ARGIA.eus

2020ko urriaren 01a

Ezkerra eta eskuina bereizi zituen I-11

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena
2015eko irailaren 13a
Estatu Orokorrak Versailles jauregiko Menus-Plaisirs aretoan bilduta, 1789ko maiatzean. Handik bi hilabetera, Frantziako Iraultza piztuta, Batzar Nazional Konstituziogilea ere gune berean bilduko zen, urrian Parisera aldatu zen arte. Ezkerraren eta eskuin
Estatu Orokorrak Versailles jauregiko Menus-Plaisirs aretoan bilduta, 1789ko maiatzean. Handik bi hilabetera, Frantziako Iraultza piztuta, Batzar Nazional Konstituziogilea ere gune berean bilduko zen, urrian Parisera aldatu zen arte. Ezkerraren eta eskuinaren arteko bereizketa politikoa areto horretan sortu zen, irailaren 11n.

Versailles, 1789ko irailaren 11. Batzar Nazional Konstituziogileko ia 1.200 kideak, jauregiko Menus-Plaisirs areto itzelean bilduta, Konstituzioaren artikulu bat eztabaidatzen hasi ziren: parlamentuak onartutako legeei betoa jartzeko eskubidea al zuen erregeak?

Bizpahiru hilabete lehenago, ekainaren 17an, Batzar Nazionala eratu zen eta handik gutxira, uztailaren 9an, legeria berriaren premia ikusita, Batzar Nazional Konstituziogilea. Eta horretantxe ari ziren iraileko egun hartan, konstituzio berriaren edukia zehazten. Gai korapilatsua zen egun hartan egokitutakoa, finean, erregeari eman behar zitzaion boterea baitzegoen jokoan. Batzarreko lehendakaritzaren mahaiaren inguruan batzuk eta besteak iritzia ematen hasi ziren eta taldetxoak osatuz joan ziren. Batzuek ez zuten aldaketa nabarmenik nahi, absolutismoari eutsi nahi zioten. Lehen eta bigarren estatuko ordezkariak ziren gehienbat, kleroa eta noblezia, alegia. Beste batzuek, aldiz, hirugarren estatuko ordezkariak izanik, Luis XVI.aren boterea ahalik eta gehien mugatu nahi zuten, herritarren ordezkarien mesedetan.

Pixkanaka bi iritzi eta bi multzo nabarmendu ziren bilera jendetsu eta zalapartatsuan. Aretoaren eskuinaldean kontserbadoreenak bildu ziren, monarkiarekin bat zetozenak, ordura arte erregeak –eta beraiek– izandako  botereari eta pribilegioei eutsi nahi zietenak. Aldiz, ezkerraldera joan ziren aurrerakoienak, monarkia abolitu eta errepublika ezarri nahi zutenak, edo gutxienez koroaren botere absolutua neurri batean edo bestean mugatu nahi zutenak.

Inork ez zien esan zer egin behar zuten edo aretoaren zein alde zegokien. Banaketa ezustean eta naturalki egin zen, gerora izango zuen eragina jakin gabe.

Urrian, gortea Versaillesetik Parisko Tulleries jauregira aldatu zen. Batzar Nazionalak “erregea eta herritarren ordezkariak bereizezinak” zirela erabaki zuen, momentuz behintzat –aurrerago, erregearen gorputza eta burua guztiz bereizgarriak zirela erabakiko zuten–. Horrenbestez, Batzar Nazional Konstituziogilea Parisera aldatu zen. Baina han sortutako eskuinaren eta ezkerraren arteko bereizketa ez da gaurdaino aldatu.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: 1789ko Frantziako Iraultza

1789ko Frantziako Iraultza kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2015eko irailaren 13a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude