Geoingeniaritza: atzera biderik gabeko arriskuak dakarzki klima aldaketaren eraginak konpentsatu nahiak

  • Duela guti zientzia-fikziotzat genituen egitasmo batzuk gero eta errealago bilakatu daitezke. Azken hamarkadan, atmosferaren ezaugarri fisiko eta kimikoak aldatzeko teknikak konponbidetzat hartzen dira IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txostenetan ere, izan aireko karbono gehiago biosferan xurgaraziz edo eguzkiaren izpien zati bat espaziora islatuz. Teknika horien helburua munduak bizigarri jarraitzea bada ere, oraindik ezagupen hutsune asko daude, eta klima bezalako sistema konplexu bat aldatzearen albo-kalteek betirako iraun dezakete.

Sumendi gehienek sufre dioxidoa isurtzen dute erupzioetan. Berotegi efektua konpentsatzeko, gas hori baliatzeko asmoa luke atmosferaren geoingeniaritzak. J.D. Griggs, 1985/10/21

Berotegi efektua murrizteko geoingeniaritza aipatzerakoan, konkretuki bi kontzeptu nagusi biltzen dira: bata, atmosferatik gainerako CO2 edukia kentzea, biosferan xurgaraziz (ozeanoetan edo lurretan) edo lurpeko harrietan metatuz. Bertzea, eguzki izpien zati bat (%2 inguru) espaziora islatzea, SO2 sufre dioxidoa estratosferan (20 kilometroko garaieran) barreiatuz. Filipina uharteetako Pinatubo sumendiaren erupzioaren ondotik agertu zen bigarren ideia hori: 1991n sumendiak 17 megatona SO2 atmosferara isuri zituen, ondorengo bi urteetan atmosferaren 0,5 graduko hozketa eraginik. Ezaugarri hori berotegi efektua arintzeko baliatu nahi izanez gero –SO2 hegazkinez barreiatuz estratosferan–, modelo gehienen arabera urtean eta mundu mailan 8.000 milioi dolarreko aurrekontua aski liteke. Halere, barreiatze hori hasiz gero ezinen litzateke inoiz geldi, atmosferako BEG Berotegi efektuko gasen metaketarengatik bapateko beroketa jasanezina litzatekeelako giza jarduerentzat.

Karbonoa xurgarazteak ez luke suposatuko gas bat gehitzea atmosferan, baizik eta soberan dagoen CO2 kentzea eta metatzea, fisikoki –airetik zuzenean xurgatuz– edo biologikoki –ozeanoak burdin hautsaren bidez "emankortuz" adibidez–. Burdin hautsa erabiltzearen asmoa da fitoplankton biomasa igotzea, sortuko lukeen biomasa itsas hondoan luzarako metatzeko gisan.
Atmosferan SO2 barreiatzea baino seguruago dirudi. Baina askoz garestiago litzateke: CO2 aski xurgatu nahi izanez gero, gaurko munduko zamaontzi guziak mobilizatu beharko lirateke, eta burdin meategietan ustiapen ahalegina neurri kolosalean igo, CNRSko ikerlari Amy Dahanen arabera. Karbonoaren xurgatze industrialerako teknikak ez dira oraindik prest; eta daudenak garestiak izateaz gain – inbertsiotan eta energian –, dudakorrak ere dira segurtasunaren aldetik.

Klima eraldaketarena, ideia zahar bat

Oihanen mozteak eurien zikloan zuen eragina abiapuntu, XV. mendean piztu ziren klima eraldatu nahiaren inguruko eztabaidak. 1494an ohartu zen Kristobal Kolon udako arratsaldero eurite trinkoak gertatzen zirela Karibeko uharteetan –Kanarietan edota Madeiran oihanak moztu aurretik zeudenak bezalakoak–. Kolonen iritziz, bertan ere baldintza mesedegarriagoak izanen ziren –Europa mendebaldekoak, alegia– oihan aski moztuz. Bertako indigenoak ulermen hortaz oraindik jabetu ez zirelakoan zeuden Kolon eta kolonoak, horrela esplikatuz bertako klima giza jarduerentzat desegokia izana. Ideia horri tiraka zeritzoten indigenoak ez zirela benetan lur haien jabeak, eta ahulak zirela ez baitzituzten lurrak "lantzen" –hots, oihanak mozten–.

XVIII. mendean, Frantziako iraultzaren aurreko urteetan, erran ohi zen monarkiak ez zituela oihanak ongi kudeatu eta horren ondorioz zela klima kaltetu, goseteak eta populazioaren “endekapena” eraginez. Frantziako oihan gehienak erregearen jabetza ziren, eta iraultza eta gero, lehengo oihan komunalak berreskuratzea espero izan zuten baserritarrek; baina botere burges berriak azaldu zien ezer "endeka" ez zedin oihanak zurrunki kudeatu behar zirela estatuaren eskutik. Garai bateko kontzeptu amankomunek garai horren testuinguru kulturala eta ideologikoa islatzen dute, gaurko kontzeptuek gure testuingurua islatzen duten bezala.

Zalantza eta albo-kalteen zerrenda luzea

Ozeanoen "emankortzeko" tekniken inguruan, Kanadako Fertilisation des océans: atténuation des impacts environnementaux de la recherche scientifique ("Ozeanoen ongarritzea: ikerketa zientifikoak eragindako ingurumen inpaktuen ahultzea") ikerketaren arabera, ondorio txarren artean zerrendatzen dira azaleko uren oxigeno edukia murriztea, uren azidifikatzea, fitoplankton komunitateen aldatzea eta horren eragin ezezagunak, baita berotegi efektuko gasen ekoizpena ere –horietan bromometanoa, ozono geruza kaltetzen duena–.

Estratosferan horiek dira SO2 gasaren albo-kalteak: tropikoetan eurien zikloak desorekatzea; tokiko lehorte gogorrak eragitea (Pinatuboko erupzioaren ondorioz ikusi zen bezala); zeruaren kolore urdina histea eta zuritzea, baita ozono geruza kaltetzea ere. Beroketa gelditzeari dagokionez, IPCCko klimatologo Alan Robocken arabera ongi funtzionatuko luke tropikoetan, baina ez latitude handietan. Horren ondorioz bien arteko tenperatura tartea gutituko litzateke eta jet-stream haizea gehiago moteldu, gure latitudeetan muturreko gertaera meteorologikoak ugalduz.

Arazo teknikoei gehitu ditzazkegu arazo legalak eta etikoak: atmosferaren jabetza eta ardura hutsune juridiko batean daude. Elon Musk bezalako dirudun handinahi bati bururatzen bazaio bihar estratosfera eraldatzen hastea, nork luke debekatzeko ahala? Ekoizpen sistema globala oraindik erregai fosilen menpe egonik, geoingeniaritzak ez ote luke BEG isurketa jaisteko motibazioa zapuztuko? Estratosferaren eraldaketa etengabean jarraitu beharrak suposatuko lukeen gaitasun materiala nola bermatu? Eta garrantzitsuena: klima hain sistema konplexua izanik, nola ziurtatu konpondu nahian sorturiko kalteak ez direla konponezinak izanen?

Batzuen ustez, baliteke bero uhin gero eta gogorragoen –eta hilgarrien–eraginez populazioek berek geoningeniaritza eskatzea, une batean hil ala biziko erabakia litzatekeelako, albo kalteak egonik ere. Hori deritzote, adibidez, Jean-Baptiste Fressoz tekniken eta ingurunearen historialariak, edota Kim Stanley Robinson idazleak. Fressozek bertze adibide bat ematen du, laborantzaren inguruan: ongarri sintetikoen eta industrializatzearen bidez, lurzoruen ekosistemak sakonki eraldatu ditugu azken 70 urteetan –Marcel Bouché agronomoaren arabera, zizareen biomasaren %90 desagertarazi arte–, eta albo kalte horiek onartuak dira. Modu berean onartuko lirateke, bere ustez, geoingeniaritzaren albo-kalteak. Halere, bi diferentzia garrantzitsu ditugu hemen: ez ginateke soroz soro ariko, baizik eta Lurraren sistema klimatikoa osorik eraldatuko genuke; eta lurzoruari egindakoak ez bezala, sistema klimatikoari egindako kalte asko atzeraezinak lirateke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2024-04-21 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


2024-04-12 | ARGIA
Espainiako Estatuan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamar enpresen artean: Repsol, Iberdrola eta ArcelorMittal

2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.


Lehen aldia da klima larrialdiaren harira estatu bat zigortzen duela Europako Giza Eskubideen Auzitegiak

Suitza zigortu du Estrasburgok, estatu horrek bideraturiko klima politikak adindunen eta oro har herritarren osasun eskubidea zangopilatzen duelakoan. Ebazpena txalotu dute talde eta norbanako ekologistek eta diotenaz, ondorioak izanen ditu gainontzeko estatuengan ere, besteak... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


Eguneraketa berriak daude