Anik Nandi Indiako soziolinguista da, Mendebaldeko Bengalan jaioa. Gaur egun doktoratu ondoko ikertzailea da EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketen Sailean, eta kolaboratzailea, berriz, Galiziako Errege Akademiako (Real Academia Galega) Soziolinguistika Mintegian eta Herbehereetako Leiden University Centre for Linguistics-en. Hizkuntza-politikak, hizkuntza gutxituak, Indiako eta Europako soziolinguistika, eta atzerriko hizkuntzen irakaskuntza dira bere ikerketa gaiak.
Irakurri dizudan artikuluetako batean diozunez, denok dugu geure hizkuntza-historia. Nik beste hau erantsiko nuke: gure hizkuntza-historiak gure identitateak konfiguratu eta markatzen ditu. Zein da zure hizkuntza-historia?
Bengalieraz baino egiten ez zen etxe batean jaio nintzen eta, ondoren, eskolan eta institutuan, ingelesa ikasi nuen. 12 urterekin Hamabi klasiko gazteentzat liburua irakurri nuen, bengalieraz, eta han On Kixoteren istorioa ezagutu nuen. Istorio interesgarria iruditu zitzaidan. Kixoteren zoramen hori oso hurbilekoa gertatu zitzaidan, hainbeste ikasi ondoren gizon hura nola zoratu zen… eta horregatik hasi nintzen espainiera ikasten Kalkutan, karrera egin ondoren.
Ingeles Filologia ikasitakoa naiz. Unibertsitatean Language Death liburua irakurri nuen. “Heriotza” hitzaren dramatismoak hunkitu egin ninduen, eta beste kontu batzuei buruz pentsarazi zidan, hala nola, hizkuntza-inperialismoaz. Nire hizkuntza-esperientzia ere hor da, gizarte eleaniztun batean bizi izan naiz eta badakit gizarte bat bera ere ez dela homogeneoa, eta beti dagoela hierarkia bat hizkuntzen artean. Hierarkia horren azterketak sortzen dit interesik handiena.
2007an Ourensera joan nintzen Arte eta Diseinu zentro batera. Nire lana ikastaro bat egitea eta laguntzea zen.
Galiziera ikasi zenuen han, eta hizkuntza-politikez arduratu zinen.
25 urte nituen eta, berez, nire gaztelania hobetzera joan nintzen Ourensera. Errealitate elebidun horretan, Ourense hirian, zeharo harritu ninduen antzemateak inguruko herrixketatik zetozen neska-mutil askok nola zuten gaztelaniarako joera. Oso deigarria iruditu zitzaidan, heziketa galizieraz jasoak baitziren, baina galegoak gizarte-estigma handia du.
Eta hori ez da Indian gertatzen?
Bada, nire hizkuntzarekin, bengalierarekin, ez da gertatzen; baina orain, Europako testuinguruetan antzeko egoerak aztertu ondoren, konturatzen naiz agian beste hizkuntza indiar batzuekin gertatzen dela, bai. Askotan, ikaskuntza izaten da egiazkotzat jotzen genituen gauza asko desikasteko prozesua izaten da.
"Aztertu ditudan gobernuetako ia bakar batek ere ez du gustuko hizkuntza politiken ebaluazioak egitea"
Galiziako hizkuntza politikak ikertzen aritu zara. Kontatu pixka bat egoera zein izan den frankismoaren ondoren.
1983an lehen lege bat egin zen, "intentsitate txikiko" deitzen dugun hizkuntza politika egin nahi zuena. 2004ra arte, antzera mantendu zen. Orduan, gobernu aurrerakoi bat iritsi zenean, paperaren gainean idatzita zegoen, baina egiten ez zen politika eraginkortasunez ezartzen saiatu ziren, galizieraren egoera hobetzeko.
Nola ezartzen da hizkuntza politika bat modu eraginkorrean?
Adibidez, nola funtzionatzen duen ebaluatu behar da. Bitxia bada ere, aztertu ditudan gobernuetako ia bakar batek ere ez du gustuko hizkuntza politiken ebaluazioak egitea.
Izan ere, prozesu oso politizatua izaten da. Hizkuntza politikak silent agenda (agenda ezkutua) du beti. Boterean parte hartu nahi duten taldeak beren kartak jokatzen ari dira etengabe. Eta komeni zaizkien moduko diskurtsoak erabiltzen dituzte. Esaterako, indiar gisa, harrigarria da niretzat ikustea nola Galiziako gobernu kontserbadoreak galizieraren "inposaketaren" ideiaz hitz egiten dien galiziarrei eurei! Eta interesgarriena: diskurtsoa erosi egin diote.
Galizian, 2009an gobernu kontserbadorea heldu zen berriz ere boterera, eta eleniztasunaren dekretua jarri zen abian. Ingelesez ordu gehiago, hizkuntza gutxituan gutxiago egitearen truke. Estatu mailako eraso planifikatu bati buruz hitz egiten ausartuko nintzateke, hizkuntza gutxituetan eskolatze-orduak murriztea duena helburu.
Bai, laburpen ona da. 2009ko eleaniztasunaren dekretua ezarri ondoren, oso portzentaje kezkagarriak atera dira. Galiziako Estatistika Institutuak 2014an argitaraturiko datuek diotenez, 2008-2013 bitartean galizieraren ezagutzaren eta erabileraren inguruko inoizko daturik apalenak metatu dira; inoiz ez da lehenago galizieraz hitz egiten ez duen hainbeste haur izan, %49. Are gehiago, ikasleen %30ak ez du galegoa behar bezala ezagutzen.
Bestalde, globalizazio prozesuaren barruan ulertu behar da ingelesaren sarrera eta hau irakaskuntzan sartzeko interesa, neoliberalismo puru eta gogorrean. Gainera, ordu kopuru bat ingelesa bezain hizkuntza indartsuan sartzea erabakitzen baduzu, inork ez du ezetz esango, nahiz eta gurasoak bertako hizkuntza gutxituen alde egon. Baina nondik aterako ditugu orduak? Orduak direnak dira: %30 galizieraz, %30 ingelesez eta %30 gaztelaniaz. Galdera da, beharrezkoa al da orduen %30 gaztelaniaz izatea?
"Orduak direnak dira: %30 galizieraz, %30 ingelesez eta %30 gaztelaniaz. Galdera da: beharrezkoa al da orduen %30 gaztelaniaz izatea?"
Hori tabua da.
Noski, horri buruz ezin duzu hitz egin ere egin. Hau da, ingelesa saltzea errazagoa da, inork ezin baitu ukatu ingelesaren beharra egungo bizitzan. Baina %30 horrek ez du ziurtatzen ingelesa ikasiko dutenik. Uste dut ingelesa horrela ikastea ez dela eraginkorra. Azkenean ez dute ez ingelesik, ez ikasgairik ikasten. Atzerriko hizkuntzak hizkuntza gisa ikastearen alde nago, baina ez ikasteko bide gisa, hizkuntza hori hitz egiten ez den leku batean. Arreta gehien behar duen hizkuntza zaindu behar da, kasu honetan euskara edo galegoa. Uste dut euskaran oinarritutako hezkuntza egin beharko litzatekeela, eta gero beste hizkuntza batzuk hartu. Eta gaztelania ez ikasteko modurik ez dagoela ere argi izatea. Ikasleek gaztelaniaz nahi gabe ere ikasiko dute.
Ba al dago aukerarik estatu batean hizkuntza gutxituentzat? Irteerarik badago?
Ezin da erantzunik eman, ez baita ez zuri, ez beltz. Ideia batzuk izan ditzakegu: adibidez, gizartean hizkuntza-kontzientzia sortzeko beharrezkoa dela. Eman nuen hitzaldi batean, ikasle batzuek bazuten kontzientzia pixka bat eta esaten zidaten: frankismoarena da errua. Eta, hein batean, egia da, baina nik geure paperaz hitz egin nahi dut: denok dugu agentzia edo ekintzarako gaitasuna, eta garrantzitsua da geure buruari galdetzea: zer egiten ari gara egoera aldatzeko? Erruari buruz hitz egin daiteke, baina arduraren bat ere hartu behar da.
Adibidez, Galiziako guraso batzuek, umeek galizieraz egin dezaten, galizieraz erakusten duten ikastetxe batera eramaten dituzte, galizierazko materialak erabiltzen dituzte... baina, halere, haien artean ez dute galizieraz hitz egiten. Giro bat sortzea garrantzitsua da, baina hitz egiten ere saiatu behar da. Guraso horiek badakite galizieraz, baina ez dute etxean erabiltzen. Hezkuntza sistemak lan guztia egitea espero dute.
Espainian, hizkuntza politikak hezkuntza-sisteman oinarritu izan dira beti. Uste zen, zuk hizkuntza hezkuntza-sisteman sartze bazenuen, jendeak hizkuntza hori hitz egingo zuela, eta ez; izan ere, hizkuntza politikak ez dira hezkuntza sistemaren eremura mugatzen. Zulo bat itxi nahi duzu baina beste bati erreparatu gabe. Nire ikerketa-lerro nagusia zulo txiki horien analisia da; ez egoera makroarena, mikroena baizik. Bottom-up (behetik gora) ikerketa da.
Zer leku du familiak hizkuntza politiketan?
Familia da hizkuntza politiketan aktore nagusia. Hainbat gizabanako eguneroko lanean batzen eta negoziatzen diren tokia da. Etxea etengabeko negoziaziorako testuinguru konplexua da.
Zergatik erabiltzen duzu “erresistentzia-politika” terminoa familien barruko politikez hitz egiteko?
Erresistentzia beharrezkoa da batzuetan, ez zaudenean ados politika batekin, politika linguistikoen kasuan ere bai. Erabil dezagun garbitasun politiken adibidea: zure kalea garbi nahi baduzu, zer egingo duzu? Pertsona bati ordain diezaiokezu, udalerriko garbitzaileak etorri arte itxaron edo, bestela, erratza atera eta kalea zuk zeuk garbitu. Hirugarren adibidea erresistentziarena da. Egoera hori kudeatzeko agentzia duzula ikusten duzu, eta egin egiten duzu. Nola egiten duzun? Beste elementu batzuk ere kontuan hartu behar dira: faktore soziolinguistikoa, soziokulturala, ekonomikoa. Agentzia, egin dezakezuna edo egin ezin duzuna, zure esku dagoena edo ez, desberdina da kasu bakoitzean. Baina gizarteko kide garen aldetik, guztiok ditugu botererako sarbide batzuk.
Hizkuntza politika errazena hezkuntza sistematik datorrena da, Europan haur guztiak hezkuntza sistematik pasatzen direlako, eta gobernu-ideologia batzuk iraunarazteko errazagoa delako. Hizkuntza-ideia bat ezartzeko errazena da.
Zure adibideari jarraituz, beste batzuek kalea garbitzea izango litzateke, baina guk geuk ere garbitu dezakegu.
Bai, baditugu ideia horiei aurre egiteko eta gure komunikazioak berrezartzeko tresnak.
"Australian ikusi da beren hizkuntza biziberritzeko prozesuak indigena taldeei lagungarri zaizkiela osasun arazoak gainditzeko"
Gaztelaniaz mintzo den ingurunean bizi diren familia batzuen etxeko politika ikertu duzu. Zehazki, honakoa idatzi duzu: "Familia horiek seme-alabak prestatzen dituzte ez soilik gaztelaniak etxetik kanpo duen nagusitasunari aurre egiteko; horrez gain, emozioen indarra eta hizkuntza gaitasunak ere lantzen dituzte egoera eramangarri izan dadin beharrezko tresna gisa". Gertatzen den arren inork hitz egiten ez duen gauza bati hitzak jarri dizkiozu: haurrei hizkuntza gutxitua hitz egiteak dakarzkien integrazio arazoak, testuinguruen arabera.
Behin, ama bat negarrez hasi zitzaidan. Alabak esan omen zion jada heldua zela –10 urte zituen– eta nahi zuena egin zezakeela: "Nire urtebetetze eguneko gonbidapenak gaztelaniaz egingo ditut". Haurrek egoera gogorrak aurkitzen dituzte ikastetxean, familia galiziar hiztunetatik baldin badatoz. Ez zaio erraza egiten galiziar hiztun gisa integratzea.
Mikroindarkeriaz hitz egin daiteke?
Bai, erabat. Zein da hizkuntza indarkeriaren definizioa? Hitzezko indarkeria da. Eta zuk, guraso zaren aldetik, ezin duzu joan zure seme-alabaren kontra egiten duen pertsona bakoitzaren aurka. Beharko duzu samurtasun eta maitasun-maskara bat sortu harentzako, adimen emozionala eman beharko diozu. Ama hark esaten zuen: "Ez da haiei irakastea eta kito. Haiek lagundu behar dituzu".
Badirudi hemen hizkuntza gutxituen auzia kultur auzi hutsa dela baina, izan, hizkuntzak zerikusi handia du giza eskubideekin.
Ikerketa asko dira lotzen dituztenak hizkuntza berreskurapena eta buru osasuna edo gizarte ongizatea. Adibidez, Kanadako indigenen taldeen artean. Diabetes gaixoen ehuneko handiak dituzte eta, batez ere, suizidio tasa handiak. Bada, han ikusi zen bazela lotura bat autolesioen eta autogorrotoaren artean, eta identitatearen eta hizkuntzaren galeraren artean. Ezin duzu berdin jarraitu eskolan, azpitik sentitzen zara… Gurpil zoroa da, eta azkenean pertsonaren barrenak jaten ditu, eta batzuetan hil egiten du.
Australian, berriz, ikusi da beren hizkuntza (oso minorizatua) biziberritzeko prozesuak indigena taldeei lagungarri zaizkiela osasun arazoak gainditzeko. Komunitate baten egoera linguistikoa hobetzearekin, komunitateko kideen osasunak ere hobera egiten du. Garrantzia ematen die, taldeko kide izateko prozesuan eta autoestimuan laguntzen die. Hizkuntza biziberritzea hitz egiten duzun hizkuntza baino askoz gehiago da. Hizkuntza funtsezkoa da identitate kolektiboetan. Nola hobetu daiteke egoera? Maila pertsonalean aldaketak eginez, eta gero talde mailan.
Bai, baina batzuetan zaila da erabakiren bat hartzea, adibidez, seme-alabak egoera zailetara bultzatzea.
Bai, baina horixe da gure seme-alabengatik egin dezakegun onena. Mundua ez da desagertuko guk begiak itxiagatik.
‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.
Gero eta akats ortografiko gehiago atzematen dugu sare sozialetako idazkietan, eta ez soilik gazteek egindakoak, baita komunikabideetakoak ere. Batzuk hain bihurtu dira ohiko, non gure begiei apenas ez dieten minik ematen.
Horrela, gaztelaniaz hauek bezalakoak barra-barra... [+]
"Ekin eta jarrai" da Euskaltzaindiaren goiburua. Ez dakit Akademia zergatik ez zuten ilegalizatu, hiru berba horiek agertuta bere logotipoan. Gutxiagorekin egin dira salaketak-eta (adin batekook La orquesta Mondragón-en kasetearena gogoan dugu, Martxoaren 11ren... [+]
Faith Chepngetich Kipyegon keniarrak 1.500 metroko atletismo proba irabazi zuen larunbatean, Paris 2024ko azken-aurreko egunean, bigarren emakumezkoa bilakatuz historian atletismoan urrezko hiru domina olinpiko erreskadan lortu dituena. Gauzatxo bati ere erreparatu... [+]
Euskararen biziberritzea Ipar Euskal Herrian jardunaldia antolatzen du ostiral honetan Baionan Euskaltzaindiak. Euskararen alde egiten dena eta ez dena eztabaidatzeko mementoa izango da. Eragileak eta politikariak bilduko dira egun osoan.
Euskara galdua zen eremu mistoko eta ez-euskalduneko herrietako familien ahaleginak aitortuko dituzte ekitaldian. Oskar Alegria zinemagilearen bideoak emango dio hasiera ekitaldiari 11:30ean udaletxean.
Donibane Lohizunen jaio zen Duhalde 1987an, baina Uztaritzen bizi eta hazi da, eta etxean zein herrian entzundako euskararen aldaerek bultzatu dute Lapurdi itsas hegiko euskarari buruzko tesia egitera. Gaur egun, EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultatean ari da irakasle lanetan... [+]
Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.
Mikel Perez Gonzalez hizkuntzalaria hitz egiterakoan erabiltzen den kode alternantzia aztertzen ari da, alegia, euskaldunek nola nahasten dituzten euskara eta gaztelania. Alternantziaren arrazoietako bat euskara gaitasuna da, baina Perezek gehiago ere kontatu ditu.
Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.
Euskaltzaindiak Hiztegia sarean eguneratu du: 646 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan, eta 1.130 forma moldatu edo findu. Lehendik dagoena txukuntzeari ere garrantzia eman diote. “Adibideak ere berrikusi ditugu, batez ere berdintasunari dagozkionak: emakumeen... [+]
Bikotea osatzen duten bi lagunekin topo egin, haiekin hizketan hasi, eta haietako batek itxaropen-zerrenda esan du, nahastuta, itxaron-zerrenda beharrean. Haren bikotekidea konturatu da, konturatu denez, baina ondo disimulatu du. Hiztripuaren autorea euskara ikasten ari da, eta... [+]