"Ni ez naiz gordeko ezta ixilduko ere"

  • 18/98 makrosumarioan atxilotu eta torturatu zutenetik 23 urtera,  espetxeari ihes egin zionetik hamabostera, apirilaren 5ean bueltatu zen etxera Nekane Txapartegi asteasuarra. ARGIAren Lasarteko egoitzara bisitan, hitz egin digu erbesteaz, euskaraz, torturaz, feminismoaz, herri eta naziogintzaz, egoera politikoaz, errelatoaren batailaz, Suitzan eta Euskal Herrian babestu duten sareez, borrokaz. Hitz egin digu emakume gorputzetik, buru-bihotzetik, goxo baina epelkeriarik gabe. Ihesean jaiotako alabak eskola hasi behar duela-eta Suitzara bidaiatzekoak dira elkarrizketa osteko egunean, etxe bilakatzen jakin zuten erbestera. Oraingoan, baina, herrikideak agurtuta eta luze gabe berriz ere bueltatzeko.

Argazkia: Dani Blanco.

Herrira itzultzeko bidaian atxilotua izateko arriskurik bazenuen?

Bagenekien ezin genuela hegazkinez etorri, nazioarteko atxilotze agindua indarrean zegoelako. Azken unera arte zain geunden, epaileak ziurtagiririk emango al zigun, errepidean poliziak geratuz gero epaitegira noala adierazi ahal izateko. Bezperatan jaso genuen idatzia eta hor nazioarteko aginduak altxatzen zirela esaten zuen. Hala ere, Euskal Herrirako muga pasatzerakoan baneukan halako beldur bat.

Suitzako elkartasun talde batekin etortzea erabaki genuen, batetik elkarrekin borrokatutako itzulera hori bizitzeko eta bestetik, bidean atxilotuko banindute, juridikoki babestuta egoteko eta alabari laguntzeko. Hamar lagun etorri ginen furgonetan eta atxiloketa emango balitz bakoitzak argi zeukan bere funtzioa: nork deituko zion abokatuari, nork jakinaraziko zien hedabideei... Eszenatoki posible guztiak aztertuta nituen, banekielako Guardia Zibilak argazki bat nahi zuela: epailearen aurretik atxilotuta pasatzea. Nirekin herra berezi bat dute, "beren izena nazioartean zikindu dudalako".

Egun horretan guardia zibila oso presente egon zen nire herrian, esanaz bezala: “Badakigu hemen zaudela eta hemen gaude”. Konturatu nintzen herrian trauma kolektibo bat dagoela haiekin, nire atxiloketa eta torturekin lotzen baitituzte. Nik erakutsi nien bizirik atera nintzela komisariatik eta nire ideiekin jarraitzen dudala, nahiz eta jakin hor daudela. Ni ez naiz gordeko ezta ixilduko ere.

Nola planteatu duzue emozionalki Euskal Herrira itzulera?

Ihes egin nuenean inor agurtu gabe joan nintzen, banekien joaneko txartela erosi nuela baina itzulera egiten genuen borrokaren araberakoa izango zela. Nire ametsa zen gatazkaren konponbidearekin denok batera herrira itzultzea. Hori ez da gertatu.

Hamabost urteren ondoren ez nuen ihesaren haustura errepikatu nahi: Suitzan eraiki dugun etxearekin moztu eta dena utzita itzultzea. Argi daukat ez dudala Suitza ala Euskal Herria hautatu nahi. Bietan ongi sentitzen naiz, hartzen ditudan erabakiek eragina dute alabarengan eta berak ere erabakitzen du. Suitzan hazi da, Suitza da ezagutzen duena. Bion beharrak asetuta dauden lekuan geldituko gara. Nire ametsa litzateke borrokan jarraitzea bi lekuetan.

Euskal Herriari beste leku edo ikuspegi batetik begiratzeko aukera ematen dit, beste dimentsio edo perspektiba bat. Uste dut aberasgarria dela.

Argazkia: Dani Blanco.

Hamabost urteko erbestean nola eutsi diozu euskarari?

"Alabari Suitzan ihesean euskara eman nion, erbestean arriskua ekar badezake ere. Baina hori gabe zer naiz ni?”

Militantziatik. Eta nire izana, nortasuna euskara delako. Ama izan nintzenean garbi neukan: zer eman behar diot umeari Suitzan ihesean? Ni naizena, nire sentimenduak eta bizipenak euskaratik datoz. Nahiz eta jakin erbestean euskarak arriskua ere ekar dezakeela, nor naizen identifikatzeko. Baina hori gabe zer naiz ni?

Euskara eman nion alabari ingurune ez euskaldun batean. Euskaraz egingo zuen beste jenderik ez zegoenez, Pirritx eta Porrotxen materiala izan zen nire laguntza, alabak ikusteko hizkuntza hau ez zela gu bion arteko zerbait bakarrik, haratago badagoela mundu bat euskaraz bizi dena, euskaraz pentsatzen duena eta borrokatzen duena.

Klandestinitatean, ilegalitatean, ume bati nola azaldu zergatik hitz egin behar dugun euskaraz? Kontatzen nion euskal piratak ginela, gure altxorra euskara dela eta hori gorde behar dugula. Eta batzutan hori gordetzeak esan nahi duela beste hizkuntza hitz egin behar dugula ez dezaten jakin euskal piratak garenik.

Etorri garenean alabak ikusi du gutaz haratago badagoela herri bat hizkuntza horretan bizi nahi duena. Baina, aldi berean, nola esango diot alabari hau Euskal Herria dela, adibidez garraio publikoan denak jo eta su gaztelaniaz ari direnean? Suitzatik etorri berri den eta euskaraz hitz egiten duen pirata bati nola esan hau zergatik den Euskal Herria? Zer da euskaldun izatea, zer ez? Nik uste euskarak izaera aldarrikatzailea galdu duela. Lehen euskara ere askatasunaren aldeko borrokekin lotua zegoen. Utzikeria eta axolakaberia handia sumatu ditut.

Eguneroko bizitza aurrera ateratzeko, iheslari askok gorriak pasa dituzte. Eta zuk?

Gogorra izan da. Batez ere emakume gisa ihesean egotea. Iheslaria gizartetik desagertzen da. Legez kanpo egoteak ekartzen du ez existitzea eta ikusgarri ez egotea. Baina aldi berean ume batek eramaten zaitu ikusgarri egotera, ume batekin ezin duzu etxetik atera gabe egon, eta ikusarazteak arriskua zekarren. Askotan buruak gauza bat esaten zuen eta bihotzak bestea, eta bihotzari kasu egin diot askotan eta asmatu.

Dena ezin nuen kontatu, baina esaten ez baduzu, askotan arriskua agian handiagoa da. Eskolan adibidez, pentsa umea erori eta ospitalera eramaten dutela, baina ezin du joan bere egoera ez dagoelako erregularizatuta... Isiltzeak arazo handiagoa dakar eskolari esateak baino: “Gure egoera oso berezia da eta zerbait gertatzen bada lehenbizi niri deitu”. Beti dilema bera: norarte komeni zait esatea? Baina ez badakite nola lagunduko naute? Ez jakiteak edo ez ikusteak zail egiten du elkartasuna bideratzea. Zenbat eta ikusgarriago egon, jendeak laguntzeko modua dauka.

Une larriak izan ditut: haurdunaldia ezin izan nuen prestatu umea leku seguru batean jaio zedin. Pentsatu nuen leku batera iristea han erditzeko, eta umea ia bidean jaio zen. Baina ez zegoen besterik aurrera jarraitzea baino. Bere bizitza nire eskuetan zegoen.

Gorriak ikusi ditut baina beti bilatu dut babesa, eta babestua sentitu naiz erbestean ere. Elkartasunari emakume aurpegia jarriko nioke, emakume eta ama bezala enpatia edo ahizpatasuna ezagutu dut, jendeak laguntzeko prestutasuna agertu du.

Erbestean nola planteatu dituzu euskal herritarrekiko harremanak, jakinik egun gutxiren buruan agurtu egin behar direla?

Ni nola nengoen, alabak horixe bizitzen zuen. Horregatik ikasi nuen nire burua babesten, alaba ere babesteko. Babesteko modua, Suitzan ere harremanak eraikitzea zen, lagunak eta ingurune bat izatea. Ezin nuen Euskal Herrian egon, beraz, zer ekartzen zidan beti Euskal Herrian gertatzen denari begira zain egoteak? Erabaki nuen, “Euskal Herrikoa naiz, baina Suitzan bizi gara. Ume honek beharrak ditu hemen, sozializatu behar dugu, bertako hizkutzak ikasi eta bizi". Migrazioan dabilen jendearengan askotan ikusten dut ez dagoela ez han eta ez hemen. Nik hautatu nuen nirea ahaztu gabe han ere eraikitzea eta borroka egitea.

Horrek erraztu die gu agurtzea euskaldunei ere: badakite Suitzan ez garela umezurtz geratzen, badugula etxea eta familia politikoa.

Erbestea bihur daiteke norberaren herri-etxe, beraz.

"Nire herria da borrokatu ahal dudan lekua. Filosofia horrekin, etxe bilakatu ditzaket nagoen leku guztiak"

Nire herria da borrokatu ahal dudan lekua. Filosofia horrekin, etxe bilakatu ditzaket nagoen leku guztiak. Garbi dut aske izateko jaio naizela eta aske izateko borrokatuko dudala, nagoen leku guztietan.

Erbestea espetxe ikusezina da. Euskal Herriko jendartearentzat silueta edo itzal bat naiz paneletan eta Suitzako jendartearentzat existitzen ez den norbait. Baina nik erbeste horri borrokadun bizitza bat eman diot etxe bilakatzeko.

Munduko errefuxiatu guztiak dira politikoak?

Bai, denak sistema kapitalista, patriarkal eta arrazista honek eragindako errefuxiatu politikoak dira. Ez zait gustatzen desberdintzea eta hierarkizatzea ezta presoen artean ere, desberdintasuna da presoak edo errefuxiatuak berak izaera hori nola ematen dion, nola ulertzen duen eta nola borrokatzen duen.

Gure jazarpena gure ideiengatik da eta horregatik zigortzen gaituzte legedi bereziekin. Beraz, estatu zapaltzaileek egiten gaituzte euskal preso politiko eta aldi berean izaera hori kentzen saiatu. Horregatik, preso politiko izaera aldarrikatzen dugu.

"Asilo politikoa ere gizonek gizonentzako egina da"

Asilo politikoa ere gizonek gizonentzako egina da. Garai batean asiloa lortu edo eskatzen zutenak gizonak ziren. Orain, aldiz, gehiengoa emakumeak gara baina asiloa eskatzean egiten zaizkigun galdeketetan ez daude emakumeoi zuzendutako protokoloak. Nire kasuan zentratuta egin genuen kanpainarekin lortu genuen indarkeria sexista asiloko arrazoi izan zedin bultzatzea eta ezagutaraztea (Istanbul Konbentzioan). Azken errefuxiatu oldeetan gehiengoa emakumea da eta hauetatik gehienak beraien herrian edo bidean bortxatuak izan dira. Haientzat ere balio ahal izan dezan borrokatu dut. 

Argazkia: Dani Blanco.

Hamabost urteotan ETAk borroka armatua uztea erabaki du, bideak aldatu dira... Nola bizi izan duzu hori guztia politikoki eta emozionalki Suitzatik?

Ni joan nintzenean konfrontazio fasean geunden, baina 2007an jada ikusten zen gizartea zertarako prest zegoen eta estrategiaren inguruko eztabaida hasi zen.

Suitzatik eztabaidak beste dimentsio batetik bizi izan nituen, begirale bezala. Irakurtzen nuenetik ezin nuen errealitatearen argazkirik egin.

ETAk armak herriari ematea erabaki zuenean, galderak sortu zitzaizkidan. Pentsatu nuen: eta orain zer? Nola konponduko da preso, iheslari eta deportatuen auzia? Hutsune bat sentitu nuen, tristura, fase bati bukaera eman ezina, Suitzan bakarrik nengoelako, ezin nuelako bizi Euskal Herrian piztu zela zirudien ilusioa. Partekatzeko, elkartrukatzeko beharra sentitzen nuen baina ezin ihesean egonda.

Erabaki zen borroka molde bat baztertzea, beste borroka molde batzuek indarra hartu zezaten eta iruditzen zitzaidan jendeak edo herriak ez zuela mezu hori ulertu. Zeren gelditze bat ekarri zuen. Aldiz, Espainiako Estatua bere aparatu eta arma guztiak erabiltzeko prest zen. Gure aurkako jazarpenak, nazioartean ere jarraitzen zuen.

"Korapilatuta gaude presoen gaiarekin baina non dago beste proiektua, nazio eraikuntza?”

Urteak joan urteak etorri, kaleak desaktibatzen sentitu ditut. Ez zela bidearekin asmatzen, eta presoen gaia korapilatuta zegoela. Gu gatazkak sortu dituen preso edo iheslariak gara eta konponbidean ere parte izan behar dugu. Ezin ulertu eta ezin ekarpenik egin sentitzen nintzen. “Korapilatuta gaude presoen gaiarekin baina non dago herri proiektua, nazio eraikuntza?”, pentsatzen nuen. Ez nuen ulertzen nola ezin ditugun mugimendu bezala bi gauzak batera egin. Baina egunkariak irakurrita eta jendearekin hitz eginda bakarrik ezin nuen errealitatearen mapa osatu.

Uste dut hamabost urteren ondoren orain ari naizela hori egiten. Ulertu nahi dut gertatzen dena, ondoren ekarpena egiteko. Hala ere, uste dut egun ere nazioartean lan handiagoa egin dezakedala hemen baino.

Zein da Euskal Herrira etorritakoan osatu duzun egoeraren argazkia?

Globalizazioaren eta neoliberalismoaren aurrerapenak edo ikusgarritasunak deitu didate arreta. Beti egon dira, baina gatazka armatu batek ekartzen du beste zapalkuntza horiek pixka bat ezkutatzea. Multinazionalentzat, kapitalarentzat hau Espainia da eta mezu guztiak ezberdintasunik gabe bideratuak dira eta zoritxarrez kontra asko jaso gabe.

Aldarri politikoen kaleko presentzia desagertu da: pintadak, kartelak eta horiek denak. Eta subjektu politiko borrokalariekiko aldarria, maitasuna leku pribatura eraman da, leku itxietara. Horrek beldurtzen nau eta ez nago ados. Nola eraiki dezakegu memoria edo etorkizun bat herrian gertatu dena eta gertatzen ari dena aitortu eta aldarrikatu gabe? Memoria ez da isiltasunetik egiten, memoria, kontatu nahi ez dena kontatzea da, ezkutuan gordearazi nahi dituzten biolentziak agertzea. Ez dut nahi Espainiako estatuak garaile/garaitu eskema batean kontatzea zer izan den gatazka, eta ez dut nahi gizonek kontatzea edo kontatu gabe geratzea emakumeok egin dugun borroka. Memoria feminista idatzi behar dugu eta emakumeon gorputzak memoria bizidunak dira. Hortik kontatu nahi nuke.

Bagenekien zer ekar zezakeen guk egindako hautuak eta borrokak, eta egindakoa aldarrikatu behar dugu, kontatu eta transmititu. Errelatoa guk egin behar dugu eta bizirik atera garenok ardura kolektibo hori badugu. Beldur handia ematen dit euskal gatazkarekiko erreferentzia nazioartean Patria izateak. Guk ez badugu aitortza eta errelatoa egiten besteek egingo dute. Horrela ezin dugu osatze lan bat itxi eta oinarriak jarri berriro gertatu ez dadin. Kontatzeko bideak bilatu eta ausartak izan behar dugu.

Estatua ez dago berea ez den errelatorik onartzeko prest, ordea...

Badakit jazarpen politikoa dagoela, kriminalizazioa... baina ikusi behar da bakoitza zertarako prest dagoen eta pauso batzuk eman behar ditugu. Ezin dugu beldur horretan trabatuta geratu, tresnak bilatu behar ditugu. Presoak ateratzea tokatzen da eta borrokatu behar dugu iheslariak etortzeko, baina nola etortzen garen ere zaindu behar da. 1999an nire aurka hasitako jazarpenaren ostean ez dut etorri nahi berriz ere beldurrez bizitzera, esaten dudanaren edo pentsatzen dudanaren arabera kartzelara joateko arriskuan. Hau baldin bada askatasuna, kokatzen naiz lehenago borrokatzea erabaki nuen abiapuntu berean: edo belauniko bizi behar dut edo borrokatzen dut.

Hamabost urteren ondoren, konturatzen naiz ume utzi nituen pertsona horiek etxean ez badute landu ni nor naizen, ez dagoela nirekiko loturarik. Lehen preso eta iheslariak nazio askatasunaren aldeko borrokan norbait ziren, asko borrokatu edo eman duten erreferentziak. Ez dut behar kalean pasatuta inork miresterik, baina jendeak ez jakitea ere iheslaria izan zarela edo iheslariak daudela! Eta ihesaren inguruan ere jende askok zer gutxi dakien konturatu naiz, ihesak zer dakarren, zer arrisku dituen berarekin...

Hori da egin dezakedan ekarpena, mikrofonoa ematen zaidanean edo arkatza, aldarrikatzea eta nire kasua pertsonaletik kolektibora eramatea. Hori egiteko beharra sentitzen dut. Hemen eta hemendik kanpo ere bai.

Argazkia: Dani Blanco.

Publikoki hitz egiteko beldurra dago gizartean. Beldurrari nola egiten diozu aurre eta arriskuaren zer irakurketa egiten duzu?

Batzuetan joera paternalistak agertzen dira. Beldurrak norberarenak dira eta askotan bestearengan jartzen dira. Batzuetan joera dago bestea babesteko, baina agian jarrera horrekin bestea babestu beharrean frenatzen ari gara. Nahi nuke gurekin hitz egin dadin eta gutako bakoitzak erabaki dezan norbera zertarako arriskuak hartzeko prest dagoen. Baina baita ere kontziente naiz nik egiten dudanak kolektibo batean izan dezakeen eraginaz. Denak neurtu behar dira.

Bakoitzak ikusi behar du zein egoera zehatzean dagoen ere. Nik gaur egun daukadan nire aurkako salaketa bakarra bi paper faltsu eduki izana da, beraz, publikoki esaten dudanak ez ditu oso ondorio larriak izango eta prest nago besteek eman ezin duten pausotxo bat emateko.

Kolektiboan aztertu nahi nuke nola egin dezakegun beste pauso bat, besteengan eragin negatiborik izango ez duena eta ekarpen kolektiboa egingo duena.

Zein borroka moldetatik jo beharko litzatekeela iruditzen zaizu?

"Gure utopia edo helburuak instituzioetatik lortuko ditugula pentsatzea errore handia da"

Gure utopia edo helburuak instituzioetatik lortuko ditugula pentsatzea errore handia da. Sozialdemokrazia doinua hartzen diot horri.

Instituzioak tresna bat dira gure utopia lortzeko, baina ez dira ezer kalean ez badago mugimendurik, markatzen eta babesten. Iruditzen zait, instituzionalizazioaren aldeko apustuak beste guztia desaktibatu duela. Nire ustez hor akats handia dago. Hori nola gertatu den ez dakit, erabakiguneak, modelo neoliberalak izan duen eragina, legalizazioan sartu beharrak eta berriz ilegalizatzeko beldurrak eragin ote duen gauza asko uztea... Borroka ideologikoa, oinarri lana da eraldaketarako funtsa.

Horrek preso, iheslari eta deportatuen eremurako ere balio du?

Presoak kalera atera nahi baditugu, instituzioetatik harago beste borrokamoldeak erabili behar ditugu, presio soziala. Nire kasuan ere argi ikusi dugu, horrek bultzatu dituela bi estatu.

Falta zait ados egon edo ez egon, norbaitek azaltzea “begira, presoak ateratzea lortzeko era bakarra hau da”. Gardenak izan behar dugu eta jendeari egia esan. Jendea galduta ikusten dut, “presoak ateratzeko pausoak ematen ariko dira” esanaz, argitasunik gabe eta beraien esku ez balego bezala zerbait egitea, partidu politikoei delegatua eginkizun hori. Zintzoagoa litzateke esatea “begira, apustu hau egin dugu, ordura arte denok aguanta eta bultza...”.

Eta presoak ateratzean eta iheslariak itzultzean zer? Orduan hasiko gara nazio eraikuntzan? Ezin dugu manifestazioetara eta hauteskundeetara mugatu. Herrigintza egin behar da auzoetan eta kaleetatik, mugimendu independentistak beti jarraitu beharko luke kalean. Sistema eta denbora asimilatzen ari zaizkigu.

Argazkia: Dani Blanco.

Kalean dauden mugimenduak ikusteko denborarik izan duzu?

Sigla berri asko ikusi ditut. Nik masa mugimenduetan sinesten dut eta Europa mailan ezker mugimendua oso atomizatuta dago. Neoliberalismoak horixe egiten du, zatikatu klase, identitate eta genero gisa. Eta gu zatiketa horretatik antolatzen bagara, oso eroso dago horrela.

Mugimendu intersekzional batean sinesten dut, zapalkuntza guztietatik askatuko nauten borroken metaketan. Mugimendu feminista kenduta ez dut ikusten inor intersekzionalitate hori independentziarekin, autodeterminazio eskubidearekin lotuta lantzen.

"Zenbait taldetan zapalkuntzen hierarkizazioa ikusten dut, eta horrek ez dit balio”

Hutsuneak ikusten ditut eta borroken globalizazioa somatzen dut. Hemen sortu diren talde berri horiek ez dute desberdintasun handirik Suitzako taldeekiko, eta ezin dira teoriak, antolaketak Europako beste herrialdeetatik hartu eta bere horretan Euskal Herrian aplikatu, hemengo errealitatea aintzat hartu gabe. Teoria eta akademia asko ikusten dut eta praxi falta. ETAren ondorengo generazioek beste errealitate bat dute eta gazteek bideak bilatu behar dituzte, erradikaltasuna beste era batera ulertzen dute eta hori ondo dago... baina ikusi edo irakurri dudanak berrikuntza edo alternatiba baino aspaldiko eztaibada zaharkituak ekarri dizkit gogora. Zenbait taldetan zapalkuntzen hierarkizazioa ikusten dut, eta horrek ez dit balio. Nik ez dut klase borroka feminismorik gabe ulertzen eta alderantziz ere ez, feminismoa klase borroka gabe. Gainera berriz ere estruktura piramidalak errepikatzen direla iruditzen zait. Horrekin arrituta nago.

Gustura egingo nuke elkartrukea, eztabaidatan parte hartu... baina uste dut espazioak falta direla, bakoitza bere gotorlekuan dagoela, nork duen arrazoi edo besteak zer egiten duen gaizki seinalatzen. Batzen gaituen horretan jarri beharko genituzke indarrak. Bakoitzak zer utopia eta zer alternatiba dituen da kontua. Denon artean alternatiba bat garatu ote dezakegun eta indarrak metatu.

Mugimendu intersekzional batean sinesten duzu. Nondik eta nola eraiki?

"Oinarri lana egin behar dugu, kaleko lana, denbora asko hartu elkarrekin hitz egiteko”

Uste dut oinarri lana egin behar dugula, kaleko lana, zapatistek bezala denbora asko hartu elkarrekin hitz egiteko, eztabaidatzeko espazioak eta denbora galdu baititugu. Borroka ideologikoa egin beharko genuke, behetik gora, desberdintasunak aberastasun modura ikusiz. Eta gero hori dena antolatu eta artikulatu.

Subjektu politiko bakoitzaren aktibazioa da borroka irabazteko modua. Su txikiak piztu, barruan egiten ditugun iraultza txikiek ekarriko baitute iraultza handia.

Berriz ere zimenduak jarri behar ditugu: lehen garbi zegoen zein zen gure utopia, orain agian horretaz ere hitz egin behar da, bakoitza non dagoen eta utopia aldatu bada, eztabaidatu. Eta gero tresna edo borrokamoldeak aldatu, bideak bilatu gure helburuak lortzeko.

Nik mugimendu feministatik ikusten dut ekarpenik handiena, bera gabe ez dudalako askapen prozesu bat imaginatzen. Ezin da euskaldun bezala askatu eta emakume bezala lotuta segi. Mugimendu feministak badu gaitasuna aipatu ditugun zapalkuntza horiek guztiak bateratzeko: migrazioa, lan sektore feminizatuak, generoak, pentsiodunen eskaerak... egunero diskriminazio horiek gure gorputzak zeharkatzen dituztelako. Ez hemen bakarrik, Suitzan eta nazioartean ere ikusi dut gure artean saretzea posible dela, patriarkatuak zapaltzen gaituelako herri guztietan, eta erantzuna kolektiboa eman daiteke, leku bakoitzean bere ezaugarriekin.

23 urte atxilotu zintuztenetik, 15 ihes egin zenuenetik. Atzera begira jarrita zer ikusten duzu?

Argi dut ihesaz berriz ere erabaki bera hartuko nukeela, nire buruan ez delako sartzen horrelako kondena politiko bat onartzea. 1999ko atxiloketarekin hasi, eta 18/98 auziko azken pertsona izan naiz herrira itzultzen. Ziklo hori nolabait ixten da baina Euskal Herrikoa ez da itxi, gatazkaren sustraiak bere horretan jarraitzen duelako. Ez da posible ni osatzea aparatu errepresiboa zain dudanean nire edo nire alabaren kontra erabiltzeko. Bada oraindik zer borrokatu, eta aparatu horiek denak desegiten ditugunean itxiko da ziklo osoa Euskal Herriari begira.

Eta pertsonalki itxi al duzu ziklo bat?

Ziklo pertsonala torturaren aitortzarekin bukatuko litzateke agian. Egiari Zor elkartearen bidez egin dut prozedura estatuaren terrorismo biktima aitortu nazaten baina ez nuke nahi aitortza hori kaxoian geratzerik. Salaketaren bidea jarraitu nahiko nuke. Gainera aitortza batek ez dit balio hurrengo egunean gauza bera gertatu ahal bazait.

"Aitortza politikoa ez da gu biktima bezala onartzea, baizik, tortura zeinek eta zertarako erabili duen aitortzea”

Aitortza politikoa ez da gu biktima bezala onartzea, baizik, tortura zeinek eta zertarako erabili duen aitortzea. Ez dut nahi torturatzaileak barkamena eskatzerik, eskatzen badit ere ez diot barkatuko. Nik nahiko nukeena da torturatzaileek esatea zergatik torturatu gaituzten. Tortura tresna terrorista bat bezala erabili dute sistematikoki, Euskal Herria izutzeko eta bere proiektua deuseztatzeko. Aitortza kolektibo hori behar dut, ez nire kasuaz aritzea.

Aitortza politiko horrek bidea emango liguke nazioartean salaketa egiteko. Izan ere, Espainiako estatuan tortura preskribatzen da baina nazioarteko legedian ez. Gutako asko gaude ibilbide juridikorik egin ezinik tortura salaketak oso zaharrak direlako. Ez dut sinisten instituzio horietan, baina bizirik atera nintzen komisariatik, eta ahal dudan leku guztietan salatuko dut tortura, nigatik eta bizirik atera ez diren guztiengatik.

Eusko Legebiltzarrak torturatu bezala aitortzen bagaitu, torturatuokin batera bidea egin beharko luke nazioartean. Bestela, zertarako egin dute, kaxoi batean geratzeko?

Ia hilabete egin duzue bertan, eta bazoazte berriz ere.

Bihar goaz, eta maleta egiten hasterako noiz itzuliko garen daukat buruan. Itzuli ahal garela jakiteak beste perspektiba bat ematen dio gure bizitzari, alabak eta biok orain arte inoiz eduki ez duguna. Erraztu egiten du joana eta etorria.

Hemengoekin agurtzea tristea da, baina hangoak zain daude. Hemen agurra da baina han ongi-etorria. Eta handik hona gatozenean, alderantziz.

Zure etxekoek zer irabazi dute zure Euskal Herriratzearekin?

Lasaitasuna. Atzo ahizpak esaten zidan antsietate handia sortzen ziola non eta nola gauden ez jakiteak eta irudikapen txarrak egiteak. Oso gogorra zela berri baten zain egotea. Nik beste era batera bizi nuen, “ez badago berririk, hobe”. Izan ere, etorriko zen berria atxiloketarena izango zen. Ahizpak esaten zidan, “bai, bai, zuretzat horrela hobe, baina guretzako?”. Berak esaten zidan egoistaki begiratuta, senidea preso dagoenean badakizula non dagoen eta arauak zein diren.

Nire amak ezin du bidaiatu eta hamabost urte hauetan galdera airean egon da: iritsiko da Nekane ama besarkatzera? Familian behar hori bagenuen. Ordua zen elkartzekoa.

"Bi elkartasun sareak bateratzea oso ederra izan da"

Polita da ikustea urteotan elkartasuna ez dela nirekiko bakarrik izan, nire senideekiko ere egon dela. Herri bat dago, komunitate bat, elkar babestu duena. Suitzatik nirekin etorri diren lagunei ere eskerrak eman dizkiete elkartasunagatik, Suitzara bixitan etortzen zirenean haien etxeko ateak irekita topatzen baitzituzten lotarako, eta norbaitek laguntzen baitzien hizkuntzarik ez zekitelako... orain elkartasuna bueltan ematen ari zaie Suitzatik etorritako lagunei. Bi elkartasun sareak bateratzea oso ederra izan da.

"NOIZ EGIN AHAL IZANGO DUT TORTUREN SALAKETA EUSKARAZ?"

"Nire tortura salaketak inoiz ezin izan ditut euskaraz egin. Espainiako Auzitegian gaztelaniaz egin behar izan dut eta Suitzan alemanez.

Horrek alde batetik babesteko aukera ekarri dit, kontaketa ez hain sakon egiteko, distantzia batetik egiteko, beraz, defentsa modu bat izan da. Baina beste batzuetan komunikazioa moztu dela sentitu dut. Noiz egin ahal izango dut salaketa politikoa euskaraz?

Ez dut itzulpena hautatu, egiten den itzulpena ez delako zuzena: esaten dute 'honek esan du...' eta zeharkako horretan ez da berdin transmititzen. Gertatu zena zuzenean nire ahotik entzun zezatela nahi nuen, gero ez zezaten esan ez zekitenik edo salatu ez nuenik".

AUZITEGIETAN ZEIN DA ORAIN ZURE EGOERA?

Nola lortu duzue erakunde armatuko kide izatearen salaketa bertan behera geratzea?

Espainiak lehenengo aldiz nire estradizioa eskatu zionean Suitzari, Free Nekane kanpaina antolatu genuen. 2017an Suitzako espetxetik atera nintzen kalean borroka egin genuelako eta presio horrek behartu zituelako bi estatuak konponbide bat aurkitzera: medio hegemonikoetan ere torturatu gisa aitortzen ninduten eta Suitzako Gobernua ataka estuan sartzen ari zen. Preskripzioaren bidez estradizioa bertan behera utzi zuten eta kalera atera ninduten.

Kalera ateratzera nindoala Espainiak beste estradizio eskaera bat egiteko prozedura martxan jarri zuen, dokumentazio faltsua neukala argudiatuz. Hasieratik bai Suitzan eta bai hemen erakutsi genuen prest gaudela bigarren kanpaina baterako, ez genuela onartuko estatu torturatzaile batera estraditatzerik.

Ikusten genuen denbora aurrera zihoala, Espainiako Estatua saiatzen zela sei hilero estradizio eskaera aktibatzen, baina Suitzak ez zuela aktiboki parte hartzen. Uste dugu Suitzak ez zuela bigarren estradizio eskaeran busti nahi, lehenbizikoan posizio txar batean geratu zelako. Suitzak galdetu zion Espainiako estatuari ea zehazki zer zeukan nire aurka. Eta auzia bere pisuz erori da, bi paper faltsu edukitzeak ez duelako sostengatzen ETAko kide izatearen salaketa.

Kalean, baina linbo batean geunden, bahiketa administratibo-politikoan, ez genekien noizbait aktibatuko ote zuten estradizio eskaera. Nire alabaren egoera ere ezin zen erregularizatu, 13 urterekin ezin zen Suitzatik atera eta ni berdin. Barroterik gabeko espetxea zen Suitza. Hori apurtu behar genuen.

Ikusita zein egoera dagoen Euskal Herrian eta zein egoera egon daitekeen eskuin muturra Espainian gobernatzera pasatzen bada... Gaia itxi nahi genuen,  eta hori Espainiako Auzitegian egin behar genuen. Abokatuak ere esan zidan hau izan zitekeela momentua, gero zailagoa izango zela. Esan nion: “Galdetu, baina ez eskaini”. Niretzat garrantzitsua zen nik konponbiderik ez eskaintzea bi estatuei. Nire baldintzak ziren euskal herritar bezala munduan zehar ibiltzeko aukera bermatzea niri eta nire alabari. Ez nuen nahi Euskal Herrira etorri eta baldintzapean geratzea, ezin mugitu eta ezin hitz egin.

Uste baino lehenago eman da konponbide juridikoa, borrokaren bidez lortutako baldintzen barruan.

Zergatik joan behar izan duzu Madrilera, Espainiako Auzitegi Nazionalera, herrira itzuli baino lehen?

“Errebeldia” egoeran nengoen. 2019an deitu ninduten Auzitegi Nazionaletik, Bernara joan eta bideodeiez deklaratu nezan. Erabaki genuen Suitzako justiziak deitzen zidanean joatea, baina Espainiako Auzitegitik zetorren ezerekin ez kolaboratzea, tortura babestu duelako eta torturapean egindako deklarazioetan oinarritzen delako nire aurkako epai politikoa. Bernara joan nintzen eta hango fiskalari hori bera azadu nion. Deklaratzeari uko egin nionez, nazioarte mailako atxilotze agindua eman zuten nire aurka, eta “errebeldia egoeran” deklaratu ninduten.

Nazioarteko atxilotze agindua eteteko pasa behar genuen Espainiako Auzitegi Nazionaletik. Balantzan jarri nuen zer ekarriko zuen pauso hori emateak, zer askatasun ekarriko digun nire alabari, etxekoei eta niri, eta erabaki nuen ez zela hainbesteko desgaste politikoa, nahiz eta ez dudan onartzen torturaren aparatuaren babesle den epaitegi hori. Tramiteak oso motz iraun zuen eta ez nuen deklaratu beharrik izan.

Dokumentu faltsuak edukitzea da orain zure kontra dagoen salaketa. Horrek zer arriskutan jartzen zaitu?

Bai, egozten didate bi karnet faltsu neuzkala Suitzan atxilotu ninduten momentuan. Hori ez dut inoiz ukatu. Suitzak ez du inoiz interesik izan karnet horiekiko. Suitzako jendearentzat oso zaila da ulertzea Espainiako Auzitegiak zergatik jazartzen nauen Suitzan nuen dokumentazioagatik.

Abokatuaren arabera, delitua ez da larria eta gehienez sei hilabeteko espetxe zigorra dakar. Eta ez du Auzitegi Nazionaleko sala batek epaituko, bere egitura barnean dagoen zigor-arloko epaitegi zentralak baizik.

Udazkenean izango da bi karnet faltsuen auzia. Ordurako aurrekari penalik izango ez dudanez, jarri dezaketen espetxe zigorraren betearazpena etengo da eta ez dut espetxera sartu beharko.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nekane Txapartegi
2022-04-06 | ARGIA
Nekane Txapartegi etxean da, hamabost urte eta gero

Astearte goizean Auzitegi Nazionalean aurkeztu eta gero, arratsalderako Asteasu sorterrian zen. Dokumentu faltsutzea leporatuta epaituko dute Madrilen, baina ez diote kautelazko neurririk ezarri. ARGIAko kolaboratzailea da Txapartegi.


2021-03-09 | ARGIA
Espainia torturengatik ez salatzeko ohartarazi zioten NBEko kontalariari

Nekane Txapartegik salatutako torturak aipatu ditu Nils Melzer NBEko torturaren inguruko kontalari bereziak elkarrizketa batean: “Goi instantziek esan zidaten: ‘Ezin dugu publikoki salatu espainiarrek torturatzen dutela, Madril lagun inportantea baita guretzat... [+]


2019-11-20 | Estitxu Eizagirre
Ehun lagun inguru elkartu dira Asteasun Nekane Txapartegiren atxilotze eskaeraren aurka

Arratsaldeko 19:00etan plazan egin da elkarretaratzea. Bertan irakurri dute Nekane Txapartegik Suizatik bidalitako eskutitza (hemen osorik irakurgai).


2019-11-20 | Nekane Txapartegi
Bizi-iraundako tortura sexista salatu eta horren aurka borrokatzen dudalako jazartzen naute

Suitzan idatzitakoa eta Asteasun, azaroaren 20 iluntzean egin zen elkarretaratzean irakurritako gutuna.


2019-11-19 | Estitxu Eizagirre
Txapartegi extradita ez dezaten eskatuz elkarretaratzea deitu dute azaroaren 20an Asteasun

Azaroaren 16an zabaldu zuen Txapartegiren abokatuak sare sozialetan albistea, Espainiako Gobernuak Txapartegi atxilotzeko nazioarteko eskaera egina duela. Geroztik hainbat mobilizazio egin dira: 16an bertan Zurichen 150 lagun atera ziren kalera eta azaroaren 18 eguerdian Bernako... [+]


Eguneraketa berriak daude