"Festibal asko diruaren logikan dabiltza, baina guk musika maite dugu"

  • Datorren urtean beteko ditu hamar urte Usopop jaialdiak. Lagun artean sortu zuten, kalitatezko musika eta tratu humanoa erdigunean jarriz. Urtero saiatu dira gauza berriak probatzen, tokiekin esperimentatzen, baina tamainari eutsiz. Txikia da Usopop eta txiki nahi dutela diote Pantxika Gaicotchea Urricariet eta Joanes Garcia Basurko antolatzaileek. “Zerbait galduko litzateke bestela”. Jaialdiaren historia eta aurrerantzean dituzten erronkak errepasatu ditugu haiekin.

Pantxika Gaicotchea Urricariet eta Joanes Garcia Basurko Usopop jaialdiko antolatzaileak (argazkia: Dani Blanco).
Pantxika Gaicotchea Urricariet eta Joanes Garcia Basurko Usopop jaialdiko antolatzaileak (argazkia: Dani Blanco).

Igande arratsaldea Sarako Santa Katalina kaperan. Bi kontzertu aski desiratu –Orbel eta Maria Arnal & Marcel Bages– falta dira Usopop jaialdia amaitzeko. Bezperan, euria medio, jaialdia tokiz aldatu behar izan zuten antolatzaileek, Lizarrietako berdegunetik Sarako polikiroldegira. Hala eta guztiz ere, ohi duten trebeziaz txukundu zuten aretoa, eta miresmenezko hitzak entzuten ziren bertaratutakoen artean. Lo gutxi egindako aurpegia dakarte batzuek, bezperan gaztetxean luze jo baitzuen gauak. Sartze-mahaian dauden Pantxika Gaicotchea Urricarietek eta Joanes Garcia Basurkok ere ez dute deskantsu handirik hartu izanaren tankerarik. Elkarrizketa egin bitartean, asko hurreratu zaizkie sarrerak gordetzeko eskatuz. “Jorgeren izenean bat”, “lau Amaiaren izenean, mesedez”. Bostak puntuan sarrarazi dute jendea, eta etenaldi baten ostean jarraitu dugu hizketan, hormaz bestalde Orbelen doinu pausatuak entzuten direlarik.

Orain artekoa ikusirik, aurtengoaren zer balorazio egiten duzue?

Pena izan da Lizarrietan egin ezina, Usopopen oinarria mendia delako, baina, gainontzean, aski positiboa. Gaualdi polita igaro genuen, jendea pozik zen, eta guk jendeari begira egiten dugu lan. Euskal Herriko bi aldeetako jende anitz etorri da, eguraldiarengatik agian iaz baino pixka bat gutxiago, baina kantitatea baino garrantzitsuagoa da kalitatea. Etorri da ohiko jendea, jende ona, kontzertuetakoa, eta festa giro ederra izan da. Diru pixka bat galtzen badugu ere, merezi izan du egitea. Hala ere, oraindik bi kontzertu garrantzitsu falta dira, eta, beraz, egingo dugu balorazioa datorren astean, pausaturik, ordu aski lo egin ondoren.

“Euskal Herri guztian barrena horrelako ekimenak antola daitezen nahi genuke. Txikiak, baina ugari, eta giza tamainakoak, gertuko tratua baimentzen dutenak”

Txikia eta kalitatezkoa. Ezaugarri horiek izan ditu jaialdiak hastapenetatik. Zerk bultzatu zintuzten halako zerbait antolatzera?

Jaialdia, funtsean, lagun talde batek sortu zuen. Patxi Dutournier eta gu biok laguntzaile ginen EHZn. Asko ikasi genuen elkarte horretan, baina beste zerbait sortzeko gogoz geunden. Euskal Herrian ez zeuden estetika batzuk topatu genituen kanpoko jaialdi batzuetan. Oroitzen naiz, era berean, Sigur Rós-ekoen DVD batean ikusi genuen bira bat egin zutela Islandian zehar, hango leku naturaletan barna. Ohartu ginen Saran bagenituela leku natural eta historiko ederrak, eta haiek berriz baloratuz, musika ohiko tokietatik atera genezakeela, eta beste zerbait eskaini, familientzat, belaunaldi desberdinentzat... Gaztetxe giroan ibilitako jendea ginen, guraso berri asko tartean, eta kasik eboluzio naturala izan zen halako zerbait antolatzea. Musikari dagokionez ere, ohiko estiloetatik kanpoko apustua egin nahi genuen. Donostian agian aukera asko izango dira, baina Saran ez. Ska, metala edo rocka entzuten zen, baina folka edo popa apenas. Erakutsi nahi genuen hor ere bazela euskal eszena aktibo bat. Euskal Herri guztian barrena horrelako ekimenak antola daitezen nahi genuke. Txikiak, baina ugari, eta giza tamainakoak, gertuko tratua baimentzen dutenak. Makrofestetara joateak nekatzen gaitu.

Erreferentziazko atzerriko jaialdiak aipatu dituzue. Adibide zehatzak aipatzerik bai?

Adibidez, Eskoziako uharte batean egiten den jaialdi txiki bat: Away Game. Edo Ingalaterrako Latitude festibala. End of The Road berak ere, handixeagoa izan arren, xarma gordetzen du. Era horretako jaialdiei begiratzen diegu, txiki-ertainak, zainduak, koherenteak. Eta batez ere: programatzen dutenak. Gero eta jaialdi gehiago daude fotokopiak direnak, kolorerik gabeak. Guri arriskatzea gustatzen zaigu, nahi ditugun taldeak programatzea.

Jaialdi nagusi honetaz gain, urtean zehar ere kontzertuak antolatzen dituzue, garrantzi berezia emanez tokiekin esperimentatzeari. Zergatik?

“Normalean, musika taldeek inguru hauetan jotzeko aukera gutxi izaten dute, eta, hortaz, haiek esfortzu bat egiten dute, eta guk ere bai”

Konfort eremutik ateratzen gaitu tokiekin esperimentatzeak. Zuzenekoak areto ilunetan bizitzera ohituta gaude. Baina zuzenekoak ez dira musika hutsa, lekuek badute arima bat, eta beste zerbait sortzea ahalbidetzen dute. Adibidez, oraintxe gauden kaperan antolatu ditugu jada hiru kontzertu. Beste soinu bat du, beste historia bat –herritarrek sortu zuten 1630ean–, ez da areto bat bezain hotza. Gainera, gustatzen zaigu jendeari leku bereziak ezagutaraztea. Usopop ez da kontzertu sorta bat soilik, esperientzia osoago bat baizik. Jendearen artean harreman berezia sortu nahi dugu, kalitatea eskainiz, horretarako talde gutxiago ekarri behar baditugu ere. Lekuak esperientzia bat sortzen laguntzen du. Halako lekuetan beste gauza batzuk pasatzen dira jendearen buruetatik, beste jarrera batzuk ditugu. Argi dugu talde berberak areto arrunt batean jarriko bagenitu publikoaren erdia ere ez litzatekeela etorriko. Jendearen erdia etortzen da esperientzia bizitzera. Taldeak ez ditu ezagutzen, eta primeran. Badaki tartean topatuko dituela gustukoak, eta une eder bat biziko duela.

Zifrek agintzen dute kulturgintzan. Azken aldian, nabari da kultur ekitaldiak kuantifikatzeko obsesio handi bat. Zuek, aldiz, aipatzen duzue Usopop handitzeak bere mamia galtzea ekarriko lukeela.

Txiki mantentzea hautu bat da, noski. EHZren eredua, adibidez, tarteko zerbait izan da, eta arazoak sortu dizkie ekonomikoki. Jaialdi txikietan hautu azkarragoak egin ditzakegu, ez gaude diruaren menpe, nahi duguna egin dezakegu. Guretzat zifrak ez dira garrantzitsuak. Noski, kontatuko dugu zenbat garagardo eta zenbat sarrera saltzen dugun, baina batez ere harremanei ematen diegu garrantzia, ea jendeak ondo pasatzen duen... Jaialdia handituko bagenu errentagarritasunaren logikan sartuko ginateke, eta hor beti zerbait galtzen da. Festibal asko diruaren logikan dabiltza, baina guk musika maite dugu.

Espezie gutxitua sentitzen zarete?

Badira antzeko filosofiadun festibal batzuk. Ez da berdina, baina hor dago Jazpana adibidez. Edo sortu berri den Kaiola festibala. Gaztetxe mugimenduan ere badira arrunt ekimen interesgarriak. EHZk ere badu ukitu hori. Nahi genuke are gehiago zabaltzea eredu hori. Usopopek balio badu gazte batzuk inspiratzeko, eta haiek noizbait halako zerbait sortzeko –desberdina, beren estilokoa–, gu pozik. Gogoa duen jendea ausartu dadila.

Jaialdi txikia da Usopop, ez duelako handiagoa izatea bilatzen. Masifikazioaren ordez, musikazaleak elkartzea eta giro berezia sortzea lehenesten ditu (argazkia: Usopop).

Erraza al da urteak pasa ahala pasioari eustea?

Noski, tarteka badira estres uneak. Formula bera ez errepikatzeko, saiatzen gara urtero proiektuari berrikuntzaren bat egiten: egun bat gehitzen, agian kentzen, lekuz aldatzen… Duda uneak ere asko izaten dira, ea hautu onak egin ditugun, ea mikroek funtzionatuko duten... Eguraldiarengatik jaialdia Sarako polikiroldegira mugitzea, adibidez, erabaki gogorra izan zen. Gaur goizeko bostetan garbiketa egiterakoan aspertuta ginen, baina gero hona etorri, eta pentsatu dugu: merezi du.

Hain jaialdi txikia izaki, nondik ateratzen dituzue sosak halako mailako taldeak ekartzeko?

“Orain hamargarren urteurrena dator, eta hori eginen dugu, bai ala bai. Gero, ikusiko dugu”

Hasieran, bakoitzak gure sakelatik 200 euro jarri genituen. Lehen urtean uste baino jende gehiago etorri zen, eta nola Saran aski zuhurrak garen –barrez–, diru pixka bat atxikiz eta hurrengo urterako inbertituz hasi ginen. Gerora Euskal Kultur Erakundeak (EKE) lagundu gaitu, pixka bat soilik. Normalean, musika taldeek inguru hauetan jotzeko aukera gutxi izaten dute, eta, hortaz, haiek esfortzu bat egiten dute, eta guk ere bai. Prezio apalago batean agian, baina beti saiatzen gara artistei merezi dutena ordaintzen, eta ahal bezain ondo zaintzen, catering on bat prestatuz, adibidez. Harreman pertsonalek ere garrantzi handia dute: Belakok beren bosgarren kontzertua jo zuen gurean, zin egin ziguten itzuliko zirela, eta arrakasta lortu eta gerora, berriro etorri ziren, prezio merkean. Edo Bigottekin gertatu zitzaiguna... Beasainen ginen, Jazpanan, mozkortu samar, joan ginen pixa egitera eta topatu genuen Bigotteko abeslaria. Festibal bat genuela eta ea etorri nahi zuen bota genion, prezio merke samar batean. Eta hark baietz. Managerraren zenbakia pasa zigun, handik gutxira idatzi genion eta baietz, ez zuela ahantzirik. Eta halaxe etorri zen. Behin hona etorrita, berriz etorri nahi izaten dute, badakitelako zer topatuko duten: arretaz entzungo dituzten benetako musikazaleak.

Jaialdiaren erdigunean jartzen duzue euskara. Ze eragin du horrek Sara bezalako herri batean?

Euskararena, neurri batean, hautu naturala da. Gutako batzuei normala zaigu euskaraz aritzea. Baina bestalde, nahita egiten dugun zerbait ere bada. Hastapenetan, gehiago jotzen genuen itzulpenetara: garagardoa / bière, eta abar. Orain ez dugu itzulpenik egiten. Alemaniara joaten bazara, alemanez garagardoa nola eskatzen den ikasi beharko duzu. Hemen berdin. Sara herri euskalduna da, baina euskaldun pasiboa. Garai bateko jende guztiak badaki euskaraz, baina askok ez dute transmititu. Hala ere, gazte gehienek ere badakite euskaraz zer edo zer, eguneroko ohiturak aldatzea falta zaie. Saratarrek natural bizi dute euskara hutsezko afixak ikustea. Halakoa da Iparraldeko egoera. Jendeak beharbada ez du euskara asko erabiliko, baina normala zaio gauzak euskaraz ikustea. Hala da eta kito. Ez dute inposaketa bezala bizi.

Nolakoa izaten da festibalaren biharamuna? Ze erronka datozkizue orain?

Gogoetatzen ari gara jarraitu ala ez. Urtero zalantza bera izaten dugu. Orain hamargarren urteurrena dator, eta hori eginen dugu, bai ala bai. Gero, ikusiko dugu. Gustatzen zaizkigu Astra bezalako proiektuak, edo Oñatiko Eltzia bezalakoak... sozialki azkartzen dute kulturgintza. Beharbada zerbait desberdina egiten hasiko gara noizbait, baina beti kultur arloan. Izan Usopop edo izan beste edozer, ez gaude geldirik egoteko.


ASTEKARIA
2018ko ekainaren 24a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Usopop
Gela bat denondako

Larhun gailurrean, etxean, hartu dituzte Itziar, Dani eta Xanek hamaika musikari. Helburu argi batekin elkartu ziren bakarlari eta talde diferenteetako kideak: urriaren 30ean emanaldi bateratu bat eskainiko zuten Sarako Lur Berri aretoan, Mapa Galduak festibalari itxiera emanen... [+]


2019-01-24 | Iñigo Igartua
Usopop jaialdiaren hamargarren edizioa maiatzaren 25ean eta 26an ospatuko dute Saran

Anari, Asile Club, Efrim Manuel Menuck, Joseba Irazoki eta Lagunak, Lisabö, Lysistrata, Lankum, Madeleine eta This is the Kit musikariek hartuko dute parten jaialdian.


2018-05-25 | Erran .eus
Usopop Festibala maiatzaren 26an eta 27an eginen dute Saran

Lagunarteko ekimen bat izateko asmoz sortu zen jaialdia, dagoeneko maiatzeko azken asteburuko hitzordu finkoa bilakatu da. Hala, aurten bederatzigarren aldiz, maiatzaren 26an eta 27an Usopop Festibala eginen da. 


2017-06-04 | Kepa Matxain
Jende apasionatua gauza ederrak egiten

Usopop Festibalaren kronika. Maiatzaren 27an, Saran. Taldeak: Totorro, Laish, Bigott, Petit Fantôme, Paxkal Irigoyen & Kontsumo Orkestra, Howdy SS.


2016-05-23 | Entzun!
Badator Usopop 2016: nor da nor aurtengo kartelean?

Hemen da Usopop festibalaren zazpigarren edizioa. Larunbat honetan (maiatzak 28) eginen da Saran, Lizarrieta mendian.


Eguneraketa berriak daude