarraitu nahi dute. Eta trantsizio energetikoaren aitzaki faltsuarekin, jendarteak aspalditik eskatzen duen aldaketaren inguruan nahasmendua sortu eta ziria sartu nahi digute. "Trantsizio berdea" deitzen diote, baina berde, beren espekulazio-jokoekin poltsikoratu nahi duten diruaren kolorea baino ez da. Horregatik, fartsa hau salatzen dugu, haien asmo bakarra erregai fosilen agortze nabarmenaren aurrean eliteen negozio-eredua salbatzea eta berrantolatzea baino ez delako, hain zuzen ere eredu desarrollistaren makinaria elikatzen segitzeko ezinbestekoak dituzten merkatu-esparru berriak eta sakrifizio-lurralde berriak bilatuz.

Enpresa transnazional horiek, nazioarteko inbertsio-funtsen eskuetan daudenek, beren negozio-ereduari eusteko behar dituzten sakrifizio-eremuak seinalatzen dituzte (herri-lurrak, laborantza-lurrak, kostaldeko eremuak, itsas ingurunea, akuiferoak, hiriak, auzoak, herriak...), eremu horietako errealitate ekosoziala mespretxatuz. Bien bitartean, betiko gobernuek modu konplizean jarduten dute, korporazio horiei bidea erraztearren ingurumena babesteko eta lurraldea antolatzeko legeak hutsalduz eta saihestuz, haien ekintzek lege-babesa izan dezaten. Jokabide horren adibide gisa, Tapia Legea eta Nafarroako haren antzekoa presaka izapidetzeko prozesua aipa ditzakegu. Ihardunbide horretan, tokiko erakundeek (kontzejuek, udalek eta beste erakunde publiko batzuk...) harturiko erabaki legitimoak erdeinatu eta baliogabetu egiten dituzte, prozedura autoritarioak eta zentralizatzaileak ezarriz. Ildo honetan, Jaurlaritzak berehala onartu asmo duen Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legeaz berdin baliatuko diren beldur gara, eredu hori are estuago tinkatzeko.

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren fartsa salatzen dugu bestalde, lurraldea arpilatzeko asmoz enpresek aldez aurretik seinalatu dituzten eremuak legez ezarri nahi dituelako. Hori dena gutxi balitz, konpainia horiei dirulaguntzak ematen zaizkie Europako "Next Generation" funtsen bidez, hurrengo belaunaldiei hipotekatzen dien zor onartezina sortuz. Ezin ahaztukoa dugu, halaber, plan horien garapenak sakrifizio-lurralde berriak harrapatzea dakarrela berekin, makroberriztagarrien ereduak ezinbestean behar dituen material kopuru izugarriez jabetzeko atzerabueltarik gabeko kalteak eraginda. Lehengaien erauzketa eta azpiegitura erraldoi horien eraikuntza erregai fosilen menpekoa izateaz gain, biztanleen nahitaezko desplazamendua eragiten duen kolonialismo energetiko berri baten aurrean gaude.

Horiexek dira, laburrean esanda, Europako Batasunak, Espainiako eta Frantziako gobernuek, Nafarroakoak eta Euskadikoak –eredu ekonomiko horren zaindari diren erakundeak– bultzatzen duten trantsizio energetiko faltsuaren oinarriak, non biodibertsitatea babesteko benetako politiken gabezia hain nabaria den. Eta norabide berdinean datoz laborantza-lurren emankortasuna galbidera daramaten eta gaixotzen gaituzten nekazaritza-politikak, etxebizitza eskubidea turistentzako lehenesten dutenak, gure mendiak zementatzen dituzten azpiegitura-lan handiak (AHT) nahiz botere-gune neuralgikoak lotzen dituzten goi-tentsioko dorreen lerro berriak edota itsaspeko kableak, ingurumena kutsatzen duten erraustegiak, eta abar luze bat.

Ukaezina da, ordea, ekosistema naturalen hondamenaren eta egitura sozial orekatuagoen degradazioaren poderioz esponentzialki larrigotzen ari direla klima-aldaketaren ondorioak. Hortaz, lurraren defentsa, kontserbazioa eta biziraupenaren aldeko apustua funtsezkoa da haren ondorioak arintzeko. Hori dela eta, gure ustez guztiz salagarria da herritarren interes orokorra zaindu beharrean, enpresa handi horien sinpatiak bereganatzeko ahalegintzen eta herri-ondare osoa salgai jartzen duten Administrazioen jokabidea.

Eredu harrapari horren aurrean, Euskal Herria Bizirik Sarean helburu bat partekatzen dugu: ingurune naturalaren babesa, trantsizio energetiko deszentralizatu eta kudeaketa komunitarioaren defentsa, landa-eremu bizi eta funtzionala bermatzea, nahiz planetaren muga biofisikoak gainditu gabe baliabide naturalen aprobetxamenduaren unibertsaltasuna, lankidetza, ondasun komunen zaintza eta erabakiguneen deszentralizazioa ezaugarri izango dituen gizarte baten alde aritzea".

 

Argazkia: Dos Por Dos.
Euskal Herria Bizirik sareko kide dira

Makatzak Arratia, Interkonexio elektrikorik ez, Enkarterrin Makroeolikorik Ez, Oletan ere ez!, Sañu Bizirik!, Andatza Ezkeltzu Bizirik, Mendietan Eolikorik EZ-Barakaldo, Aiaraldeko Mendiak Bizirik, Araba Bizirik, Larramendiko arnasa, Arabako mendiak aske, Karakate bizirik, Haizeak Bizirik (Bortziri- Malerreka), Errezil Bizirik! Eta norbanako gisa batu diren hainbat kide.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
2025-10-10 | ARGIA
Gaur arratsaldean aurkeztuko dugu "Bizitza baten txatalak" liburua

Onintza Enbeitak lurrari emana bizi izan den Feli Madariagaren bizitzako hainbat pasarte kontatzen ditu. Urriaren 10ean 18:30etan Muxikan, bi emakumeon artean aurkeztuko dute ARGIAren Bizi Baratzea sailean argitaratu den liburua.


2025-10-10 | Estitxu Eizagirre
“Jaten ditugun onddo espezie gehienak gordinik toxikoak dira, adibidez, shiitakea”

Udazkenean zentzumen guztiak erne dituztela joaten dira onddo biltzaileak mendira. "Hau jangarria ote da, edo toxikoa?", horra onddoen erreinuko ale bakoitzaren aurrean egiten duten galdera. Asmatu ez dutenek, kasurik larrienetan, ospitalean bukatuko dute eta orduan... [+]


Kurrillo arrunta
Udazken tronpetak

Zuhaitzen hostoak erortzen ari dira, eguzkiak ez du hainbeste berotzen baina azken izpiak aprobetxatuz, bazkalostean mendi bueltatxoa ematera irten gara. Mendiaren soinuetan barneratuta, bat- batean tronpetak diruditen “kru-kru-kru” hotsak entzuten dira. Begirada... [+]


2025-10-06 | Garazi Zabaleta
Elena Aguerre
“Hemengo barietateetan ez da sailkatze lanik egin jateko sagarrak ukaiteko”

Baigorriko pentzeetan jateko sagarrak ekoizten ditu Elena Aguerre laborariak. Lekorneko Garroa etxaldean barazkigintza ekologikoan luze aritua zen, baina 2022-2023ko neguan Baigorrira lekualdatu eta proiektu berria jarri zuen abian: “Pentze bat xerkatu eta hektarea eta... [+]


2025-10-06 | Jakoba Errekondo
Sagar inaurkina

Inaurkina. Inaurkingintzan buru-begi hasia dago aberats jendea, abeldun jendea, abeltzaina. Buru-begi eta buru-belarriak erne egin beharreko lana da inaurkinarena. Etxeratu nahi den zaborra da inaurkina. Izan ere, zaborra, gaur egun sortzen duguna ez bezala, begi-bistatik... [+]


Loreen agurra

Udazken sasoia iritsi zaigu eta ohikoak diren irudiak etorri zaizkigu; hostaje gorrixkak, erortzen ari diren hosto bakan malenkoniatsuak, haizeak astindutako orbela.


Mungiako Atxuri ibaian ere Interkonexioko obretako bentonita agertu dela salatu du Udalak

URA agentziak obrak “berehala” geldiarazi ditu, eta txostena ireki dio Red Electricari. Ez da lehen aldia bentonita isuriak atzematen dituztena. Obrek Gatika eta Europa konektatzea dute helburu.


2025-10-01 | Gorka Menendez
Baso suteak eta begirada kontserbazionista

Suaren presentzia naturan milioika urtetan izan da (gizakion agerpena baino askoz lehenagotik). Horregatik, ohikoa da landare askok suaren aurrean adaptazio ugari edukitzea. Gure inguruan arruntak diren arteek eta ametzek, adibidez. Baita txilar askok eta otea bezalako sastraka... [+]


Egunero 600 futbol zelaiko natura-azalera hormigoi bihurtzen dute Europan

2018tik 2023ra kolore berdea izatetik grisa izatera pasa den lur eremua 9.000 kilometro koadro ingurukoa da, Zipreren adinako azalera. The Guardian-ek argitaratu duen ikerketaren arabera, etxebizitzen eta errepideen eraikuntzara ez ezik, luxuzko turismo, kontsumo eta aisialdira... [+]


Lyo... zer? Lyocell, Galizia sutu duen industriaren modako hitza

Altri multinazionalak Europako zelulosa lantegi handienetakoa eraiki nahi du Galizian, Palas del Rei herrian, lyocell deituriko zuntz "jasangarria" ekoizteko. Eukaliptoak, ura, moda-industria indartsua eta oligarkia politiko diruzalea. Dena du alde horretarako. Dena?... [+]


2025-09-30 | Jon Torner Zabala
Europa, azkarren berotzen ari den kontinentea

Berotegi gasen emisioak eta atmosferaren kutsadura murriztu egin diren arren, ingurumenaren egoera ez da ona Europan, kontuan harturik naturaren degradazioak, gehiegizko ustiapenak eta biodibertsitatearen galerak dakartzaten ondorioak, Europako Ingurumen Agentziak bost... [+]


Europako Nekazaritza Politika Bateratuaren itzal bizigabea

Uztailaren erdialdean aurkeztu zuten 2027tik aurrera Europako Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) izango dena, eta proposamena izugarria da: NPBaren egitura desegitea eta azken urteotan lortutako aurrerapen urriak suntsitzea.


Milazangoa
Asko bai, baina ez mila

Silurikoan sortu omen ziren, kontuak atera! Duela 400 milioi urte edo gehiago. Beraz, planetako lurretan azaldu ziren lehenetako animaliez ari gara, ez da txantxetarako kontua. Eta oraindik txantxa gutxiago, garai hartako espezie batzuek luzeran bi metro ere bazituztela jakinda... [+]


2025-09-29 | Jakoba Errekondo
Garde herrian intxaurrondoek izena dute

Garuna dirudi, bai, intxaur alearen mamiak. Garun bikoitza. Alearen edo garauaren barrukoari “intxaur-mami”, “intxaur-ister” eta “intxaurki” esaten zaio.


Eguneraketa berriak daude