“Eskalada ulertzeko eta praktikatzeko modua aldatzen du kordada feministak”

  • Eskalada bizitzeko hamaika modu dago. Lehiatik haratago, eskaladaren alde emozionala islatu du Maria Francisca Mas Rierak (Mallorca, Herrialde Katalanak, 1993) kaleratu berri duen liburuan; Escalantes (Eskalatzaileak; Gehiago Edicions, DDT Liburuak, 2021). Ikuspegi feministatik abiatuta, adin, testuinguru eta jatorri desberdineko hogei emakumeren bizipenak eta hausnarketak bildu ditu.

“Berdinen arteko taldeetan eskalatu arte, ez zaituzte bide bat irekitzeko beste baloratzen”. (Argazkia: Hodei Torres)

Lehenik eta behin, zer da zuretzat eskalada?
Niretzat ihesaldia da, egunerokotasunetik irteteko aitzakia, hiritik ateratzeko eta naturarekin konektatzeko. Ez dut kiroltzat hartzen, ez dut eskalatzen entrenatzeko ezta lehiatzeko ere, atsegin dudalako baizik. Egoera azaltzea bitxia da, arrisku egoeratan jartzen zaituelako eskaladak; beldurra sentitzen duzu batzuetan, kontzentrazioa eskatzen duen jarduera da. Baina nik aukeratzen ditudan erronkak direnez, eta ez inposatuak, motibatzen naute.

Hogei eskalatzaileren testigantzak batu dituzu liburu honetan, hogei emakumeren bizipenek eta gogoetek osatzen dute kontakizuna. Zer dute amankomunean?
Eskalada euren bizitzen eta identitateen parte den hein berean, denek pairatu dute horri lotutako indarkeria motaren bat. Ez dira sentitu egiten ari zirenaren protagonista, beraien ikuspuntuak ez dira kontuan hartuak izan, edo, emakume izateagatik ez zaie bide bat irekitzeko aukera eman. Amatasunaren gaia ere agertu da elkarrizketetan. Nola emakume eta ama izanda arrisku jarduera bat egiteagatik epaitzen gaituzten, gure erabakiak nola jartzen diren zalantzan...

Oro har, genero rolak eta botere harremanak gorpuzten dira.
Bizitzaren beste esparru batzuetan bezala horiek erreproduzitzen dira hemen ere. Baina, aldi berean, genero rolak edo estereotipoak deseraiki ditzake eskaladak. Emakumeak historikoki subjektu ahul gisa agertu dira, eta jarduera honek ausarta eta indartsua izatea eskatzen dizu; ez hainbeste fisikoki, baizik eta, batez ere, mentalki. Zalantzan jartzen ditu “biologikoki” eta ez zuzenki esleitu zaizkigun kategoria horiek. Eskaladak ikuspuntua zabaltzen lagun diezazuke, baina ez dut uste kirolaren beraren bertutea denik, pertsonarena eta bere inguruarena baizik. Esaterako, bikote heterosexualen arteko kordadetan harreman toxikoak eta tratu paternalistak eman ohi dira.

Garrantzi berezia du laguntzen zaituen kideak; soka eusten duena zu eusten zaituena baita, fisikoki zein emozionalki. Zerk bereizten du kordada feminista?
Dena aldatzen duen inflexio puntua da; eskalada ulertzeko eta praktikatzeko modua aldatzen da guztiz, baina, batez ere, eskalatzen ari naizenean nola sentitzen naizen. Emakumeekin edo identitate ez bitarra dutenekin eskalatzean, ez dira hain azalekoak genero rolak eta hierarkiak. Antzeko egoerak bizi izan dituztenen artean ulermena handiagoa da. Kordada feministetan ez dira gertatzen gizonezkoekin bizi izan ditugunak. Inork ez du inor behartzen nahi ez duen zerbait egitera, beldurrei aurre egiten laguntzen dizute eta animatzen zaituzte, eroso eta babestuta sentitzen zara eta ez presionatua. Emakumeen arteko lehiatik laguntasunerako bidea ere bada, konfiantzan oinarritua.

Azpimarratu duzunez, diziplina honetan egoera fisikoa garrantzitsua bada ere erabakigarria da faktore psikologikoa. Iruzurtiaren sindromea izan duzu noizbait?
Askotan gutxiesten gaituzte, eta beste hainbatetan gure burua gutxiesten dugu. Berdinen arteko taldeetan eskalatu arte, ez zaituzte bide bat irekitzeko beste baloratzen. Emozio asko sartzen dira jokoan, oso garrantzitsua da sokaren atzean nor dagoen. Pertsona horrek zurekiko enpatiarik badu, bideetan laguntzen bazaitu, babesa ematen badizu eta konfiantza ematen badizu, iruzurtiaren sindrome hori ez da agertuko. Aldiz, beste pertsona guztiz kontrakoa bada, berak sabotatuko zaitu eta zuk ere sabotatuko duzu zure burua.

Besteek nola pertzibitzen gaituzten baino, autoestimuarekin lotura zuzena du, beraz.
Guztiz, eta esango nuke gero eta errazagoa dela autoestimu hori lantzea, gero eta emakume erreferente gehiago dagoelako. Horregatik idatzi dut liburua. Nire helburua esperientzia zehatzak ikusaraztea eta eskaladaren alde emozionala erakustea da. Eskaladaren beste erpin bat jorratzea, antzeko bizipenak, beldurrak eta zalantzak dituztenek horiekin identifikatzeko aukera izan dezaten.

Liburuan emakumeen sexualizazioa ere aipatzen da. Kanpotik dator batzuetan, baina beste batzuetan guk geuk elikatzen dugu.
Eremu bateko emakume bakarra izateak ahalduntzera bultzatzen gaitu, batzuetan, kapital sexual gisa, hitzaurrean Olgak azaltzen duenez. Sare sozialetan antzeman dut hori, batez ere. Instagramen ikusten ditudan argazkietan emakume eskalatzaileen erdia erabat sexualizatuta agertzen da. Gogoan dut bat, non emakumeak hanka batean botak eta kranpoiak zituen eta bestean takoiak. Nekatuta nago emakume biluzi baten argazki tipikoa ere ikusteaz, soka batez inguratuta.

Erpin desberdinak jorratzen ditu liburuak, beraz. Gehiago Edicions zigilua sortu duzu argitaratzeko; lanak jarraipena izango duela esan nahi du horrek?
Haurrentzako liburu bat egiteko asmoa dut, eta ikus-entzunezko lanen bat egitea gustatuko litzaidake, dokumental labur bat. Ideiak baditut, baina momentuz liburuaren aurkezpenekin jarraituko dut, hau guztia ematen ari denaz gozatzen.

Eskalada politikoa da
“Ikerketa Feministak eta Generokoak Masterreko amaierako lan gisa hasi zen proiektua eta unibertsitatetik at jarraitu nuen. Emakumeak ikusarazi nahi ditut, beste batzuek erreferenteak izan ditzaten eta bizipen horiekin identifikatzeko aukera izan dezaten. Liburu honek sarerik ez dutenen artean elkar ezagutzeko eta eskalatzeko talde berriak sortzeko abagunea izateko aitzakia ere izan nahi du, espazio seguruak sortzeko nahiarekin".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskalada
Eskalatzaileen esperientziak prisma feministatik begiratuta

Ikerketa Feministak eta Generokoak Masterraren amaierako lana egiteko lau emakume eskalatzaile elkarrizketatu zituen, baina, lana motz geratu zitzaion eta unibertsitateko loturetatik askatzean, ikerketarekin jarraitu nahi zuela erabaki zuen, bere erara. Escalantes (Gehiago... [+]


2019-05-22 | Jon Torner Zabala
Langileen kaleratzeak, ateak berriro irekiko dituzten Gasteizko rokodromoetan

Lan gatazkek bultzatuta bederatzi hilabetez itxirik egon ostean, ostiralean dira berriro irekitzekoak Gasteizko udal rokodromoak. ESK sindikatuak salatu duenez, itxura du gutxienez bi langile kaleratuko dituztela, gainerakoei Espainiako Estatuko hitzarmena aplikatuko zaiela... [+]


Borja Donnay [Gasteizko rokodromoetako langilea]
"Kirol batzuentzat beti du dirua Gasteizko Udalak, baina ez eskaladarentzat"

Borja Donnay naiz, 27 urteko gasteiztarra. Hiriko udal rokodromoetan egiten dut lan, baina irailaz geroztik langabezian nagoela esan daiteke. Izan ere, instalazioen kudeaketa penagarria egin du Udalak, eta guk eskainitako zerbitzua bertan behera utzi du behin-behinean... [+]


Eguneraketa berriak daude