“Emakumeokin eta geure sexualitatearekin zerikusia duen oro ez da interesatzen”

  • Azaroaren hondarrean Bartzelonan antolatu dituzten Entre Doules jardunaldien sustatzailea da Arantxa Masachs Villarino (Bartzelona, 1987). 2015ean, Ekuadorren bizi zenean, emakume batek doulak aipatu zizkion lehen aldiz, eta bertan erabaki zuen bere etorkizuna: amatasunak artatzea.

"Doularena ogibide berria da, nahiz eta eginkizunak aspaldikoak diren". / Argazkiak: Jordi Borràs.

Hasteko, zer moduz artatzen ditu sistema publikoak amatasunak?

Sistema publikoak ez ditu amatasunak artatzen. Are gehiago, sistemak amatasuna isilarazten du eta, ondorioz, amak ez dira existitzen. Ia-ia ez dago baliabiderik, ez espaziorik, ez proposamen zehatzik eta ezta erraztasunik ere, ama izateko. Dagoen gutia geuk, amok, sortu dugu.

Gabezia horiek asetzen dituzte, bertzeren artean, doulek. Baina, zer da zehazki doula bat?

Horixe, amatasunak errespetuz, entzute aktiboarekin eta enpatiaren bitartez artatzen dituen profesionala da doula.

Zertan desberdintzen da psikologo edo emagin batek egin dezakeenarekin?

Doulak ez dira osasun langileak, hori da desberdintasunik nabarmenena. Baliteke elkarren artean antzeko eginkizunak izatea, hala nola komunikazio trebetasunak izatea edo emozioen artapena. Baina doula bat ez da psikologo bat, bere eginkizuna ez baita terapia egitea, eta ez da emagina, osasun sexuala ez baita bere jomuga. Doulok amak eta familiak fisikoki eta emozionalki sostengatzen ditugu, amatasunaren prozesu osoan. Eta, noski, eskatzen digutenean informazio teoriko zein praktikoa ere eskaintzen dugu, eta behar denean, bertze profesionalengana bideratzen ditugu emakumeak.

Noiz eta nola egin zenuen doularen formakuntza?

2016an, Quiton (Ekuador) hezi nintzen, Doula Caribe Internacional elkarteak sustatutako formakuntza intentsiboaren bitartez. Gerora, formakuntza jarraitu dut, irakurketaren bitartez, Quiero Ser Doula-ren [Doula izan nahi dut] modulu batzuen bitartez eta praktikatuz. 2016an Ekuadorren artatu nituen ospitaleetako hainbat erditze, 2017an Indian eta 2018az geroztik Bartzelonan.

Doularen formakuntza ez dago araututa. Nolatan?

Emakumeokin eta geure sexualitatearekin zerikusia duen orok ez duelako interesatzen. Ez hori bakarrik, artatzeak, zehazki, ez zaizkio interesatzen sistema kapitalistari. Horretaz aparte, ogibide berria da, nahiz eta eginkizunak aspaldikoak diren.

Zer erran nahi duzu?

Lehenago, emakume bat haurdun zegoenean edo erditzean bere inguruko emakumeek artatzen zuten, modu batean edo bertzean. Janaria prestatzen zioten, masajeak egin, etxeko logistika antolatzen zuten… Orain hori doulek egiten dugu, eta gutiesten da.

Are gehiago, badago doularen lana intrusismo gisa ikusten duenik. Zer deritzozu?

Seguruenik hala ikusten da informazio faltagatik; ezjakintasuna nagusi da. Doularen figurak espazio bat hartu du azken urteetan, ez dago araututa eta bere eginkizunak ez daude mugatuak; horrek nahastea sortzen du. Horregatik, nire ustez, doularen beharraren hedapena egitea bezain garrantzitsua da formakuntza arautzea eta eginkizunak eta gaitasunak mugatzea.

Azaroaren 25etik 27ra Entre Doules jardunaldiak antolatu dituzue. Nola sortu zen egitasmoa?

Aspalditik egin nahi nuen egitasmo bat da. 2018an Bartzelonara etorri nintzenean doula desberdinekin kontaktuan jarri nintzen. Interakzio hori ezinbertzekoa iruditzen zait: prozesu gogorrak bizitzen ditugu eta polita da geu ere artatzen uztea. Ekainean emakume bat artatu nuen eta une hartan argi izan nuen jardunaldiak erditzeko unea iritsi zela.

Zein da hitzorduaren helburua?

Jardunaldien erronka nagusia da elkar ezagutzea eta doularen figuraren inguruko hausnarketak elkarbanatzea, oraina eta etorkizuna uztartuz. Ogibidearen etorkizuna eraikitzen hasteko aukera izatea ere nahiko nuke, eta, edizio berriak badaude, ikaragarria izango litzateke.

Zein dira doulen behar nagusiak, gaur egun?

Seguruenik galdera hau hobeki erantzungo nuke jardunaldien ondotik, bertan jasoko dugu erantzuna. Baina aurreratu dezaket funtsezko beharrak direla ogibidea arautzea, eginkizunak eta trebetasunak mugatzea, doularen figura hedatzea, elkarlan sareak sortzea eta gure lanaren errekonozimendua aldarrikatzea.

Jardunaldiak Katalunian izango dira. Streaming bitartez jarraitu ahal izango da?

Kataluniatik kanpoko jendeak interesa agertu du hitzorduarekin, baina, egitasmoaren izaeragatik eta helburuak ase ahal izateko, ezin izango da birtualki parte hartu. Saiatzen ari garena da jardunaldian parte hartuko duten doulek euren etxeak irekitzea, Kataluniatik kanpo etorriko direnentzat. Hori bai, uste dut ezinbertzeko hitzordua dela han eta hemen, albiste bikaina izango da antzeko egitasmo bat toki anitzetan antolatzea. Edo, zergatik ez, Espainiako Estatuan komunitate indartsua sortuko duten jardunaldi ibiltariak izatea, gure eskakizunak erantzuteko politika publikoak aldarrikatzeko.

Sostengua aldarri

"Amatasunak artatzen ditut. Batzuetan, haurdunaldi, erditze eta erdiondoko doula gisa, eta, bertzeetan, yoga instruktore gisa. Edo edoskitze aholkulari, masajista, karen laguntzaile, erritualista edo aromaterapeuta gisa. Emagina ere izan nahiko nuke, eta hortan ari naiz, ikasten, baina bidea luzea da. Horretaz aparte, Nisaruma-ren ama naiz. Emakumearen sexualitateak, ama lurrak eta bere zikloek sortzen didaten pasioa helarazi nahi nioke berari. 2016az geroztik doula naiz eta emakumeak artatu ditut han eta hemen, zehazki, Ekuadorren, Indian eta Katalunian".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erditzea
Haurdunaldia: ikusten dena baino gehiago

Haurdunalditik erditze ostera ematen diren aldaketez, eta horiei aurre egiteko eta ahalduntzeko tresnez mintzatu dira Ane Etxeberria fisio obstetrikoa eta Enara Beloki psikologo perinatala.


Emaginak faltan eta ziurgabetasuna agerian

Gurutzeta ospitaleko emaginek salatu dute ospitalean ez daudela behar beste emagin haurdun dauden pertsonak eta jaioberriak segurtasunez artatzeko.


Zesarea programatuetan lagunduta sartu ahal izatea lortu dute Galizian

Ama talde baten borrokari esker, zesarea programatuetan emakumeak bakardadean ez erditzea eta bikotekideak edo konfiantzazko pertsona batek lagundu ahal izatea lortu dute Galizian. Euskal Herrian ere, laguntzailearekin erditu ahal izatea eskatzen du ahots ugarik.


Edoskitzeak saretzen

Nafarroako beste zentroekin batera, edoskitzea naturalizatzea du helburu Lesakako osasun etxeak.


Estitxu Fernandez
"Erditzean, pertzepzio sentsorial eta emozionala anplifikatu egiten da, eta indarkeria, bertsiorik arinenean ere, traumatikoa izan daiteke"

EAEn iaz onartutako Berdintasun Legeak indarkeria obstetrikoa jasotzen du jada, baina aipatzetik harago, nola definitu eta nola aurre egin? Horiek zehazteko Legebiltzarrean egiten ari diren prozesuaren baitan hitz egin du Estitxu Fernandez psikologo perinatalak... [+]


Eguneraketa berriak daude