Zabor elektronikoen arautze ezak txiroenen osasuna kaltetzen du

  • Digitalizazioari batzuetan "desmaterializatzea” deitzen zaio, nahiz eta alde bat baino gehiagotan arras materiala izan: gailuen ekoizpenetik gure eguneroko erabilpenera eta azkenean zaborren kudeaketara, berotegi efektuko gas asko isurtzeaz gain, kutsadura asko sortzen du. Erabiltzaile gehienentzat eragin horiek eta zaborren bilakaera ezezagunak dira, baina hondakin elektronikoen artean bizi direnek haien osasunaz ordaintzen dute horien kudeaketa eskasa.

2019an, 53.6 milioi tona zabor elektroniko ondorioztatu genituen. Horien %83 araurik gabe jaurtiki, ilegalki salerosi edo gaizki birziklatu zen.

2007an egin zen lehen smartphone telefonoa, laster, 2014an mundu mailako telefono mugikor mota nagusia bihurtu zena. 2019rako ekoizpenak 10.000 milioiko langa gainditu zuen eta ondorengo urtean 3.000 milioi gehiago ekoitzi ziren. Ekoizpenak gora jarraitzen du eta aurten 5.000 milioi mugikor zabor bilakatuko dira, Cellular News webgunean berriki azaldu dutenez. Hori da aurten bakarrik planeta osoko hiru biztanleko ia bi telefono botatzea, barnean daramatzaten metal baliotsu eta toxikoekin.
120 gramo dituen smartphone baten ekoizteko, 70 kilo lehengai erabili behar dira, bertatik hainbat metal urri erauzteko. 5.000 milioi telefonotan badaude, guti gora behera, 80.000 tona kobre, 1.750 tona zilar, 170 tona urre eta 75 tona paladio, bertzeak bertze –plastikoa aipatu gabe–. Horren zati handi bat birziklatu ordez galduko da. Birziklatuko diren gailuetatik etekina ez da albo-kalterik gabe lortuko: hainbat tona merkurio, berun, kadmio eta artseniko izanen dira lurrak, urak eta atmosfera kutsatzeko gai, ez badira neurri egokiak hartzen. Hain zuzen, Cellular News webgunean diotenez, eskualde askotan oraindik ez dago arautegi zehatzik zabor elektronikoei dagokienez, eta horrek bidea errazten dio zabor elektronikoen merkaturatze ilegalari. Arautegiak, langileak babesteko tresnak, ingurunea babesteko neurriak... horrek kostuak suposatzen ditu, eta kostuak apaltzekotan enpresa batzuek arazoaren zati bat gugandik urrun merke garraiatzen dute.

Telefonoez haratago, UNITAR Nazio Batuen Formakuntza eta Ikerketarako Erakundearen arabera, 53.6 milioi tona zabor elektroniko sortu ziren 2019an eta horietarik 5.1 milioi tona esportatu ziren, nagusiki kontrolarik gabe edo ilegalki. Arazo handiena da 44.3 milioi tonari zer gertatu zitzaien ezin dela dokumentatu. Susmoei segi, araurik gabe jaurtiki, ilegalki salerosi edo behar ez bezala birziklatu zituzten. Zabor esportatzaile nagusiak Europa, Ipar Amerika eta Ekialdeko Asia dira, azken multzo honetan Txina esportatzaile nagusia delarik. Jasotzaileak Afrika, Hego Ekialdeko Asia, Erdialde eta Hego Amerika dira. Indiak mugaz gaindiko mugimendu guti erakusten du, baina UNITARen ustez bertan merkatu informal handia dago.

Aberatsen zaborra, txiroen eritasuna

New Delhiko periferian, Seelampur hirian, goizero datozen kamioiek bertara isurtzen dituzte tonaka ordenagailu, pantaila, telefono eta aire girogailu. Zabor haietatik metalak berreskuratzen saiatzen dira bertako hainbat biztanle, horietarik asko nerabeak edo haurrak, pobreziak ogibide toxiko horretara bultzaturik. Meta erraldoietatik zirkuituak, bateriak, kondentsadoreak atera eta horien metalak erauzten dituzte, bertan dituzten baliabideekin eta babes neurriekin, hots, errez edo azidoan beratzen jarriz, inongo babesik gabe. Erran gabe doa ingurunea oso kutsatua dela eta gazte horien osasuna kaltetua dela. Azal eritasun larriak eta birika infekzioak ohikoak dira bertakoen artean, egunero merkurioa, beruna eta artsenikoa arnastearen ondorioz. Indiak ahalegin batzuk egin ditu zabor elektronikoen birziklapen jarduerak arautzeko eta legeak bozkatuak izan ziren 2011 eta 2016an, halako zabortegi guztientzat baimena eta langileentzako babes ekipamenduak betebeharrekoak izateko. Halere, hainbat GKEren arabera, lege horiek ez dira behar bezala aplikatzen eta zabor elektronikoen merkatuak nagusiki arautu gabe jarraitzen du.

Indiak herrialde aberatsen eredua jarraitzen duela erran genezake: metal toxikoen birziklapena bertan behar bezala ez egiteaz gain, lurralde txiroagoetara esportatzen du. Indiako Metssa Trading enpresak duela hogei bat urte Kongoko kostaldeko Vindoulou hirian ibilgailuen bateriak birziklatzeko lantegi bat ireki zuen. Bertako biztanleen artean eztul kronikoa, bronkitisa eta pneumonia ohikoak dira, eta honen errua identifikatua dute: beruna. Kamerunen eta Ghanan ere plantatua da Metssa Trading. The Examination ("Azterketa") kazetari taldeak eginaraziko ikerketa toxikologiko baten arabera, Vindoulou eta Doualako (Kamerun) lantegien inguruko lurretan dauden berun kontzentrazioak dira AEBetako normen arabera garbiketa behartuko lukeen maila baino milaka bider handiagoak. Biztanle eta bereziki ume askoren odolean aurkitzen diren berun kontzentrazioekin zuzenean ospitalera eramanen lituzkete AEBetan bizi balira. Berunak ez ditu birikak bakarrik kaltetzen, minbiziak edota burmuineko lesioak ere sortzen ahal ditu. The Examination taldearen arabera, bertako agintariak arriskuez jakinean daude baina ez dute informaziorik komunikatu nahi: lantegietan egindako kontrolen emaitzei edota lantegietatik hurbil etxebizitzak eraikitzeko emandako baimenei buruz deus gutxi jakinen dugu. Egoera hori ibilgailu arrunten bateriengatik sortu da eta ibilgailu elektrikoekin arazoa desagertu baino emendatu daiteke.

Neurritasuna, ezinbertzekoa

Telefono, pantaila edota ibilgailuei dagokienez, gaur egungo kontsumo ereduetan eta energia trantsizioko politiketan neurritasuna ez da ia inoiz aipatzen –ez bada izen horren pean inposaturiko murrizketentzako–. Gerry McGovern adituaren arabera, haien ahalezko biziraupenaren %20 baizik erabili ohi dira telefonoak, baliabide xahuketa erraldoia sortuz. Garraioen energia trantsizioa ikergai duen Aurélien Bigok erakutsi digu 50 kWh kapazitatea balia daitekeela auto elektriko bakarra ala 125 bizikleta elektriko hornitzeko... Horren araberako erabakiek diferentzia handia sor dezakete baliabide beharrei –eta birziklapen beharrei– dagokienez. Beharrak murriztu, gailuak denbora luzeagoan erabili, ekonomia eta lurralde antolaketa eraldatu eta sortzen ditugun zabor guztiak geuk tratatu, ingurune eta osasun arau aski zorrotzen arabera... Printzipio horiek jarraituko ez direino, hainbat pertsona txirok jarraituko dute metal toxikoak arnasten.


ASTEKARIA
2023ko abenduaren 24a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
#3
Onintza Irureta Azkune
#4
Mikel Berasaluze Faivre
#5
Gasteizkoak talde antimilitarista
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kutsadura
Zubietako erraustegia martxan jarri zenetik, toxikoak asko handitu dira inguruko herrietan

Bost urtez aritu da laginak hartzen Toxicowatch erakundea erraustegiaren inguruko oiloen arrautzetan, goroldioan, zuhaitzetan, sedimenduetan eta ama esnean, besteak beste. 2019tik dioxina maila asko handitu da, baita metal astunak, PFASak eta beste gai oso kutsagarri batzuk ere... [+]


2024-05-17 | ARGIA
Zubietako Erraustegira martxa egingo dute larunbatean Lasartetik abiatuta

Maiatzaren 18an, larunbatez, Zubietako Erraustegiaren aurkako martxa antolatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak (EAM). Lasarte-Oriatik abiatuko da, Okendo plazatik 11:00etan.


2024-05-16 | Uriola.eus
Eusko Jaurlaritzak Bilboko Zorrotzako Profersa enpresa kautelaz ixtea erabaki du

Astelehenean egindako inspekzioaren ostean hartu da erabakia, azken asteetan izan diren istripuen harira.


Aixa Barbarin López, urpeko arkeologoa
"Portuak zabortegiak dira"

Aixa Barbarin López urpeko arkeologoa da, eta, aitortu duenez, txiki-txikitatik izan nahi izan zuen arkeologoa. Hortaz, unibertsitatera joateko garaia iritsi zitzaionean, historia ikastea hautatu zuen, EHUn, eta arkeologian murgildu zen. Urpeko arkeologian aritzea, ordea,... [+]


2024-05-08 | ARGIA
Zubietako erraustegi inguruetan kutsaduraren "igoera kezkagarria" aurkitu eta martxara deitu dute

Zubietako erraustegi inguruan laginak biltzen bost urte daramatza ToxicoWatch fundazioak, metal astunen, dioxinen, PCBen eta PFASen bila. Horiek guztiak ageri dira laginetan eta gainera kutsaduraren “igoera kezkagarria” aurkitu dutela jakinarazi du Errausketaren... [+]


Eguneraketa berriak daude