Erantzukizun soziala

BBVAk ia %40 handitu ditu irabaziak 2022an; 6.420 milioi euro guztira. Argazkain, Carlos Torres BBVAko presidentea. Egilea: BBVA.

Herritar bakoitzaren betebeharra da jarrera eredugarria izan, errespetuz jokatu eta gizarteari bere aletxoa jartzea, txikia bada ere, denon mesederako izan dadin. Horregatik, behin gaueko orduak heltzean zaratarik ez duzu egingo bizilagunaren atseden orduak errespetatzeko; zakarra zakarretara botako duzu –eta ahal bada birziklatu– planetaren mesederako; garraio publikoan bidaiatzean, umeen negarrak entzutea egokitzen bazaizu, muturra okertu gabe jasango dituzu; liskarrak saihestuko dituzu; eta adinekoei edo mugikortasun ezintasunak dituztenei lagundu egingo diezu hala behar dutenean.

Albisteen errepasoa egin eta jabetzen zara inoizko diru irabazirik handienak izan dituela etxe alboan zeneukan banka-entitateak. Leihatila itxi zuen duela bizpahiru aste, arrazoi sendo eta argirik eman gabe. Pentsatuko duzu, irabaziak baino galera ekonomikoak ekarriko zizkiola zerbitzua zabalik mantentzeak, eta horregatik hartuko zuela ixteko erabakia. Finean, murrizketak aplikatu dituela errentagarri izateko, herritarrei zuzendutako zerbitzuek ere errentagarri izan beharko luketela dioen patroiari jarraituz.

Azkenean, etxe alboan zenuen leihatilara beharrean, aurrerantzean, zurea den diruaren bila joateko, beste auzo bateko leihatilara bertaratu beharko duzu. Han elkartuko zarete hiru auzoetako bizilagunak, hirugarren hartan ere itxi egin dutelako leihatila. Edo okerrago: herriko zerbitzu bakarra kendu eta alboko herrira joan beharko duzu. Ilaran jarri, inoiz baino gehiago itxaron, aurretik eta atzetik dituzunei begiratu eta gauza bera pentsatzen ari zaretela ulertu: "Hauxe da dagoena".

Atzera ere albisteei begira jarri eta bezero zaren banka-entitateko presidente jauna ikusten duzu hizketan. "Bidegabea" dela dio irabazi handien gaineko zerga berezia aplikatzea, haiei "esker" funtzionatzen duelako ekonomiak. Bestalde, bere burua aurrerakoitzat definitzen duen gobernuak "erantzukizun soziala" eskatu die bankari eta enpresari handiei, eta gauza bera entzun dugu hedabide handien solasaldietan: ez dela zilegi beste orbita bateko hipotekak ordainarazi eta horien bidez aberastea, hori ez dela eredugarri izatea.

Kale gorrian gera zaitezke putreek bezala espekulatzen duen bankaria delako zure maizterra; zure bankariak armak bidaltzen jarraituko du edozein gerratara herri xehearen odolaz zikintzeko; eta, aldi berean, petrolioa utzi eta kotxe elektrikoa erostera bultzako zaitu bankari lagunak, ingurumenaren mesedetan delako. Edo etxebizitza erostera animatu, nahiz gero kreditu bat eskatu eta aukerak mila bider zaildu. Konbentzitu beharko duzu azken urteetako nominak eskuan hartuta. Gero, hori bai, zure ardura da ordaintzea. Baina agintzen duena Euribor indizea da: 150.000 euroko hipoteka baldin baduzu, hilean 300 euro gehiago ordaintzeko loteria egokitu zaizu. Mauka ederra, dena den; inon gutxi aurki daitezke-eta gaur egun prezio horretako etxebizitzak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kapitalismoaren basakeria
Trantsizio ekologikoaren izenean, bere ingurumena sakrifikatzen dabil Indonesia

Indonesiako hiriburu Jakartaren itsasoratzeari aurre egiteko eta jakartarrek nozituriko kutsadura arazoari erantzuteko, hiri erraldoi bat zerotik eraikitzen dabiltza, Borneo oihan zabalean. Lekualdatzeak bideratu eta hiriburu berria bilakatuko da Nusantara izeneko sortu berria... [+]


Saudi Arabiak ehunka migratzaile etiopiar hil dituela salatu du Human Rights Watchek

Yemengo mugan 2022ko maiatzetik 2023ko ekainera bitarte emandako hainbat kasu ikertu ditu gobernuz kanpoko erakundeak. Migratzaile afrikarrak, gehienak etiopiarrak, jazartzen dituelako “gizateriaren aurkako krimenak” gauzatzen ari dela salatu du.


Frankfurt saltxitxek bikoitza balio dute Alemanian, larrialdi klimatikoari “aurre egiteko”

Penny supermerkatua izan da, Alemaniako handienetarikoa, adituen ikerketa bati jarraiki esperimentua martxan jarri duena. Lurrean, kliman, uretan eta osasunean eragin dezakeenaren arabera igo ditu prezioak. Frakfurt saltxitxek bikoitza balio dute orain.


Tasa gehigarria ordaindu beharko dute etxebizitza turistikoek Portugalen

Mas Vivienda programaren parte dira neurriak, “etxebizitzarako sarbidea errazteko” asmoz hartuak. Besteak beste, %15eko tasa gehigarria ordaindu beharko dute etxebizitza turistikoek eta etxeen erosleentzat bidaiatzeko urrezko bisa murriztuko du.


Gironan infiltratutako poliziaren amak ere parte hartu zuen muntaian

Infiltratuarekin harreman sentimentalak eraiki zituen herri mugimenduetako militanteak haren amarekin izandako tratuaren berri eman du. Bera ere emozio eta sentimenduetan oinarritutako antzerkiaren parte izan zela salatu du.


Eguneraketa berriak daude