Pop

"Arriskatu beharra dut, bestela ez naiz trebatzen"

  • Audience taldeko arimetako bat izan da hamabost urtez. Irakaspenak batuta bere bide eta proiektu propioari ekiteko bulkada sentitu du orain. Moxal graziatzat hartuta, musikaren larre berrietan aske eta jostari egin nahi du trostan.

Argazkia: Hannot Mintegiak utzia.
Argazkia: Hannot Mintegiak utzia.

"Printzipioz leku itxietan irudikatzen dut musika eta disko hau; hau izango da lehen kontzertua leku ireki batean, eta desiratzen nago emaitza ikusteko… Naturan egokitutako eszenatoki hauek asko gustatzen zaizkit eta eroso sentitzen naiz”. Hannot Mintegiak ekinaren hasieran aurkeztu zuen Moxal Urretxuko (Gipuzkoa) Kalegorrian jaialdian, Irimo mendiaren magalean, agertoki ireki batean. Geroztik emanaldi gutxi batzuk egin ditu taldeak lagunduta, Rafa Rodrigo (gitarra) eta Txufo Wilson (programazioak), batez ere. Kalegorrian jaialdian Aitor Etxeberria eta Mursego ere izan zituen alboan, kanta berriak girotzen. “Orain arte ibilitakoaz oso balorazio positiboa egiten dut. Proiektua forma hartzen ari da, eta kontzertu asko eman ez ditugun arren, oso interesgarriak eta leku ederretan izan dira. Aukera izan dugu Empty Files-en [Wilsonen taldea] azkenengo diskorako bertsio bat grabatzeko... eta prestatzen ari naiz Gabonen bueltarako disko labur bat, lau abestikoa”. Trostan da, beraz, Moxal. Ekainean Urretxuko landagunean hasitako solasaldia da ondorengoa, azken asteetan egilearekin izandako hizketaldiekin osatua.

Zaldi eta moxalak libre dabiltzan lekua da hau. Nondik dator Moxal izena?

Garbi nuen nire izen propioa ez niola jarri nahi proiektu berriari. Zaldiak asko gustatzen zaizkit. Izan nuen lehenago beste proiektu bat Zaldiak deitzen zena; “moxal” izena, animalia bera, txikitan misteriotsua iruditzen zitzaidan eta aldi berean oso erakargarria. Zaldi txikia zen, baina ez zen kumea, hitzak ez zuen arra edo emearen artean bereizten... Nire imajinarioan iraun duen zera bat da eta buelta askorik eman gabe hautatu nuen.

Uda igaro da ia; guztiz bihurtu da jaialdien aroa. Zein iritzi duzu musika jaialdien zirkuituaz eta modaz?

Egia esaten badizut, jaialdi handiek pereza handia ematen didate. Ez zait iruditzen musika entzuteko lekurik egokienak direnik, ez dakit nor etorri beharko litzatekeen ni joateko, baina printzipioz orain nahiago dut bestelako kontzertuetara joan… Jaialdi txikixeagoak gustukoak ditut, hori bai.

Zein talde edo musikari ikustera joango zinateke jaialdi handi batera?

Bada, ez dakit… Nick Cave, edo Fugazi berriro bilduta… bestela horrelako espazio handi(egi)entzako musika egokiago edo bideratuago bat egiten duten proposamenak edo, adibidez DJ Shadow edo Massive Attack.

Asko kosta zaizu zure betiko taldea, Audience, utzi eta proiektu eta bide propio bati ekiteko erabakia hartzea?

Bai, baina nahiko modu naturalean joan da dena, erritmo kontu bat izan da beste ezer baino gehiago. Taldeak erritmo bat zuen, nik neure bizitzarekin nekez parteka nezakeena; eta neure bideari ekitea erabaki nuen. Baina ez da erabaki erraza izan; Audience izan da nire musika eskola eta bizitzaren parte esanguratsu bat. Hamabost urte izan dira; Audiencen ikasi dut talde batean jotzea zer den, talde bateko kide izaten, talde bat kudeatzen, abestiak egiten, moldatzen… Mila esperientzia izan dira.

Audience uztean garbi zenuen musikalki norantz joko zenuen?

"Aspalditxotik
bueltaka nerabilen kontua da: euskaraz egin nahi ditut kantak"

Ez, pixkanaka joan zen soinua zehazten eta horretan eragin handia izan du azken urteetan egindako kolaborazio txiki andanak; esaterako, Aitor Etxeberriaren azken diskoan jo nuen. Eta zuzenean ere jo genuen, nahiz eta hasieran ez zuen asmorik. Askotan gertatzen da hori. Batzuetan gitarrarekin, besteetan ahotsak sartzen… Ainara Legardonekin ere aritu izan naiz, eta bien bitartean, nire kantak sortzen ari nintzen, gitarrarekin batzuk, ordenagailuarekin ere bai… Azkenean lortu nuen Jose Lastra nahastea eta hori oso inportantea izan da. Ideia mordoa nuen pilaturik, hezurdura banuen, baina falta zitzaidan guztiari forma ematea, eta horretarako beste belarri batzuk izatea oso garrantzitsua izaten da; kanta bakoitzak aukera asko ematen zituen, eta Lastrak lagundu zidan bakoitza bideratzen. Epe bat jarri genion geure buruari eta hala osatu genuen diskoa, bestela dena zabalik uzteko aukera gehiegi dago gaur egun, eta sekula ez da bukatzen lan bat; erabaki genuen beren huts eta guzti joango zirela kantak.

Audiencen popa, post-rocka, rock estatubatuarra landu dituzue, besteak beste; oraingoan bestelako lengoaia bat landu duzu: pop atmosferikoa, trip-hopa... Zergatik?

Uste dut beti hor egon diren eraginak direla, baina orain atera direla neurri ezberdin batean. Musika erreferenteei dagokionez, ni oso naiz 90etako hamarkadakoa. Garai bertsuan deskubritu nituen Fugazi eta Neil Young, Portishead eta Björk, Tricky eta Will Oldham… Eta pentsatzen dut gazte garaietan deskubritutako musika hori beti daramazula zeurekin. Orduan, behin abestiak sortuta joan nintzen estudiora oso irekita, gauzak probatzeko gogoarekin, eta ezer ez dela ezinbestekoa pentsatuz irmoki gainera.

Originala edo berritzailea izateko asmorik izan duzu? Hemen gure inguruotan halako sonoritateak ez baitira askorik landu.

Ez, ez da egon halako asmorik; bai egon da probak egiteko eta ikasteko asmo bat, eta asko egin dut intuizioz. Ahotsekin ere jolastu nahi nuen, baina oso artisau-erara egin dugu, eta kolaborazioek beraiek ere argitu didate bidea, eurek bideratu dute nire ahotsa ere… Mursego, Ainara Legardon, Aitor Etxebarria, Miren Narbaiza, Gaizka Insunza eta abarren kolaborazioak bai izan direla funtsezkoak soinua markatzeko.

Zeuk loop-ak ere erabili dituzu. Non ikasita?

Ba nire kabuz eta modu ez oso ortodoxoan esango nuke. Badut nolabaiteko soinu-artxibo propio bat, beste grabazioetako akatsak edo erabiltzen ez diren parteak izaten direnak. Zerbaitengatik interesgarriak egiten zaizkidan soinuak dira, eta mugitzen naute berauek berrerabiltzera.

Argazkia: Hannot Mintegiak utzia.

Letrak zeureak dira. Erronka berezia izan da?

Bai, letretan eta abesteko moduan egon da agian intentzionalitate handiena, hitz egiten dudan moduan kantatzen saiatu bainaiz. Nahigabeko irristadaren bat izan dut, baina oro har uste dut lortu dudala nahi dudana, eta horretan neure marka moduko bat ezarri dudala. Askotan duda izaten duzu kanta batek zein ekarpen egiten duen, berezitasunen bat duen… disko honetan lasai geratu naiz alde horretatik, kantatzeko lengoaiari dagokionez behintzat ekarpen bat egin dudalakoan.

Hitzen sonoritatean jarri duzu indarra.

Bai, halaxe da. Gustatzen zait hitz zenbaiten sonoritatea eta indarra: aittitte, bitxidxena, haixie gara... Esaldi batzuk balio handia dute niretzako, edukiarengatik baino gehiago sonoritatearengatik. Akaso ahaztu dut bere garaian zergatik zitzaizkidan garrantzitsu, baina hitz eta esaldi horien soinua hor geratu da...

Esaterako, zein hitz edo esaldirena?

Horrela bote lasterrean… ilusiñonantie zan, ba-rru-ti-ki-ku-si gendun (Haixie gara?). Asko gustatzen zait silaba horiekin gertatzen dena. Letrei loturik, orokorrean esango nuke, gustatzen zaidala argi ez egotea, ez bakarrik zer esan nahi duten, baizik eta ezta zer diodan ere. Hau da, sonoritatea dela eta, batzuek hitz bat ulertzea eta beste batzuek beste bat. 

Audiencen kantaren bat edo beste idatzi zenuen euskaraz. Moxalen guztiak idatzi dituzu euskaraz.

Bai, oso argi nuen hori, eta aspalditxotik bueltaka nerabilen kontua da. Eta orain ez dauka atzera bueltarik, euskaraz egin nahi ditut kantak. Esaterako, zuzenekoetan abesten dugu bertsio bat ingelesez, baina hori bera ere arraroa egiten zait jada, eta egunen batean aldatuko dugu hori ere, den-dena euskaraz abesteko.

Anglofiliak gehiegi markatutako musika belaunaldikoa zara?

"Zinemarako musika asko jarraitzen dut eta musika iradokitzailea izatea interesatzen zait"

Bai, ez dut esango horren defendatzaileak, baina izan gara ingelesez abesten praktikante handiak, oso normala baitzen. Gure erreferentziak ingelesak ziren: geratzen zaizkizu txertatuta hitz eta espresio batzuk, eta norberari kostatu ere bai letrak idaztea… Hori guztia nahasten zen eta ingelesera jotzen genuen. Baina, konturatzen zara euskaraz ere kantatu litekeela eta oso modu pertsonalean gainera. Niri asko gustatzen zait, adibidez, Ruperrek [Ordorika] nola abesten duen, izugarri gustatzen zait. Ematen diolako molde pertsonal bat.

Audiencen euskaraz gehiago abestea gustatu izango zitzaizun?

Ez nuke hori esango. Bertan ikasi nuen baita ere, edo atrebitu eta probatu euskaraz abesten… Audiencen lehenengo maketan bazegoen jada euskarazko abesti bat.

Hastapenetan, 90eko hamarkadan, anglozaleak izanda, noiz hasi zen zuregan euskarazko musika oihartzuna egiten, noiz sortu zitzaizun euskaraz abesteko kezka?

Euskarazko musikarako grina beti egon da hor, batez ere orokorrean musika zaletasuna hasten den momentu horretan. Adibide bat jartzearren, Itoizen zuzenekoa nire biziko disko kuttunenetako bat da; eta gero Dut; eta lehenago eta beti, Mikel Laboa. Euskaraz abesteko kezka, nik uste, musika egiten hasi ginenetik/nintzenetik egon dela, eta gorago esan bezala, Audiencen lehenengo maketan bazegoen jada euskarazko abesti bat. Orokorrean nik uste dut heltzen dela momentu bat zeinetan komunikazio zuzenago bat bilatzen duzun entzulearekin, eta baita zeure buruarekin ere, eta egin ahala konturatzen zara zeure hizkuntza horretan askeago zabiltzala edo, ezagunagoa zaizu, naturalago, eta beraz, jolasteko aukera gehiago duzu. 

Estiloen izendapenak-eta aparte utzita, zure proposamen berriak badu misterio puntu bat. Hori bilatzen zenuen?

Lehen entzunaldietan jendeak esan izan dit misteriotsua eta gertukoa egiten zaiola diskoa, biak aldi berean. Ez dago batere gaizki. Zinemarako musika asko jarraitzen dut, eta musika iradokitzailea izatea asko interesatzen zait.

Eta Europa ekialdeko edo Asiako musika?

Ulertzen dut zergatik galdetzen didazun, eta oso gustuko ditut horrelako sonoritateak, baina esango nuke jaso dudan, edo jasotzen dudan eragina zeharkakoa dela, beste talde edo artistek eragin horiek jasotzen dituzten heinean. Adibidez, Wovenhand bezalako talde batek edo Trickyk bere lehenengo diskoetan.

Ruperren kantaera propioa aipatu duzu. Zurea entzunda ere, aipa liteke berezitasunik, zenbaitetan hartzen du errezo modu baten tankerarik…

Kanta hauek etxean sortutakoak dira, nire gitarrarekin, eta bakardadean baxu-baxu kantatzen, nahiz eta gero taldearekin eta kolaborazioekin jantzi dugun. Horrek eramaten zaitu bolumen batean kantatzera, eta hortik etor liteke kantatzeko modu hori, nahiz eta zuzenekoetan moldatu behar izan dudan hori ere.

Bide bat zabaldu duzu Moxalekin. Ikusten duzu bidea egiten jarraitzeko modurik?

Bai, ikusten dut, eta gustatuko litzaidake. Nire musika egiteko modua hori da, egin, eta gainera, pixka bat baino gehiago arriskatu, bestela ez baitut ikasten. Arriskatu beharra dut, bestela ez naiz trebatzen, behar izaten dut gauza berriei ekitea edo jende desberdinarekin aritzea horretarako.

Gaur egun badago horretarako joera zuon artean; musikarien artena kolaboratzea, nahastea, jolastea…

Bai, eta niri pila bat gustatzen zait. Asko ikasten da kolaborazioekin; disko honen kasuan oso emankorra izan da eta erraz joan da oso. Oso gustura geratu naiz.

Euskal musikaren panorama nola ikusten duzu?

Oso ondo. Kalitate handiko taldeak daude eta aniztasun handiko panorama dugula esango nuke. Ibon RG-ren azken diskotik hasita Nizuri Tazunerira bitartean pentsa zer dagoen: denetarik.

Audiencen etapa erabat itxita dago?

Nik ezetz esango nuke!

Nota minorrak

Lehen musika esperientzia: Ez da erraza erantzuten. Entzule/egile bezala? Pentsatzen dut Ikastolan abesten genituen abestiak, baina igual aipatuko nuke kotxean hondartzara bidean nire izekorekin abesten.

Kontzertu ahaztezina: Nick Cave Londresko antzoki batean. Manta Ray Bergarako txosnetan. Howe Gelb Bilboko Kafe Antzokian edo Fugazi Bergarako Jam aretoan. Gutariko Bat eta Dut Elorrioko gaztetxean.

Entzuteko plaza gogokoena: Trinkete Antitxokoa (Gernikan).

Non falta zaizu zuzenean jotzea: Ba leku gehienetan! Baina ezin dut bat-bat zehaztu.

Diskoetxe multinazional bat baletorkizu eskaintza batekin: Buuhh! Imajinaezina egiten zait.

Zer ikasi duzu hauetako bakoitzarekin: Diskoa egiteko bidean lagundu nauten guztiekiko dudan miresmena azaltzen hasiko banintz ez nuke inoiz bukatuko, beraz saiatuko naiz galdera honetan zerbait erantzuten!

Mursego: Ba esango nuke askatasun osoa eta jolasa dela, dibertsioa.

Aitor Etxeberria: Konkrezioa eta minimalismoa, gauza batzuk kentzea batez ere beste batzuen alde egitea dela, beste batzuk aberastea.

Ainara Legardon: Arriskua eta mugalari lana.

Miren Narbaiza: Emozio hutsa da bere ahotsa eta bere kantaera.

Gaizka Insunza: Betiko musika bidaiade izan da eta nolabait laburtzearren esango nuke musika, eta musikarekiko errespetua jaso ditudala berarengandik.


ASTEKARIA
2019ko urriaren 27a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pop
"Jotzen jarraitu nahi baduzu, zaila da industriaren kontra egitea"

Musikaren industriari kritika egin, eta laguntasunaren garrantzia azpimarratu dute Anne Lukin eta Maren musikariek Acostumbrarme kantuaren bidez.


2022-10-23 | Kepa Matxain
Elbis rever
“Pop-a ez da ideia puru bat, errealitate orojale bat baizik”

Hamabost urte bete ditu aurten Elbis Rever taldeak. Tarte horretan 500 abesti baino gehiago, ia 200 kontzertu eta lau elkarrizketa egin dituzte. Taldearen koordenatuak zeintzuk diren iradokitzen du datuak: pop talde bat izateko aspirazioaren eta bazterreko soinu eta jarrera... [+]


2021-06-20 | Julen Azpitarte
Velvet Mafia, 1960ko pop kultura piztu zuen gay komunitatea

Erabat finkatuta ditugu gure iruditeria popzalean 1960ko hamarkadako gizonezko rock taldeen melodia eta erritmoek emakumezko ikus-entzuleengan eragiten zituzten jokabide irrazionalak: intziri basatiak, gorputz-dardara primitiboak, dantza frenetikoak eta sexuaren frenesiak... [+]


Kaskezur
Deserosotasunaren potentzial sortzailea

Lau lagun: baxua, bateria, bi gitarra eta jarrera inpostatuei ihes egiten dieten bi ahots. Eboluzio interesgarria egiten ari da Kaskezur taldea hamarkada honetan. Ihesi doaz animaliak (Mukuru, 2019) da musikari gisa egiten ari diren bilaketaren azken emaitza. Soinu aldetik... [+]


Beñat Goitia, Montauk taldeko kidea
"Buruan genuena diskora eramatea lortu dugu"

Negu-usaina nabari da Gasteizen. Aire hotza, aire freskoa eta, batik bat, aire berria. Montaukek bigarren diskoa argitaratu du, Geruzak. Beñat Goitiak geruza askoz betetako lan hotz eta trinkoa dela dio. Igartzen da, eta badakigu: iritsi da negua.


Eguneraketa berriak daude