Harkaitz-txoria, kolorea negu grisean

  • Hegaldi berezi batek deitu digu arreta itsas bazterreko labarren artean. Burua jaso eta tximeleta baten gisan igaro du begien aurrean dugun zeru-tartea. Negua da. Hegazti askok hegoaldera migratu du jada: bero bila. Badira, ordea, hotza maite dutenak ere. Horien artean, harkaitz-txoria: goi mendietako hegazti berezia. Begien aurrean izan dugu gure gozamenerako. Pirinioetako mendi gain elurtuak utzi eta behera egin du, Euskal Herriko harkaiztietara. Negu hotzak hotzegiak ez diren lekura. Arrakala artean elikatzera. Paisaia grisari kolore pixka bat jartzera.

Arbaiun eta Irunberriko arroiletan, Aiako Harriko Parke Naturalean, Aizkorri-Aratz inguruan, Urkiolan edota Gorbeia inguruko hormetan ikusten da maiz. Argazkia: Lucianocasa (2015)

Ikusi bezain pronto egin dugu oihu: "Harkaitz-txoria!". Ezusteko ederra. Ezustekoa, ez delako erraza ikusteko. Ezustekoa, itsas labarretan behatzea ez delako barrualdeko mendietan bezain ohikoa. Zortedun gara, zalantzarik gabe. Izan ere, harkaitz-txoria (Tichodroma muraria) goi mendietako hegaztia da. Hasi Europako mendietatik eta Himalaiaraino topa daiteke. Pirinioak, Alpeak… 2.000-3.000 metro artean ia beti. Ia beti diogu, neguan horietatik kanpo ere ikus daitekeelako. Izan ere, elurte eta hotz handien aurrean, bere elikagai diren zomorro jendea, artropodoak alegia, ez ditu aurkituko bertan. Hala, neguan goi mendietatik altuera baxuagoko eremuetara jaisten da. Beti harkaizti zabal eta arrakaladunetara. Euskal Herriko hainbat menditan ikus daiteke garai honetan, beraz. Negutik kanpo, erronkari haranean, Larra-Belagua inguruan baino ez dugu topatuko. Horretarako, alabaina, begiak ondo zabalik eduki behar. Izan ere, harkaitz grisen artean, harkaitz-txoriak ere badaki ondo ezkutatzen.

Horman gora eta behera
Bere izenak dioen moduan, harkaitz-txoria ikusteko pareta edo horma inguruak behatu beharko ditugu. Naturalak, gehienean. Harkaizti malkarrak, itsas labarrak edota, kasuren batzuetan, baita eraikuntzaren bat edo beste ere, aurrerago aipatuko dugun moduan.

Gainalde grisa duen txoria txikia da, 15,5-17 zentimetroko luzera eta 30-35 zentimetroko hego zabalera duena. Horiek itxiak dituenean, bizkarralde grisa kareharrizko hormen kolorearekin nahasi daiteke, gizakiaren behaketa zailduz. Harkaiztiak aztertzeko zailtasuna dela eta, bere habitatak edo bizilekuak ere ez du laguntzen hura aurkitzen. Hargatik, espezie hau ikertzea ez da erraza izaten eta bere kontserbazio egoera ezagutzeko datu falta ere nabarmendu izan da hainbat lanetan. Zenbat harkaitz-txori ibiliko ote dira Euskal Herrian neguan?

Harkaitz-txoriak ibilera bihurria izan ohi du harkaitzean gora eta behera. Mugimendu azkarrekin, arrakalaz arrakala ibili ohi da jaki bila bere atzapar luzeek lagunduta. Horretarako, moko beltz, fin, luze eta okerra lagun izaten du, hura zulo txikietan sartu eta bertan ezkutatuta dauden zomorroak harrapatzeko. Batzuetan, baina, beste erremediorik ez eta… badu bere burua agerian uzten duen mugimendu bat ere: hegaldia. Izan ere, harkaitz-txoriak hegoak irekitzen dituenean, argia pizten da paisaia grisean, eta neguko kolore hotzen erdian, kolore gorri biziko bi hego zabaltzen ditu, orban zuriz zipriztinduriko ertz beltzekin batera. Eta hor, hegaztia ikusteko momentua poesia bihurtzen da gizakiaren begietara. Harkaitz-txoriaren hegaldiak tximeleta handi baten irudia gogoratuko baitigu neguaren muinean, eta gure begiek gozatu egingo dute animalia berezi hau ikusteko aukerarekin. Natura behatzea bera, gozamenerako momentua ere izan daitekeelako.

Kareharria maite, baina... beste harriek ere ez kalte
Neguaren etorrerarekin, harkaitz-txoriak Euskal Herriko hainbat mendikatetako harkaiztietan ikusten dira urtero-urtero. Banaka edo binaka, normalean, kanturik apenas egin gabe, isilik ibili ohi dira hormen eremu itzaltsuetan maiz, eta hura ikusteko aukerak gehiago murrizten dira. Harrizko pareta handien zuloetan begira ari dela, harkaiztiaren goialdea harrapatzen duenean hegaldi luze eta zuzen bat egiten du sarri hegoak itxiz eta harkaitz oinera jaitsiz, berriz ere behetik gora elikagai bila hasteko.

Ezagunak dira bere neguko eremu batzuk. Arbaiun eta Irunberriko arroiletan, Aiako Harriko Parke Naturalean, Aizkorri-Aratz inguruan, Urkiolan edota Gorbeia inguruko hormetan ere ikusten da maiz. Horiez gain, alabaina, kostaldeko itsas labarren handitasunean ere ikusi izan da: Lekeitio, Getaria eta Jaizkibel inguruan, esaterako.

Hala ikusi genuen guk ere, hareharrizko harkaizti handi batetik bestera igarotzen, bi hego bereziak astinduz. Bi eremu malkarrak bereizten zituen bailara ireki batean ginen gu, itsasotik metro gutxira. Izan ere, kareharria eta barrualdeko harkaiztiak maiteago baditu ere, geologia eta eremu horietatik kanpo ere badira behaketak.

Ez da kasualitatea armiarmaren eta harkaitz-txoriaren arteko lotura: neguan, harkaiztietako zirrikituetan armiarma eta armiarma-sare bila ibiltzen da

Ameraun-txorixa, fraideen lagun
Oñati inguruan ondo ezagutzen dute harkaitz-txoria. Bertako izena ere badu, inguruko adineko jendeari egin zaion hainbat elkarrizketetan jaso den moduan. Hala egin zuen Cándido Izaguirrek 1969an, El vocabulario vasco de Aranzazu-Oñate y zonas colindantes (Arantzazu-Oñatiko eta inguruko euskal hiztegia) lanean: Pareta-txorixa edota ameraun-txorixa moduan ezagutzen da bertan. Lehenbiziko izenak, noski, ez du zalantzarako aukera askorik ematen. Bigarrenak, alabaina, armiarma-sarea edo amarauna eta hegaztia lotzen ditu. Zergatik, ordea?

Oñati inguruan ez ezik, beste herri batzuetan ere jaso izan dituzte Azkuek eta Telesforo Aranzadik antzeko izenak: armiarmajale eta armiarmazale, esaterako. Beste hizkuntza batzuetan ere txori hau eta armiarma lotu izan dira maiz izena jartzeko garaian. Gaztelaniaz “treparriscos” izena duen arren, “arañero” moduan ere ezaguna da. Eta ez da kasualitatea, noski, armiarmaren eta harkaitz-txoriaren arteko lotura: neguan, bertan dauden armiarmak jateko asmoz, harkaiztietako zirrikituetan armiarma eta armiarma-sare bila ibiltzen dela jakina da. Bere jakiak eman dio, beraz, Oñatiko izena.

Oñatiarrek ezaguna dute, Araotz inguruko hormetara urtero egiten duelako bisita harkaitz-txoriak. Araotzeko paretetan ikusi ohi da negu partean, begi zorrotzak eta pazientzia duen jendearen gozamenerako. Bai harkaizti naturaletan, bai, batzuetan ere, horma artifizialetan.

Hala diote, behintzat, adituek. Pareta artifizialetan gora eta behera ikusi omen dute, non eta Arantzazuko Santutegiko elizako dorrean, baita inguruko eraikuntzetan ere. Zalantzarik ez dago, behintzat, elizako horma bereziak, bere piramide itxurako harriekin dorre arantzatsua sortzen duen tokian, emango diola horien arteko zirrikituetan miatzeko aukera harkaitz-txoriari. Jakin nahiko nuke, bertako fraideek ezagutuko ote duten, edota Pello Zabala zenak sumatuko ote zuen neguko egunekin batera etortzen zela ameraun-txorixa haien Arantzazura, hotzaren iragarle moduan.  

Oñatin ez ezik, Izaban ere ezaguna dute hegazti hau. Izan ere, neguan herrian bertan ikus daiteke harkaitz-txoria. Bertako izenik izango al du?  

Harkaiztiak zaintzeko beharraz
Ez dira gutxi Araotzeko hormetan urteren batean edo bestean harkaitz-txoria ikusi duten eskalatzaileak. Egia da, batetik, eskalatzeko garai onenak ez duela bat egiten hegazti honen presentziarekin, baina kontuan izan beharko litzateke, gutxienez eskalatzeko guneen kudeaketa egiten denean, harkaitz-txoria bertan egoteko aukera. Izan ere, ikusi da badirela tokiak non kirol hori praktikatzen den hormetako zirrikitu eta arrakaletako belarrak kentzen direnak. Horrek saihestu dezake artropodoak erakartzea, eta beraz, eragin dezake hegaztiarentzat jaki gutxiago egotea.

Kirola eta biodibertsitatea kontserbatze aldera, komenigarria litzateke bi arloen biziraupenerako neurri egokiak hartzea, etorkizunean ere, harkaiztien eszenatoki grisean, hego gorrien mugimenduaz gozatzen jarraitzeko aukera izan dezagun.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hegaztiak
Prozesionaria jalea

Esaera asko sortu ditu hegazti honek. Ikusteko zaila den arren, denok ezagutzen dugu. Nola? Kantuagatik. Bere izena kantu egiteko erak eman diola pentsa dezakegu. Urtero kantatzen du udaberrian eta uda partera aldiz, isildu egiten da. Esaerak dioenez, “maiatzean kuku, San... [+]


Basoko arotz mihi-luzea

Basoan barrena oinez joan eta hara, ‘krrukrru-krru’ ozen bat entzun da. Bi aldeetara begiratu... Nor ote? Okil beltza hegan. Ez da hegazti txikia eta kolore beltza du, beleak bezala. Antzeko tamaina eta kolore bera dute bi hegazti horiek, horregatik da agian Sakanan... [+]


Basoilarra agertu da Larra-Belaguan, baina zer esatera etorri zaigu?

Desagertzeko arriskuan dagoen basoilarra ikusi dute azken egunetan Larra eta Aztaparretako naturgunean, Belaguako La Contienda bailarako eski estazioko aparkalekuan. Jokabide arraro horrek kezka sortu du biologoen artean, aurtengo negu beroak eraginda izan baitaiteke. Basoilarra... [+]


Kantuak eta soinuak ikasten trebeak diren txoriek gaitasun kognitibo handiagoak dituzte

Kantuak ikasten eta soinuak imitatzen trebeak diren txoriek gaitasun kognitibo handiagoak dituztela ondorioztatu dute, Science aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa batean.


2023-06-02 | ARGIA
Eolikoak jarri nahi dituzten Ezkeltzura irteera ekainaren 4an, Zizurkildik eta Usurbildik

Andatza-Ezkeltzu Bizirik taldeak antolatuta, irteera berezia egingo dute Ezkeltzu ezagutzeko: hegaztiei eta ondare arkeologikoari buruzko azalpenak emango dituzte ibilbidean zehar eta erakusketa ikusgai egongo den ukuiluan elkarrekin hamaiketakoa eginez biribilduko dute goiza.


Eguneraketa berriak daude