“Indarkeria obstetrikoa bere izenez ez izendatzeak diagnostikoa eta tratamendua atzeratzea eragiten du”

  • 1980ko hamarkadan etxean eta uretan egindako erditzeen erreferentea izan zen Adela Vidalen iloba da Laia Vidal (Palafrugell, Herrialde Katalanak, 1988) dibulgatzailea, ginekologoa eta arrisku handian espezializatutako obstetra. Sistemaren barnetik ari da erditze errespetatuaren alde lanean.

"Emakumeak bere erditzearen nondik norakoak aukeratzen dituenean bakarrik bermatu ahal izango dugu erditze errespetatua". (Argazkia: Jordi Borràs)

Indarkeria obstetrikoa existitzen al da?
Noski, ez dut inongo zalantzarik.

Zer da?
Emakumeek haurdunaldian, erditzean edo erdiondoan, akzioz edo omisioz, modu bortitzean jasaten duten praktika edo jokaera oro da indarkeria obstetrikoa. Praktika horiek, kontzienteak izan edo ez, emakumeen eskubideak urratzen dituzte. Funtsean, gizartean orokorrean, eta medikuntzan zehazki, ezarrita dagoen matxismoan eta paternalismoan errotzen da indarkeria obstetrikoa. Historikoki emakumeen emozioak eta bizipenak gutxietsi dira obstetrizian, infantilizatuz eta erabakiak hartzeko duten eskubidea urratuz. Ondorioz, interbentzionismo bortxatua eta beharrezkoak ez diren edo baztertuta dauden praktikak erabiltzen jarraitu dute, sarri indarkeria fisiko eta emozionala eraginez.

Osasun langileok ere ba al zarete indarkeria obstetrikoaren biktimak?
Indarkeria obstetrikoa ere bada erakunde indarkeria eta, ondorioz, bai, osasun langileok ere bagara indarkeria horren agerpena ahalbidetzen duen sistemaren biktimak. Behar bezala artatzeko langile eskasia, one-to-one izenarekin ezagutzen den eta emakumeek behar duten babes pertsonalizatua ezin eskaini ahal izatea, kontsultetan dugun denbora falta, espazio eta ohatze duinik ez egotea edo asistentziaren lan-karga dira, bertzeak bertze, indarkeria obstetrikoaren zeharkako ondorioak.

Aldiz, Sendagileen Elkargo Ofizialen Kontseiluaren Batzar Orokorrak “indarkeria obstetrikoa” terminoa erabiltzearen aurka zegoela azaldu zuen udan.
Indarkeria obstetrikoa bere izenez ez izendatzeak, medikuntzan gertatu ohi den bezala, diagnostikoa eta tratamendua atzeratzea baizik ez du eragiten.

Hainbat profesional erabaki horren aurka agertu zineten. Sistemaren erraietatik egiten duzu indarkeria obstetrikoa ezabatzeko lana. Zer da borroka horretan zailena?
Zalantzarik gabe, obstetra gisa, zailena begiak ireki eta indarkeria obstetrikoa existitzen dela onartzea izan zen. Hasieran, hesgailua jarri nahi nuen aurpegian eta aitzakiak bilatzen nituen, edo ongi egiten genituen gauzak azpimarratzen saiatzen nintzen. Baina behin hesgailua kenduta ez dago atzera bueltarik. Indarkeria hor dago, eta orduz geroztik ikusi dut presente dagoela gure egunerokoan.

Emakumeen kontrako indarkeria mota hau ezabatzeko lehen pausoa osasungintza publikoko langileek onartzea da. Zergatik dago defentsiban jartzeko joera oraindik?
Gutako anitz “heroiak” edo “salbatzaileak” garen sistema batean formatu garelako. Ikusi bertzerik ez dago COVID-19aren lehen olatuan osasungintzako langileok nolako tratua jaso genuen. Eginkizun hori jartzen dizutenean eta gerora zerbait gaizki egiteagatik salatzen zaituztenean, gainera indarkeria hitzarekin, erasotua eta minduta senti zaitezke. Batez ere, erran bezala, praktika anitz oinordetzan hartuak eta inkontzienteak direlako.

Pandemiaren aitzakiarekin haurdunaldietan eta erditzeetan hamaika eskubide urratu dira. Nola bizitu duzu?
Gainezka dagoen osasun sistema bat azpiegitura txarrarekin eta zalantza zientifikoz beteta dagoenean agertoki ezin hobea da eskubideen urraketarako. Ziurtasun ezak dakarren beldurra dela-eta denak balio du. Testuinguru horretan erditze errespetatuaren alde lanean ari garenotako anitzek behar bezala egiten ez zena salatu genuen. Eta harrotasunez oroitzen dut Kataluniako zentroetan lan fina egin genuela, adibidez, erditzean bikotekideak sartzen ahalbidetuz, amaren eta haurtxoaren binomioa sekula hautsi gabe; ez genuen indukzio edo zesarea elektiboen protokolorik aldatu, amagandiko edoskitzearen tasa handitu genuen eta aldez aurretiko altak sustatu genituen, emaginen bisitak etxeetan eginez.

Indarkeria obstetrikoa pairatu duten emakume anitzek etxean erditzea erabakitzen dute gero. Zer deritzozu?
Horretarako formatuta eta akreditatuta dauden emaginek artatuta egiten badute, frogatuta dago etxean erditzea segurua dela eta emakumearen esperientzia hobeki asetzen duela kasu anitzetan.

Zenbateraino bermatu beharko luke osasungintza publikoak etxean erditzea?
Politikoki zein ekonomikoki hori ahalbidetzeko zirrikituak ez ditut ezagutzen, baina sistemarentzako egingarria bada, zalantzarik gabe, aukera bat izan beharko litzateke. Bertze hainbat herrialdek aukera hori bermatzen dute, eta urte anitzetako ebidentzia dago arrisku guttiko erditzeetan alternatiba oso ona dela ondorioztatzeko.

Zein da erakunde publikoen erronka nagusia erditze errespetatuari dagokionez?
Batetik, erakunde publikoek profesionalen formakuntza sustatu behar dute, ez bakarrik eremu zientifikoan eta teknikoan, baita emozionalki eta psikologikoki ere. Gainera, behar horiek asetzeko bateragarriak diren lan espazioak sortu behar dira. Eta noski, arta emakume bakoitzaren neurrira egina izateko baliabideak behar ditugu. Profesional sentsibilizatu eta formatuak behar ditugu. Emakumeak bere erditzearen nondik norakoak aukeratzen dituenean bakarrik bermatu ahal izango baitugu erditze errespetatua.

Erditze errespetatua aldarri
“Betidanik lagundu nahi izan diot jendeari, eta ttikitatik nahi nuen medikua izan. Nerabezaroan gogoratzen dut nire burua irudikatzen nuela herriko mediku gisa. Gero, medikuntza ikasketak hasi nituenean eta espezialitatea aukeratzekoan ez nuen zalantzarik izan; nolabait errateko, obstetrizia egiteko jaioa nintzela sentitzen nuen. Gainera, nire izeba gertu izateak eragin zuen, bizitzaren hasieraz eta prozesuaz hitz egitean igortzen zuen emozioa ikusita, nik ere bide hori hartzea. Bertzalde, ez naiz sekula lasai gelditzen galderen zergatia azaldu gabe eta, horregatik, dibulgazioak nire ezagutza besteekin partekatzeko txoko bat eman dit, uste dut neurekoia litzatekeela ez partekatzea”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haurdunaldia
Haurdun geratu nahi eta ezin, isilpeko dolua

Antzutasuna tabu eta estigma den gizarte honetan, zenbat galdera erantzun bila: haurdun geratu nahi eta ezin lortu, noiz arte luzatzen dira saiakerak, eta bide horretan zenbaterainokoa da nekea, bakardadea, erruduntasuna, lotsa, beldurra, obsesioa? Nola eragiten die etxeko eta... [+]


Haurdunaldia: ikusten dena baino gehiago

Haurdunalditik erditze ostera ematen diren aldaketez, eta horiei aurre egiteko eta ahalduntzeko tresnez mintzatu dira Ane Etxeberria fisio obstetrikoa eta Enara Beloki psikologo perinatala.


Dolua eta kalitatezko osasun-sistema publikoa

Duela hilabete batzuk, ahizpak bost hilabeteko haurdunaldia eten behar izan zuen umekiak buruan zekarren deformazio baten ondorioz. Malko artean hartu zuen erabakia, eta berria eman eta bost egunera umea (Xoán) erditzen zegoen Gurutzetako ospitalean (garapen-maila... [+]


2023-10-29 | Saioa Baleztena
Noelia Sánchez. Haurren doluaren terapeuta
“Haurtxoen heriotzak pairatu ditugun familien arreta hobetzeko asko dago egiteko”

Noelia Sánchez haurdunaldi zein jaioberrien doluaren terapeuta da. Osasun sistemak haurtxoen heriotzak pairatu dituzten familiak artatzeko dituen gabeziak bere azalean ezagutu ondoren sortu zuen Cor a cor, haurdunaldian zein bizitzaren lehen urteetan galdu... [+]


"Legalki, 'fetu hil' edo 'abortu-hondar' izateari utzi diote gure umeek, eta inportantea da dolu prozesurako"

Sei hilabeteko gestazioaren ostean hil diren umeak erregistro zibilean inskribatu ahal izango dira hemendik aurrera Hego Euskal Herrian, Espainiako legeak jaso duen aldaketa medio. Hori zergatik den hain inportantea eta legeak zein beste pauso eman beharko lituzkeen azaldu dio... [+]


Eguneraketa berriak daude