ARGIA.eus

2022ko maiatzaren 24a
Nerea Arriola Urberuaga. Sudur gorriz

“Umoreak librea izan beharko luke, baina gizartea ez da librea”

  • Argi eta garbi dio Nerea Arriola Urberuagak (Donostia, 1988): “Ez dut ulertzen nire bizitza antzerkirik gabe, askatasuna eskaintzen didan ariketa bakarra da, kontzentrazio absolutua lortzen dudan espazio bakarra da". Erizaintza eta Arte Eszenikoak ikasia, lehenak eskaintzen dion “soldatatxoarekin” bigarrenari hel diezaiokeela aitortzen du. Zurriola Antzerki Eskolan murgildu zen haurtzaroan eta bertako olatuen bueltan segitzen du, oholtza gaineko ariketak egiten, baita haurrei clown ikastaroak ematen ere.

"Kulturak badu eraldatzeko gaitasuna. Egoera bat irudikatu edo probokatu dezakezu haren bidez. Kulturak erreproduzitzen du edo eraldatzen du eta, kurioski, eraldatzen duenean ez da erosoa". (Argazkia: Irantzu Pastor)
2022ko urtarrilaren 30a

Oholtza gainean bakarrizketak eskaintzen dituzu, baina horretaz gain Donostiako Zurriola Ikastolako Antzerki Eskolan clown ikastaroak ematen ere aritzen zara.
Lehen Hezkuntzako laugarren mailakoei clown klaseak emateko deitu zidaten, eta ni neu bertan hazi naizenez eta oraindik ere bertan segitzen dudanez, ezin nuen ezetz esan. Zurriola Antzerki Eskola formakuntza gune garrantzitsua izan da niretzat. Nire lehen sudur gorria garai hartakoa da. Eskolan bat ematen baziguten ere, San Tomas egun batean erosi zidan amama Terek Groseko azokan. Ongi gogoan dut, postu txiki batean gizon bat zegoela, sudurrez beteriko maleta batekin. “Zein da zure sudurra?”, galdetu zidan eta nik berehala bat hautatu nuen, irriz. Gomazkoa da eta oso deseginda dago jada, baina gordeta daukat. Oso berezia da niretzat. Ikasitako hori irakasten saiatzen naiz orain. Beste aldean nago eta memoria ariketa oso indartsua izan da niretzako. Liluratuta nago!

Nola irakasten da clown izaten?
Norberaren alde inozentearekin konektatzea da clown izatea. Oso emozionala da ariketa. Teknika ugari dago, jolasak, metodoak… Azken batean bakoitzak gure clowna dugu eta hori da gakoa, norberak berea topatzea, lantzea.

Inozentziarekin konektatzea ez da ariketa samurra, bereziki helduaroan. Baina bederatzi urterekin oraindik bagara aski inozenteak. Adin egokia da mundu honetan murgiltzeko. Irudimena hor dago, eta egia esan harrituta nago ikasleekin. Hasieran elkarri begiratzea eta harremantzea kosta egiten zitzaien, baina poliki-poliki ari dira. Jolasaren bidez egiten dugu dena. Garapen pertsonal handiko ariketa da. Ederra da oso lotsatiak direnak bat-batean ahotsa nola altxatzen hasten diren ikustea, espazioaren okupazioa ere barneratzen hasten dira, pertsonalitatea garatzen... “Egin guztia handi”, esaten zigun Joserra Fachado irakasleak, “azken ilarakoak ere entzun eta ikusi behar zaitu”. Orain neu naiz hori esaten duena. Guk jolasaren bidez ikasi genuen eta neuk ere bide bera erabiltzen dut.

Umeak dira, baina jendartean nagusi diren estereotipoak jada ageri dira adin horretan.
Bai, clownarekin sentimendu ezberdinak transmititzen ikasten dugu. Poza, tristura, haserrea… Hori ere oso pertsonala da, denok ez baikara berdin haserretzen, adibidez, baina neska eta mutilen adierazteko moldeak jada markatuta daude adin horretarako. Mutilek, adibidez, haserrea plazaratzeko eskatzen dudanean, berehala jotzen dute gorputz adierazpide bortitzera. Neskek, ordea, ez. Harrigarria da, baita ere, egoerak zein ezberdin kudeatzen dituzten ikustea. Aukera izan dut berriki helduagoei ere clown ikastaro bat emateko eta oso adin tarte txikian izugarria da itxura fisikoaren gaineko presioa nola handitzen den: “Ni ez naiz guapa, ez naiz polita”, diote. Horri aurre egiten ahalegintzen gara.

Clown figurak lagundu dezake hori iraultzen?
Nire ustez adin horretan ez dira horretaz oso kontziente. Antzerkiak orokorrean eta clownak tresnak ematen dizkigu komunikazio hori garatzeko, beste modu batera hitz egiteko. Beste komunikazio gaitasun batzuk dira, bizitzan oso garrantzitsuak direnak. Ni, adibidez, helduaroan ohartu naiz mundu zabal honek eskaini dizkidan baliabideez.

Kulturak badu eraldatzeko gaitasuna. Egoera bat irudikatu edo probokatu dezakezu haren bidez. Kulturak erreproduzitzen du edo eraldatzen du eta, kurioski, eraldatzen duenean ez da erosoa. Umorearekin gauza bera gertatzen da. Zenbait umore mota ez dira ongi hartuak, desafioa suposatzen dutelako. Dena dela, ezinezkoa da denen gustuko umorea egitea. Beti egongo da ados ez dagoen norbait, baina hori ere ona eta beharrezkoa da. Eztabaida ongi eramaten bada eta horrek garapena badakar ongi dago. Kontua da nork egiten duen umorea, zein diskurtso den hegemonikoa, zeri ematen diozun plaza… Eta hori ere aldatzen ari da.

Ni oso kontziente naiz nire zuritasunaz. Badakit gai batzuk ezin ditudala tratatu. Eta egiten badut oso modu kontziente eta zehatzean egingo dut. Umoreak librea izan beharko lukeela? Bai, baina, aldi berean, gizartea ez da librea. Gainera, iruditzen zait mugak iraganean baino itxiagoak ditugula egun. Sare sozialen bidez denok dugu iritzia emateko aukera. Suntsiketa eta iritzi emate soila ezberdindu egin behar dira ordea.

Opari bat izan da clown ikastaroa eskaini ahal izatea?
Bai, oso pozik nago. Atsegin handiz egiten dudan ariketa da, eta eman bezainbeste jasotzen dut, gainera. Haurrekin lan egitea magikoa izan daiteke. Clown ikastaroari esker elkar entzuten, oholtza gainean egoten, txandak errespetatzen… ikasten dut. Motxila betea eskaintzen diet eta neu ere material askorekin itzultzen naiz etxera egunero. Oso pozik nago.

Oholtzan hobekien
Supertxope [websaila] ia ezer pentsatu gabe sortu genuen. Gidoia bazegoen, nik ez nuen deus asmatu. Oso-oso dibertigarria izan zen, oso baliabide gutxirekin egin genuen lana. Freskoa izan zen ariketa. Kamera aurrean arraro sentitu nintzen. Zuzenean publikoari begira egin genuen lana, hori baita kamera aurrean lan egitea. Ez nengoen ohituta, ni oholtza gainekoa naiz. Ongi pasatzen dudan arren eta formatua interesgarria den arren, taldean lan egitea atsegin dut. Bakarrizketak egiterakoan ere ez baikaude bakarrik, beti dago taldea atzean”.

 

Kanal hauetan artxibatua: Umorea  |  Antzerkia  |  Hezkuntza  |  Donostia

Umorea kanaletik interesatuko zaizu...
2022-05-16 | Kike Amonarriz
Ugutz, kulturgintzan eta umoregintzan aitzindari

ARGIArako txisteak idazten hasita nengoela jakin nuen, 80ko hamarkadaren hasieran, Iparraldean “Irri gauak” egiten zituztela. Halaxe bururatu zitzaigun Tolosan lehen txiste-afaria antolatzea 1982. urtean. Ugutz zen formula berritzaile haren arima.


Mirari Martiarena Iraola. Pikoketarra
“Barrea ez dela eten behar esango nuke”

Binakako bakarrizketak egiten ditu Mirari Martiarena Iraolak, Idoia Torregarai kide eta lagunarekin batera. 2017an, Oiartzun Irratiko esatari eta kazetari lanak utzi, eta beldur pertsonalak gainditzeko kemena bildu zuen. Oiartzuarrak jakin bazekien umorea egin behar zuela... [+]


Sail berria
Ezetz astea ondo bukatu

Izen horrekin sortu da astekariko sail berria, aldizkaria itxiko duena, atzeko orrialdekoa. Beranduegi-ren papereko tarteak eman beharrekoa eman duela ikusita –formatu digitalean jarraituko du–, Gorka Bereziartuaren sinadurak egingo dio erreleboa.


2021-12-24 | Leire Artola Arin
Absolbitu egin dute David Suarez umoregilea: ez da gorroto delitua, “gustu txarreko txistea” baizik

Down sindromea duten emakumeei buruz idatzitako txio batengatik kartzela zigorra eskatu zuen Fiskaltzak. Auziak piztu egin du umorearen, gorroto delituaren eta adierazpen askatasunaren arteko mugaren inguruko eztabaida zaharra.


2021-12-12 | Jon Torner Zabala
Umore-mozorroa jantzita dator autoritatea

"Coses estranyes, kar kar kar. El joc del calamar, kar kar kar. Eztanda egingo dut barrez! Benetan, zer ari zarete telesailak katalanez edo euskaraz ere ekoiztu daitezela eskatzen, hustutako Espainiako herrietan zuntzik ere ez daukatenean?". Itzulita: agian ergelegiak... [+]


Irakurrienak
ASTEKARIA
2022ko urtarrilaren 30a
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude