"AEB-etako hezkuntzan, jendeak uste du hobe dela elebakarra izatea elebiduna baino"

  • Hizkuntzaz zein garunaz ari dela, Esti Blanco-Elorrieta ikertzailearen ikuspegian fluidotasunak leku nabarmena du. “Gizakiok kategorizatzeko konpultsio itzela daukagu, eta teoria oso modularrak egiten ditugu, denean”. Baina tarteko prozesuak daude, eta dena ez da A ala B. “Munduari begiratzeko modu bat da gauzak ikustea espektro batean, ikusi beharrean zuri ala beltz”. Beharbada lasaiago bizi gintezke horrela.

Argazkia: Ibai Arrieta
Argazkia: Ibai Arrieta
Esti Blanco-Elorrieta. Bilbo, 1990

Euskal Filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta Hizkuntzaren Neurozientzia Kognitiboko Masterra, ondoren, Donostiako BCBL zentroan. Hizkuntzaren neurobiologia lantzen dabil harrezkeroztik, buru-belarri. New Yorkeko unibertsitatean egin zuen doktorego-tesia, elebidunen hizkuntza-aldaketa praktikei buruzkoa, eta gaian ikertzen segitu du Harvardeko unibertsitatean. Generoari buruz duen ikuspegia ezagutzeko, ikus ezazue Ur Handitan saioko Ez bitarrak atalean egin zioten elkarrizketa.

Hizkuntzaren neurobiologia lantzen duzu. Zer da?
Berez, gure garunak hizkuntza edo hizkuntzak zelan prozesatzen dituen ikertzen dut. Kanpotik, pentsatzen da hizkuntza dela halako gauza monolitiko bat eta zuk berba egiten duzula edo ez duzula egiten, edo euskara daukazula parte batean eta gaztelera beste batean.

Baina ez da horrela.
Ez. Zuk berba bat aukeratu ahal izateko, 10 edo 100 prozesu desberdin pasatu behar dira zure garunean, neuronak era ezberdin batean konektatu behar dira, eta nik ikertzen dut neurona horien arteko harremanak zelakoak diren, eta garuneko zer atal aktibatzen diren aditz baten inflexioa egiten duzunean edo gure subjuntibo magikoa erabiltzen dugunean [barreak].

Elebitasunari erreparatzen diozu zure ikerketetan.
Badago prozesu bat betidanik txunditu izan nauena, eta Euskal Herrian asko egiten duguna: hizkuntza bat baino gehiago nahasten ditugu esaldi berean, eta esaldi horiek gramatikalak dira bi hizkuntzetan.

Esan dit que joan egin dela.
Que eta -ela erlatibozko perpausen markak dira gaztelaniaz eta euskaraz hurrenez hurren, baina zuk hala ere biak sartzen dituzu, esaldia gramatikala izateko batean zein bestean. Sekulako gimnasia mentala da hori, eta Euskal Herrian barra-barra egiten dugu, eta erraz. Prozesu horrek txunditu egiten nau, eta batez ere txunditu izan nau ordura arteko teoria gehienek esaten zutelako, elebiduna baldin bazara, hizkuntza batean egiten duzunean berba, beste hizkuntza inhibitu egiten duzula nolabait, amatatu egiten duzula. Baina, kalean entzuten nuena entzunda, iruditzen zitzaidan hori ez zela posible, bestela guk ez genituzke halako perpausak sortuko momentuan-momentuan. Eta fenomeno horri tiraka hasi nintzen ikertzen.

Ordura arteko teoriek uste zuten elebidunei ahalegin bat eta kostu bat eskatzen ziela hizkuntzaz aldatzeak. Zergatik uste zen hori?
Uste hori esperimentuen testuingurutik zetorren, esperimentuetan jendeari kosta egiten zitzaiolako hizkuntzaz aldatzea. Demagun norbaitek ingelesez berba egiten hastera behartzen zaituela, bat-batean; hori gaitza da, baina zergatik? Hasieran uste zen aldaketa bera zela gaitza, baina jendeak kalean zer erraz egiten duen ikusita, garbi neukan horrek ezin zuela azalpena izan.

Eta zer ondoriotara iritsi zara?
Ba egoera horretan hizkuntza aldatzea zaila dela nolabait ere murriztu egiten delako zer berba erabili ahal dituzun. Zuri norbaitek esaten badizu euskara hutsean berba egiteko, zure beste berba denak, beste hizkuntzetako berbak, zigortzen dira, ezin dituzu erabili, baina norbaitek esango balizu soilik a-gaz hasten diren berbak erabili behar dituzula, ba hori ere gaitza izango litzateke. Eta horrek ez dauka inongo zerikusirik hizkuntza aldatzearekin, zu zerbaitetara behartzearekin edo zure aukerak murriztearekin baizik.

Argazkia: Ibai Arrieta
"Gure hizkuntzak zelako egiturak dauzkan, pentsatu gurako genuena baino eragin handiagoa dauka mundua ikusteko dugun eran eta gure pentsatzeko eran”

Pentsatzen dut aurreko esperimentu haiek eta zeureak ez zirela berdinak izango.
Arlo horretako ikertzaileak elebakarrak ziren askotan, eta uste dut hori arazo bat izan dela. Esperimentuetan, adibidez, marrazki batzuk erakusten zituzten, eta esaten zuten: berdez ateratzen baldin bada euskaraz esan behar duzu objektuaren izena, eta gorriz ateratzen baldin bada, gaztelaniaz. Eta hor agertzen zen txandaka mahai bat gorriz, leiho bat berdez... Baina guk, munduan, hizkuntzak ez ditugu horrela aldatzen, randomly mahaia esango dut erdaraz eta gero armairua euskaraz. Nik esperimentu askoz ere naturalagoak egin ditut, jaiotzetik elebidunak izan diren pertsonekin.

Zer hizkuntza-konbinazio erabili dituzu?
Aniztasuna bilatzen saiatu naiz. Ingelesa-arabiera, ingelesa-txinera, ingelesa-gaztelania eta ingelesa-zeinu hizkuntza konbinazioak hartu ditut. Beste arlo guztietan bezala, ikuspuntu hegemoniko bat dago ikerkuntzan ere, eta ingelesa da dominantea, hori argi dago; gainera, halako ikerketak Europan egin dira gehien, eta ingeles-nederlandera edo ingelesa-alemana nagusitu dira, eta Montrealen apur bat ingelesa-frantsesa. Baina gura baldin baduzu ondorio unibertsalak eskuratzea, jakitea orokorrean gure garunak zelan prozesatzen duen hizkuntza, ingelesa-frantsesa bakarrik aztertuta ez zara oso urrutira joango. Horregatik hizkuntza-bikote desberdinak erabili izan ditut. Ingelesaz ezin izan naiz libratu, AEBetan nagoelako, baina gero beste hizkuntza aldatzen joan naiz, eta emaitzak berdinak izan dira bikote batzuetan eta besteetan.

Argitu dugu elebidunok ahaleginik gabe aldatzen dugula hizkuntza esaldi berean (betiere behartzen edo mugatzen ez bagaituzte), baina, zergatik egiten dugu hori?
Hizkuntza batean berba egiten duzunean eta aukeratzen duzunean berba bat, horretarako zelako erraztasuna daukazun distribuzio probabilistiko bat da berez. Zuk pentsa garunean dauzkazun egitura sintaktiko, berba, soinu eta abar denak daudela distribuzio probabilistiko batean, orduan gehien erabili edo jaso dituzunek edukiko dute aktibazio-maila handiagoa, eta gutxiago erabili dituzunek edo kontaktu gutxiago izan dituzunek maila txikiagoa. Berba egiten duzun aldi bakoitzean zeozer aukeratu behar duzu distribuzio horretatik eta normalean joko duzu aktibazio-maila handiagoa dutenetara. Txikitatik entzun izan badituzu euskara eta gaztelera, inguruan jaso badituzu, horiek gutxi gorabehera parean egongo dira, eta gero frantsesa hizkuntza-eskolan hiru urte egin bazenituen, ez dauka konparaziorik zenbat ordu entzun duzun frantsesa eta zure bizi osoan zenbat ordu entzun dituzun euskara eta gaztelera.

Baina ez dira kontu estatikoak.
Ez. Adibidez nik Estatu Batuetan ez dut sekula egiten berba gaztelaniaz, egiten dut berba ingelesez edo bestela lagun euskaldunekin euskaraz, eta orain batzuetan gaztelaniaz egiten dudanean nire amak esaten dit mexikarra ematen dudala. Gehien entzuten dudan gaztelera mexikarra da eta. Eskala horiek ez dira estatikoak. Hizkuntza jasotzen duzun bakoitzean, distribuzioa apurtxo bat aldatzen da.

Zertan ari zara orain?
Orain proiektu oso polit bat daukat, odol-isuriak izan dituen jendeagaz. Odol-isuriekin, jendeak hizkuntza-gaitasuna galtzen du askotan, baina ez kategorikoki. Hau da, hizkuntza-gaitasunaren zati bat galtzen da: adibidez, zuk ahal duzu galdu aditzak sortzeko gaitasuna, baina ez izenak sortzekoa, edo objektu bizigabeak izendatzeko gaitasuna baina ez objektu bizidunak izendatzekoa. Isuri bat eduki eta gero, periodo kritiko bat dago errehabilitazioa egiteko, 14-16 aste inguru: denbora horretan berreskuratzen duzun hizkuntza-gaitasuna guztiz berreskuratuko duzu, eta epe hori pasata berreskuratu ez duzuna, akabo. Elebidunen kasuan, bi bider gauza gehiago dauzkagu berreskuratzeko, eta denboraren presioa handiagoa da. Gaur egun ez dago inongo errehabilitazio-programa berezirik elebidunentzat. Ez hori bakarrik: zuk orain odol-isuri bat izango bazenu eta ospitalera joango bazina, ez dakigu galduko duzun gehiago euskara edo gaztelera, galduko dituzun biak berdin...

"Zuk orain odol-isuri bat izango bazenu eta ospitalera joango bazina, ez dakigu galduko duzun gehiago euskara edo gaztelera, galduko dituzun biak berdin..."
 

Zergatik ez da hori aztertzen?
Batetik, arrazoi sozioekonomikoak daude. Munduko elebidun gehienak –salbu eta hemen, Montrealen eta Afrikako leku batzuetan– orokorrean etorkinak izaten dira, eta etorkinek ia beti izaten dute maila sozioekonomiko baxuagoa; ez dira izaten Harvardeko ikerketetan parte hartzen dutenak. Hori izan da faktore handi bat.

Eta beste faktoreak?
Bigarrena, halako egoerak tratatu ahal izateko medikuak ere pazientearen bi hizkuntzak jakin behar lituzke, eta hori Euskal Herrian agian bai, baina AEBetan, non elebidun batek txinera eta ingelesa hitz egiten dituen, beste batek ingelesa eta bengalera… Ez dago denentzat.
Azkenik, gaitza izaten da pazientearengana iristea. Bat, haiek gura izan behar dute ikerketan parte hartzea, eta, bi, ospitaleak unibertsalki oso estresatuta daude, eta ez daukate denborarik zuk bost ordu pasatzeko pertsona horregaz: ea, esan aditza iraganean, orain aditza orainean, orain esan mugagabea…

Zuek nola ari zarete hori dena ikertzen?
Proiektua Texasen daukagu, Mexikoko mugan, hango ospitale bategaz ari gara. The Valley izena dauka eremu horrek, eta familia asko-askotan gertatzen da familia erdia AEBetan bizi dela eta beste erdia Mexikon, baina da hemendik Hernanira joatea bezala [Donostiako Ibaeta auzoan gaude]. Inguru horretan jende askok izaten ditu odol-isuriak, horretarako predisposizio genetikoa ere badutelako. Orduan ikertzen gabiltza AEBetakoei odol-isuria ematen dienean, batetik, ea hizkuntza nola galtzen duten, ea zein galtzen duten gehiago –elebidunak dira gehienak– eta, bestetik, zer desberdintasun dagoen bai genetikoki eta bai euren bizitzako aspektuetan mugaren bi aldeetan.

Irene Vallejo idazleari elkarrizketa egin nion orain gutxi, eta esaten zuen hizkuntza bat baino gehiago jakiteak ikuspegiak zabal ditzakeela, hizkuntza bakoitzak badituelako bere mundu-ikuspegia eta aurreiritziak, eta bat baino gehiago ikasita, ikus daitekeelako aurreiritziak horixe direla, aurreiritzi.
Hizkuntzek bi erako ezaugarriak dituzte: batzuk idiosinkratikoak eta batzuk daudenak nolabait errotuta benetako errealitatean. Adibidez, hizkuntzan moduren bat egon behar du zerbait iraganean gertatu dela edo etorkizunean gertatuko dela adierazteko, baina gero hizkuntza bakoitzak hori adierazteko bere modua dauka. Txinerako aditzek adibidez ez daukate iragana edo etorkizuna, aditzondo baten bidez adierazten dute denbora. Horiek dira hizkuntzen elementu semantikoak.

Beste batzuk dira ezaugarri idiosinkratikoak, adibidez gaztelaniak genero gramatikala edukitzea eta esatea mahaiari femenino eta ordenagailuari maskulino, ezertan oinarritu gabeko genero-sistema bat da, eta beste hizkuntza batzuetako genero-sistemetan kontrako generoa erabiltzen dute objektu berdinentzat. Baina arrazoia daukazu, halako gauzek inplikazioak dauzkatela. Gure hizkuntzak zelako egiturak dauzkan, pentsatu gurako genuena baino eragin handiagoa dauka mundua ikusteko dugun eran eta gure pentsatzeko eran.

Argazkia: Ibai Arrieta

"Gure hizkuntzak zelako egiturak dauzkan, pentsatu gurako genuena baino eragin handiagoa dauka mundua ikusteko dugun eran eta gure pentsatzeko eran"
 

Aurrera begira, zer beste asmo daukazu buruan?
Orain New Yorkera itzuliko naiz bizitzen eta nire laborategi propioa sortuko dut uztailaren 1etik aurrera. Liburu bat idazten ari naiz, eta horretan nabil nahiko buru-belarri. Ikerketa basikoa egiten segituko dut, baina nire asmoa da alde klinikotik segitzea, errehabilitazio-programak garatzen; ikasten duguna nolabait komunikatu nahi dut benetako munduan dauden arazoekin.

Ildo horretan, alde klinikoa aipatu duzu, baina ba al da landu nahi zenukeen beste alderdirik?
Hezkuntzan, Estatu Batuetan zehazki, jendeak uste du hobe dela elebakarra izatea elebiduna baino. AEBetakoa oso tristea da: esan dudan moduan, elebidun gehienak etorkinak dira, eta askotan gurasoek ez diete euren umeei irakasten euren hizkuntza. Eta gero jendeak ezin du berbarik egin bere aiton-amonegaz, eta kristoren tristezia iruditzen zait belaunaldien arteko kate hori haustea. Bestalde, oso kuriosoa da, ze hau pasatzen da Bronxeko eta Harlemeko eskola publikoetan, baina Upper East Side-ko eskola pribatuetan, berriz, hor frantses elebidunak oso ondo, hor elebitasunak ez dakar inongo arazorik.

Elebitasunari buruzko ikuspegietan hizkuntzaren prestigioak badu zerikusirik.
Bai, hori problema sozioekonomikoa da, ez da hizkuntzaren edo elebitasunaren arazoa. Orduan nire jardueraren beste norantza bat da outreach edo dibulgazioa delakoa egiten saiatzea eskola publikoegaz, auzo txiroagoetan, euren ikuspuntua aldatzeko, zientziak esaten duena kontatzeko... Nik, Harvardeko kredentzialekin, esaten baldin badut elebitasunak ez daukala kostu negatiborik, horrek pisua dauka, eta nik zerbait kontatzeak lortzen baldin badu belaunaldien katea ez haustea eta erroak ez haustea…

Liburu bat idazten ari zarela ere esan duzu. Zeri buruzkoa da?
Generoari buruzkoa.

Hara... eta? Zer hizkuntzatan idazten ari zara?
Ingelesez. Gero asmoa daukat euskarara ere itzultzeko, bueno, ikusiko da. Nire trantsizioari buruzkoa da [genero ez-binario gisa identifikatzen da], memoir bat da, eta hiru hari ditu. Batetik 2019an New Yorken zelako egoera dagoen horren kontura; beste haria da egoera hori bera Euskal Herrian, eta azkena da gure gurasoen jenerazioan zer genero-egitura zeuden herrialde honetan, ze hemen egon dira oso-oso-oso sartuta, eta alde horretatik aditu nahi dut gure gurasoen belaunaldiko jendeak zergatik dituen halako erreakzioak eta arazoak, etab. Hiru alde horrek uztartu nahi ditut era batera. Tira, hori da nire deskribapena, gero ez dakit zer izango den.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntzalaritza
Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


2024-01-05 | ARGIA
Mikel Perez
"Euskara eta gaztelania nahastearen arrazoi bakarra ez da hizkuntza gaitasuna"

Mikel Perez Gonzalez hizkuntzalaria hitz egiterakoan erabiltzen den kode alternantzia aztertzen ari da, alegia, euskaldunek nola nahasten dituzten euskara eta gaztelania. Alternantziaren arrazoietako bat euskara gaitasuna da, baina Perezek gehiago ere kontatu ditu.


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Andorrak gutxieneko katalan maila eskatuko du bertan bizitzeko

Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.


Eguneraketa berriak daude