“Euskal enpresa transnazionalen inpaktuen aurrean kontrol gune bat sortu nahi dugu”

  • Transnazionalen eta giza eskubideen euskal zentroa sortzea proposatu du Euskal Herriak Kapitalari Planto! plataformak. Atxikimenduak bilatzen ari dira lege proposamena izateko bidean. Zentroaren beharraz eta nondik-norakoez luze jardun du Júlia Martí Comasek (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1989), garapen ikasketetan doktore eta Latinoamerikan dauden Multinazionalen Behatokiko (OMAL) ikertzaileak.

"Euskal enpresak desberdinak direla eta giza eskubideak errespetatzen dituztela aditzera eman nahi diguten arren, hori ez da horrela". / Argazkiak: Hodei Torres.

Zertaz ari gara enpresa multinazionalek giza eskubideak urratzen dituztela diogunean?

Praktika sistematiko batez ari gara. Era guztietako eskubideen urratzeak ematen dira: zibilak, politikoak, ekonomikoak eta kulturalak, baita emakumeen aurkakoak ere, lan alorretakoak... Inpunitate osoz jarduten dute enpresa horiek beste herrialde batzuetan proiektu erraldoiak ezartzeko orduan. Lurraren defendatzaileen hilketez ari gara, ibaien eta ingurumenaren kutsaduraz, komunitate osoak beraien lurraldeetatik joatera behartzeaz…

Enpresen jarduna kontrolatzeko ez dago inongo tresnarik?

Ez, ez dago inolako mekanismo juridikorik ez enpresa transnazionalen inpaktuak kontrolatzeko ezta zigortzeko ere. Giza eskubideak betearazi ditzaten hainbat saiakera izan dira Europar Batasunaren baitan, baina ez dira kontuan hartu. Katalunian mugarri bat lortu dute; transnazionalen eta giza eskubideen zentroa sortzeko lege proiektua eztabaidatzen hasiko dira aurki Parlamentuan; bide berdina jarraitu nahi dugu guk.

Enpresen inpunitatearen dimentsioa irudikatzeko, beharrezkoa da jakitea estatuak auzitara eraman ditzaketela auzitegi pribatuen bidez.

Asimetria itzela da. Enpresa transnazionalek estatuak auzitara eraman ditzakete eta milioiak ordainarazi, baina ez alderantziz, giza eskubideak urratzeagatik. Ez dago balantza hori orekatzeko modurik. Enpresa handien interesak babesten dituen nazioarteko araubide juridikoa baitago, justizia pribatizatu moduko bat, merkataritza-itunetan oinarrituta.

Zertarako dira orduan Enpresaren Gizarte Erantzukizuna eta berriki sortu den arreta egokia kontzeptua?

Inolako kontrolik gabeko borondatezko printzipioak dira, enpresek beraien burua erregulatu dezaten. Enpresen Gizarte Erantzukizuna transnazionalen aurpegia garbitzeko saiakera bat izan zen 70eko eta 80ko hamarkadetan. Ezertarako balio izan ez duela egiaztatu da honezkero. Gauza bera gertatzen da orain arreta egokia lege-proposamenarekin; jardueren ondorioz azterketa-txostenak izatera baino ez dituelako behartzen. Beti egongo dira txosten horiek onartuko dituzten aholkulari “lagunak”. Giza eskubideak betearaztea exijitu behar zaie, ez beraien borondatez egitea.

Zein izango litzateke orduan enpresa transnazionalen eta giza eskubideen euskal zentroaren zeregina?

Euskal enpresa transnazionalen inpaktuen aurrean kontrol gune bat sortu nahi dugu. Ikuskaritzarako organismo publiko independentea eratzea da proposamena. Nortasun juridiko propioa izango luke, salaketak jasotzeko eta aztertzeko. Eginkizunen artean egongo lirateke kontuak eskatzea, ikuskapen publikoak egitea eta giza eskubideei buruzko nazioarteko araudia betetzen ez duten enpresentzat zigorrak proposatzea. Besteak beste, administrazio publikoek enpresa horiek ez kontratatzea edo bertan ez inbertitzea ahalbidetu dezake zentroak. Beste ate batzuk zabalduko lituzke, gainera; sektoreen publifikazioa edo munizipalizazioa, ekonomia solidarioa babesteko politikak…

Bien bitartean, geroz eta aurrekontu handiagoak bideratzen dira euskal enpresak nazioartekotzeko.

Euskal enpresak desberdinak direla eta giza eskubideak errespetatzen dituztela aditzera eman nahi diguten arren, hori ez da horrela. Iberdrola, CAF, Petronor, Gestamp… zerrenda luzea egin dezakegu horien inpaktuei buruz Mexiko, Peru, Palestina… bezalako herrialdeetan. Horietako asko euskal fiskalitateaz baliatzen dira. Beste batzuetan, Eusko Jaurlaritza akzioduna da. Administrazio publikoak kontratatzen ditu gehienak. Ongizatearen gainetik lehenesten ari dira enpresa handien irabaziak, eta alfonbra gorria jartzen zaie nazioartera joan daitezen, giza eskubideak kontuan hartu gabe.

Atzerriko multinazionalek gurean ere sortzen dituzte ondorioak…

Txanponaren beste aldea da hori. Amazon bezalako ekonomia digitaleko erraldoiak ari dira gurera etortzen, gure espazioa eta industria- eta merkataritza-sektorea bereganatuz, besteak beste, lan eskubideak urratzen dituzten bitartean. EH Kapitalari Planto!-k proposatzen duen zentro honek aldebiko zeregina izango luke, eta ondorio hauen aurrean ere erantzunak emateko gai izatea da helburua.

Zein punturainoko eragina izan dezake zentroak?

Partxe konkretu bat baino ez da. Baina, era berean, bada modu bat adierazteko nahikoa dela eta neurri zehatzak hartzeko ordua dela, dagoeneko ez dugula onartzen euskal administrazioen jarrera. Giza eskubideen defendatzaileak babesteko programak martxan dituzte, nazioarteko lankidetza sendoa… baina horrek guztiak ez du ezertarako balio prebentzioa lantzen ez bada. Jardueren kontrola posiblea da, borondate politikoa baldin badago.

Botere korporatiboari planto

“Urteak daramatzat enpresa transnazionalen inpaktuak aztertzen eta ezagutzera ematen. Tesia argia da: sistematikoki urratzen dituzte giza eskubideak. Enpresa horien jatorrizko herrialdeen eta ondorioak pairatzen dituztenen artean zubiak eraikitzeko beharra premiazkoa da; erresistentziak posible direlako, batez ere, ikuspegi ekofeministatik heltzen bazaio aferari. Ingurumen kalteak ez ezik, emakumeak direlako botere korporatiboaren ondorioak jasaten dituztenak”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Enpresa transnazionalak
2024-04-12 | ARGIA
Espainiako Estatuan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamar enpresen artean: Repsol, Iberdrola eta ArcelorMittal

2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.


2024-03-14 | Gedar
Mercadonak %40 areagotu ditu irabaziak, eta %30 Inditexek

Marka historikoak hautsi dituzte bi enpresek 2023an: Mercadonak lehen aldiz lortu du 1.000 milioi euroko irabaziak gainditzea.


Iberdrolak 4.803 milioiko irabazi garbia izan zuen 2023an

% 10,7ko igoera izan du aurreko ekitaldiaren aldean; iaz, 4.339 milioiko errekorra lortu zuen. Hala ere, Ignacio Sanchez Galan presidenteak irabazi elektrikoen kargaren aurka egin du.


Repsol, demonioak hemen eta han

Davoseko talaimendi distiratsu eta zuritik hitz egin digu Repsoleko sheriffaren ahotsak, denok entenditzeko moduan: “We have to broaden our mind”. Alegia, mentalitatea zabaldu behar dugula, ezin dugula pentsatu erregai fosilik gabe bizi gaitezkeenik. Ze uste zenuten... [+]


Repsol, demonioak hemen eta han

Davoseko talaimendi distiratsu eta zuritik hitz egin digu Repsoleko sheriffaren ahotsak, denok entenditzeko moduan: “We have to broaden our mind”. Alegia, mentalitatea zabaldu behar dugula, ezin dugula pentsatu erregai fosilik gabe bizi gaitezkeenik. Ze uste zenuten... [+]


Eguneraketa berriak daude