Faxismoa berdetu eta ekologia ikuspegi faxistarekin aztertzen duen gaitza dugu ekofaxismoa

  • Écofascismes (“Ekofaxismoak”) liburua argitaratu berri dela, ekologia eta faxismoa uztartzen dituen ekofaxismoari so egiteko tartea hartu dugu, ideologia horrek dakartzan arriskuez kontziente. “Ekologiaren faxistatzea” eta “faxismoaren ekologizatzea” identifikatzen ditu liburuaren idazle den Antoine Dubiau antifaxista eta ekologistak: elkar elikatzen diren bi helburu juntatzen ditu ekofaxismoak. Klima larrialdia okertuz doala, ekologia ezkerretik eta justizia soziala helburutzat harturik eramandako borroka dela ohartarazteko betebeharra badugu. Eskuin muturra geroz eta gehiago delako diskurtsoa berdetik eta berdearentzat bideratzen ari.

Klima larrialdia saihetsezina bihurtzen ari zaigun honetan eta krisi sozioekonomikoaren erdian geroz eta gehiagok itxaropena –edo hobeki erran, desesperazioa– eskuin muturrean kokatzen duten honetan, ezinbestekoa zaigu ekofaxismoari hurbilagotik begiratzea. Ingurumenaren babesaren izenean eta krisi klimatikotik ateratzeko helburuz, faxismoak dakartzan ideia autoritario, nazionalista eta xenofoboen multzoa eta sentsibilitate ekologista batzean datza ekofaxismoa.

Antoine Dubiau zientzia sozialetan dabilen ikerlariak Écofascismes [ekofaxismoak] liburua atera berri du eta dioenaz, ideologia bat da, oraingoz mugimendu gisa estrukturatua ez dena. Baina kasu, krisi ekologikoa gogortu arau, badago egituratzeko arriskua –eta hobe okerrena irudikatu, gehiegi garatua ez deno bidea mozteko beharra betetzeko gisan–. Badaude pentsaera faxista oinarri, komunitateetan antolaturik eta jendartetik kanpo bizi diren bakar batzuk, baina orokorrean eta oraingoz, eskuin muturrean kokatzen direnak kontsumo jendartearen logikan dabiltza. Hala ere, ezin aipatu gabe utzi 2019an Zeelanda Berriko Christchurch hiriko meskitan gertatu hilketa, hiltzaileak bere burua ekofaxistatzat definitu zuelako. Ondokoa irakurri zitekeen aurretik publiko egindako irakurketan: “Klima larrialdia eta immigrazioa arazo beraren bi aldeak dira”. Urte berean AEBetako Texaseko El Paso hirian burutu hilketakoak ere azalpen ekofaxista zabaldu zuen.

Ekofaxismoari bi adar ikusten dizkio Dubiauk: “Ekologiaren faxistatzea” eta “faxismoaren ekologizatzea”. “Kontzeptu ekologista batzuen anbiguotasunaren ondorioa dugu ekologiaren faxistatzea, eskuin muturra ekologiarekin juntatzeko aukera elikatzen dutelako interpretazio batzuek. Ikuspegi ideologikoan, eskuin muturrak ekologia-arazoa bereganatzean datza faxismoaren ekologizazioa”. Zehazten duenari segi, faxismoaren ekologizazioa ideologia xenofobo autoritario horren baitako adar bat da, eta antifaxismotik borrokatu daiteke. “Gelditzen diren lur bizigarri bakanak lortzea eta babestea da ekofaxismoaren zeregina, baita lurralde pairaezinetatik ihesi datozen etorkinen aurka borrokatzea ere”, dio Jérôme Jadin politologo eta irakasleak. Irakurketa bera egiten du Dominique Bourg filosofoak ere: “Badu hamarkadak gainbehera fantasmatzen dabiltzala. Iruditegia berretsi besterik ez die egiten klima aldaketak. Apokalipsian duten sinesmena elikatzen die, inbasioaren eta [arraza zuriaren] desagertzearen beldurrak puztuz”.

Ekologiaren faxistatzea oztopatzeko bidean, nozio eta ideia batzuen azalpena ezinbestekotzat dauka Dubiauk. Demagun desazkundearena –jakinda sistema kapitalistak irauteko hazkundea ezinbestekoa duela, logika honi buelta eman eta kontsumoa eta ekoizpenak ttipitzeko ikuspegia– edota kolapsologiarena –irakurketa honek dio zibilizazio industrialaren bukaera saihetsezina daukagula eta hondamendia badatorrela–. Bi nozio horietan oinarritzen diren irakurketa faxistak biderkatuz doaz azken urteetan: “Badira, ekologista ‘tradizionaletan’ erakargarritasun naturalak tokian tokiko antolaketarentzat eta desazkundearentzat, eta horiei lotuak izan daitezke mundu ikuskera batzuk ezkertiarrontzat irudika ezinak direnak”, Dubiauren hitzetan. Hots, ekologia instrumentalizatzen ari da eskuin muturra, diskurtso xenofoboa osatzeko. Nola? “Ekosistemaren baitan nazioaren ekosistema da babestu beharreko lehena”, Fascisme fossile (“fosil-faxismoa” liburuaren aurkezpen batean irakurri daitekeenari segi. Survivalismoaren jarraitzaile anitzek dute ikuspegi ekofaxista.

Funtsean, krisi sozioekonomikoaren testuinguruan eskuin muturrak ezkerrari hartu dezakeen irakurketa politikoarekin gauza bera gertatzen ari da. Frantziako presidentzialetarako hauteskundeetan Marine Le Penek Jean-Luc Melenchonen hitzak hartu eta bozkatzaileak bereganatu nahi izana dugu azken adibiderik argiena.

Ideia zaharrak, testuinguru berrian

Reporterre-n Du XIXe siècle à Zemmour, l’écofascisme contamine le débat politique [“XIX. mendetik Zemmour-eraino, ekofaxismoak eztabaida politikoa kutsatzen du”] artikulua interesgarria da klima larrialdia ongarri ukanen duen ekofaxismoaren jatorriak ulertzeko.

Hasteko, ez da azken urteetako korronte bat eta XIX. mendean dauzka sustraiak; Thomas Malthus ekonomistaren gogoetan, besteak beste –jaiotzen kontrola gomendatzen zuen, batez ere langileen artean, baita behardunentzako laguntzen bukaera ere, “espezie humanoaren desagertze goiztiarra saihesteko”. Volkisch mugimenduan ere kokatzen dira ekofaxismoaren sustraiak, Paul Guillibert historialariak azaltzen duenez. Ingurumena eta nazionalismo xenofoboa uztartzen zituen Alemaniako mugimendua izan zen, nazismoak ere sustrai batzuk bertan dauzkala. “1815etik aurrera basoen eta lurzoruen epe laburreko ustiatzearen kontra zeuden, eta, aldi berean, teuton herriaren arraza-garbitasuna laudatzen zuten, haien ustez juduek eta eslavoek inbaditurikoa zena. Lurraren maitasuna antisemitismoarekin lotzen zen eta naturaren mistizismoa populismo etnozentrikoarekin”, irakurri daiteke artikuluan. “Ekologia” terminoa proposatu zuen Ernst Haeckel zientzialaria ere egon zen Volkisch mugimenduan. Garaian jada, industrializazioari, sistema kapitalistari eta urbanizazioari egindako kritikak barnebiltzen zituen ikuspegi ekofaxistak, nabarmena zelako logika horiek zekarten naturaren kaltetzea. “Faxismoaren sustraiak sakonki errotzen dira XIX. mendeko pentsamendu ekologistan”, Guillibertek dioenaz. Nazismoaren baitan ere garatu zen “adar berdea”, hainbat aldaketa ekologista ekarriko zituena. Ekologia sustraitzearen ideiarekin lotuta zegoen historikoki, Blut und Boden (“odola eta lurzorua”) kontsignaren alde egiten zuten, “muga naturalek mugatutako lurralde batean arraza-komunitate homogeneo bat definitzea helburu zuena”.

Nazismoaren bukaerak ez zuen pentsaera ekofaxista horren bukaera ekarri, eta denboran aitzinatu arau, garatzen segitu du. Ezkerraren eta ekologiaren arteko lotura gezurtatzea eta ezkerrak arlo horretan daukan hegemonia suntsitzea dute helburuen artean. Tartean dugu adibidez, 1995ean Henry Coston naziak argitaraturiko Non! L´écologie n´est pas de gauche (“Ez! Ekologia ez da ezkerrekoa”) idatzia. Ingurumenaren aldeko borroka eramaten duten eskuin muturreko kideen zerrenda luze bezain beldurgarria topatu daiteke Reporterre-n artikuluan.

“Ideologikoki gauzak argitzeko lan handia daukate ekologistek, eskuin muturreko talde batzuen partetik haien borroken berreskurapena saihestu nahi badute –dio Dubiauk Perspectives printanières blogean–, oso serio hartu beharreko mehatxua da. Gaur egun ekologiaz, naturaz edo demografiaz hitz egiteko daukagun modua ikuspegi faxistarekin uztartu dezakete. Harrapaketa-saiakera oro saihestu beharra daukagu”.

Ezkerra ez badabil plazan aterabide proposatzaile, jakina da krisi sozioekonomikoen garaian eskuin muturra indartzen dela. Krisi klimatikoa hasi besterik ez da egin, eta oraingoz eztia eta bizigarria dugu. Astia duguno egin beharreko ariketa da Dubiauk gomendaturikoa: ekologismoa ezkerretik eraikitzen dela argi utzi. Bortiztuz joanen den krisi horretan ezkerretik eraiki beharko dira ideiak eta aterabideak. Eskuin muturra hor izanen delako klimak eta sistemak kaltetuak xarmatzeko jukutrian tinko. Eta krisia ez delako berdin biziko, eskuin muturraren giroan edo ezkerrak oinarri duen justizia sozialaren izpirituan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Faxismoa
2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Erorikoen monumentua eraistea eskatu dute Iruñean

Memoria historikoaren aldeko hemeretzi eragilek bat egin dute, Askatasunaren Plazako eraikina eraisteko eskatzeko. “Ezinezkoa da frankismoaren monumentu honi nortasun berri bat ematea”, azaldu dute.


2024-02-09 | Gedar
Isuna jarri diote Barakaldoko lagun bati, faxista bati aurre egitea egotzita

Iazko uztailean eraso zion faxista talde batek, labanaz. Orain, erasotua izan zen pertsona horri jarri diote 600 euroko isuna, faxistetako bati aurre egitea leporatuta.


Manifestazio jendetsu batekin oroitu dute Aitor Zabaleta

Ehunka lagun elkartu ziren ostiralean Aitor Zabaletaren omenez Bultzadak eta bestelako talde antifaxistek antolatu zuten manifestazioan. 25 urte bete berri dira ultraeskuindar batek Aitor Zabaleta realzalea hil zuenetik, eta hura gogoan, 19:00etan Bulebarretik abiatu zen... [+]


Eguneraketa berriak daude