Salbuespen bat euskararen historian?

  • Euskara ahozko hizkuntzatzat irudikatu izan da iraganean gehienetan, apenas idatzizko presentziarik izandakoa, eta izatekotan, testu erlijiosotan. Sarritan horrela izango zen, legeak eta inposizioak medio, baina bestelakorik ere erakusten duten frogak badaude, Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak aurkeztu berri dutena kasu: XVIII. mende amaiera eta XIX. hasiera arteko 300 gutun baino gehiago aurkitu dituzte Goizuetan, merkataritzaren eta burdinolen ingurukoak. Gutun horiek bildu eta argitaratu dituzten Patxi Salaberri Zaraitegirekin eta Juan Jose Zubirirekin izan gara.

(Argazkia: Foku / Iñigo Uriz)
(Argazkia: Foku / Iñigo Uriz)

Goizuetako etxe batean agertu dira gutunak, arropa eta kontabilitateko paper zaharren artean, eta bi liburukitan jaso dituzte Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak: batean gutunak daude bilduta, eta bestean horien hizkuntza azterketa. Jose Ramon Minondo goizuetarraren gutunak. Olaberria (Oiartzun). 1790-1807 izenpean, José Ramón Minondo Oiartzungo Olaberria burdinolako arduradunak Goizuetako Artikutzako Goitzarin burdinolan bizi zen Juan Bautista Minondo olajaunari bidalitako eskutitzek osatzen dute bilduma, eta eguneroko jardunean erabilitako materialez edo diru kontuez dira gehienak. Oiartzun eta Goizuetako eskutitzak jaso dituzte argitalpenean, baina azaldu dutenez Ipar Euskal Herriko beste zenbait burdinolarekin ere izan zuten trukea: “Ainhoako burdinolarekin, Donibane Lohizunekoarekin, Ziburukoarekin eta beste zenbaitekin harreman estuak izan zituzten –dio Patxi Salaberri Zaraitegi euskaltzain eta liburuaren egileetako batek–. Eta polita da ikustea asko eta asko euskaraz zirela”.

Gutunak “salbuespen” bat dira haiek argitaratzeko lanean aritu direnen arabera, bai euskarazkoak direlako, bai gaiagatik: “Industriaren eta burdinolen inguruko hiztegi aberatsa agertzen da, eta euskaraz oso gutxi landu izan da hori. Alde horretatik, gutunak oso garrantzitsuak dira, hutsune bat betetzen dutelako”, azaldu du Salaberrik. Duten garrantzia ulertzeko, baina, ezinbestekoa da historiako zein unetan idatzi ziren jabetzea.

Historia bere kontra

Euskararentzako garai nahasiak izan ziren XVIII. mende amaiera eta XIX. hasierako horiek, ohi baino zerbait gehixeago. Alde batetik, debeku esplizituak zeuden euskaraz idazteko. Hala dio Salaberrik: “Andres Urrutia euskaltzainburuak aurkezpenean aipatu zuen urte horietan Espainiako Gobernuak dekretu bat atera zuela, debekatuz merkataritza harremanetan espainola ez zen beste hizkuntza bat erabiltzea. Hauek ez dira liburuak, noski, gutunak dira, pertsonalak eta transzendentzia publikorik ez zutenak. Baina horrek frogatzen du euskaldun hutsak zirela, eta idazten jakinez gero horrela egiten zutela”.

Goizuetako zubi handia. Herri hartako Paskoltzenea etxean azaldu dira
Minondo familiako olajaunek bidalitako euskarazko gutunak. (Argazkia: Foku / Iñigo Uriz)

Bestetik, Frantziako Iraultza jazo berritan, bere eragina ukaezina da. “Konbentzioaren Gerra iraultza horren ondorio da, eta geroko txikizio guztiek Ipar Euskal Herria eta Hego Euskal Herria banandu zituzten. Frantziako armadak Hegoaldeko herriak erre zituen, ez Iparraldekoak; horrek lagundu zuen ezartzen zein zen frantziarra eta zein espainola. Denok euskaldunak bai, baina banatuta”, dio euskaltzainak.

Gutxi batzuen esku

Mugak muga, huskeria irudi lezake euskaraz idatzitako gutun sorta bati horrelako garrantzia aitortzea, baina testuingurua azpimarratu dute ikerleek. Hasteko, idazten jakitea bera: “Gehienak ez ziren eskolara joaten, analfabetoen kopurua nahiko handia zen”, dio Salaberrik. Izan ere, idazten jakitea dirudunen edo elizgizonen kontua zen garai haietan: “Zeinek ikasten zuten irakurtzen eta idazten? Zalantzarik gabe dirua zutenek, klase altukoek. Beste guztiek lan egin behar zuten”, azaldu du Juan Jose Zubiri euskaltzain eta liburuaren egileetako bat denak, Patxi eta Iker Salaberrirekin batera. Gainera, idazten zekiten horiek gehienetan ez zekiten euskaraz idazten: “Eskoletan gaztelaniaz, frantsesez edo latinez ikasten zuten, euskaraz behintzat ez, erabat debekatuta baitzegoen”.

Euskaraz hitz egiten zutenek beren hizkuntzan idatzi nahi bazuten, beste oztopo batekin ere egiten zuten topo: euskaraz idazteko araurik eza. Gaztelaniazko edo frantsesezko formak eta arauak bazekizkiten, eskolan hizkuntza horietan ikasten baitzuten, baina euskaraz ez zegoen horrelakorik: “Orduan ez zegoen Euskaltzaindiarik, ez idazteko forma baturik. Hori dela eta, bakoitza moldatzen zen ahal zuen bezala”, dio Zubirik. Hori aztertu dute gutunetan, eta ikusi dute nolako metodoak erabiltzen zituzten euskaraz idazteko: “José Ramón Minondok nahiko ongi idazten du, modu sistematikoan, eta badu bere sistema ‘tz’-k, ‘ts’-ak eta ‘tt’-ak egiteko”, azaldu du ikerlariak.    

Gutunek jasotzen duten hiztegi aberatsa nabarmendu dute euskalariek. (Argazkia: Foku / Iñigo Uriz)

Horiek, garai horretako euskarazko edozein testurekin kontuan hartu beharrekoak. Baina kasu honetan, merkataritza kontuak lantzen zituztenez, minondotarrek aparteko hizkuntz-baliabideak ere behar zituzten Zubiriren aburuz. Esaterako kontuak egiteko –hori ere eskolan gazteleraz ikasten baitzuten–, eta gutunetan aurkitu dute horren zantzurik. “Euskaraz idazterakoan, zenbakiak edo kopuruak adierazteko gaztelerara pasatzen dira etengabe. Baina hori gaur egun ere normala da euskaldunon artean”, argudiatu du Salaberrik.

Galbahe horiek guztiak pasatu behar izan dituzte gutunok euskaraz idatzi ahal izateko, eta testuon gaia ere bada beste bat: merkataritzari buruz euskaraz aritzeak altxor txiki bat bihurtzen ditu eskuizkribuok. Zera dio Zubirik: “Apezek idazten zekiten, baita dirudunek ere, baina azken hauek kontu erlijiosoez jardun beharrean negozioak egiten zituzten. Eta alde horretatik, Minondoren gutunak badira salbuespena, euskaraz landu zuten gaiagatik”.

“Salbuespen” hitza erabiltzen dute etengabe ikerlariek,  eta uste dute aurkikuntza honek euskararen ezkutuko historiari argi txiki bat ekarriko diola

Salbuespen hitza etengabe dute ahotan elkarrizketatuek, uste baitute aurkikuntzak euskararen ezkutuko historian argi txiki bat ekarriko duela. Beste aspektu bat ere azpimarratu dute testuen berezitasuna nabarmentzeko: beren kopurua eta iraupena. Ez dira arlo erlijiosotik kanpo aurkitutako euskarazko lehen testuak: “Ekaitz Santaziliak eta Mikel Tabernak argitaratu zuten Berako Udaletxean aurkitutako testu administratibo bat. Goizuetan ere azaldu ziren XIX. mendeko udal ordenantzak... Horrelako kontuak badira”, dio Salaberrik. Baina horiek testu laburrak edo bakanak direla dio, eta Minondoren kasuan ez: “Hemen 318 testu daude, zenbaitetan dena euskaraz idatzita, hori ez da batere ohikoa. Alde batetik, burdinolen mundukoa izatea da salbuespena, eta bestetik, horrenbeste izatea”.

Euskara demokratikoa

Ez ziren euskara liburuetan plazaratzeko garai errazak, idazketa apur batzuei mugatutako pribilegioa baitzen. Baina hizkuntza herriarena den heinean, demokratikoa da. Hala, gutun horietatik abiatuta ondoriozta liteke euskara asko erabiltzen zela. Bere egileek beste hizkuntza batean ikasi zuten eskolan, baina ama hizkuntzan hobeto moldatzen ziren: “Euskaraz egiten zuten, noski, gaur egun egiten dugu, duela berrehun urte nola ez zuten eginen? Euskaldun peto-petoak ziren”, dio Salaberrik. Berarekin bat dator Zubiri: “Guk liburuan ez dugu azterketa soziolinguistikorik egin, baina pentsatzekoa da harreman gehienak euskaraz zirela garai horretan”.

Liburuaren aurkezpenean Juan Jose Zubiri, Patxi Salaberri eta Iker Salaberri egileak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Mikel Arregi Euskarabidea Institutuko zuzendariak lagunduta, Iruñean. (Argazkia: Euskaltzaindia)

Susmo hutsa dirudi, baina bere iritzia defendatu du Salaberrik: “Ez dago jakiterik garai horretan euskararen erabilera nolakoa zen. Badakigu Iparraldean aldaketa Lehen Mundu Gerrarekin batera gertatu zela; Iparraldeko euskaldunek gerra-frontera joan behar izan zuten eta garai hartan indartu zen frantses sentimendua eta hizkuntza bera. Nahiz eta euskaldun hutsak izan frantses sentitzen ziren, alemanen kontra ari zirelako. Hori izan zen pizgarri handi bat, nire ustez, Iparraldearen frantsestean”. Baina hori gutunak idatzi eta ehun urtera gertatu zen. Aurretik, euskara nagusi zela dio, Iparraldean zein Hegoaldean, baita Minondo familiako kideak bizi ziren eremuan ere (Errenteria, Oiartzun, Irun...): “Gaur egun erraldoiak izan litezke herri horiek, baina 1800. urte inguruan txikiagoak ziren eta harremanak euskaraz egiten zirela argi dago”.

Herritarren ahotan eguneroko hizkuntza zen euskara, eta mugaren alde bateko zein bestekoak “batzeko” balio zuen, baita itsasoz ere. Salaberriren hitzetan, sarritan mugan zeuden soldaduek merkantziak geldiarazten zituzten, eta Goizueta eta inguruetako olajaunen “ihesbide bat zen materiala Urumean barrena garraiatu eta itsasoz ateratzea”. Harreman horietako asko euskaraz zirela dio euskaltzainak, eta merkatal-eragiketa hutsa zena euskaldunen batasunerako tresna bilakatzen zela: “Euskal Herriko Iparraldea eta Hegoaldea lotuta ageri dira nolabait. Polita da ikustea erlazio asko euskaraz zirela, hizkuntzak beti laguntzen zuen horretan”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntzalaritza
Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


2024-01-05 | ARGIA
Mikel Perez
"Euskara eta gaztelania nahastearen arrazoi bakarra ez da hizkuntza gaitasuna"

Mikel Perez Gonzalez hizkuntzalaria hitz egiterakoan erabiltzen den kode alternantzia aztertzen ari da, alegia, euskaldunek nola nahasten dituzten euskara eta gaztelania. Alternantziaren arrazoietako bat euskara gaitasuna da, baina Perezek gehiago ere kontatu ditu.


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Andorrak gutxieneko katalan maila eskatuko du bertan bizitzeko

Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.


Eguneraketa berriak daude