Has dadila diktaduraren ikuskizuna

  • Urtebete baino gutxiago falta da Qatarren gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa hasteko. 2010eko abenduaren 2an esleitu zion FIFAk datorren edizioaren antolaketa, eta lehen unetik zalaparta sortu du hautagaitzak. Diktadura zuritzeko trikimailua dela egozten diote askok eta, kezkagarriagoa dena, estadioak eta gainontzeko azpiegiturak eraikitzeko obretan 6.500 langile baino gehiago hil direla salatu dute hainbat erakundek.

Jair Bolsonaro Brasilgo presidentea (kamiseta gorriarekin), Al Wakrah hiriko Al Janoub estadioan, 2019ko urrian, hura inauguratu eta hilabete gutxira. Eraikinak 40.000 ikusle har ditzake.
Jair Bolsonaro Brasilgo presidentea (kamiseta gorriarekin), Al Wakrah hiriko Al Janoub estadioan, 2019ko urrian, hura inauguratu eta hilabete gutxira. Eraikinak 40.000 ikusle har ditzake.Palácio do planalto / Wikimedia
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Munduko Txapelketa antolatzeko ardura lortu aurretik ere, Qatar hautagaien artean egoteak eragin zuen polemikarik, batetik, herrialdeak futbolean ez duelako tradiziorik, eta bestetik, hango klimaren muturreko baldintzek nazioarteko futbolaren egutegia guztiz aldatzea behartuko zutelako. Halaber, lan baldintzak jo-puntuan ziren ordurako, eta askok gogorarazi zuten diktadura zuritzeko estrategiaren parte zela futbola.

Egin dezagun denboran apur bat atzera. Qatarrek nazioartean pisua irabazi du petrolio putzuengatik. Apenas garrantziarik izatetik, Ekialde Hurbileko potentzia handienetako bat bihurtu da. Petrolioa eta gas naturala deskubritu aurretik, hango ekonomiaren oinarriak arrantza eta perla-bilketa ziren. 1971. urtean lortu zuen independentzia Britainia Handitik, eta ordutik Al Tahni sendiko kideen eskuetan mantendu da agintea.

1940ko hamarkadan deskubritu zuten petrolioa, eta horrek guztiz aldatu zituen herrialdeko kultura, ohiturak, ekonomia eta demografia. Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, 1960. urtean 47.383 pertsona bizi ziren Qatarren, eta handik hamar urtera, bikoitza baino gehiago, 109.521. Biztanleriaren hazkunde tasa mantedu egin zen XX. mendearen amaierara arte, baina XXI. mendearen hasieran are gehiago hazi zen: 2000. urtean 594.000 pertsona bizi ziren Qatarren, 2010ean 1.715.000 eta 2020an 2.684.000.

Hazkunde esponentzial hori herrialdeak jaso duen migratzaile kopuruak eragin du bereziki. Hasiera batean petrolio findegietan lan egitera zihoazen, eta 2010ean munduko txapelketaren esleipena jaso eta gero, are pertsona gehiago joan dira azpiegiturak eraikitzeko obretan lan egitera. Gehienak Iran, Pakistan eta Indiakoak dira, eta gaur egun biztanleriaren %80 dira. Migratzaile gehienak gizonezkoak dira, eta horrek gehiago desorekatu du demografia: 2.165.135 gizonezko daude Qatarren, eta 715.925 emakume (biztanleriaren %25).

Historikoki beraz biztanleria txikia izan duen herrialdea da Qatar, eta futbolak ez du ia pisurik izan. Hori horrela, 2010eko abenduaz geroztik, agintariek izugarrizko inbertsioa egin dute futbola garatzeko, potentzia bihurtzeraino. Europako hainbat jokalari eta entrenatzaile ezagun eraman dituzte garapen horretan laguntzeko.

Estadio guztiak hutsetik egin dira; are gehiago, hiri berriak sortu behar izan dituzte. Finala, adibidez, Lusail hirian jokatuko da, 2005. urtera arte existitzen ez zen lekuan. Azpiegitura guztien eraikuntza bermatzeko, estatuak historiako inbertsio handienetarikoa egin du: 200.000 milioi dolar (178.000 milioi euro inguru).

XXI. mendeko esklabotza

Milaka eta milaka langile joan dira Qatarrera inguruko herrialdeetatik, familiak utzita, eraikuntza lanetara. Etxe orratzak, estadioak, hotelak, entrenamendu zentroak eta errepideak eraiki dituzte bazter guztietan, eta Demokraziaren aldeko Nazioarteko Fundazioak argitaratutako Pasioaren atzean dagoena txostenaren arabera, 2010az geroztik 6.500 langile hil dira, astean hamabi batez beste. Duela aste batzuk hildako langileen inguruan galdetu zioten nazioarteko hainbat hedabidek Qatar 2022ko zuzendari exekutiboari, Nasser Al-Khaterri, eta hauxe erantzun zuen: “Hildakoak? Hiru dira, eta gainontzeko guztia gezurra da”.

Segurtasun faltaz gain, beharginek muturreko lan baldintzak pairatzen dituztela ere adierazi dute giza eskubideen aldeko hainbat elkartek eta fundaziok; hamasei eta hemezortzi orduko lanaldiak direla salatu dute besteak beste.

Oraindik ere Kafala sistemaren menpe daude langileak. “Babesle” edo jabe batek du haien gaineko kontrol osoa

Arabiar Penintsulako ia herrialde guztiek baliatzen duten Kafala sistemaren bidez lortu dute migratzaileek Qatarrera lan egitera joatea. Laburbilduz, herrialde horietara lanera joan nahi duten pertsonek “babesle” baten baimena behar dute, zeina langilearen bisaren eta estatus legalaren arduraduna izango den. Hala, babesle edo jabe horiek langilearen kontrol osoa dute eta, esaterako, migratzaileak familia bisitatzera itzultzeko baimena eskatuz gero, ezezkoa jasotzen du gehienetan (aurrez pasaportea “konfiskatzen” diete euren babesleek, nolabait definitzearren). Lanez aldatu nahi dutenean ere baimena eskatu behar diote jabeari (termino hau egokiagoa da), eta orduan ere, ezezkoa da ia beti. Giza eskubideen aldeko elkarte eta fundazioek esklabotza sistema gisa definitu dute.

Qatarrek 2017. urtean abiatu zituen Kafala sistema desagerrarazteko tramiteak, eta 2020ko abuztuan onartu zituzten hura indargabetzeko legeak, baina Amnistia Internazionalak (AI) salatu du prozedura horrek urtebete daramala geldirik, eta abusurik krudelenak itzuli egin direla. Erakundeak langile batekin hitz egitea lortu zuen, eta “paperean jaso diren aldaketak” horretan geratu direla zioen: “Enpresa batean sartzen zarenean ikusten duzu langileen baldintzei dagokienez ez dela egon ia. Egoera beldurgarria da oraindik ere”.

Futbola, propagandarako tresna

Kirola betidanik izan da propagandarako tresna, estatuek baliatu dute haien mesederako. Qatarren kasuan, 2022ko txapelketak ahalbidetuko dio munduari bere buruaren irudi positiboa saltzea. Sportswashing deitzen zaio, irudi garbiketa kirolaren bitartez. Gizonezkoen munduko txapelketa kirol ekitaldi ikusienetarikoa da, Olinpiar Jokoekin eta Europako Txapeldunen Futbol Ligarekin batera. 2018an Errusian jokatutako Munduko Txapelketaren finala, esaterako, 1.120 milioi lagunek ikusi zuten, FIFAren datuen arabera, eta 3.572 milioi lagunek ikusi zuten uneren batean edizio hartako partidaren bat.

Munduaren arreta hori guztia bereganatzeak, bestalde, nazioartearen aitortza handiagoa izaten eta pisua irabazten lagunduko dio Qatarri. Herrialdeak tentsio geopolitiko handiak ditu Saudi Arabiarekin eta Arabiar Emirerri Batuekin, eta nazioartearen onarpen horrek Saudi Arabiaren balizko inbasio bat zailtzen du de facto; izan ere, munduko potentzia nagusiek Qatar begi onez ikusteak aliatuak sortzen ditu etorkizuneko gerra diplomatiko edo beliko bati aurre egiteko.

Beharginak lurrean etzanda, atseden hartzen. Hainbat erakundek salatu dutenez, lanaldiak hemezortzi ordukoak izatera hel daitezke. / Lubaib Photography

Beste alde batetik, petrolioarekiko eta gas naturalarekiko hain menpekoa den ekonomiari ondo datorkio dibertsifikatzea eta lehengaien ustiapenak barne produktu gordinean duen pisua leuntzea. Hori dela eta, herrialde arabiarrak Qatar 2030 izeneko plana abiatu zuen 2008an, sektore ekonomiko berriak garatzeko, eta kirolak –futbolak batez ere– berebiziko garrantzia hartu zuen. Ekonomiaren dibertsifikazio horrek ardura inportantea dauka herrialde horien garapenean, kontuan hartzen badugu ustiatzen dituzten lehengaiak egunen batean amaitu egingo direla.

Aurkako ahotsak

Izan da Munduko Txapelketa kritikatu duenik, baina aurkako mezuak ez dira espero bezainbat zabaldu. Hainbat gobernuz kanpoko eragile eta gizarte mugimendu borrokatu dira ekitaldi erraldoi horren aurka, baina ez dute pisu handia irabazi. Futbolaren munduan ez da Qatar 2022ri boikota egiteko mezurik zabaldu, beste kirol ekitaldi batzuetan gertatu den moduan. Ameriketako Estatu Batuek, esaterako, Beijingo Neguko Olinpiar Jokoen aurkako kanpaina diplomatikoa abiatu dute, baina Qatarreko txapelketaz ez dute txintik ere esan.

Norvegiako futbol jokalariak izan dira langileek Qatarren pairatzen dituzten muturreko balditzen aurka ekintza sinboliko bat egin duten bakarrak. Aurtengo martxoan, sailkapen partida batean “Errespetua: zelai barruan eta kanpoan” zioten elastikekin atera ziren zelaira. Hain justu, pasa den azaroan, Qatarreko langileen baldintzen inguruko erreportajeak egiten ari ziren bi kazetari norvegiar 32 orduz atxiki zituzten.

Zuriketak

Qatarrekoa, baina, ez da sportswashing eredu bakarra. Espainiako eta Italiako Superkopen edizio batzuk esaterako Saudi Arabian jokatu dira, eta 2018. urteko Txapeldunen Ligaren finala Kieven jokatu zen, Ukrainan, gerran dagoen herrialde batean. Futboletik harago badira adibide gehiago. Txirrindularitzan, 2018ko Italiako Giroaren lehen hiru etapak Israelen egin ziren; Netanyahuren gobernuak hamar milioi euro inguru ordaindu zizkion Italiako Giroaren antolakuntzari, eta Jerusalemgo karrikak Israelgo banderez josi zituzten.

Herrialde horiek beren buruaren irudi positiboa saltzeko beste metodo bat ere erabiltzen dute: klubak erostea. PSG, Manchester City, New York City, eta orain Newcastle United taldeen jabeak Qatar, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuetako gizon boteredunak dira. Petrolioa medio, hiru herrialde horiek etengabe ari dira hazten, eta munduko herrialde dirudunen artean daude. Joko-taulan garrantzia irabazten ari dira, eta hasieratik nazioarteko onarpena lortzeko estrategiak jarri dituzte martxan, kirolaren bidez tartean. Eta dirudienez, helburuak lortzen ari dira gutxinaka.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Futbola
Espektakuluen tranpa

Semea futbol talde batean jolasten da eta, kurtso amaieran jokatutako hamaika torneoren artean, Athletic Cup-era gonbidatu dute bere ekipoa aurten. Txapelketak laurehun talde eta 5.000 futbolari inguru batu ditu; haur eta nerabe, senideak eta lagunak kontatu gabe. Itzelezko... [+]


2025-05-20 | Jon Torner Zabala
Futbola akuilu, sekula baino hegazkin pribatu gehiago Bilboko zeruan

Kirol ekitaldi handi xamarrak egiten diren bakoitzean, agintariek hauspotzen duten "inpaktu ekonomikoaz" edo "hiria mapan kokatzeaz" harago, ohikoa da ostatuen garestitze basatiaz, garraio publikoan daukaten eraginaz edota segurtasun kontuez hitz egitea. Ohikoa... [+]


2025-05-16 | Gedar
60.000 euroko isuna Indar Gorriri, sionismoaren aurkako mezu batengatik

"Weissman kanpora, sionismo-faxismoa suntsitu" idatzi zuen sarean, palestinarrak erailtzeko deia egin baitzuen Granadako jokalariak. "Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Legea" ezarrita, isun erraldoia jarri diote Indar Gorriko kide bati.


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Ekainean 20. urteurrena ospatuko du preso politikoen elkartasunezko Hendaiako futbol 7 txapelketak

Hogeigarren edizioa ekainaren 14an egingo da eta futbol partida, bazkari eta kontzertuz josia egongo da. 20 urtez presoekin elkartasunez lelopean ospatuko dute eguna, eta ekintza "bereziak" iragarri dituzte.


Espetxera bidali dute Ion Aranburu realzaleari Sorian egindako erasoaren harira atxilotuetako bat

Ion Aranburu koma egoeran eta ZIUan ingresatuta egon zen hainbat astez, erasoaren ondorioz.


analisia |
Save the Children, saldu bonbak (II)

Historia errepikatzen dela idatzi zuen Marxek, “lehenik tragedia gisa, gero fartsa moduan”. Armagintzaren eta militarismoaren inguruan errepikapen hutsa ez, espiralean goraka doan buklea ari gara bizitzen, fartsatik asko duena, eta tragedian amaitzeko gero eta aukera... [+]


2025-03-28 | Sustatu
La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko du Puntueus-ek

Azken aldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko. La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien... [+]


2025-03-20 | Gedar
“Ertzainek aita jipoitu zuten nire alboan, 65 urte ditu eta elbarria da”

Ertzaintzak martxoaren 13an Bilbon zauritutako bi pertsonaren testigantza jaso ditugu. Athleticen partidaren ostean larriki zauritu zituzten aita-semeak, borra-kolpeka, eta atxilo eraman zuten haietako bat. Furgonetatik ikusi zuen ertzainek nola egin zuten tiro jendearen kontra,... [+]


2025-03-15 | Jabi Elorza Antia
Txapela buruan

Iazko udan ere Alacant aldera hurbildu ginen eguraldi hobea aurkitu nahian eta, urtero bezala, egun batez, Benidorm erraldoian sartu ginen hango giroan murgildu, zerbait hartu eta seme-alabekin izozki edo gofre bat dastatzeko asmoz.

Hiri bitxia da, denetarik aurki dezakezu... [+]


Bi futbol taldek planto egin dute irain arrazisten aurrean Bizkaian eta partiduak bertan behera geratu dira

Gaztelueta C -Berango C gazteen futbol partidua bertan behera geratu zen Larunbatean. Jokatzen ari zirela Gaztelueta C taldeko gazte batek aurkariari "beltz zikin madarikatua" deitu zion. Gorengo erregional mailako Otxarkoaga-Iturrigorri partiduan ere... [+]


Iñigo Cabacas Herri Harmaila
“Jazarpena azken urte eta erdian areagotu da”

Iñigo Cabacas Herri Harmaila taldea eta Athleticen arteko harremana nahaspilatuta dago azkenaldian. Iñigo Cabacas Herri Harmailako Iñigorekin hitz egiteko aukera izan dugu astelehenean.


2025-01-08 | Onintza Enbeita
Garazi Murua. Taldeko kapitaina
“Gabarra ez da gizonezkoen sinbolo esklusiboa: guztiona da”

2002an ikusi zituen lehenengoz hamaika emakume kamiseta zuri-gorriarekin San Mamesen. Bere ametsa egia bihurtzeko aukerak errealak zirela ulertu zuen Garazi Muruak. Athleticeko nesken taldeko kapitaina izatera iritsi zen, baina lesio batek behar baino lehen ekarri dio... [+]


Eguneraketa berriak daude