“Ipuinek aukeratzen gaituzte kontalariak, eta ez guk ipuinak”

  • Kortazarrek argi du bera izan arren ipuin kontalaria, entzulea dela bidaiaria. Entzulea da fantasiaren munduan sartzen dena eta hasieran ez bezala ateratzen dena. “Nik publikoa aretotik ezberdin ateratzeko asmoz kontatzen dut. Nik neuk horrela maite dut ateratzea ipuin-entzule arrunta naizenean”. Euritik babesteko, terraza batean eserita, kafe bat hartuz kontatu digu Kortazarrek kontalaritzaren bere historia.

"Nik isilduei eman nahi diet ahotsa. Isilduak direnei. Sarri emakumeak dira nire kontaketen protagonistak. Horrez gainera, belaunaldikotasuna asko zaintzen dut". Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Noiz hasi zinen kontalaritzan?
Aski berandu heldu da nire bizitzara, eta gainera kasualitatez. Krisi gogor bat pasatzen ari nintzen 30 urteren bueltan. Ez nekien zertan ari nintzen, ezta zer egin nahi nuen ere. Noraezean sentitzen nintzen. Ametsik betetzeko ote nuen gogoetatzen ari nintzela, haurtzarora bidaiatu nuen.  Txalo zaparrada artean topatu nuen nire burua, jendea nirekin batera irriz ari zela, antzerki txiki bat egin berritan. Begiak itxi, eta oraindik oso bizirik dut sentipen hura. Kasik hiru hamarkada geroago, hori egin nahi nuela sentitu nuen.

Virginia Imaz, clown eta ipuin kontalaria deitu nuen, ikastarorik martxan zuen jakiteko. Ipuin kontalaritzan murgiltzeko hilean behineko formakuntza bati ekitear zegoela esan zidan. Izena ematera animatu nintzen. Igandez elkartzen ginen, egun oso bat pasatzen genuen taldean elkarrekin. “Hasi beharko duzu, errepertorioa ez zaizu falta”, esan zidan halako batean Virginiak. Eta neuregan askorik sinistu gabe ekin nion ipuin kontalaritzari.

Krisi batek eraman zaitu horretara, baina formatzen segitzen duzu.
Nire buruarekin bat egin nuen berriz, eta formakuntzak ematen didan barne segurtasunari heldu nahi izan diot hasieratik. Aukera dudan guztietan ematen dut izena ikastaroetan. Gogoa eta motibazio handia dut lanerako, beste norbaitekin elkarlanean jarduteko… Ikastea ez da ahalegina.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Zer behar da kontatzeko?
Nire ustez, ongi kontatzeko, publikoa harrapatzeko, izan heldu, gazte ala haur, kontalariak argi ukan behar du zer kontatu nahi duen eta nola. Bere mezua argi eta ongi eraikia ukan behar du, eta ipuinarekin batera eginen du horretarako bidea. Azken batean, ipuina horretarako tresna da.

Eta zuk zer kontatu nahi duzu?
Une honetan, nire mezua osatzen ari naizela esango nuke. Nire ustez, garrantzitsua da ahots propioa ukatea, inoren kopia zarela sentitu gabe. Nik isilduei eman nahi diet ahotsa. Isilduak direnei. Sarri emakumeak dira nire kontaketen protagonistak. Horrez gainera, belaunaldikotasuna asko zaintzen dut. Oso garrantzitsua iruditzen zait jende heldua, adineko emakumeak, amonak, ikusaraztea, entzutea… Bidea erakusten diguten figura femeninoak ere, sarri erabiltzen ditut. Oihanak, adibidez. Ipuinak deskubrimendurako bidaiak dira, eta bidaietan ikasi egiten da. Nik entzutera datorrena bidaia horren bidez harrapatu nahi dut, eta saiotik, etorri den bezala ez, bestela ateratzea nahi dut.

Ipuinak instrumentalizatu direla iruditzen zaizu?
Lehen, familian kontatzen ziren ipuinak. Ahoz aho transmitituriko ipuinak ziren, ipuin tradizionalak. Belaunaldi ezberdinetako jendea elkartzen zen suaren bueltan, istorio bera entzutera. Hainbat geruza dituzte ipuin tradizionalek. Gainera, pertsona bakoitzarengan ezberdin eragiten dute, sentsazio eta erreakzio diferenteak probokatzen dituzte. Pentsatzen dut gauza bera gertatuko dela bestelako adierazpen artistikoetan. Bizitzako momentuaren arabera, ipuin berak ezberdin eragin ahal digu. Egungo jendarte ereduaren presioa ere heldu da ipuinetara, eta, badirudi, ipuin bat entzuten edo irakurtzen ari garenean, zerbait sentitu behar dugula, gure baitako zerbait eraldatu behar dugula, eragin egin behar digula. Ni ez naiz horren aldekoa. Ipuinak gozamenerako dira, bidaian murgiltzen hasten garenean jaisten ditugu gure hesiak, kentzen ditugu maskarak, eta orduan iristen zaizkigu zinezko sentsazioak. Lotura pertsonal horretara heltzea lortzen dugunean, une horretan bai, eraldatzaileak dira ipuinak. Emozioak kudeatzeko, haserrea lantzeko, jelosiaz hitz egiteko… ipuin berariazkoak modan daude, baina ez dut horiek kontatzea atsegin. Nik sinisten dudan ipuingintzak ukitzen ditu esparru horiek denak. Ipuinek bizitza bera kontatzen dute, azken batean.

Haur, nerabe eta helduentzat kontatzen duzu.
Azken hilabeteetan gogoetan murgildurik nago, eta oraindik erantzun garbirik ez badut ere, esango nuke ezberdin kokatzen naizela publiko bakoitzaren aurrean. Ipuin ezberdinak kontatzen ditut, noski, publikoaren adinaren arabera. Asko atsegin dut, berez haurrentzat diren ipuinak helduei kontatzea. Oso erreakzio politak sortzen dira. Egia da, ez direla ohiko saioak eta etortzen den jende kopurua oso murritza izan ohi dela. Izan ere, haurtzarora mugatzen dugu ipuingintza, eta pena da. Heldu izanik ere, asko dugulako entzuteko, entzuten gozatzeko, eta baimen hori eman behar genioke gure buruari. Helduak prestutasuna behar du entzule izateko, helduaroak ere gozamenetik asko behar duelako. Egia da etortzen direnek errepikatu egiten dutela. Lehen aldian, espero ez zuten zerbaitekin egin dute topo. Magia dirudi, baina esango nuke ipuinek aukeratzen gaituztela kontalariak, eta ez guk ipuinak. Askok izan ohi dugun sentsazioa da.

Kontalaritzaz

“Autoestimuarekin gatazka bat dugu, jende aurrean zerbait egiten dugun guztiok. Oso lotsatiak izan arren, oholtza gainean edo edonon publiko aitzinean jartzen garenean, zerbait pizten da gure barrenean. Lotsa gainditu, beldurra uxatu, eta magia pizten zaigu barruan, eta gozatzen hasten gara”. Formakuntza ugari eta etengabekoa egitearen aldekoa da Kortazar, “nik ikasi egin dut kontatzen hasi aitzin eta ikasten segitzen dut. Ikastaroa non, ni han”. Zer eta nola kontatu, hurbildu denari ahalik eta onena eskaintzea, kontu serioa da Eskoriatzako alabarentzat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipuin kontalariak
Barruan daramagun ipuin-kontalaria

Erronka jarri nahi izan dugu ARGIAtik: zenbateraino utzi diezaiokezu sormenari hegan egiten? Zenbateraino bihurritu dezakezu istorio bat eta bilakatu beldurgarria, barregarria, dramatikoa? Gauza al zara euskarak duen aberastasunari etekina atera, hitz-jolasei leku egin eta... [+]


Amaia Elizagoien Varela. Hala bazan...
“Kontalari aunitz dago Euskal Herrian, eta entzule eskas”

Errenterian elkartu ginen, Lekuona Fabrikan, ipuin kontalari saioa baitzuen Amaia Elizagoien Varelak. Saioak, ordea, etenik ez zuela izan iruditu zitzaidan, trebetasun handiz astintzen baitu mihia baztandarrak. Ipuin kontalari izateko apustua egin zuen, ahozko transmisioaren... [+]


2022-05-29 | Estitxu Eizagirre
Ekainak 4 Ziburuko III. Euskal Liburu eta Diskoen Azoka
Egun bat Euskararen Errepublikan

Ekainaren 4an euskal kulturak hartuko du Ziburuko plaza. Baltsan elkarteak eta ARGIAk antolaturik, hirugarrenez egingo da Euskal Liburu eta Diskoen Azoka. Bertaratzen diren herritarrek etxeratuko dute aurtengo udarako irakurgai edo entzungai gustukorik, jai-giroan murgilduta:... [+]


2021-12-31 | Reyes Ilintxeta
Amaia Elizagoien. Ameli, ipuinen jostune
"Ipuinek irakaspen bat ematen dizute, irakaspenik emateko desiorik gabe"

Tradizio zaharreko ipuinak, kanpotik ekarritakoak eta han eta hemen entzun eta irakurritakoak dira batez ere Amaia Elizagoien Ameli baztandar gazteak egungo errealitateari josten dizkionak, hitzez eta musikaz.


Eguneraketa berriak daude