“Ipuinek irakaspen bat ematen dizute, irakaspenik emateko desiorik gabe”

  • Tradizio zaharreko ipuinak, kanpotik ekarritakoak eta han eta hemen entzun eta irakurritakoak dira batez ere Amaia Elizagoien Ameli baztandar gazteak egungo errealitateari josten dizkionak, hitzez eta musikaz.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Amaia Elizagoien Varela. Oronoz-Mugairi, 1994

Bertsolaria izan da gaztetatik eta ipuin-kontalari profesionala duela sei urtetik. Txikitatik ahozko transmisioarekin harreman estua izan du. Amak ipuinen mundua erakutsi zion. Aita Bittor Elizagoien du, bi aldiz Nafarroako txapelduna izandako bertsolaria eta ipuin eta istorio zaharren zalea. Haur Hezkuntzako goi maila eta gradua ikasi zituen.

“Ameli, ipuinen jostune” da bere izen artistikoa eta azkenaldi honetan ipuin kontaketa musikatuak egiten ditu Irati Celestino musikariak lagunduta.

Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak plazaratutako Oihanean sentitu. Bideak bertze ipuin liburuko narrazioen egilea da.

Nondik heldu zaizu istorioak kontatzeko zaletasuna?
Euskara eta euskal kulturarekiko dudan atxikimendua, hein handi batean aitak eta herriak eman didatela uste dut. Gogoratzen dut aitak askotan mahaia biltzeko bertsotan eskatzen zigula eta ahizpak belarriak tapatzen zituela: “Aski da, bertso gehiagorik ez!”, esanez bezala. Bestalde, ipuinen kultura amarena ere badela erranen nuke, berak ipuin aunitz irakurtzen zizkidalako txikia nintzela.

Umetan bertso eskolako txikiena zinen, ezta?
Bai. Oroitzen naiz bertso eskolako maskota deitzen zidatela. Estitxu Arozenak askotan gogorarazten dit lehenengo egunean lagunak kantuan hasi eta une batean erran niola haserre: “Baina ni zertara etorri naiz hona, lorontzi bat izatera? Nik ere kantatu nahi dut!”. Beti eduki dut desio hori, jakiteko zer sentitzen den publikoaren aurrean jartzean.

Noiz eta nola hasi zinen ipuinak kontatzen?
Duela sei urte modu profesionalean hasi nintzen. Ofizio hau aunitz maite dut. Pribilegio bat da kontalaritzaz bizi ahal izatea Euskal Herrian.

Txikitan eta nerabezaroan kazetaria izan nahi nuen, komunikazioa oso garrantzitsua delako niretzat. Gero, aldiz, erizaina izan nahi nuela pentsatu nuen, pazienteekin egon eta alaitasuna eta maitasuna ematea arras ederra izanen zelakoan. Ni oso maitekorra naiz, horretarako lekua dagoen espazioetan; euskaldunok orokorrean harremanerako era hotzagoa dugula erranen nuke. Bizitzak, ordea, Haur Hezkuntzako gradua ikastera eraman ninduen eta orduan ohartu nintzen zenbat gustatzen zaidan irakaskuntza. Ipuin kontalaritza ikasgai bezala genuen eta hor hasi nintzen honetan sakontzen.

Kazetari gisa ere aritu zara Xaloa telebistan. Zer nolako esperientzia izan da?
Uste dut komunikazioarekiko badudala lotura berezi bat eta betidanik entzule ona izan naizela. Ikaragarri gustatzen zait galderak egitea, emaniko erantzunek mundua begiratzeko bertzelako modu batzuk erakusten dizkizutelako.

Argazkia: Dani Blanco
"Itzalean gelditu diren ideiak, pertsonak eta istorio horiek guztiak josi nahi ditugu egungo errealitatera. Publikoarekin lotura hori egin nahi dugu”

Zer da lortu nahi duzuna?
Kontalari bezala nire helburua beti izan da gure antzinakoek egin duten lana transmititzea, baina gaur egungo gizartera egokituz.
Kontalariaren figura zubiarena da. Ondarearen eta publikoaren arteko zubi-lana egitea da gure zeregina.

Zer du berezia euskal kulturak?
Uste dut baduela minetik, konpromisotik eta nostalgiatik ere bai. Halako elementu elkarketa oso interesgarria egiten zait. Euskaldunok oso espiritualak ez izan arren, badugu naturarekiko harreman berezi eta estua, aunitz gustatzen zaidana.
Orokorrean pentsatzen da euskal kultura oso klasikoa dela, baina nik uste dut hori baino askoz gehiago dela, eta hau tinko sinetsi behar dugula kulturaren sorkuntza eta kontsumoa sustatu nahi baditugu.

Euskal kulturaren bertze ezaugarrietako bat izan da ahozkotasunaren indarra eta honek sortzen duen kolektibitatearen ideia. Indibidualismorantz goazen mundu globalizatu honetan, kolektibitate horren arrastoa indartsu mantentzen da oraindik ere gure artean. Hori garbiago ikusten dut, adibidez, hemendik kanpo nabilenean. Gazteen artean ez daukate arazo sozialez hitz egiteko edota kolektiboki lan egiteko ohitura handirik. Eta hori badugu hemen, ez nahi genukeen bezainbeste akaso, baina badugu eta iraunarazi behar dugu.

Eta euskara?
Euskara ezinbertzekoa da. Ni euskaraz bizi naiz eta badakit pribilegiatua naizela, baina iruditzen zait, aldi berean, pribilegio hori neurri batean norberak ere sortu egin dezakeela. Euskaraz egitea hauta dezakegun zerbait dela. Alde horretatik lanketa bat egin behar dugu eta ikusi guk mundua euskaraz habitatzea ezinbertzekoa dela, bertze batzuk etorkizunean hori bera egiteko aukera izan dezaten. Kezkatzeko modukoa da, nire ustez, hizkuntza transmititzen ari garela ikustea, baina akaso hizkuntzarekiko atxikimendua ez, eta euskarak hori gabe ez dauka zentzurik. Praktikotasunari bakarrik begiratzen badiogu, akabo.

Zeintzuk dira zure inspirazio iturriak?
Aunitz. Hasteko gure kondaira zaharrak. Xaloa Telebistan elkarrizketak egiten nenbilenean adineko jendeari galdetzen nion kondairen inguruan, eta irakurri ditut han eta hemen bilduta dauden istorio piloa, hor baitugu altxor oso interesgarria. Honetaz gain, haur literaturan sorturiko ipuinak eta beste kultura batzuetakoak ere hartzen ditut: Txina, Hego Amerika edo kultura arabiarretik, besteak beste. Kanpoko istorio bat gustatzen bazait egiten dudana da moldatu eta gurera ekarri. Modu honetara haurren Euskal Herriko imajinarioa aberasten saiatzen naiz. Istorio bat gertatuko da Ligiko herrian, bertze bat Cintruenigon eta bertze bat Lekeition, adibidez.

Eta zuk ipuinik asmatzen duzu?
Egiten dut, baina gero eta gutxiago sinesten dut originaltasunean. Uste dut obra on bat birziklapen on bat dela, denetatik sortu baita mundu honetan. Ez naiz horrekin tematzen. Aunitzetan itsu-itsuan joaten gara berriaren bila, atzera begiratu eta hor zer dagoen ikusi eta ikasi gabe.

Ipuinek badute ezaugarri berezi bat, eta hori da iraunkortasuna. Errementariaren istorioak, adibidez, 6.000 urte baino gehiago ditu. Ezagutzen den ipuin zaharrenetariko bat da, Brontze Arokoa erraten dutenez. Oso garrantzitsua iruditzen zait guk hori kontatzen segitzea gero bertze batzuk ere konta dezaten.

Ipuinek badute indar bat akaso hitzez baino gehiago intuizioz uler dezakeguna. Irakaspen bat ematen dizute irakaspenik emateko desiorik gabe, eta hori da haien indarra. Azkenean, ipuinaren bidez esperientzia kolektibo bat bizitzen duzu eta horrek modu batean edo bertzean ukitzen ahal zaitu. Batzuetan oso modu leunean pasako da eta bertzeetan piztu eginen zaitu eta zuk ere hori kontatzeko beharra sentituko duzu. Hau arras primarioa da, komunikatzeko beharra, alegia. Ni ukitzen nauten istorioak hartu, nire egin eta gero transmititu nahi ditut. Hori da nire lana eta hori lortu ahal izateko bertzeen artea kontsumitzea ezinbertzekoa da.

Askotan iruditzen zait gauzak sortu nahi ditugula bertze sortzaileek sortu dutena kontsumitu edo ezagutu gabe.

Ipuin kontalari gehienak emakumezkoak zarete. Zergatik?
Nik uste dut oso lotuta dagoela bi gauzekin: hasteko, Euskal Herrian kultura eta bertze hainbertze gauza, hizkuntza adibidez, bizirik daude hein handi batean emakumeei esker. Batetik, emakumeak eduki du zaintzarako joera oso indartsua eta kulturaren transmisioa ere zaindu egin du. Bertze alde batetik, gaur egun ipuin kontaketa itzaleko ofizio bat da, izan ere, jendeari askotan gogorarazi egin behar diot ni honetaz bizi naizela, nire ofizioa dela. Publiko gutxirekin aritzen zara beti eta akaso gizonek joera handiagoa dute prestigio gehiago daukaten ofizioetarako.

Argazkia: Dani Blanco
"Gero eta gutxiago sinesten dut originaltasunean. Uste dut obra on bat birziklapen on bat dela, denetatik sortu baita mundu honetan. Ez naiz horrekin tematzen"

Haurrei lotarakoan grabatutako ipuinak jartzea zer iruditzen zaizu?
Ez da idealena, baina ulertzen dut gurasoak nekatuta egotea eta nahiago dut entzuteko ipuin bat jartzea bideo bat baino, pantailako argiak ez diolako haurrari batere laguntzen lotarakoan. Honekin batera, oso garbi eduki behar dugu zer jartzen diogun haurrari, ea ipuin bat den, ea baloreen inguruko mezu bat den... oso garrantzitsua da, haurrari jarriko dioguna aurretik ikustea.

Ipuinek beti izan behar dute didaktikoak?
Ez. Inondik inora ere ez. Beti edukiko du balio didaktikoren bat. Hizkuntzaren aldetik, adibidez, beti balioko digute haurraren hiztegia aberasteko, baina badira ere ipuin absurdoak, irakaspenik gabeak edota jolasteko balio duten liburuak, aho korapiloak jasotzen dituztenak bezala.

Euskal kolektibotik lan handia egin behar dugu material ona, hezigarria eta erakargarria sortzeko. Gaur egun badago, baina gehiago behar dugu sortu. Kanpoko gauzei ere ez gara itxi behar, jakina, baina kontsumitzeko modu kontzienteago bat landu behar dugu. Hautu kontzienteak egin eta ez zaitzala olatuak eraman.

Nolakoak dira ikastetxeetan nerabeekin egiten dituzun saioak?
Aunitz maite dut institutuetan ipuinak kontatzea. Lehenbizi azaltzen diet zergatik hautatu ditudan kontatu beharreko istorio horiek. Kasu aunitzetan gogorrak dira, gordinak, eta interesgarriak, munduaren eta errealitatearen parte direlako. Batzuk oinarri autobiografikoa dute eta azaltzen diet ahalegin handi bat egin dudala iraganera joateko eta ikusteko zer zalantza existentzial nituen garai hartan. Dibertigarria eta hunkigarria suertatzen da denok antzeko beldur eta pozak ditugula ikustea.

Eta helduei zer kontatzen diezu?
Hiru obra ditugu orain: Gutunak, heriotzen inguruan jaso ditudan ipuinen moldaketa, Munduko emakumeak eta hirugarrena Lourdes Iriondoren inguruan sortutakoa. Azken honekin gure helburua zen artista handi hura ezagutzera ematea. Gure belaunaldiak Xabier Lete eta Mikel Laboa ezagutzen ditu baina Lourdes Iriondo ez, eta bakarrik hamasei urte pasa dira hil zenetik. Euskal Herriko Joan Baez deitzen zioten, baina, hala ere, ikusezin bihurtu dute, beste emakume asko bezala. Bere obra oso lotua dago euskalduntasunarekin eta ezagutu nuenean mina eta ezagutzera emateko beharra sentitu nuen.

Irati Celestino musikari lagunarekin nola hasi zinen?
Duela lau urte ezagutu genuen elkar. Olaia Intziarte Oronozko kantautorearekin aritzen nintzen garai hartan eta nik hartu nuen profesionala izateko bidea, baina bera, alde batetik, oso gaztea zen eta, bestetik, bertze amets batzuk zituen. Lagun batek hitz egin zidan Irati Celestinoz. Bistaz ezagutzen nuen eta nahiz eta oso desberdinak izan, solaserako gelditu ginen eta proiektua kontatu nionean emozionatu egin zen inor ez bezala. Intuizio handiko pertsona naiz eta berehala ikusi nuen ongi aterako zela.

Josi nahi dituzuen zirrikituak zeintzuk dira?
Itzalean gelditu diren ideiak, pertsonak eta istorio horiek guztiak josi nahi ditugu egungo errealitatera. Publikoarekin lotura hori egin nahi dugu.

Bartzelonan ari zara antzerkigintza ikasten. Zer moduz?
Oso ongi. Escuela laboratorio izeneko eskolan nago. Txilen du sorrera eta artea ulertzeko modu oso berezi bat dute, aunitz gustatzen zaidana. Ipuin kontalaritza eta antzerkigintza oso desberdinak dira nire ustez, baina oso interesgarria da beste genero batzuetatik ere ikastea. Gainera, gero eta garbiago ikusten dut zer garrantzitsua den hemendik eta gure konfort espazio honetatik ateratzea. Euskal Herriak batzuetan irensten zaitu. Baztan, adibidez, izugarri gustatzen zait, baina tarteka oso itogarria suertatzen zait. Hemen denok ezagutzen dugu elkar eta nire ofizioagatik pertsonaia publikoa naiz, nolabait, eta aunitz gustatzen zait bertze Amaia bat sortzea hemendik kanpo edo zerotik berriz abiatzea bertze espazio batean.

Etorkizunari begira zer duzu buruan?
Nire ametsetako bat da Koldo Amestoyrekin ikastea. Erreferente oso berezia da. Eta ohartu naiz idaztea ere izugarri gustatzen zaidala. Hemengo Turismo bulegoarekin ipuin liburu bat egin dugu eta pila bat ikasi dut prozesuarekin. Orain proiektu horretan zegoen ilustratzailearekin, Juan Angel Perotxenarekin, bertze proiektu batzuk ditut ipuin ilustratuak egiteko. Ikasten eta sortzen segitzeko asmoa dut.

Bertsolaritzara itzultzeko asmorik bai?
Oholtzan oso ongi pasatzen nuen eta lagunek erraten zidaten bertara igotzean handitu egiten nintzela; hala ere, garbi ikusi nuen behar duen denborarik eskaini ezean, ez nuela disfrutatzen. Gustatuko litzaidake etorkizunean tarte bat izatea bertso eskolara joateko, bertso eskola eta bertso familia baita bertsolaritzak duen gauza politenetako bat.

"Nafarroako bertsolaritza txapel honek emakume gehiago ekarriko ditu hurrengo urteetako finaletara eta, aldi berean, ahalduntze saio ederra izan da bazterrean bizi diren pertsona guztientzat"

Nola ikusten duzu egungo bertsolaritza?
Faltan botatzen dut antzerkitik zeozer egotea, hau da: gai bat jartzen denean, eta ez zaionean bertsolariari zehazten zer posizio hartu behar duen, normalean ez dira bestela pentsatzen duten pertsonen larruan jartzen.

Txapelketetan, bereziki, libreki kantatzeko tarte handirik ez dagoenez, dauden apur horiek aprobetxatu nahi dituzu zure iritzia emateko. Interesgarria litzakete gurekin ez datozen rolak hartzea, horrek sortuko lituzkeelako, ez agian txalo askorik, baina bai, ordea, hausnarketa oso interesgarriak saioaren ondoren, bertsolariak hausnartzeko gaitasun handia baitu. Eta nik uste dut horren falta dugula. Preziosismora joateko joera handia dugu.

Zer iruditu zaizu aurtengo Nafarroako txapelketako emaitza?
Maila handiko txapelketa izan da.  Finala ere bai, baina nik uste dut ez dela Nafarroako bertsolaritzaren errealitatearen isla izan. Emakume bakarra iritsi da eta aunitz dira maila handia izanda, kanpoan gelditu direnak. Bertzalde, gazte aunitz kantatzeko gogoz daudela eta horietako aunitz zonalde ez horren euskaldunetatik ere plazara ateratzen ari direla ikustea pozgarria da. Hemendik aitzina ziur naiz finalak askoz anitzagoak izanen direla, aberatsagoak eta diskurtsoak ere poliki-poliki zabaltzen joanen direla. Saioa Alkaizak saio borobila egin zuen eta erabat merezita eraman zuen txapela etxera.

Ederra izan da ikustea guraso erdaldunen alaba denak eta errealitate hau bazterretik bizi izan duenak nola kantatu duen hau guztia lehen pertsonan. Zoragarria eta motibagarria izan da jende gehiagok bertsoen eta euskararen alde egin dezan. Konstantzia erakutsi zuen, urratsez urrats, lan gogorra eginez txapela lortu arte. Horregatik Saioaz harro. Txapel honek emakume gehiago ekarriko ditu hurrengo urteetako finaletara eta, aldi berean, ahalduntze saio ederra izan da bazterrean bizi diren pertsona guztientzat.

                                                                                  

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipuin kontalariak
Dorleta Kortazar Alkoz, isilduen ahotsa
“Ipuinek aukeratzen gaituzte kontalariak, eta ez guk ipuinak”

Kortazarrek argi du bera izan arren ipuin kontalaria, entzulea dela bidaiaria. Entzulea da fantasiaren munduan sartzen dena eta hasieran ez bezala ateratzen dena. “Nik publikoa aretotik ezberdin ateratzeko asmoz kontatzen dut. Nik neuk horrela maite dut ateratzea... [+]


Barruan daramagun ipuin-kontalaria

Erronka jarri nahi izan dugu ARGIAtik: zenbateraino utzi diezaiokezu sormenari hegan egiten? Zenbateraino bihurritu dezakezu istorio bat eta bilakatu beldurgarria, barregarria, dramatikoa? Gauza al zara euskarak duen aberastasunari etekina atera, hitz-jolasei leku egin eta... [+]


Amaia Elizagoien Varela. Hala bazan...
“Kontalari aunitz dago Euskal Herrian, eta entzule eskas”

Errenterian elkartu ginen, Lekuona Fabrikan, ipuin kontalari saioa baitzuen Amaia Elizagoien Varelak. Saioak, ordea, etenik ez zuela izan iruditu zitzaidan, trebetasun handiz astintzen baitu mihia baztandarrak. Ipuin kontalari izateko apustua egin zuen, ahozko transmisioaren... [+]


2022-05-25 | Estitxu Eizagirre
Ekainak 4 Ziburuko III. Euskal Liburu eta Diskoen Azoka
Egun bat Euskararen Errepublikan

Ekainaren 4an euskal kulturak hartuko du Ziburuko plaza. Baltsan elkarteak eta ARGIAk antolaturik, hirugarrenez egingo da Euskal Liburu eta Diskoen Azoka. Bertaratzen diren herritarrek etxeratuko dute aurtengo udarako irakurgai edo entzungai gustukorik, jai-giroan murgilduta:... [+]


Haydee Arteaga eta ahozkotasuna

Joan den maiatzean hil da Habanan 105 urterekin Haydée Arteaga ahozko narratzaile kubatarra, “La Señora de los Cuentos”  ezizena zuena.


Eguneraketa berriak daude