Segurtasun arazoak Euskal Herrian?

  • Segurtasuna modan dago, segurtasunak saltzen du: EAEn 2020an %40 igo ziren etxebizitzetako alarmen salmentak. Segurtasunaz eta, batez ere, segurtasun ezaz hitz egiteak botoak ematen ditu: orain EH Bilduk ere “ordena publikoaz” nahiz “polizia ereduaz” hitz egiten du, eta oso emaitza onak lortu ditu hauteskundeetan, independentziarekiko babes soziala inoizko txikiena den arren. Segurtasun gaiek audientzia zabala dute: El Diario Vascon azken hiru urteetan bakarrik ia 40.000 sarrera aurki daitezke “segurtasun” hitza bilatzen badugu. Baina horren herrialde arriskutsuan bizi al gara? Eta are garrantzitsuagoa, nola neurtzen dugu “segurtasuna”? Zein fenomenoren intzidentziaren arabera ulertzen dugu jendarte bat segurua den ala ez? Gaiaz hausnartzeko apunte batzuk bildu ditugu.

Kalez jantzitako poliziek gazte bat atxilotzen Bilbon, lapurreta baten ustezko egilea izateagatik. Europa Press

2023ko irailaren 04an

Segurtasun ezaz hitz egiten denean, normalean, jabetza pribatuaren eta pertsonen aurkako delituekin  lotu ohi da, sarri biolentziaren erabilera tarteko: hilketak, bahiketak, lapurretak, erasoak, bortxaketak, eta abar. Fenomeno horien intzidentziaren datuekin Delinkuentzia Indizea moduko adierazleak kalkulatzen dira nazioartean, herrialdez herrialde.

Gertakari eta herrialde zehatzei erreparatuta, Amerikako Estatu Batuetan (AEB), adibidez, 2020an 7,8 homizidio erregistratu ziren 100.000 biztanleko, 21.000tik gora orotara. 1995etik zifrarik altuenak izan ziren, baina ez inoizko altuenak. 1980ko hamarkada hasieran 10 hilketa zenbatzera iritsi ziren 100.000 biztanleko. Suzko armekin 2020an eragindako hildakoak 6,1 izan ziren 100.000 biztanleko. Bada, Espainiako Estatuko 2021eko homizidio-tasa orokorra (ez suzko armekin eragindakoena) 0,61ekoa izan zen 100.000 biztanleko. Eta horren barruan, Hego Euskal Herriko lau lurraldeek tasarik txikienetarikoak erregistratu zituzten. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, EAEn 0,51 hilketa izan ziren 100.000 biztanleko eta 0,30 Nafarroan. Ideia bat egiteko, EAEn 2022an 14 hilketa izan ziren guztira, 2.190.000 biztanle pasatxo artean. Horrek esan nahi du EAEk AEBen hilketa-tasa bera izango balu, urtean 160 pertsonatik gora izango liratekeela homizidio mingarrien edota hilketen biktimak.

Ikusi dugunez, estatubatuarrak urtean suzko armek eragindako sei hildako ingururekin bizi dira 100.000 biztanleko. Irudikatu dezakegu zer izango litzatekeen Donostian urtero tiroketen ondorioz ia dozena bat hildako izatea eta 20 inguru Bilboren kasuan? Horri gehitu hildakorik gabeko tiroketa guztiak. Ideia bat egitearren, joan den urtean AEBetan suzko armen ondorioz zauritutako 38.550 pertsonekin bakarrik 100.000 biztanleko 11,39ko tasa kalkula daiteke. Tasa hori gurera ekarrita, urtero tiroz ia 21 lagun zaurituko lituzkete Donostian. Gero, zauriturik gabeko tiroketa guztiak leudeke.

Batek baino gehiagok pentsa lezake AEBekin konparatzerakoan muturreko kasu bat hautatu dugula, baina ez da hala. Nahi izanez gero, AEBetakoak baino askoz zifra beldurgarriagoak ere aurkeztu daitezke. Mexikon 2021ean 28,37 homizidio zenbatu ziren 100.000 biztanleko, 33,46 Nigerian eta 36,69 Venezuelan, esate baterako. Izatez, Andrés López Obrador presidentearen agintaldiko lehen bi urteak Mexikoko historia garaikideko bortitzenak izan direla baloratzen da: 2018 eta 2019 artean, ia 70.000 lagun erail zituzten. Hori 1964 eta 1975 artean Vietnamen hildako soldadu estatubatuarren kopurua baino askoz altuagoa da.
Heriotza bortitzekin jarraituta, munduko daturik onenetakoak dituzten herrialdeen gainetik ere badago Euskal Herria: hemengo homizidio-tasak askoz baxuagoak dira Kanadakoa (1,97), Finlandiakoa (1,64), Belgikakoa (1,69), Frantziakoa (1,35), Suediakoa (1,23), Danimarkakoa (0,95) eta Irlandakoa (0,69) baino. Ondorioz, ikus daiteke Euskal Herria munduko tokirik lasaienetakoa dela hilketei dagokienez.

Bilboko Udala izan da urteetan segurtasun ezaren eta polizia kopurua handitu beharraren diskurtsoa gehien haizatu duen erakunde publikoetako bat. Luis Jauregialtzo - Foku

Antzeko zerbait erakusten du Global Peace Index edo Bakearen Indize Globalak. Adierazle horrek termino orokorragoetan neurtzen du arriskua, “herrialdeetako barne-gatazka, gerra eta biolentzia-mailari” begira. 2022ko Global Peace Index txostenaren arabera, Espainiako Estatua 29. postuan dago 163 herrialde seguruenen artean , eta gogora dezagun Hego Euskal Herriko lurraldeak betiere Espainiako Estatuko lasaienetakoak direla delituen eta biolentziaren arlo guztietan.

Bahiketei dagokionez, EAEn zazpi izan ziren 2021ean; 0,3 bahiketa 100.000 biztanleko. Mexikon urte berean 1.020 lagun bahitu zituzten gutxienez, 0,8 bahiketa 100.000 biztanleko. EAEk Mexikoko bahiketa tasa bera izango balu, urtero hamazazpi bahiketa inguru egongo lirateke. Eta hori aipaturikoa ez zela Mexikoren urterik okerrenetakoa izan. Mexikon, batez beste, 115 bahiketa izaten dira hilean, 27 astean eta lau egunean. Nazio Batuen Erakundeak oso behetik jotako estimazio baten arabera, 1964 eta 2022 artean gutxienez 100.000 pertsona inguru desagerrarazi dituzte bertan, eta horien %97a 2006tik aurrera zenbaturiko kasuei baino ez dagokio. 100.000 lagun horiek bakarrik, Euskal Herriaren egungo biztanleriaren %3a lirateke.

Delitu arinen konparaketa
Delitu larrienen intzidentzia Hego Euskal Herrian beste herrialde askotan baino baxuagoa dela ikusi dugu, termino absolutu zein erlatiboetan. Baina zer diote delitu arinagoen zifrek? Ikus dezagun zenbatekoa den pertsonen aurkako biolentziarik gabeko delituen intzidentzia. 

Espainiako Estatuan, 2013an 100.000 biztanleko ia 600 indar-lapurreta zenbatu ziren, eta 2021ean, berriz, 222. Hots, zortzi urtean heren bat murriztu zen. Izan ere, Europako 2019ko datuekin alderatuta –2020koak pandemiagatik ez baitira guztiz adierazgarriak–, Espainiako Estatuak “posizio pribilegiatua” duela esan izan da, etxeetan 100.000 biztanleko egindako lapurreta kopuruari dagokionez. 100.000 biztanleko 209 kasurekin, askoz hobeto dago Italia (407), Herbehereak (434), Belgika (515), Frantzia (551), Erresuma Batua (631), Danimarka (643) edota Suedia (732) baino. Austriak (99), Alemaniak (105), Finlandiak (158), Portugalek (208) eta Norvegiak (249) bakarrik hobetzen dute Espainiako Estatuaren tasa. Are, adituek azpimarratu izan dutenez, Espainiako Estatuko etxebizitzetako lapurreten intzidentzia “ezohikoa” da hain turistikoa den herrialde batentzat.Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak (FRA) 2020an argitaraturiko ikerketa baten arabera, Espainiako Estatua 21. postuan zegoen EBn etxebizitzetan lapurreta gehien zituzten 27 herrialdeen artean. Hala ere, lapurretengatik kezka handiena zuen bigarren herrialdea zen, baita segurtasun gabezia handiena sentitzen zuen herrialdea ere.

Espainiako Estatuko zifrak erreferentziatzat hartuta eta nazioartekoekin alderatuta nahiko baxuak izanik, Hego Euskal Herrikoak are baxuagoak dira arlo honetan ere bai. Securitas Directen Barometroaren arabera, etxebizitzetan eta negozioetan hautemandako intrusioak %1,4a izan ziren EAEn eta %1,3 Nafarroan. Espainiako Estatu mailako perspektiban jartzearren, biztanleria-dentsitate baxueneko lurraldeek bakarrik dituzte horiek baino tasa baxuagoak. Kataluniakoak eta Andaluziakoak, berriz, %1,9 ingurukoak dira. Gainera, “indar-lapurretak” diotenean sarrailak apurtzeari eta erakinetan sartzeko bestelako metodoei egiten diote erreferentzia, ez pertsonen aurkako biolentziari.

2023ko martxoan Sos Arrazakeriak egindako elkarretaratzea Bilbon, “miaketak, polizia-sarekada arrazistak, San Frantzisko auzoaren militarizazioa, botere-abusua eta migratzaile, pertsona arrazializatu eta ijitoen kriminalizazioa Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren eskutik” salatzeko. Ecuador Etxea.

Bestalde, inolako indar formarik baliatu ez den lapurreta kasuei begiratuta, 2022an 400 eurotik beherako 58.346 lapurreta txiki zenbatu ziren EAEn, hau da, 333 kasu 100.000 biztanleko. Espainiako Barne Ministerioaren datuen arabera, estatu osoan 2021ean 1.040 lapurreta txiki zenbatu ziren 100.000 biztanleko. Gogoan izan behar da Espainiako Estatuak arlo horretan ere ez dituela Europar Batasuneko zifrarik altuenak, ezta gutxiagorik ere: Suedian 100.000 biztanleko 3.011,22 lapurreta txiki atzeman ziren salbuespenezko 2020 hartan. Danimarkan 2.439,43 izan ziren, Finlandian 2.440,25, Herbehereetan 1.175,09. Ohiko egoera batean askoz gehiago izaten direla pentsa daiteke, eta Europar Batasunaz kanpoko zifrak begiratuz gero, are altuagoak dira.

Eta droga trafikoa? EAEn 2021ean 1.372 arau-hauste atzeman zituzten droga trafikoagatik, hau da, 62 kasu 100.000 biztanleko. Nafarroan 374 izan ziren, 56,7 kasu 100.000 biztanleko. Alemanian 2020an, salbuespen egoera tarteko, 439,78 izan ziren, 667,11 Finlandian, 536,19 Danimarkan eta 447,97 Irlandan. Zifra beldurgarriagoak ikusi nahi izanez gero, Hego Amerika edo AEBetara begiratzea besterik ez dago.

Laburbilduz, nazioartean segurtasunaren kontzeptu problematiko hori neurtzeko baliatzen diren adierazle gehienak eskuan hartu eta Euskal Herriko kasuari erreparatuta, ondorio berera heltzen gara: munduko tokirik lasaienetako batean bizi gara, lapurreta, tiroketa, bahiketa edota labankadez ari bagara.

Beldur aseezina
Ikusi dugunez, delitu-tasak baxuak dira gure inguruan, ez ordea segurtasun eskaria. Espainiako Estatuko biztanleen %21ak “kalean gauez ibiltzean segurtasun falta apur bat edo asko” sentitzen zuen 2013an, INEren orduko Bizi Baldintzen Inkestaren arabera. Are gehiago, EAEko delituen zifrak Espainiako Estatukoak baino aski baxuagoak izan arren, bertako biztanleriaren %5,7ak gauez kalean ibiltzean “segurtasun falta handia” sentitzen zuen, Espainiako Estatuko batez bestekoaren %5,3aren aldean.

Espainiako Estatuan 2014an “hiritar segurtasunaren” inguruko inkesta bat egin zieten 30 eta 65 urte bitarteko 2.000 pertsona baino gehiagori. %77ak erantzun zuen “gaizkileen aurkako legea gogortu behar dela”. Zentzu berean, hamarretik seik uste zuten “Polizia kopurua eta ekipamendua areagotu behar zela”. %32ari espazio publikoetan “kamerak instalatzea” aterabide egokia iruditzen zitzaion.

Baina zenbatekoa da dagoeneko presentzia poliziala Espainiako Estatuan? Eta Hego Euskal Herrian? Lurralde Politikako Ministerioaren 2021eko datuen arabera, Espainiako Estatuan 310 polizia agente zeuden 100.000 biztanleko, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila bakarrik zenbatuta. Eurostaten arabera, 2019an EBko hamabigarren postuan zen Espainiako Estatua, biztanleko polizia agente gehien zituzten herrialdeen artean. Hori gutxi balitz, Hego Euskal Herriko kopuruak guztiz desproportzionatuak direla ikus daiteke: 2018an, Estatuko Segurtasun Indar guztien artean, 750 agente inguru zeuden 100.000 biztanleko. Horren arabera, EAE Europa osoko lurralderik polizialena da, eta hori ETAk jardun armatua utzi ostean %19 murriztu zituztela unitateak.

Lehen esan bezala, arriskuen eta segurtasunaren inguruko irudia oso subjektiboa da, pertsonok segurtasun-baldintzei buruzko ikuspegi desberdinak izan ditzakegulako. Diskurtso sekuritarioek badute arazo bat, ordea: “arrisku” gisa aipatzen dituzten fenomenoak zientifikoki neur daitezkeenez, izu moral asko eta asko zifren bidez gezurta daitezke. Okupazioaren inguruko eskandaluaren kasuan, adibidez, okupazioa “arriskua” dela onartuko bagenu ere, zifrak eztabaidaezinak dira: Espainiako Estatuan 26 milioi etxebizitza zeuden 2022an, 3,4 milioi inguru hutsik. Okupazioari loturiko usurpazio delituen kondenak, 4.000 baino ez ziren izan 2022an.

Horrek guztiak iradokitzen du errealitate sozialean eta datuetan dimentsio handiko “arriskurik” ez badago, horrenbeste aipatzen den “segurtasun gabezia” pertsonon buruan dagoela, geure beldur irrazionalenetan. Emozio horiez baliaturik, sekuritarismoaren diskurtsoak askotariko estrategiez baliatzen dira, arriskua zerbait lauso, ikusezin eta nahasia bihurtzeraino. Osotasun fisikoa eta pertsonen bizitzak larriki zein modu orokortuan mehatxatuta ez dauden herrialdeetan, oro har, “biolentzia” eta “arrisku” terminoekin fribolizatzeko ohitura handia dago. Hau da, segurtasun arazo larriak ez dauden tokian, asmatu egiten dira. Ekintza biolento eta ez-biolentoen arteko muga edota arriskuen tipologia bera desitxuratzen da, esate baterako.

2016an Alokabidek agindutako etxe kaleratze baten aurkako elkarretaratzea Gasteizko Zabalgana auzoan. Juanan Ruiz - Foku.

Adibide bikaina da pintaketena. Jende askori ez zaizkio pintaketak gustatzen, txukuntasunaren eta moralaren konnotazio jakin batzuk tarteko. Baina gauza bat da pintaketak ez gustatzea, eta bestea, oso desberdina, pintaketak ekintza biolentoak izatea. Diskurtso horrek ondorio zehatzak ditu: inoren osotasun fisikoa eta bizitza zuzenean mehatxatzen ez duten ohiko ekintzak biolentotzat jotzen baditugu, kriminal bihurtzen ditugu, inguruan biolentzia asko dagoela pentsatuko dugu eta asaldatzea errazagoa izango da. Iritzi horiek zabaltzearen bidez beldurra berrelikatu egiten da eta jendartea etengabeko zaintza- eta paranoia-egoeretan murgildu. “Segurtasuna adiktiboa da. Inoiz ez dago kamera nahikorik”, dio Jorge Dioni Lópezek La España de las piscinas liburuan.

Antzeko logika jarraitu da okupazioa eta egoitzaren bortxatzea nahasteko helburua izan duen kanpaina mediatikoarekin. Baina badirudi egoera okerrera doala, izan ere, “okupak zure etxean sartuko dira ogia erostera zoazen bitartean” sortu zutenen eskutik, “maizter-okupa” edo “inkiokupa” dator. Errealitateak ebidentzian utzi du okupazioa (ez usurpazio gisa, ez bizilekuaren bortxatze gisa) ez dela fenomeno orokortua, okupazioaren inguruko alarma sozialaren hondarrak baliatzen ari dira soberan demonizatutako “okupa” hitza hartu eta maizter pobrearen aurka erabiltzeko. Alokairua ordaintzeko zailtasunak dituen familia pobrea jada ez da hori, inkiokupa bat baizik; kriminal bat, polizialki konpondu beharreko arazoa. Sekuritarismoak ulermen marko berriak ezartzen ditu alokairuen krisiaren balizko eztanda baten aurrean. Hemendik aurrera, maizter oro okupa bat da potentzian.

Bestelako joerak
Delitu tasa baxuak izan arren, batek baino gehiagok argudiatu dezake azken hamarkadan kopurua areagotu egin dela, eta hein batean egia da. Baina zenbateraino? Zein delitu motatan? Izan ere, igoera ez da tipologia guztietan eta modu homogeneoan gertatu: EAEn, adibidez, 2012 eta 2021 artean, etxebizitzetako lapurretak eta droga trafikoa izan dira igo direnak. Biolentziarekin egindako lapurretak, berriz, nabarmen jaitsi dira. Baina badira oso bizkor eta modu esponentzialean hazi diren beste delitu mota batzuk, jendartean apenas ez dutenak izu moralik eragiten. Arrazakeriaz, xenofobiaz, indarkeria matxistaz eta LGTBIQ kolektiboaren aurkako gorrotoaz ari gara, noski. EAEn 277tik 435era igo dira zenbatutako gorroto delituen kasuak 2021 eta 2022 artean, %57ko igoera urtebete eskasean. 231 kasu, guztizkoen %52,03, eraso arrazista eta xenofoboen multzoari dagokio. Bigarrenik, sexu orientazio eta identitatearen aurkako erasoak daude, 96 kasurekin (%21,62). Beste 68 eraso generoari dagozkion gorroto delituak izan dira (%15,32).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Polizia
2024-05-14 | Hala Bedi
Gasteizko Alde Zaharreko etxe okupatu bat hustu du Udaltzaingoak

Zazpi urtetik gora okupatuta eman ondoren hustu egin dute Aiztogile kaleko 92. zenbakia.


Zortzigarren polizia infiltratua: bi urte pasatu ditu Madrilgo hainbat mugimendu sozialetan

"Juancar" izenaren pean infiltratuta egon da Carlos P.M. agentea Madrilgo hainbat mugimendutan. 2020an sartu zen Espainiako Polizian, hain justu ere infiltrazio kasu gehiagoren jatorrian dagoen zentro berean egon ondoren. El Salto-k argitaratu du informazioa.


Irunen gizon bati eraso egin zion ertzaina kargutik kendu dute momentuz, gertakariak ikertzeko

Gizonezkoa kolpatu zuen ertzain agentea kargutik kendu dute kautelazko neurriekin, eta gertakariak ikertzen ari da Ertzaintzaren Barne Arazoetarako Unitatea. Une hartan han ziren polizia agenteen jarrera ere aztertzen ari dira.


Ertzaintzak herritar bati Irunen egindako erasoak haserrea eragin du

Ostiral goizean sare sozialetan zabaldutako bideo batean ikus daiteke nola pertsona bat eztabaidan ari den udaltzain eta ertzain talde batekin. Une batean, ertzainetako batek zartako indartsu batekin lurrera bota du, eta ondoren, lurrean utzita joan dira. Bideoa Irungo San Migel... [+]


Eguneraketa berriak daude