Pop

“Pop-a ez da ideia puru bat, errealitate orojale bat baizik”

  • Hamabost urte bete ditu aurten Elbis Rever taldeak. Tarte horretan 500 abesti baino gehiago, ia 200 kontzertu eta lau elkarrizketa egin dituzte. Taldearen koordenatuak zeintzuk diren iradokitzen du datuak: pop talde bat izateko aspirazioaren eta bazterreko soinu eta jarrera baten artean dabiltza zabuka, ezkutaketaren mugetan. Beren irudia zuzeneko performatibitatean eraiki dute batez ere, baina azkenaldian soinu propio baten bilaketara emanak dabiltza. Horren erakusgarri da argitaratu berri duten Happy Birthday lana.

Argazkiak: Dani Blanco
Argazkiak: Dani Blanco

Duela 20 urte ezagutu zuten elkar Alba Burgosek (Bilbo, 1984) eta Natalia Vegasek (Astrabudua, 1984), Bilboko Arte Ederren Fakultatean sartu berritan. Garai oso bizi moduan oroitzen dute hura: Los robots del espacio proiektua abiatu zuten Miguel Angel García ‘Xedh’-ekin, eta “Colectivo pop”-en parte ere izan ziren, beste zenbait artistarekin batera. “Gauza mordoa egiten genuen: adibidez, Arnold Schönberg-en diskoek zein sentsazio fisiko sorrarazten zizkiguten aztertzen genuen, Stan Brakhage-ren bideoak ikusten genituen, eta, oro har, Fluxus taldearen espiritua oso presente zegoen egiten genuen guztian. Noiz edo noiz irakasleren batek ere parte hartzen zuen kolektiboaren bilkuretan”.

Handik gutxira, Burgos Erasmus egonaldian Varsoviara (Polonia) joatear zela, Vegasek eta biek erabaki zuten talde bat sortuko zutela. Izena ere erabaki zuten, reversible hitzari [alderantzikagarri, gaztelaniaz] buelta eman, eta hara: Elbis Rever. Bueltan hitz egitekotan gelditu ziren. Baina Burgosek irakinaldi betean aurkitu zuen Varsovia, eta ezin talde bat osatu eta kontzertu bat emateko tentazioari eutsi: han ezagututako hainbat lagunekin –Janina eta Alexandra McCormackekin eta Faezeh Araeerekin– eskaini zuen Elbis Reverren lehen emanaldia. Hori gutxi ez eta sei abestiko maketa ere grabatu zuen haiekin. Bilbora itzultzean jakinarazi zion Vegasi: “Listo, badugu taldea, eta hau da gure lehen diskoa. Mugi zaitez, eta ikasi ahal dituzun guztiak”. 15 urte beranduago, Burgos Hong Kongen bizi da, Vegas Bilbon, baina Elbis Reverrek aurrera jarraitzen du, eta hori ospatzeko Happy Birthday biniloa argitaratuko dute urte amaieran. Burgos egun batzuetarako itzuli dela aprobetxatuz, Bilboko Zabalburu plazako terraza bat aukeratu dute elkarrizketa egiteko. “Ez digute alferrik jarri Zabalburu sound etiketa”.

Modu askotara ezaugarritu daiteke Elbis Rever. Baita ukaziotik ere. Esaterako, ez duzue bereziki kalitate altuko soinua erabiltzen.

Beti izan gara zikinak soinuarekin. Grabaketa batean atzeko zarata sartzen bada, ez dugu sekula garbitzen. Horretan ez dugu bat egiten soinu teknikariek soinuaz duten ohiko kontzepzioarekin: nahi izaten dute lehenik soinu “garbia” grabatzea, eta zarata gehitzekotan, gerora gehitzea. Ez zaigu ondo iruditzen. Demagun zerbait grabatu duzula, primeran atera zaizula, eta grabatu bitartean inguruko zakur batek zaunka egin eta haren soinua ere grabaketan sartu dela. Zergatik grabatu berriro? Laurehun aldiz errepikatuta ere ez zaizu berdin aterako. Gera dadila zaunka bere horretan.

"Demagun zerbait grabatu duzula, primeran atera zaizula, eta grabatu bitartean inguruko zakur batek zaunka egin eta haren soinua ere grabaketan sartu dela. Zergatik grabatu berriro?"

Akatsaren estetika?

Bai, baina bilatu gabea. Askotan akatsa probokatzen da gero hura estetizatzeko, eta guri ez zaigu hori interesatzen. Gehiago da esatea: “Hara, zein ongi dagoen bere horretan”. Ziur asko, noise-tik jasotako jarrera batekin du zerikusia –beste soinu mota batzuk ere entzungarriak direla aldarrikatzearekin–. Betidanik errespetatu dugu asko lehendabizikoz gertatzen den hori. Ez diegu abestiei buelta handirik ematen: grabatu, egunean bertan Soundcloud-era igo, eta beste zerbaiti ekiten diogu.

Ez omen duzue entseatzen.

Gustatzen zaiguna da musika egitea. Gainera, zeri deitzen zaio entseatzea? Gure kasuan, ez dugunez instrumenturik jotzen, ez du zentzu handirik. Ez dakizkigu abesti askoren letrak. Ikas genitzake, baina gero agian mozkortuta aterako gara eszenatokira, oso urduri, ez gara ezertaz oroituko eta gainera berdin izango zaigu –ondo pasatzen ari garen seinale–. Askotan egin dugu playback-a, gure ahotsen gainetik kantatuz, bestela deseroso gaudelako. Gure kontzertuek soinu txarra izaten dute ia beti. Oso zorte txarra izan dugu zentzu horretan.

Baina zuek ez al zineten zuzeneko talde bat batez ere?

Fama hori geratu zaigu, gure grabaziotik zuzenekora jauzi handia dagoelako ziur asko. Lehen agian musika ez zen hain garrantzitsua, eta eszenatokiko jarrerarekin osatzen genituen zuzenekoak. Orain, aldiz, eszenatokiko jarrera baretu dugu, baina oso gustura gaude egiten dugun musikarekin. Abestiak egiteko prozesua lehen baino askoz luzeagoa da. Zerikusia izango du elkarrengandik urrun egoteak. Hong Kongen eta Bilboren erdian badago Elbis Rever izena duen toki abstraktu bat: ez dago oso definituta, baina bada zerbait. Lehen kontzertuetan gertatzen zitzaigun gauza bera gertatzen zaigu abesti bat amaitzea lortzen dugun unean: “Ai, orain bai; Elbis Rever bizirik dago”. Eta ez da ekoizpenaren maila teknikoa asko aldatu dugulako, baizik eta gero eta gehiago erreparatzen diogulako soinu bat edo atmosfera bat bilatzeari. Lehen berehalakoa zena orain jada ez da, denbora ematen dizu ohartzeko abestiaren zein alderdi landu daitekeen gehiago, eta horrek beste ikuspegi bat ekarri digu. Heldutasuna izango da [barrez].

Edonola, zuzenekoa esperientzia konplexuago bilakatzeko saio bat baino gehiago egin izan duzue. Esaterako, denda txiki batean jo bitartean entzuleek kontzertua erakusleihoaren kanpoaldetik jarraitu behar izatea, Youtubeko streaming seinalearen bidez. Edo kontzertua Cam4 porno plataformaren bidez emititzea…

Bai, streaming-arena M-A Concept Store-n egin genuen –David Martín Angulo artistaren dendan–. Garrantzitsua iruditzen zaigu esperientzia zehatz bakoitzera egokitzea: denda oso txikia da, erabat baldintzatuta geunden, eta hori otu zitzaigun. Eta Cam4 plataforma ere sarritan erabili dugu. Londresen bizi den jarraitzaile batek proposatuta hasi ginen. Zuzenean ikusi nahi gintuen, baina, distantziak medio, zaila zeukan. “Zuzenekoa Cam4 bidez eman dezakezuela otu zait”, bota zigun, eta horrela hasi ginen. Plataformaren bisuala oso polita zen: gu kontzertua ematen, eta inguruan jendea bata besteari felazio bat egiten. Ia bi urtez aritu ginen halakoak egiten.

Bestelako gauzak ere egin ditugu. Adibidez, Larraskiton emandako kontzertuei deitu genien “sofako kontzertua”, “oheko kontzertua”, “eserlekuko kontzertua”. Batean sofa batean eserita ginen, bestean ohean etzanda, edo eserleku txiki baten gainean jesarrita. Beste behin erakusketa bat egin genuen igerileku baten barruan. Ez da hainbeste auzi performatibo bat; besterik gabe, situazioan jartzea gustatzen zaigu.

Zuen buruekin ezkutaketan aritzea gustatzen zaizuela ematen du.

Bai, “egon-ez egon” erako jolas bat da guretzat. Baina natural ateratzen zaigu. Lotsarekin du zerikusia ziur asko, oso gaizki pasatzen dugu kontzertuen aurretik. Gure publikoa oso arraroa da: aurki ditzakezu gizon zahar heteroak –zail da jakiten zehazki zergatik etortzen diren–, edota maritxu oso gazteak. Ia elkar joka has daitekeen jendea da gure publikoa. Hori gertatzen da Bilbon: azaltzen zara El Balcón de la Lola-ra igande batean eguerdiko ordu bietan, eta hor denetarik elkartzen zaizu.

"Artearen mundua kaka zaharra da, eta musikarena ere bai. Bien bazterrean egotea eduki dezakezun posiziorik onena da, bizimodua aurrera ateratzeko behar ez badituzu behintzat"

Entzuleei beldurra edukitzea, hori ez nuen espero…

Tira, entzuleak arraroak izateaz harago, beldur eszenikoa daukagu. Betidanik eduki dugu. Ez zaigu iruditzen musika talde arrunt bat garenik. Zuzenekoetan, askotan, geure baitatik ateratzen gara, eta egiten ari garenari erreparatzen diogu kontzertua kanpotik ikusten ariko bagina bezala. Agian beste musikariei ere gertatzen zaie, baina oso bortitza da. Lotsatu egiten zara. Ikusten dituzu Bad Gyal-en bideoak, nola ahalduntzen den, zein jarrera sendoa daukan, nola jaten duen eszenatokia… guk ez dugu hori sekula sentitu. Noski, bizi izan ditugu eromen uneak, baina hurrengo istantean galdetzen genion geure buruari: “zertan zabiltza?”. Edo, “orain abesti hau? A ze beheraldia”. Zenbaitetan, abesti bat erditik moztu eta hurrengora igarotzen gara. Zein taldek egiten du hori?

Sumatzen zaizue anbibalentzia bat: batetik, pop talde bat izateko aspirazioa; bestetik, zuen benetako posizioaren kontzientzia garbia. Zuku asko ateratzen diozue joko bikoitz horri.  

Izan daiteke. Halere, gero eta aspirazio txikiagoak ditugu. Heldu bilakatzen zoaz, eta bai, mantentzen duzu ideal bat, baina aspirazioa eta errealitatea gero eta gertuago daude. Are, azkenaldian lortu dugun soinuak hitz egiten du bi mundu horiek bat egiten duten espazioari buruz. Pop-a guretzat da egitearen metodologia: egitura errazak erabiltzea, estribilloa errepikatzea, besteen musikak hartzea… Andy Warhol-ek egiten zuena horixe da: egunkariko irudi bat hartu eta seriean erreproduzitzea. Hortik kanpo, zer da pop-a? Egun pop-a ez da ideia puru bat, kapitalismoaren bidez transmititu den errealitate orojale bat baizik. Dena da pop-a: punka da pop-a, rocka da pop-a. Denda bateko kartela da pop-a. Gure irudia ere izugarri sinplifikatu da: lehen kontzertuetako poster oso landuak egiten genituen; orain atzealde beltz baten gainean hizkiak jarri, eta kito. Oso minimalak bihurtu gara. Aipatzen dituzun bi alderdiak elkartu zaizkigu, garaiak halakoak direlako.

Artetik zatozte, musika egiten duzue, baina era berean arte eta musika munduen bazterrean zaudete. Nola bizi duzue hori?

Ongi. Erlaxagarria da, ez dugu inolako exijentziarik sentitzen. Artearen mundua kaka zaharra da, eta musikarena ere bai. Bien bazterrean egotea eduki dezakezun posiziorik onena da, bizimodua aurrera ateratzeko behar ez badituzu behintzat. Arte munduan ez gara sekula egon, baina buruak ez daki bereizten eta oraindik lotuta gaude unibertsitate garaiko ideia batzuei: jarraitzen dugu irudiaz hitz egiten, edota estetikaz. Eta musikaz zer esan… zer da musika munduan egotea? Trapaz geroztik, mundu hori izugarri barreiatu da. Edozer egin dezakezu edonola. Agian orain musika munduan egotea da Instagramen elkar jarraitzen dugun jende sare batean egotea. Zure antzeko ideiekin lanean ari den jendea ezagutzen duzu, zerbaiten parte zarelako sentsazioa eragiten dizuten komunitate birtualak sortzen dira. Gero eta gehiago dira musika industriaren parte izan gabe musika egiten dutenak.

Happy Birthday lana argitaratuko duzue urte amaieran, taldearen hamabosgarren urteurrena ospatzeko. Nolakoa izan da prozesua?

Kontua da iaz nahasi egin ginela, eta pentsatu genuela hamabost urte betetzen genituela, baina hamalau ziren. Orduan, hamalau urteak ospatzeko festa egin genuen, eta tape bat ere atera genuen Crystal Mine-rekin. Baina behin hamalauak ospatuta, hamabostak ere ospatu behar genituela erabaki genuen. Tape-aren harira kanta zahar asko entzun behar izan ditugu –500dik gora ditugu, bidean galdu direnak kontuan hartu gabe–. Hasi berrordenatzen, kantu berriekin lotzen… eta ohartu gara ematen zutela binilo bat ateratzeko. Prozesuan zehar saiatu gara giro bat sortzen, guztiari homogeneotasuna ematen, Elbis Rever paisaia bat sortzen. Ordu asko izan dira: sartu nahi genituzkeen abestiak zerrendatu, ordena erabaki, bataren eta bestearen arteko trantsizioak landu… bide mantsoa eta lasaia izan da –guztira zazpi edo zortzi bertsio desberdin egin ditugu–. Bien bitartean, pentsatzen genuen: “nork du disko-jogailu bat gaur egun?”. Guk ez behintzat. “Pijada” bat da.

Zer asmo duzue aurrerantzean?

Proiektu zehatzik ez. Horrela segitzea, ez besterik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pop
"Jotzen jarraitu nahi baduzu, zaila da industriaren kontra egitea"

Musikaren industriari kritika egin, eta laguntasunaren garrantzia azpimarratu dute Anne Lukin eta Maren musikariek Acostumbrarme kantuaren bidez.


2021-06-20 | Julen Azpitarte
Velvet Mafia, 1960ko pop kultura piztu zuen gay komunitatea

Erabat finkatuta ditugu gure iruditeria popzalean 1960ko hamarkadako gizonezko rock taldeen melodia eta erritmoek emakumezko ikus-entzuleengan eragiten zituzten jokabide irrazionalak: intziri basatiak, gorputz-dardara primitiboak, dantza frenetikoak eta sexuaren frenesiak... [+]


Kaskezur
Deserosotasunaren potentzial sortzailea

Lau lagun: baxua, bateria, bi gitarra eta jarrera inpostatuei ihes egiten dieten bi ahots. Eboluzio interesgarria egiten ari da Kaskezur taldea hamarkada honetan. Ihesi doaz animaliak (Mukuru, 2019) da musikari gisa egiten ari diren bilaketaren azken emaitza. Soinu aldetik... [+]


Hannot Mintegia, Moxal
"Arriskatu beharra dut, bestela ez naiz trebatzen"

Audience taldeko arimetako bat izan da hamabost urtez. Irakaspenak batuta bere bide eta proiektu propioari ekiteko bulkada sentitu du orain. Moxal graziatzat hartuta, musikaren larre berrietan aske eta jostari egin nahi du trostan.


Beñat Goitia, Montauk taldeko kidea
"Buruan genuena diskora eramatea lortu dugu"

Negu-usaina nabari da Gasteizen. Aire hotza, aire freskoa eta, batik bat, aire berria. Montaukek bigarren diskoa argitaratu du, Geruzak. Beñat Goitiak geruza askoz betetako lan hotz eta trinkoa dela dio. Igartzen da, eta badakigu: iritsi da negua.


Eguneraketa berriak daude