Andoni Tolosa 'Morau'

"Diskoa zabaltzean ikusi dut jende askok duela beharra zaintza lanetan bizitakoak partekatzeko"

  • Amaren alzheimerra zela-eta, goizero harekin ibilaldia egiten hasi zen Andoni Tolosa ‘Morau’ kantagile hernaniarra. Saio bakoitzean argazkia egin eta Egunsentiak alperrentzat izenarekin sarean zabaltzea erabaki zuen gero. Izen bera eman dio ama zaintzen bizi eta ikasitakoak kontatuz osatu duen diskoari. Bere lanik intimistena egiten ari zelakoan, inoiz baino disko sozial eta unibertsalagoa geratu zaio.

Lander Arretxea @larretxea
2018ko maiatzaren 20a
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Argazki sorta batek ematen dio izena diskoari. Asko izan ginen argazki horiei begira zein berandu esnatzen garen ohartu ginenak…

Bageneramatzan urte batzuk amak eta biok paseatzen. Elkartzen ginen 7:30ean, Santa Barbara igotzeko, beti bide berbera errepikatuz. Facebooken orduantxe sortu nuen kontua, mugikor berria ere banuen, eta hasi nintzen argazkiak ateratzen. Kristoren egunsentiak ikusten genituen eta pentsatu nuen ideia ona zela beranduago esnatzen zirenei egunsentia erakustea. Horregatik Egunsentiak alperrentzat izena. Denborarekin bihurtu zen joko bat, zerbait esanguratsua niretzat eta amarentzat, nolabait arintzen zuena egiten ari ginena.

Noiz bihurtu ziren argazki horiek disko batentzako aitzaki?

“Sekulako oihartzuna
lortu dut proiektu honekin, eta horretan badu zeresana gaiak, baina baita gizonezkoa izateak ere. Zaintzaren gaia publiko egin da gizonezkoak ukitu gaituenean. Hor badago genero-irakurketa bat”

Hasieran dena zen beldurra, ezin ohitzea… Bat-batean ardura berri asko nituen, egoera ez zen batere garbia… Argazkiak ateratzen hasi nintzenerako pixka bat buelta emana nion horri. Argazkiekin txip aldaketa egin eta pentsatu nuen bizitzen ari nintzenak merezi zuela jasotzea, nolabaiteko lekukotasunak hartzea. Esaldi batzuk idatzi nituen, zirriborroak… Eta gero horiek izan dira diskoaren oinarria.

Abesti zerrendak zure amaren gaixotasunaren kronika osatzen du, orden kronologikoa ere jarraituz.

Ziur asko hauxe izango da nire diskorik literarioena, bai. Zuzenekoetan kasik badu nobela txiki baten antza. Hartu nuenez lekukotasunak jasotzeko lana, material asko pilatu nuen. Material hori ordenatu nuen idatzi bezala, oinarrizko ideia idatzi nuen garaiaren arabera, eta gero abestiak egin. Ibilbide kronologiko bat erakusten dute, hainbat urtetakoa.

Argazkiek askotan erakusten digute errealitatea dena baino ederragoa. Kasu honetan, abestiek zuk bizitako hori edertuta erakusten dute?

Saiatu naiz ahalik eta efektu eta edergarri gutxien sartzen, bizi bezala kontatzen. Beti dago elaborazio bat, hala ere. Niretzat oso urte mamitsuak izan dira, asko ikasi dut, asko eragin diot buruari… Eta nahi edo ez, horrek badu eragina. Denborarekin gauzak beste modu batera ikusten dituzu; baina saiatu naiz hasierako zirriborro edo ideia horien mamia mantentzen.

Gaitzari larritasunik kendu gabe, horri heltzeko ahots berezi bat aurkitu duzu. Ez nuke esango atsegina, baina bai, nolabait goxoa, gertukoa.

Erraza da minetik eta epikatik kontatzeko tentazioan erortzea, baina jendeak eskertu dit hori ez egin izana. Irakurri nituen Miguel Gallardoren bi komiki, Maria eta biok eta Mariak 20 urte bete ditu, eta izugarri gustatu zitzaizkidan. Marrazkilariak bere alaba autistarekin bizi duena kontatzen du, den dramatikoan, baina den errealean, den gozoan une batzuetan, den barregarrian beste batzuetan… Hori irakurri nuenean pentsatu nuen nik ere tonu bertsuan nahi nuela kontatu amarekin bizitakoa. Nire estiloa, dena den, beti izan da hori: xamurtasuna, gertutasuna, egunerokotasunaren xehetasunekiko arreta… Disko honetan, horrek guztiak bat egiten du.

Gizonezko bat zaintzen, eta zaintzaz. Ez da ohikoena. Presente izan duzun zerbait da?

“Daukadan oihartzun txikiarekin askatasun osoa dut nahi dudana egiteko”

Egia esan, hasieran ez. Baina goiz batean aita eta amari gosaltzen eman eta gero lanera nahiko pozik nindoala, pentsatu nuen: “Nora hoa hi, munduko emakumeen %85ak egin dik gauza bera, eta inork ez die estimatuko, ez eskertuko, ez ezer”. Sekulako oihartzuna lortu dut proiektu honekin, eta horretan badu zeresana gaiak, baina baita gizonezkoa izateak ere. Zaintzaren gaia publiko egin da gizonezkoak ukitu gaituenean. Nahi edo ez hor badago genero-irakurketa bat. Baina kasu honetan, rola aldatzearena ez da bilatu dudan zerbait izan. Norbaitek egin behar zuen zaintza lan hori eta niri tokatu zitzaidan. Eta kantak egiten ditudanez, kantetara eraman dut gero bizitako hori.

Behe-lainoa (noraeza) kantan irudi txikiekin adierazi dituzu sentimendu handiak: puzzle arraro bat, lorategi ospela, bazterreko botikin hutsa…

Aspaldi galdu nion gustua operari eta epikari. Baina amarekin ikasi nuen begirada oraindik gehiago zorrozten. Gure amak begirada fokalizatu egin zuen Alzheimerrarekin. Berarekin paseatzea zen ikustea txingurriak, paper bat han botata… Hori zen bere mundua. Horrelako gauza txikiak, niri behintzat, tresna oso baliagarriak izan zaizkit gaiaz hitz egiteko. Bestela kontatu ezingo nituzkeenak kontatu ditut horrela.

Argazkia: Dani Blanco.

Irakurgaiak kantak ere oso irudi garbi batekin uzten gaitu. Zure ama oso modu zuzenean aipatzen duzu kanta horretan.

Gure ama bide guztian burua makurtuta ibiltzen zen, eta Zinko-Enean altxatzen zuen burua. Han pankartak jartzen hasi ziren duela lauzpabost urte, eta hasten zen pankartak irakurtzen. Berriz makurtzen zuen, jarraitzen zuen aurrera, eta autobus bat gurutzatuz gero, berriro igotzen zuen bertakoa irakurtzeko… Izugarria iruditu zitzaidan irudi hori, frogatzen zuelako gauzak ahaztu arren bazuela oraindik ikasteko gogoa.

Inoizko diskorik intimoena egin duzu, baina aldi berean, oso soziala den gai baten bueltakoa. Lehenago edo beranduago, denok ukitzen gaitu.

“Nire sormena ez da kantetan bukatzen,
diskoa musika baino gehiago da: bada objektua, baina bada baita ere zerbait kontatu beharrekoa,
eta horretarako erabili ditut interesatzen zitzaizkidan eta eskura nituen kanal guztiak”

Hori ezuste handia izan da. Nik buruan nuena zen oso disko intimista egiten ari nintzela. Gero konturatu naiz, diskoa kaleratu ondoren eta emanaldiekin hasita, jende askok duela gogoa eta beharra halako esperientziak partekatzeko. Zaintza bada azpikontratatzen dugun maitasun mota hori. Bihurtzen da gure bizimoduan halako torpedo bat dena hausten diguna: ez gara iristen, ez dugu denborarik… Horren aurrean jarrera ezberdinak daude, eta nik horrela egin diot aurre. Jende askok esan dit, diskoak kontatzen dituen pauso guztiak, banan-banan, bizi dituela berak. Norbaiti lagundu badio, ez da gutxi.

Gustatu zait Bi argazki abestian irudimenaz eta oroimenaz hitz egiteko modua. Nola egiazkotasuna hain garrantzitsua ere ez den.

Oroimena azken urteetan asko aipatzen dugun hitza da, zer esanik ez hemen. Baina konturatzen zara, azken batean memoria ez dela pentsatzen dugun bezain zientifikoa eta zalantza ezina. Amarekin argi ikusi dut hori. Memoriari hainbeste garrantzi eman beharrean, uste dut arazoa sortzen dela oroimen berriak sortzeko gaitasuna ez dugunean. Bi lagun joaten bagara mendira eta zerbait gertatzen bazaigu, ziur handik bi astera bi bertsio oso desberdin ditugula. Memoria bakar bat ez dago. Alzheimerra esaten dizutenean beldur nagusietako bat da: noiz ez nau ezagutuko? Baina gogorrena hori da, irudimena eta oroitzapen berriak sortzeko gaitasuna galtzea.

Disko hau bakarrik egin duzu, Beñardo Goietxek ohi baina gutxiago lagunduta. Hala eskatzen zuen proiektuak?

Oso gordina da horrela esatea, baina gure amaren zaintza prozesua amaitu arte ez nuen denborarik honekin jartzeko. Behin bukatuta, aprobetxatu dut Beñardo Mugaldekoak-ekin zebilela, hau bakarrik egiteko. Hala ere, Beñardo oso presente dago diskoan. Sekulako ahotsak gehitu dizkio, eta proiektu guztian egon da laguntzaile eta aholkulari bezala. Uste dut, hala ere, erabaki zuzena izan zela bakarrik egitea, horrek sekulako askatasuna eta lasaitasuna eman dizkit.

Gero eta gehiago azpimarratzen da eraldatzeko gaitasuna ez dagoela mezuetan, egiteko moduan baizik. Zuk zeuk prozesuari eta moduari garrantzia handia ematen diozu.

“Memoriari hainbeste garrantzi eman beharrean, uste dut arazoa sortzen dela oroimen berriak sortzeko gaitasunik
ez dugunean.
Hori da gogorrena”

Hori erabaki kontzientea da. Musikariok hartzen ditugun erabaki txiki askoren atzean badago ideologikoa den zerbait: Creative Commons lizentziapean zabaltzea, sarean deskargatzeko aukera jartzea, disko fisikoak eskuz eta auzolanean egitea… Ez da estetika hutsa. Esan eta aldarrikatzen dugun hori nolabait sostengatu behar dugu. Uste dut hori dela modu onena kantariak gure komunitate eta inguruan itzala eta eragina izateko.

Zer leku du Morauk euskal kantagintzan? Galdera hori egin omen zenion zure buruari…

Batetik, konturatu nintzen egiten dudan guztiarekin gozatu behar dudala, emaitzaren zain egon gabe. Zeren agian, ez da emaitzarik izango. Eta bestetik daukadan oihartzun txikiarekin askatasun osoa dudala nahi dudana egiteko. Ez dudala egon behar musikarien baldintza komertzialen menpe, ezta baldintza politiko edo bitalen menpe ere. Nahi dudana egin dezaket, eta hori zorte handia da. Hausnarketa horietatik sortu zen Arrainentzako himnoak, eta bide beretik egin dut oraingo hau ere. Interesatzen zaidan jendeari eta interesatzen zaidan giroetan eragiteko asmoarekin.

Adinkide dituzun musikari askok diote oso neketsua egiten zaiela sarearen etengabeko komunikazio eta promozio lana. Zuk aldiz, naturaltasunez egiten duzu lan hori.

Niretzat tresna izugarria izan da internet, bere zabalean. Musikari minoritario batentzat, oso eraginkorrak dira sareak. Niri, batez ere blogak lagundu dit. Ez naiz gai nobela bat idazteko, baina blog sarrerekin gauza asko konta ditzaket. Nire sormena ez da kantetan bukatzen, tartean sortzen dira zer kontatu gehiago, eta bloga da horrentzako tokia. Kasu honetan, diskoa musika baino gehiago da: bada objektua, baina bada baita ere zerbait kontatu beharrekoa, eta hori kontatzeko erabili ditut interesatzen zitzaizkidan eta eskura nituen kanal guztiak.

Zuzeneko batzuk eman dituzu dagoeneko. Zaila da hain kontakizun pertsonala taula gainean defendatzea?

Erronka handi xamarra izan da. Nire apustua da diskoa dagoen bezala jotzea, nobela bat edo pelikula bat balitz bezala, historia osoa kontatuz. Horrek oso zaurgarri egiten nau, eta ez nago ohituta. Nire ingurune naturala taberna da, eta baditut nire tresnak, baina hau kontatuz, ez da erraza gaueko hamabietan garagardo bat hartzen ari denaren interesa piztea. Hala ere, jo dut pare bat tabernatan, eta oso esperientzia politak izan dira. Badago jende bat ni entzutera etorri dena gaia hau delako, eta horrek ere asko errazten dit lana. Gero etortzen zaizkit eskertzera, haien historia kontatzera…

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Andoni Tolosa 'Morau'  |  Hernani  |  Adinekoen zaintza  |  Pop

Andoni Tolosa 'Morau' kanaletik interesatuko zaizu...
Bada sekula epeltzen ez den kafe bat

Kafea eta Galletak. Noiz: martxoaren 14a. Non: Astra, Gernika. Musikariak: Morau eta Beñardo.


2014-12-07 | Lander Arretxea
Morau eta Be˝ardo
"Himno handien garaia da, baina pertsonen istorioak gehiago interesatzen zaizkigu"

Bi urtez Arrainentzako himnoak sortzeko abenturak kontatu ditu Morauk, izen bereko blogean. Lagunen ekarpenak aintzat hartuta, eta hamaika bertsioren ondoren, Beñardorekin batu eta disko batean bildu ditu 16 kantu. Solasaldian, diskoan bezala, Morauk jarri ditu hezurdura eta hitzak, eta Beñardok izan du konponketak egiteko ardura.


2013-09-01 | Lander Arretxea
Morauren arrainontzi musikala betetzen ari da

Duela sei hilabete ekin zion Andoni Tolosa Morauk disko berri bat osatzeko sortze prozesuari. Ez edonola ordea: pausoz pauso, inspirazioaren fruituak lagun eta jarraitzaileekin elkarbanatzen dihardu horretarako prestatutako webgunean. Hamasei abestiren zirriborroa osatu ostean, amaitutzat eman berri du Arrainentzako Himnoak proiektuko lehenengo fasea.


Andoni Tolosa 'Morau':
"Ironiak samurtasuna babesteko balio du"
Kalamidade handi eta txikiei abestu die Andoni Tolosa Morauk Agotak taldearekin batera argitaratu duen Kalamidadiak disko berrian (Gaztelupeko Hotsak). Hamabi kantu inteligente dira, algara baino irribarre txikia eragiten dutenak.

ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude