“Paziente euskaldunekin euskaraz mintzatzearekin konplizitatea berehala sortzen da”

  • 26 urte besterik ez ditu eta gaztetasunaren ilusioarekin bizi du bere lana. Emagina da Baionako erietxe publikoan. “Berant heldu nintzen lehen egunean eta erran zidaten hala izanik kontratu mugagabea irabazia nuela, beste ainitzi ere gertatua baitzitzaien”, aitortu digu irri ttipi batekin. Zorionez, Lapurdin, Zuberoan eta Behe Nafarroan uste baino ohikoagoa bilakatzen ari da euskaldunak topatzea osasungintzan.

“Hasiberria nintzenean Erditze naturalak oso bortitzak egiten zitzaizkidan, baina ikasi nuen eta ederra da zinez” (Argazkiak: Irantzu Pastor)
“Hasiberria nintzenean Erditze naturalak oso bortitzak egiten zitzaizkidan, baina ikasi nuen eta ederra da zinez” (Argazkiak: Irantzu Pastor)

Zer dela eta emagin?

Lizeoan ikasle garela, lanbide bat aukeratu behar izaten dugu aste pare bateko formakuntza egin ahal izateko ondoren. Ez nekien zer egin baina argi nuen laguntza arloan nahi nuela jardun. Norbere gustuen inguruko bilana egin genuen orientatzailearekin, eta mediku, emagin, erizain… halakoak atera zitzaizkidan. Garaian, misterio handia zen niretzako emagin funtzioa eta horren bueltako guztia. Misterio horrek intriga sorturik, emagintzari heldu nion. Frantziaren kasuan, gainera, medikuntzako lehen urtea egin behar izaten da; konkurtsoa pasa ondoren eta dena gainditu ostean irekitzen dira ondorengo ikasketarako ateak. Emagintzaren kasuan, beste lau urte ziren garaian. Egun uste dut sei direla.

Gogoan al duzu lehen lan eguna?

Bai, eta ez dut sekula ahantziko! Berant heldu nintzen lehen egunean, eta erran zidaten hala izanik kontratu mugagabea irabazia nuela, beste ainitzi ere gertatua baitzitzaien. Hiru urte daramatzat jada, eta hasierako ilusio berdinarekin segitzen dut. Ez baitago egun bakar bat ere beste baten berdina denik. Erditze gelan egoten naiz lanean, une batek ez du datorrenarekin zerikusirik. Lasaitasunetik larrialdi egoerara pasa gaitezke azkar batean, edota alderantziz. Lasai egon gaitezke, eta bat-batean sei emazte erditze bidean jarri. Intentsitate handiko lana da. Nik hori maite dut. Goizean iritsi eta zer gertatuko den ez jakitea. Hamabi orduko lan txandak ditugu eta dena ematen dut.

Hiru urte daramatzazu, horietatik bi pandemia egoeran.

Bai, esan daiteke ez dudala kasik “normaltasunik” edo protokolo gabeko garairik ezagutu. Azken hilabeteak luzeak eta zailak izan dira; lanbide gehienetan bezala, guk ere egokitu behar izan dugu. Fase ezberdinak izan ditugu, noski. Hasieran izua zen nagusi, galduak sentitzen ginen, protokoloak betetzea oso zaila zen. Baionan gainera ez zegoen hain egoera larria COVID-19a zela eta. 2021. urteko abenduan, aldiz, egoera aldatu eta larritzen hasi ginen hemen ere.

Horrez gainera, pandemia aurretik emaginok grebak egiten ere hasiak ginen, gure lan baldintzak hobetzeko. Soldata igoera bat lortu dugu, baina hori ez da dena, are gutxiago osasunaz ari garenean. Baionan, adibidez, sei erditze gela daude. Egunez hiru emagin egon ohi dira eta gauez bi. Askoz egoera okerragoetan ari dira Frantziako hiri handietan. Dena dela, bururaino goaz eta grebak eginez segituko dugu, behar duguna lortu arte.

Geroz eta euskaldun gehiago zarete Baionako erietxe publikoan!

Hala da bai, asko gara, geroz eta gehiago. Niretzat ere, euskaldun gisa, lankideekin euskaraz egitea plazer hutsa da. Emazte euskaldunak erditzera heldu direnean eta izen euskalduna dudala ikusten dutenean, begirada berezi batez so egiten didate. Eta orduan ni neu hasten naiz euskaraz mintzatzen. Hor, zerbait berezia sortzen da. Intimitate gehiago lortzen dela esango nuke. Euskaraz mintzatzearekin soilik hurbiltasuna, konfiantza eta konplizitatea berehala sortzen dira. Frantsesez ari garenean, ezberdina da. Ez dut esan nahi okerragoa denik, edo eroso sentitzen ez naizenik, baina aipaturiko hori dena, berantago heldu da.

Lantalde gaztea da Baionakoa gainera, eta euskaldunak egoteaz gain, beste anitz euskaraz ikasten ari dira.

Zer sentitzen duzu zuk emazte bat erditzen ari denean?

Oso zaila da azaltzen. Kudeaketa ere ez da erraza. Hasiberria nintzenean izutu egiten nintzen. Ez nekien zer eta nola esan edo egin. Erditze naturalak oso bortitzak egiten zitzaizkidan, baina ikasi nuen eta ederra da zinez. Zer behar duen galdetzen dugu. Behatu egiten dut, eta horren arabera jardun. Egunero ikasten dut. Emazte bakoitza mundu bat da. Batzuek presentzia eskatzen dute eta beste batzuek bakarrik egon nahi izaten dute haien munduan.

Horrez gainera, erditze naturala desio dutenak oso prestatuta heldu ohi direla esango nuke. Bidelagun izateko prest.

Indarkeria obstetrikoa asko aipatzen da egun. Nola bizi duzu gaia?

Entzun dut horren inguruan zerbait, baina ez naiz horrekin identifikatua sentitzen. Ez dut inor ezagutzen erditzea hala bizi izan duenik gurean. Iparraldean emagin liberalek lan handia egiten dute emaztea erditze unerako prestatuz. Kasik asistentzia pertsonalizatua da. Erditze gelan, aldiz, entzun egiten dugu, eta pertsonaren eskaria betetzeko gaude, egoeraren arabera beti ere. Jendea informatua heldu ohi da eta ongi pasatzen da. Sortu orduko amari ematen diogu ttikia eta gu baztertu egiten gara. Une horiek magikoak dira eta etxe batean ez dira egunero bizitzen! Isilik egoten ere ikasten dugu.

Emagin gasna zalea

Urruñarrak autentikoak dira. Ez dago beste gisa esaterik. Urruñakoak dira ihauteri onenak, Urruñakoak dira bestarik onenak, urruñarrak dira lagunik onenak… Segi eta segi daiteke. “Gure artean gira, beti biziki ongi pasatzen da, biziki polita da”, baieztatzen du ahoan bilorik gabe Aramendik. Urruña ezagutzen duenak badaki haize berezi batek jotzen duela bertan. Pentsa, emagin lana egitera joateaz gain, gasna saltzera ere joaten da emagina erietxera. Bertako lankideak dira bikotekidearekin egiten duen gasnaren bezero handi eta fidelenak. Haurrak ala gasna, sorkuntza da bere pasioa.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erditzea
Haurdunaldia: ikusten dena baino gehiago

Haurdunalditik erditze ostera ematen diren aldaketez, eta horiei aurre egiteko eta ahalduntzeko tresnez mintzatu dira Ane Etxeberria fisio obstetrikoa eta Enara Beloki psikologo perinatala.


Emaginak faltan eta ziurgabetasuna agerian

Gurutzeta ospitaleko emaginek salatu dute ospitalean ez daudela behar beste emagin haurdun dauden pertsonak eta jaioberriak segurtasunez artatzeko.


Zesarea programatuetan lagunduta sartu ahal izatea lortu dute Galizian

Ama talde baten borrokari esker, zesarea programatuetan emakumeak bakardadean ez erditzea eta bikotekideak edo konfiantzazko pertsona batek lagundu ahal izatea lortu dute Galizian. Euskal Herrian ere, laguntzailearekin erditu ahal izatea eskatzen du ahots ugarik.


Edoskitzeak saretzen

Nafarroako beste zentroekin batera, edoskitzea naturalizatzea du helburu Lesakako osasun etxeak.


Estitxu Fernandez
"Erditzean, pertzepzio sentsorial eta emozionala anplifikatu egiten da, eta indarkeria, bertsiorik arinenean ere, traumatikoa izan daiteke"

EAEn iaz onartutako Berdintasun Legeak indarkeria obstetrikoa jasotzen du jada, baina aipatzetik harago, nola definitu eta nola aurre egin? Horiek zehazteko Legebiltzarrean egiten ari diren prozesuaren baitan hitz egin du Estitxu Fernandez psikologo perinatalak... [+]


Eguneraketa berriak daude