Pop

Velvet Mafia, 1960ko pop kultura piztu zuen gay komunitatea

  • Erabat finkatuta ditugu gure iruditeria popzalean 1960ko hamarkadako gizonezko rock taldeen melodia eta erritmoek emakumezko ikus-entzuleengan eragiten zituzten jokabide irrazionalak: intziri basatiak, gorputz-dardara primitiboak, dantza frenetikoak eta sexuaren frenesiak ekarritako zorabioak. Haatik, publiko zabalak ezer gutxi daki Ingalaterran sortu eta AEBetara eta Europara esportatu zen pop eztanda ordezkatzen zuten mutil nerabez osatutako banda ospetsuen atzean hainbat gay zeudela. Hain justu, gay haiek moldatu zuten Swinging London (Londres festazalea) fenomenoa, 1960ko hamarkadan Londresen loratu zen modaren eta kulturaren eszena; leherketa koloretsu eta hedonista hori gerora planeta osora zabaldu zen, mendebaldea gaindituz. Halaber, kulturaren enpresari gay haiek laguntza-sare sendo bat eraiki zuten elkarri laguntzeko, kultura-industria osoa haien mende izateko, eta azkenik, poltsikoak zale nerabeek gastatutako sosekin betetzeko.

Brian Epstein, atzean Beatles taldea duela zuzenekoa ematen.
Brian Epstein, atzean Beatles taldea duela zuzenekoa ematen.

LGBTQ esparruan aditu Darryl W. Bullock autore ingelesak adiskidetasunean oinarritutako kolektibo gay haren historia eta istorioak bildu ditu Velvet Mafia. The gay men who ran the swinging sixties (Belusezko mafia. 1960ko hamarkadako urte festazaleak abiatu zituzten gayak). Belusezko mafia hori, besteak beste, ondoko gizonek osatu zuten: Beatles taldearen manager Brian Epstein, Larry Parnes enpresaria, The Who bandaren manager Kirt Lambert, Joe Meek disko-ekoizlea, EMI diskoetxeko buru Joseph Lockwood, Bee Gees eta Cream taldeen manager Robert Stigwood, Marc Bolan musikariaren eta The Yardbirds taldearen ordezkari Napier Bell, David Bowieren manager Ken Pitt eta Charisma diskoetxea eratu zuen Tony Stratton-Smith. Kontakizuna 1950eko hamarkadan hasten da, AEBetatik inportatutako eta Ingalaterran bertan sortutako lehen rocker-ekin, eta 1970eko hamarkadara arte luzatzen da, glam mugimenduaren izpi dirdiratsu eta androginoen argipean.

Gizon gay boteretsuon sexu-jarduna ezkutuan gertatu zen, homosexualitatea Erresuma Batuan ez baitzen despenalizatu 1967ra arte. Muga administratibo horren ondorioz, enpresariok haien babesean zeuden izar gazteez profitatzen ziren, maindireak  eta bihotzak berotzeko. Halere, eta liburuaren egileak nabarmentzen duenez, sasoiko manager, ekoizle eta diskoetxeetako jabeen xede nagusia ahalik eta gehien aberastea izan zen. “Ikaragarri garrantzitsua da jendeak ulertzea LGBTQ pertsonak ez zirela gaur egungo rock-kulturak sortu zuenaren zati bat soilik, haren atzean zegoen indar eragilea izan zirela. Gauzak aurrerantz bultzatzen zituzten pertsonak ziren. Gauza berrienak bilatzen zituztenak, kultura-iraultza hasteko”, azaldu du Darryl W. Bullockek The Guardian egunkarian.

Haatik, izar jaio berri batzuen musika-ibilbideak bortizki amaitu ziren sexu-harremanak izateari uko egin ziotenean; esaterako, Larry Parnes musika-enpresari aitzindariak harreman oso gatazkatsuak zituen ordezkatu zituen izar gazteekin: sekulako laguntza eskaini zien haien sormena bideratzeko eta arrakasta eskuratzeko, baina ekonomikoki eta sexualki ere esplotatu zituen. Parnes sarritan saiatu zen gaztetxo rock zaleekin oheratzen, adingabeak izanagatik ere. Gauza bera egin zuten Brian Epsteinek eta Robert Stingwoodek. “Alde zeharo immorala zeukaten”, baina haien helburu nagusia sosak egitea zenez, izar askok ibilbide luzeak eta arrakasta handikoak garatu zituzten, sarritan bortxaz tratatuak izatea onartu izanaren ondorioz. Musikariek, trukean, babes artistiko handia jaso zuten manager onenen aldetik. Kasu askotan konfiantza osoko harremana gauzatu zen, Kit Lamberten eta The Who taldeko buru Pete Townshend artean kasu: managerrak bere ezagutza artistiko eta musikal guztia erabili zuen gitarra-jotzaileak Tommy rock opera historikoa egin zezan.

Amaiera tragikoak

Testuinguru horretan, txanponak eta ospea bor-bor zeudela, profesional entzutetsu eta ahaltsu horietako batzuek heriotzaldi gorabeheratsuak bizi izan zituzten. Haien sexualitateagatik jazarriak izan ziren eta sufrimendu horren ondorioz, heriotzarako bide kontzientea ere hartu zuten batzuek. Joe Meek ekoizle berritzaileak bere buruaz beste egin zuen 1968an: estudioko aginte-kabinan sartu zen, bere etxejabea estudiotik ateratzen saiatu zen, eta eztabaida latza izan ondotik, bizkarrean tiro egin zion, eta gero arma berarekin bere buruaz beste egin zuen, Buddy Hollyren heriotzaren urteurrenaren egunean, otsailaren 3an. Aurretik, baina, Meek poliziak atxilotu zuen komun publikoetan gizon batekin sexua izateagatik. Gertakizunak oihartzun handia izan zuen prentsan. “Gertaera hark gauzak martxan jarri zituen bere buruaz beste egin zezan”, Darryl W. Bullocken arabera. Ironikoki, 1967an, Erresuma Handian homosexualitatea despenalizatu zenean, homosexualekiko jazarpena areagotu egin zen.

Horretaz gainera, belusezko mafiosoetariko asko gay-ak ez ezik juduak ere baziren. Identitate bikoitz horren harira, gatazka kartsuak gertatu ziren gizonon burmuinetan. Horren erakusle Brian Epstein, Beatles taldearen manager sonatua, bosgarren beatle-a. “Horrekin guztiarekin sutsuki borrokatu zen [Epstein]”, dio Darryl W. Bullockek. Auto-suntsitzailea zen, drogazalea, eta amorante desegoki eta mingarriek eragin zioten malenkonian hondoratuta bizi zen. Gizonek kolpatu eta xantaia egin zioten. Anabasa afektiboan hondoratu. 1967an zendu zen barbiturikoen gaindosiagatik. Epstein hil ondoren, John Lennonek aitortu zuen Beatles taldea amaitzear zegoela. “Hor konturatu nintzen arazotan geundela”, esan zuen Lennonek 1970ean. Liverpool hiriko lau musikarien eta milioika pertsonen bizitzak aldatu zituen Beatles taldearen managerrak, eta horrekin batera, poparen eta rockaren historia irauli zuen, betirako.

Kit Lamberten amaiera ere azpimarragarria da, gertakari odoltsua: 1960ko hamarkadaren amaieran alkoholismoan ito zen, eta hamarkada bat beranduago zendu zen, droga-saltzaile batek emandako jipoiak eragindako garuneko hemorragia baten ondorioz.

Bullocken arabera, gizon horiek sortu eta bultzatu zuten eszena berria eta festazalea ezinbestekoa izan zen tabuak aldatzeko, eta Velvet Mafia. The gay men who ran the swinging sixties liburuaren bidez aitortza egin nahi izan die egindako ekarpenagatik. Merezitako aitortza ez bada ere, mundu guztira zabaldu zen pop eta rock kulturaren atzean isilean gordetako LGBTQ komunitatea zegoela azaleratu du idazle britainiarrak .

Emakumeen arrastorik ez

Bullockek ez die emakumeei erreparatu bere lanean. “Horrelakoak ziren garai hartako gauzak. Une hartan, emakumeek etxean geratu eta haurrak hazi behar zituzten”. Halere, 1960ko hamarkadan, Britainia Handiko rock eta pop eszenan baziren emakume lesbiana boteretsu gutxi batzuk, nahiz eta idazleak bere liburuan jaso ez; tartean, Ready Steady Go pop musikari buruzko telebista saio aitzindarian parte hartzen zuten taldeak ekartzen zituen Vicki Wickham ekoizlea. Wickham lesbiana da, baina bere aburuz sexualitatea ez da inoiz arazo izan berarentzat. “1960ko hamarkadan ez nintzen armairutik atera. Ez nekien zer nintzen benetan. Denek zekiten ni lesbiana nintzela, baina hain ginen politikoki inkontziente”. Wickhamek ibilbide nabarmena egin zuen manager gisa, besteak beste, Dusty Springfield eta LaBelle artisten karrerak gobernatu zituen. Biak ala biak emakumezko artistak. Londresen jaiotako Springfieldek Dusty In Memphis izenburudun soul disko klasikoa grabatu zuen 1969an, AEBetako Memphis hirian. LeBelle berriz, Patti LaBelle musikariak 1970ean eratutako soul eta disco taldea izan zen, eta 1975ean Lady Marmalade hit entzutetsua grabatu zuen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pop
"Jotzen jarraitu nahi baduzu, zaila da industriaren kontra egitea"

Musikaren industriari kritika egin, eta laguntasunaren garrantzia azpimarratu dute Anne Lukin eta Maren musikariek Acostumbrarme kantuaren bidez.


2022-10-23 | Kepa Matxain
Elbis rever
“Pop-a ez da ideia puru bat, errealitate orojale bat baizik”

Hamabost urte bete ditu aurten Elbis Rever taldeak. Tarte horretan 500 abesti baino gehiago, ia 200 kontzertu eta lau elkarrizketa egin dituzte. Taldearen koordenatuak zeintzuk diren iradokitzen du datuak: pop talde bat izateko aspirazioaren eta bazterreko soinu eta jarrera... [+]


Kaskezur
Deserosotasunaren potentzial sortzailea

Lau lagun: baxua, bateria, bi gitarra eta jarrera inpostatuei ihes egiten dieten bi ahots. Eboluzio interesgarria egiten ari da Kaskezur taldea hamarkada honetan. Ihesi doaz animaliak (Mukuru, 2019) da musikari gisa egiten ari diren bilaketaren azken emaitza. Soinu aldetik... [+]


Hannot Mintegia, Moxal
"Arriskatu beharra dut, bestela ez naiz trebatzen"

Audience taldeko arimetako bat izan da hamabost urtez. Irakaspenak batuta bere bide eta proiektu propioari ekiteko bulkada sentitu du orain. Moxal graziatzat hartuta, musikaren larre berrietan aske eta jostari egin nahi du trostan.


Beñat Goitia, Montauk taldeko kidea
"Buruan genuena diskora eramatea lortu dugu"

Negu-usaina nabari da Gasteizen. Aire hotza, aire freskoa eta, batik bat, aire berria. Montaukek bigarren diskoa argitaratu du, Geruzak. Beñat Goitiak geruza askoz betetako lan hotz eta trinkoa dela dio. Igartzen da, eta badakigu: iritsi da negua.


Eguneraketa berriak daude