Statkraften eolikoen proiektua Azpeitian: aukerak, zalantzak, marra gorriak eta haserreak

Soreasuko aretoa lepo bete zen Azpeitian asteartean (argazkia: ARGIA)

2022ko urriaren 12an - 15:12

Ilarak sartzeko, aretoa lepo beteta, eta udal agintariak eta enpresako jendea parean; bi ordu eta erdiko azalpenen eta galdera-erantzunen tarte luzeak: hitz egin duzue auzotarrekin? Zer gertatuko da gero material horrekin? Nork erabaki du proiektua? Zergatik ez da beste alternatibarik bultzatzen?... Txalo zaparradak alde batetik zein bestetik, oihu batzuk ere bai, eta kanpoan protesta. Ez da ohikoa azpiegitura handi baten inguruko informazioa modu horretan ematea, eta Statkraftek Azpeitian, Zestoan eta Errezilen egin nahi duen parke eolikoak sorturiko jakin-min eta kezkaren erakusgarri ere bada astearte arratsaldean Azpeitiko Soreasu antzokian bizitakoa.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak azaldu du batzar ireki hori egin nahi zutela herritarrekin, baina albisteak komunikabideetara “salto” egin aurretik. Horren harira, galdetu du “zein asmorekin” irailaren 13an Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzatik erabaki zen gaia komunikabideetara “bonba baten modura” ateratzea, oraindik baimen administratiboak eskatu ere egin gabe zeudela: “Gauza bat da gardentasuna, baina horrek arrisku batzuk dauzka”.

Beste eredu bat

Nagore Alkorta alkateak eta Josu Labaka Azpeitiko Estrategia eta Hirigintza zinegotziak hitz egin dute aurrena batzarrean. Lehenak behin eta berriz argi utzi nahi izan du oraindik “goizegi” dela eta proiektua aztertzeak ez duela esan nahi “itsu-itsuan” sartuko direnik. Beraiek berriztagarrien aldeko apustua egiten dutela azpimarratu dute, baina ez edozein modutan, eta zentzu horretan Piaspeko proiektua “eredu berri baterako aukera bat” izan daitekeela eta “esploratzeko beharrean” daudela. Hala ere, Statkraft enpresari hasieratik “marra gorri” bat ezarri diotela azaldu du Alkortak: “Energiaren sozializazioa”.

Energiaren sektorea “mundu oligopolista” bat dela gogorarazi du Labaka zinegotziak eta hori aldatzeko aukera bat izan daitekeela honakoa

Labakak egungo koiuntura energetikoaren zertzelada batzuk eskaini ditu eta energiaren eta autokontsumoaren inguruan udalak azkenaldian harturiko neurriak ere nabarmendu ditu; “baina ez da nahikoa” esan du, ekoizpen elektrikoa kontsumoaren oso azpitik dagoelako: “Energia behar izaten jarraituko dugu eta berriztagarria izan behar luke”. Zentzu horretan, Labakaren ustez “Nuklearrik ez!” esaten zen bezala “Eolikorik ez!” esatea ez da zuzena: “Baina edozein modutan? Ez”, amaitu du–une horretan eta beste hainbat aldiz haserre eten dute herritar batzuek udaleko eta Statkrafteko ordezkarien hitzartzea, “Mendian ez!” eta antzeko oihuekin–.

Bestalde, energiaren sektorea “mundu oligopolista” bat dela gogorarazi du zinegotziak eta hori aldatzeko aukera bat izan daitekeela honakoa.

Proiektuaren inguruan beste hainbat zehaztasun ere eman dituzte udal ordezkariek, hala nola erroten kokapena “probisionala” dela eta legez babesturiko natur-eremuetatik kanpo dagoen arren, sakon aztertuko dutela ondareari, ingurumenari edo paisaiari egingo liokeen kaltea. Alkortak hausnarketarako galdera bat luzatu du: “Energiaren demokratizaziorako bidea emango lukeen egitasmo baten balizko aukera baten aurrean, zer jarrera hartuko genuke?”.

Zergatik Azpeitian?

Jon Zayas eta Luis Miguel Alvarez Statkrafteko ordezkariek hartu dute hitza ondoren, proiektuaren inguruko datuak eta informazioa emateko: Sañoa mendian haizea dagoela baina oraindik neurketak egin behar dituztela, errotak eramateko bideen %91 eginda dagoela, Lasaoko azpiestaziora 3,8 kilometroko lerroa dagoela, hegaztien talkak ez direla hainbeste baina urtebeteko azterketa jarri dutela martxan...

Zayasek azaldu duenez, 205 metroko garaierako haize-errotak aztertzen ari diren “kasu kritikoena” dira, baina “murrizteko aukera” ere izango litzateke bere esanetan. Zumaian autokontsumoaren inguruan egindako ikerlan baten emaitzak ere eraman dituzte, autokontsumoa ez omen dela nahikoa erakusteko. Horren aurrean, Piaspeko zentral eolikoak Urola Erdiko energia kontsumoaren %50 aseko lukeela ziurtatu dute.

Egitasmoa aurrera aterako balitz 2026 amaieran edo 2027 hasieran amaituta egongo litzateke. Statkrafteko ordezkariek azaldu dute “gardentasunez” jokatu nahi dutela: “Horregatik gaude hemen”, esan zuen Zayasek behin eta berriz.

"Zenbat mendikate beharko ditugu?"

Galdera erantzunen txandan agertu dira kezkak, kontraesanak eta zalantzak. Esaterako, herritar batek zalantzan jarri du eolikoak alternatiba ote diren: “Aramaioko eta Azpeitiko proiektuekin Fagorren kontsumoaren %20 aseko lukeela entzun nuen lehengoan irratian. Fagorrek, orduan, 10 mendikate beharko lituzke? Benetan alternatiba bat baldin bada, zenbat mendikate aurreikusten dira sakrifikatu beharko ditugula?”. Zentzu horretan "herri bezala" beste antolaketa eta azterketa bat faltan sumatzen du herritar berak, “partxeak” jarri beharrean.

Alkateak arrazoi eman dio herritarrari azkeneko puntuan: “Autonomia erkidegoan energiaren inguruan estrategia bat falta da”. Gogorarazi du indarrean den plan sektoriala 2002koa dela, eta 2009an Eusko Legebiltzarrak energia berriztagarrien inguruan “marko orokor” bat edukitzea eskatu zuela –horixe ari dira orain tramitatzen legebiltzarrean–. “Argi dago hemen errealitate bat daukagula, eta guk errealitate horrekin negoziatu behar dugula, eslogan errazak esan ditzakegu, baina instituzioetatik erantzun bat eman beharra dugu”.

“Badirudi gu salbatzera etorri zaretela, nik ez dut hori uste. Eredua berdina da, kanpotik datorren enpresa bat zarete, ikusten duena hemen badagoela toki bat negozioa ateratzeko, eta kito”

Haize-erroten inpaktuarekin kezka

Beste herritar batzuek haize-errotek sortuko duten inpaktuaren inguruan galdetu dute, ondoren material horrekin zer gertatuko ote den, adibidez. Statkrafteko ordezkariek –oholtzara enpresako beste hainbat kide igo dira– azaldu dute arazo handiena erroten palekin dutela, material kimikoz eginak daudelako, baina jadanik badaudela enpresa batzuk horiek ere berrerabiltzeko moduan egiten dituztenak. Errotek 30-35 urteko biziraupena dutela azaldu dute.

Multinazionalak proiektuaren atzean dituen interesen inguruan ere jakin nahi izan dute batzarrean parte hartu dute herritarrek: “Badirudi gu salbatzera etorri zaretela, nik ez dut hori uste. Eredua berdina da, kanpotik datorren enpresa bat zarete, ikusten duena hemen badagoela toki bat negozioa ateratzeko, eta kito”, esan du batek, adibidez. Eta besteren batek alderdikeriaz jokatzea ere egotzi dio alkateari: “Nondik sortu da proiektu hau?”. Alkortak garbi utzi du Stakraft enpresa izan zela lehenik hurbildu zena udalera: “Lantzen ditugun egitasmoek jatorri ezberdina izan dezakete eta enpresa batek egitasmo bat ekartzen badigu, gugandik sortu ez den ideia bat izate hutsagatik ez diogu aztertzeari uko egingo”.

“Parke eolikoekin lortzen dugun energia kopuruak merezi du mendiak izorratuta lagatzea?”; “Ari gara Ekindarrekin gauza txikiak egiten, zergatik ez dugu bide hori segitzen? Bost urtetan gauza mordoa egin daiteke”; “Ze panorama geratuko da haize-errotak egiteko metalak atera behar dituzten parajetan?”... horiek izan dira astearte arratsaldean planteatutako beste galdera eta zalantzetako batzuk.

Batzarraren aurretik Sañu Bizirik taldeak protesta antolatu zuen eta kartel informatiboak jarri zituen Soreasu antzoki inguruan.

Lurrarekin eta elikadura krisiarekin zer?

Lurrari eta elikadurari lotuta agertu dute beste batzuek kezka: “Mendian pertsonak bizi gara, agian askoz bozka gehiago gaude hirietan, baina mendian gaudenok janaria egiten dugu eta mendia zaindu”, azaldu du baserritar batek.

Piaspeko proiektua egingo den eremuan lurrak manejatzen dituen baserritar batzuen alabak ere hitz egin du: “Nik proiektu bat daukat, nire gurasoengandik hartu dudana, erreleboa hartzeko intentzioa, eta honek sekulako negar gurea ematen dit. Kontsumitzen dugun elikagaien %10 bakarrik ari gara ekoizten Euskal Herrian. Ari gara hitz egiten sekulako krisi energetikoa dagoela, baina hemen elikagai krisi galanta ere badago: ez dago baserritarrik, ez du inork segi nahi, ezin da, oso zaila dago. Eta guk zuentzako elikagai on batzuk edukitzeko lan pila bat egiten dugu. Nik ez dut ulertzen ez politikaz eta ez energia berriztagarriez, baina jakin nahiko nuke zenbat energia gastatu behar den [haize-errota] hauek denak hor jartzeko”.

"Kontsumitzen dugun elikagaien %10 bakarrik ari gara ekoizten Euskal Herrian. Ari gara hitz egiten sekulako krisi energetikoa dagoela, baina hemen elikagai krisi galanta ere badago: ez dago baserritarrik, ez du inork segi nahi, ezin da, oso zaila dago"

Bost urteko ibilbidea oraindik

Batzarrean zehar, bai Nagore Alkorta alkateak bai Josu Labaka zinegotziak, aurrera begirako urratsak zein izan daitezkeen azaldu dute, esaterako, eragileekin bilera erronda bat egitea aurreikusi dutela adieraziz. Prozesuak oraindik bost urteko ibilbidea izango lukeela azaldu du Alkortak eta, behin informazio publikoko epea amaituta, lurrak erreserbatu eta ingurumen-inpaktu azterketa bat egin beharko litzatekeela oraindik.

Amaieran alkateak herritarren parte hartzea eskertu eta berriz ere azpimarratu du proiektua “aukera” bat baino ez dela: “Prest al gaude aukera hori aztertzeko?”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia krisia
GNL: Louisianako zingiretan jokoan dira munduko klima eta osasuna

Energia krisiak eta Ukrainako gerrak hauspotuta, Gas Natural Likidotua (GNL) bihurtu da munduko lehengai estrategiko eta preziatuenetakoa. AEBetako hegoaldean gasa modu horretan biltegiratu eta esportatzeko planta erraldoiak egin asmo ditu industriak, baina Joe Bidenen gobernuak... [+]


2024-03-25 | ARGIA
"Megaproiektu berriztagarrien egungo hedapenaren aurka eta bizitzaren alde" manifestua sinatu dute hainbat alorretako 75 pertsonak

"Elite ekonomiko baten pribilegioak iraunarazten diren aldi berean, konponbide faltsuak eskaintzen dizkigute, egiazko konponbideek beharko luketena onartu gabe: oligarkia energetikoa erabat auzitan jartzea, hazkunde ekonomikoaren aginduarekin haustea, gure eredu produktibo... [+]


2024-03-20 | ARGIA
Jasangarritasunaren Euskal Azokak hamargarren edizioa egingo du asteburuan Durangon

Berdeago Azoka egingo dute martxoaren 22tik 24ra, Durangoko Landako Gunean. Energia-eraginkortasunaz eta kontsumo arduratsuaz kontzientziatzeko helburua du Jasangarritasunaren Euskal Azokak, ingurumena babesteko irtenbideak tarteko.


Adrián Almazán
"Gizartearen logika algoritmikoarekin, gizakiak esplotatzen jarraituko dugu"

Fisikan lizentziatua eta Filosofia doktore, Gasteizen du ohiko bizitokia Adrián Almazánek (Madril, 1990), baina egun Madrilgo Carlos III Unibertsitatean ematen ditu klaseak. Digitalizazioak ingurumenean, energian eta gizartean sortzen dituen eraginak izan ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude