Hamar urtez bizitzeko modu bat borrokatzen

  • Martxoaren 2an hamarkada bete du Ernai gazte antolakundeak. 2013an abiatu zuen ezker abertzaleko gazte antolakunde berria, Lizarran, errepresio eta ilegalizazio arotik zetorren belaunaldiak. Egun, ez dago sorrerako inor Ernairen gidaritzan, eta testuinguru politikoak zein sozialak aldaketa ugari izan dituen bezala, antolakundea bera ere eraberritu da.

"Gidaritzan belaunaldi berriak izateak sortzen ditu arriskuak, baina baita aukerak ere". Argazkia: Dani Blanco / ARGIA.

Belaunaldi berriak hasierakoen transmisioa jaso duela, baina freskotasuna ere ekarri dutela ziurtatu digute Ane Alava (Antsoain, 2000) eta Txomin Aiartza (Larrabetzu, 2001) egungo bozeramaileek. Apirilaren 6tik 9ra Elorrion ospatuko duten Gazte Topagunera begira, III. Kongresuan zehaztutako erronkak eta bidean izandako oztopoak kontatu dizkigute. “Belaunaldi krisiari” aterabidea emateko “bizitzeko modu bat” proposatzen dute, eta borrokara batzeko deia egin.

Alava eta Aiartza “bulkada berrien garaian” batu ziren Ernaira, 18 urte zituztela: “Belaunaldi oso bat batu ginen militantziara, gogo handiz, baina hurrengo urtean pandemia etorri zen eta ezin izan genuen transmisioa behar bezala egin; jardun praktikoan nabaritu genuen batez ere”. Dena den, baieztatu dute formakuntzarako probestu dutela aldi hori, eta iaz Olatzagutian itxitako kongresuak balio izan diela datozen urteetarako estrategia “borobiltzeko” eta martxa berriari indar handiagoz ekiteko.

Independentzia, sozialismoa eta feminismoa. Hiru ardatz horiekin sortu zuten 2013ko martxoaren 2an Ernai, eta egun ere oinarriak bera izaten jarraitzen du, baina hamar urteko bidean arrakala eta eztabaida ugari kudeatu behar izan dituzte. “Ernai da gazteria” aldarrikatu zuten Lizarran orduko hartan ehunka gazte independentistak, ZukGua prozesua burututa. Hego Euskal Herriko 2.500 bat gaztek hartu zuten parte prozesuan, eta azpimarratu zuten “itxaropenaren alde” altxatzen ari zirela gazte euskaldunak.

Ez zuten bertatik bertara ezagutu I. Kongresu hura ez Alavak ez Aiertzak, baina jakin badakite nondik datorren euren antolakundea: “2013an itxaropenaren aldeko apustua egin zen estrategia aldaketa baten baitan. Ziklo politiko berrira egokitu zen gazte antolakundea, koloretsua, bizia, zabala; ilegalizazio garaietan mugatuta eduki zuten eragiteko gaitasuna berreskuratu zuen”, gogorarazi du Alavak. “Itxaropenarena”, testuingurua bera baino, hautu politikoa izan zela dio. Sistema apurtzeko nahiarekin berrantolatu ziren duela hamarkada bat, eta sistemaren errepresioa jasan dute ordutik. Lehen urteetan bortitzagoa, baina gaurdaino iraun duena: atxiloketak, zenbait delitu leporatzea, Poliziaren jipoiak. Halere, ez dira geldirik egon kideak, eta ezagunak dira urte hauetan egin dituzten mobilizazioak eta era guztietako ekintzak; Altsasuko gazteen alde egindakoak, gurutze frankisten eraisteak, errepide mozketak prekaritatea salatzeko, besteren artean.

Epaituta zeuden Ernaiko zazpi gazteren alde manifestatu ziren Bilbon 2022an. Argazkia: Jaizki Fontaneda / Foku.
Inurritegian arrakala

2017ko II. Kongresura antolakundea egoera desegonkorrean heldu zen, baina nabarmendu zuten oztopoen gainetik hamaika garaipen lortu zituztela eta “borrokak merezi” izan zuela. “Garaipenaren belaundaldia” zirela aldarrikatu zuten arren, belaunaldi horren zatiketa agerian geratu zen. Apirilaren lehenean itxi zuten Erandion Inurritegia prozesua, ezker abertzalearen Abian prozesuak emandakoa gazte estrategiara egokitzeko asmoz. Ez zuten asmatu, ordea, Aiartzak berretsi duenez: “Garai hartakoek esan digutenez, 2017ko kongresuaren balorazioetako bat izan zen agian ez zela jakin bete-betean zehaztapen horri heltzen, edo irakurtzen Abianen ostean zein izan behar zen Ernaiko itzulpen zehatza”. Antolakundeari argipen estrategiko eta diskurtsibo bat ematea falta izan zuen kongresuak, bozeramaileen esanetan.

Txomin Aiartza: “Ernaik zerbaitetan asmatu badu da gure ekinbidea GKSren dependentzian baino, gure estrategia propioaren mesedetan egitean”

Estrategia berriarekin bat ez zetozen ahotsek Ernairen bidea zalantzan jarri zuten. “Egia da kongresu horretan handitu zela aurreko urteetatik sortzen zihoan arrakala bat, eta gerora gorpuztu dena gaur egun GKS bezala ezagutzen den horren baitan”, zehaztu du Aiartzak. Barne prozesua babestu zuten militanteek, ordea, bidean segi zuten, eta berretsi zuten euskalgintzan, feminismoan eta internazionalismoan borrokatzen diren eragileekin elkarlana bultzatuko zutela, “euskal sozialismoa gaurdanik eraikitzeko”.

Ernaik GKSren aurrean hartutako estrategiaz galdetuta, Aiartzak dio erabaki nagusia izan dela euren norabide propioa garatzea: “Gai horri dagokionean, gazte antolakundeak zerbaitetan asmatu izan badu da gure ekinbidea horrekiko dependentzian baino, gure estrategia propioaren mesedetan egitean”. 2018-2019an egin zuten plan politikoa termino horietan egin zutela dio, baita 2022ko III. Kongresukoa ere.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA.

GKSk Ernairi eta ezker abertzaleari kritikak egitea ez dela berria diote bozeramaileek: “Ezker abertzaleak bere historiako 60 urte hauetan ia beti izan du bera baino ustez ezkerrerago kokatzen den sektore edo korronte bat, kritika politikoak egin izan dizkionak, izan interklasista delako, izan estrategia jakin bat duelako, eta beti bizi izan gara horrekin”. Jakitun dira Euskal Herriko oraingo testuingurua ezberdina dela, baina gogorarazi dute Ernairen borroka antolakundetik harago doala. “Jakin behar dugu errealitate honetara egokitzen. Baina gu ez gaude hemen gure markapean lan egiteko, gu ez gara antolatzen erakusteko zer nolako indarra dugun Ernain eta gure marka erakutsi eta eratzeko. Badugu askoz haratago doan proiektua ere”, nabarmendu du Aiartzak.

Alavak ere azpimarratu du Ernairen bertutea dela herri mugimendu eta gazte mugimendu anitzekin elkarlanean lan egiten dutela: “Herri mugimendu zabalaren mesedetan garatzen dugu jardunaren parterik handiena. Eta hori da gazteak politizatzeko espazio naturalena. Azken aldian, esaterako, neska gazte asko batu dira Ernaira, talde feministetatik etorri direnak, eta jarraitzen dute mugimendu feministan ere lan egiten”. Mugimendu ugariren borrokak uztartzearen alde egiten dute, beraz.

Belaunaldi berriak, freskotasuna

III. Kongresuak berritasuna ekarri du Ernaira, eta horrelaxe heldu dira hamargarren urteurrenera: hasierako oinarri berarekin, baina gidaritza eta begirada berriarekin, eta ahulgune bezain indargune dela ondorioztatu dute egungo eledunek. “Gidaritzan belaunaldi berria izateak sortzen zituen arriskuak maila batean, baina baita aukerak ere. Ia intuizioz jakin izan dugu oreka hori mantentzen, eta uztartu ditugu, batetik, aurreko belaunaldiaren irakaspenak eta hausnarketa politikoak, eta, bestetik, gure belaunaldiak ekarri dituen ideia eta hausnarketa berriak”. 2018ko plan politikoan zehaztu zuten gazte frontea eratzea, gazteak aktibatzea eta militante olatua erakartzea, eta azken kongresua baliatu dute ideia horri “irismen estrategikoa” emateko. Gainera, proposamen berriak ere mahaigaineratu dituzte, hala nola borroka transmaribibolloa, orain arte erdigunean jarri ez dutena.

Ane Alava: “Belaunaldi aldaketak freskotasuna ekarri du eta ahalbidetu du kongresua aurrera begira garatzea, eta ez aurreko kongresuarekiko dependentziaz”

500 militante baino gehiago batu ziren Olatzagutian iaz, ekainaren 25ean, eta Ehotzen txostena onartu zuten, datozen lau urteetarako estrategia zehaztuta. Haietatik asko aurreko bi kongresuetan egon gabeak ziren, eta horren eragina nabaritu zen, Alavaren esanetan: “Belaunaldi aldaketak freskotasuna ekarri du, eta ahalbidetu du kongresu hau aurrera begira garatzea, eta ez aurreko kongresuarekiko dependentziaz”.

Dependentzia ez, baina oinarria izaten bai segi du Lizarran esandako hark: independentzia, sozialismoa eta feminismoa dituzte helburu, gazte euskaldunentzat bizigarri izango den herri bat. Alavak berak azpimarratu zuen kongresuan xede hori lortzeko “indar berezia” egingo dutela “aldarrikapen mugimenduak eta proiektu alternatiboen eraikuntza” sustatzen.

Hezkuntza eta naziogintza izan dira III. Kongresuan zehaztutako lan ildo nagusiak. Argazkia: Endika Portillo / Foku.
Hezkuntza eta naziogintza

Olatzagutian bi lan ildo garrantzitsu zehaztu zituzten datozen urteetarako: hezkuntza eta naziogintza. 2018ko urrian Ernaik jakinarazi zuen Ikasle Abertzaleak antolakundearekin zuen “aliantza estrategikoa” eten zuela, argudiatuz “zeharo aldenduta” zeudela haien hezkuntzaren inguruko “ikuskera eta praktika politikoa”. Ikama sortu zuten ezker abertzalearen ildoan lan egiteko institutu, unibertsitate eta bestelako eskoletan, baina, orain, 2022ko kongresuan formalki jaso dute Ernairen hezkuntza estrategiaren berritzea.

2018ko uztailean ARGIAk Ernairi egindako elkarrizketa batean Asier Zamorano orduko bozeramaileetako batek autokritika egin zuen esparru horretan: “Nire ustez, azken urteetan ez diogu egoera gordin honi heldu eskatzen zuen indar eta iniziatibarekin. Hezkuntzaren esparruan gauza gutxi egin dugu azken aldian. Orain hasi gara diskurtso egituratuagoa jendarteratzen”. Ia bost urte geroago, Aiartzak eta Alavak diote horri buelta ematea lortu dutela.

Sistemarekiko eta Espainiako zein Frantziako Estatuekiko desatxikimendua dute gazteek, eta etsipen hori aktibazio politikoan bihurtu nahi du Ernaik

Martxoaren 2ko urteurren ekitaldietan nabaritu zen hezkuntzan eragiteko erabakia: unibertsitateetan fokua jarri zuten, antolakundea hezkuntza eragile gisa berresteko, eta egitarau zabala osatu zuten campusetan. “Unibertsitateetako proposamen politikoa osatu genuen orain dela bi urte, eta Ernairen dinamika politikoa horietan egotea ezinbestekotzat jotzen dugu. Unibertsitatea gazte pila bat biltzen duen espazioa izanik, bertan egotea garrantzitsua iruditzen zitzaigun”.

Naziogintzari dagokionez, panoramaren irakurketa hau egin dute: “Ikusten dugu gazteek ez dutela Espainiako ezta Frantziako Estatuekiko atxikimendurik, baina, aldi berean, atxikimendu falta horrek ez ditu gazte independentistak sortzen”. Ernaiko gazteek uste dute “zeregin garrantzitsua” dutela horretan, eta “euren gain” hartu dute “naziogintzari dagokion espazio osoan bultzada bat emateko ardura”.

Gazteen aktibazioa, erronka

Azken kongresutik ateratako ondorioen artean, nagusietako bat izan da gazteek sistemarekiko eta kapitalismoarekiko desatxikimendua dutela, baina baita pasibitatean murgilduta daudela ere. “Etsipen hori ez da aktibazio politiko eraginkor eta eraldatzaile batean bilakatzen”. Hutsune horretatik dator Ernairen erronka nagusia: “gazte frontea eratzea”. Baina nola sortu gazte independentistak? Nola sustatu gazte olatua? “Txikitasunetik asko dauka”, Alavaren erantzuna. “Egunerokotasunean dauzkagun arazoekin konektatzea eta horiei borrokarako espazioak ematea da gure lana, eta alternatiben eraikuntzarako tokiak ematea”.

Bozeramaileek sinesten dute ekintza txikietatik gauza handiak lor daitezkeela, eta horregatik, herrietako dinamikei garrantzia ematen ari dira azken hilabeteetan. “Ikasturte honetan borroka ideologikoari eta aldarrikapenen sozializazioari ekin diogu, baina egia da dinamika lokalei garrantzia berezia eman nahi izan diegula. Problematika konkretuei eta herrika bizi diren horien eraldaketari ekin diogu”.

Ane Alava: “Egunerokotasunean dauzkagun arazoekin konektatzea eta horiei borrokarako espazioak ematea da gure lana, eta alternatiben eraikuntzarako tokiak ematea”

“Eraldaketa sozialen alde lerratzen den ororen erronka nagusietakoa da ondo irakurtzea zeintzuk diren jendartearen eta gazteriaren baitan indartzen ari diren joerak, pultsioak eta nahiak, eta horiekin ondo konektatzea”. Aiartzak kontatu du antolakundean egindako hausnarketa: “Azken urteetan aldaketa kultural nabarmenak izan dira, jada identitateak ez dira horren zurrunak eta solidoak; askoz aldakorragoak dira, hauskorragoak, eta horrek ere badu itzulpena militantzian”. “Militantzia likidoaz” hitz egin dute, eta gehitu dute joera dagoela gazteria bere gustuko ildo edo borroketan soilik aktibatzeko, proiektu orokorragoetara engaiatu beharrean. “Indartzen ari diren joeretara ondo egokitzen jakin behar dugu, eta horien baitako proposamen politikoak egiten, betiere ulertuta tentsio hori ondo mantentzen jakin beharko dugula”, argitu dute.

“Gaztaroa  ezeren jabe ez garen momentu bat da, eta horretaz baliatzen da sistema. Ezeren jabe ez diren eta emantzipazioaren bila dauden gazteak are modu bortitzagoan esplotatzen ditu”. Argazkia: Marisol Ramirez / Foku.

Garai likidoetan, militantzia helduleku gisa ikusten dute, eta gazteak ere horretara animatzen dituzte. Etsipenaren aurrean eta pandemiaren testuinguruan, Ernaiko jarduna euskarri izan dute: “Proiektu politiko bat izatea, benetan egingarria den estrategia bat, lorpenak gutxinaka ikustea...”. Finean, militantzia bizitzeko modu bat dela diote, Gazte Topagunerako hautatutako leloak dioen bezalaxe.

Gazteak belaunaldi krisian hondoratuta

Hamargarren urteurrenean plazaratutako irakurketan argi utzi zuten kapitalismo zisheteropatriarkalak modu berezituan kolpatzen duela belaunaldi gazte hau. Besteak beste, etekin ekonomikoa lortzeko gazteez baliatzen delako sistema kapitalista: “Herri eta langile klaseen baitan dauden sektore zaurgarrienak baliatzen ditu, bertatik sistemaren erreprodukzioa jarraitzeko eta kapital metaketa handiagoa lortu ahal izateko. Historikoki gazteriak bete izan du paper hori, gazteriaren lan indarra baliatzen da kapital metaketa are handiagoa eskuratzeko”. Xeheago gehitu du Alavak: “Gaztaroa  ezeren jabe ez garen momentu bat da, eta horretaz baliatzen da sistema. Ezeren jabe ez diren eta emantzipazioaren bila dauden gazteak are modu bortitzagoan esplotatzen ditu”.

Testuinguru honetan, antolakundetik salatzen dute gazteriak ez duela bizi espektatibarik, eta ezin dutela bizi ibilbiderik imajinatu hemendik 20-30 urterako, bizi baldintzak nabarmen kaskartu direlako. Horren aurrean, Ernaik zera proposatzen du: “Kapitalismoaren aurpegi garbiketa diren neurriak baino, errotiko aldaketa egitea. Horregatik, ikasturte hasieratik abiarazitako kanpainan hori islatzen saiatu gara: orain dugu aukera dena aldatzeko”. Krisia baliatu nahi dute sistemaren eraldaketarako.

Topagunea, gogoetarako

Hamar urtean aldaketa ugari izan dira Euskal Herrian zein nazioartean. Eztabaida berriak mahai gaineratu dira, eta gogoeta zaharrei ikuspegi berriak gehitu zaizkio, belaunaldi berriekin batera. Alavak eta Aiartzak aitortu digute azken kongresuan gatazka handien sortu duena izan dela lan ildoen lehentasunak markatzea. Esaterako, krisi ekosozialaren aurrean ez dute gazte mailako estrategiarik ondu, nahiz eta Ernai ekologismoan “apustu handia” egiten ari den belaunaldi arteko mahaian. Zalantza piztu duten beste bi auzi izan dira dekolonialitatea eta antiarrazakeriarenak. “Arazo horiek kontuan hartzen ditugu, baina Ernaik horiekiko diskurtsoa ez izateak kezka eragiten digu”.

Etsipenaren aurrean eta pandemiaren testuinguruan, Ernaiko jarduna euskarri izan dute: “Proiektu politiko bat izatea, benetan egingarria den estrategia bat, lorpenak gutxinaka ikustea...”. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA.

Estrategiaren baitan ez badauzkate ere, gai horiek guztiak bildu dituzte Elorriorako prestatu duten egitarau zabalean. “Gazte Topagunea gure eskuz eta indarrez eraikitako herri alternatiba txikia da, eta hausnarketak egiteko aukera izango dugu han”. Aberri Egunaren bueltan, apirilaren 6tik 9ra bitartean Euskal Herri osoko gazteak elkartzeko gunea izango da Gazte Topagunea, eta hitzaldi eta mahai-inguru andana lotzea apustu argia izan dela diote bozeramaileek: pil-pilean dauden eztabaidak jorratzeko plaza bilakatu nahi dute Elorrio. Polizia eredua, krisi ekosoziala, energia krisiaren aterabideak, migrazioa, hezkuntza legeak, euskara, maskulinitate ereduak, transfeminismoa, klase borroka, nazioarteko gatazkak eta begirada internazionalista... hitzaldi sorta anitza egongo da, eta hizlari erreferenteak egongo dira, bertakoak nahiz nazioartekoak. Ernairen asmoa da topaguneko gogoetak aurrera begira baliatzea.

“Gazte Topagunea gure eskuz eta indarrez eraikitako herri alternatiba txikia da, eta hausnarketak egiteko aukera izango dugu han”

Horrez gain, ospakizunerako egunak izango dituzte, hamar urteko ibilbidea goraipatuko dute, baina oro har gazte antolakundeetan aritutako militanteak elkartzeko momentua izatea nahi dute. “Gakoa da, besteak beste, egitarauak berak daukan erakargarritasuna, eta topaguneetan beti sortzen den giroa: lo gutxi egin eta eguna ahalik eta gehien probestearen grina eta nahia”, laburbildu du Alavak. Gaueko egitarauerako ere izen esanguratsuak lotu dituzte: Süne –aurtengo kantuaren egilea–, Merina Gris, Ezpalak, Iheskide, Odei, Su Ta Gar, Olaia Inziarte, Lukiek, eta musika panoramako beste hainbat talde ere.

Ernaik erakutsi nahi du bizitzeko modu hori posible dela, eta gazteek festarako gogoa izateaz gain eraldaketarako indarra ere badutela, independetismotik, sozialismotik, feminismotik, eta azken urteetan pizten ari diren mugimendu anitzetatik. Hemen eta orain ernai daudela berretsi nahi dute, Elorrioko azken topagunetik 21 urtera, eta Lizarrako kongresutik hamarrera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ernai
Ernaik salatu du Zelaia eta Barbadoren atxiloketan herri oso bat makurrarazteko estrategia bat dagoela

Gazte antolakundeak "amorrua anbizio bilakatzeko gaitasuna" azpimarratu du. Atxiloketa prozesuaren atzean dagoena salatzea ez ezik, Ernairen norabidea zehaztu du.


Ernaiko kideak Bilbon eta Gasteizen kateatu dira, Barbado eta Zelaiaren espetxeratze aginduaren kontra

Bilbon, Espainiako Gobernuaren ordezkariordetzan egin dute ekintza; Gasteizen, Ertzaintzaren komisaldegi atarian. Ertzaintza gazteen aurka oldartu da, eta Gasteizen bost pertsona atxilotu ditu.


2023-04-30 | Iñigo Satrustegi
Ezker paretatik orainari

Sakea egin zuen Olaia Inziartek ostegun iluntzean Elorrioko Gazte Topagunean. Oronozkoak izan zuen antolatutako kontzertuen karpa txikia irekitzeko ardura. Eta are, txiki geratu zen Ezker Pareta abeslariaren harridurarako. Orduek aurrera egin ahala, baina, indarrak gordetzea... [+]


Eguneraketa berriak daude