Adineko emakumeen gorputzaz eta sexualitateaz tertulian

  • Gorputzak eta sexualitateak elkar harilkatzen diren mataza konplexua osatzen dute; pertsona adina harimutur izan ditzake, eta bizipen adina korapilo. Zer esanik ez 58 eta 77 urte arteko emakumeen ahotsek ematen badigute testigantza. Hala bildu ditugu mahaiaren bueltan lau emakume, ingurukoekin hitz egiten ez dutena plazaratzeko, baina batez ere, lehen aldi bati mugarria jartzeko.

Ilustrazioa: Shu Otero.
Ilustrazioa: Shu Otero.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Urduri, tentuz eta gogotsu iritsi dira gaurko protagonistak kazetariarekin duten hitzordura. Laurek onartu dute proposamenari uste baino azkarrago eman zietela baiezkoa, “arrapaladan”, eta ondorengo egunetan pentsatzen aritu zirela: “Zer izango dut ba nik hortaz hitz egiteko?”, galdetu zieten banan-banan euren buruei. Badute, baina, zer aletu gaiaren inguruan. Josune, Arantxa, Itziar eta Nekane dira. Asmatutako izenak jartzeko eskatu dute laurek, oraindik ere halako gaiek “morboa” eta “txutxu-mutxua” baino ez dutela sortzen argudiatuta. 58, 68, 77 eta 68 urte dituzte, hurrenez hurren, eta herri berean bizi dira. Elkar ezagutzen dute eta poza eman die gaia inguru horretan lantzeak, apenas izaten baitute aukerarik inguruko senideekin edo lagunekin lasai hitz egiteko. “Nik lortu dut lagun batzuekin konfiantzazko ingurua sortzea. Amarekin, aldiz, ez nuen inoiz lortu, beste garai batzuk ziren, eta orain alabarekin ere, saiatu arren, sentitu izan dut astuna naizela eta ez zaidala tokatzen berarekin sexualitateaz hitz egitea”, dio Josunek. Bat dator Nekane, eta, oro har, gizartean sexualitateaz hitz egiteko “halako erreparo bat” dagoela aipatu du, baita gaur egun ere. Baietz dio Itziarrek, elkarrizketok segun eta norekin hasi “prostitutatzat” jo zaitzaketela adieraziz. Arantxak ere, garaiagatik nahiz berari egokitu zaizkion bizipenak direla medio, inoiz ez du konplize egokirik topatu barruak hustutzeko. “Hitz egin izan dudana beti broma giroan izan da. Adineko beste emakumeen oso laguna ez bazara, oso zaila da halako gaiak mahai gainera ateratzea”.

“Garai hartan dena bekatua zen”. Hala dio Nekanek gaztaroari erreferentzia eginez. Francoren diktadurak, erlijio katolikoaren inposaketak eta gizartearen begirada hertsiak asko mugatu zien gorputzarekin izandako lehen kontaktua, bai masturbaziori dagokionez, baita hilekoaz hitz egiteko orduan ere. Josunek ondo gogoan du nola amak behin eta berriro errepikatzen zion masturbatzea eta “halakoak” ez zirela bera bezalako neskatoari zegozkion gaiak, "txerrikeriak" baizik. Euren etxeetan ere erantzuna bera izaten zela diote gainontzeko hirurek. Itziarrek, aldiz, 13 urterekin bekatuaren ziriari buelta ematea lortu zuen eta masturbatzen hasi zen: “Hau eginda ez diot inori kalterik egiten, orduan ezin du bekatua izan!, esaten nion nire buruari. Hala ere, beti edukitzen nuen kezka eta beldurra. Jazarpena izugarria zen eta nahiz eta nik nire buruari minik ematen ez niola ikusi, ez nintzen erabat lasai geratzen”. Nekanek barne borroka asko izan zituen garaiotan; masturbatzea bekatua zelakoan apaizarengana konfesatzera joan eta handik atera bezain pronto berriro eskua hankartera eramateko gogoa izaten zuen: “Nire buruari esaten nion: hau da panorama! konfesatzetik atera eta berriro bekatu egiteko prest nago”. Mutil-laguna izanda ere, ez ditu samur oroitzen urteok, ezkutuan eta gezurretan aritu behar izaten baitzuen guraso eta ingurukoekin.

Hilekoarekin, nahi baino harreman kaskarragoa izan zutela diote, Arantxak batez ere. “Inork ez zidan azaldu zer zen hura. Eskolatik etxera joan nintzen zer gertatzen ari zitzaidan jakin gabe”. Izeko batekin bizi zen orduan eta hark ere ez zuen asmatu egoera hobetzen, isilik geratu baitzen odol isuriaz izututa zegoen nerabearen aurrean: “Hiru egun igaro nituen ohean negarrez, traumak jota”. Gerora iritsi zitzaizkion hilekoa gauza “normala” denaren mezuak. Etxekoak elizkoiak izateak eta lagunekin hilekoaz sekula hitz egin ez izanak eragin zuzena eduki zutelakoan da.

Ilustrazioa: Shu Otero.
Babesik ezean askatasunik ez

Behin nerabezaroa atzean utzita ere, egoera ez zitzaien asko aldatu mahaikideei. Itziar Bilbon bizi zen unibertsitateko ikasketak egin bitartean. Bertan “arau eta marko guztiak puskatu” zituela dio, Frantziako 1968ko maiatzak politikoki eta sexualki iraultza eragin baitzuen gizartean. “Tabu guztiak hautsi genituen”. Askapen sexuala lortu arren, beldurrak gorputzean jarraitzen zuela dio, antisorgailurik gabe “ezertaz gozatzeko” aukerarik ez baitzegoen. Lagun baten bidez lortu zuen ginekologoarenean hitzordua, eta harengana joan zen mutil-lagunarekin, ikasten ari zirela-eta ezkondu ezin zirenez, bitarte horretarako pastillak emango zizkieten erregutzera. Lortu zituzten, baina ez zioten mesederik egiten sabelean eta utzi egin behar izan zituen.

Nekanek ere ez du esperientzia ona izan antisorgailuekin. 24 urterekin ezkondu zen, bi ume izan zituen, eta bigarrenaren ostean hasi zen medikatzen. Desirarik gabe gelditzen zela dio, larrua jotzeko gogorik gabe. Horra paradoxa: “Antisorgailuak hartu haurdun ez geratzeko, baina gogorik ez. Hartzen ez banituen arriskua hor zegoen, eta, noski, beldurra”. Halaber, sexurako gogoa eta desira bikotekidearen edo unean uneko lagunaren araberakoa ere badela dio, eta bat datoz gainontzekoak. Elkar ezagutzea, besteari zer gustatzen zaion jakitea eta elkar komunikatzea oinarrizkotzat jo dute: “Ez da zer egiten duzun, baizik eta norekin egiten duzun”, gehitu du Nekanek. Hamar urtez mutil-laguna izan zuen Arantxak, baina ez zuen orgasmoaren berri izan lehendabizikoz emakume batekin oheratu zen arte: “Mundu berri bat zabaldu zitzaidan. Mutil batekin egon nintzen hala tokatzen zelako. Konturatu nintzen arte nik mutilekin jai nuela!”. Lehenengo aldi hartan ez ezik, aurrerago edukitako harremanetan ere oso ondo pasa izan duela dio, eta bere nahiak aintzat hartu izan dituztenaren sentsazioa du.

Itziar: "Oso ezberdina da gizonezkoak feminismoan mentalizatuta baldin badaude edo ez. Sexu harremanak parekideagoak dira"

Josune eta Nekane gizonezkoekin baino ez dira oheratu; emakume batekin esperientzia bat izan zuen Itziarrek, “oso berezia” eta “ederra” bere hitzetan, baina gainontzean gizonezkoak izan ditu maitale. Josuneri lagun batek esan zion gizonezkoek baino ezin zituztela orgasmoak eduki. Ideia zoroa dirudi, baina uste orokortua zela baieztatu dute Nekanek eta Itziarrek. Azken honek dio mito “izugarria” dagoela emakumezkoen orgasmoaren inguruan, eta ez lukeela denak horra bideratuta egon behar: "Orgasmoa bai, noski baietz! Noski gai garela plazer izugarria izateko, baina badirudi beti iritsi behar zarela, eta ez da horrela! Hori gabe ere ederki pasa daiteke eta plazer izugarria sentitu dezakezu”. Hori bai, argi du bide horretarako gakoa zein den: “Burua askatuta izan behar duzu, beldurrik gabe eta bekatu egiten ari zarela sentitu gabe!”.

Jasan dute botere harremanik gizonezkoekin izandako harremanetan? Galdera bota ahala heldu dio amuari Josunek: “Gizonekin erne egon behar zara, egia da. Sexuan nabaritzen da nolakoak garen: azken finean sexua bidaia bat da, beste pertsona topatzeko bidaia, eta bide horretan ikusi egiten da bakoitza nolakoa den. Nire kasuan izan ditut esperientziak non bera berera baino ez zihoan, nire nahiak kontuan izan gabe. Aldiz, beste batzuetan, konektatu dut eta ederra izan da”. Itziarrek uste du oinarria ideologian dagoela: “Sexu harremanetan, oso ezberdina da gizonezkoak feminismoan mentalizatuta baldin badaude edo ez. Harremanak parekideagoak dira”. Maitasunak ere eragina duela diote laurek, ez dela gauza bera biak maiteminduta egotea edo une jakin batean ezagun batekin edo lagun batekin “ondo pasatzea”. Halaber, maitasunari ematen zaion garrantzia jasotako heziketaren ondorioa dela uste dute; zaintza, maitasun erromantikoa eta etxeari lotutako ideiak txikitatik barneratu izanarekin. Josunek ikasketei esker irauli zuen pentsamendua eta ulertu du ez garela monogamoak, maitasuna eraikuntza kulturala dela. “Halako ideiek asko lagundu didate, baina, aldi berean, oso barneratuta izan dut emakume batentzat amodioa eta sexua lotuta daudela”.

Gorputzaren ezinbesteko aldaketa

Zaila da zahartzaroari hasiera data jartzea; bakoitzak zahartzen hasi izanaren kontzientzia noiz edo non kokatuko lukeen jakitea. Ados daude lau elkarrizketatuak menopausia une horietako bat izango litzatekeela. Nekanek oinaze emozionala sentitu zuen lehen hilabeteetan, “tristura moduko bat”, zerbait galdu izanaren hutsunea. “Jendeak dena ona balitz bezala saldu zidan, baina nik ez nuen horrela bizi: ordu arte beti prest egoten nintzen planak egiteko eta menopausiak gogoa kendu zidan”. Josunek bidelagun ona topatu zuen, trantsizioa arindu zion aditua. Hala ere, onartu du gorputzak aldaketa handia duen aldia dela, eta bere kasuan, maitasun istorio betean egokitu zitzaionez, sexurako grina tinko mantendu zuela. Baina zortzi urte geroago, gaur egun, bestela bizi du: “Aluko lehortasunak ere eragiten du. Mina sentitzen duzu eta horrek gogoa kentzen dizu”. Arantxak baietz dio buruarekin, berari ere nabarmen jaitsi zaiola libidoa, baina solaskide egokiren bat topatuz gero ederki moldatuko litzatekeela. Nekanek, berriz, gogor egiten dio bere buruari, eta tarteka, gogorik ez izan arren, “hau ezingo dut ba lotan utzi” esanez, gordeka masturbatzen da.

Ilustrazioa: Shu Otero.

Gorputzaren bizitasun faltak ohartarazi zion Itziarri urteek ez dutela barkatzen: “60 urtetik aurrera sentitu nuen lehen baino gehiago nekatzen nintzela eta agian ordu arteko bizitza frenetikoaren erritmoa jaitsi behar nuela”. Makina bat kontutan dabil hala ere, eta hara-hona ibiltzeak “bizirik" sentiarazten duela dio. Arantxak gehitu du askoren ustea dela behin 65 urte betetzean norbere buruari “deskantsua” eman behar zaiola, eta ordu arteko eginkizunak albo batera utzi behar direla: kontrara, lehen lerroan egotetik joko zelaia uztera pasatzeak gainbehera dakarrela diote laurek. Inguruko hainbat ezagun lagunekin kafea hartzearekin edo etxean lasai egotearekin konformatzen dela dio Nekanek, baina ez dela euren kasua. “Gaur bezala hemen egoteak burua martxan izatea egiten du, eta hori gauza ederra da”. Pentsiodunen taldean dabiltza, besteak beste.

Nekanek 35 urte betetzean denbora bazihoakiola sentitu zuen, gaztaroaren eta zahartzaroaren arteko zubian zegoela: “Uste nuen ezin nuela gaztaroa askoz gehiago luzatu, bazihoan aldi bat zela”. Behin ideia barneratuta, hartutako erabakiekin konforme egoten ikasi duela dio, unean unekoa baloratzen jakin duela. Funtsean, bere buruarekin gustura sentitu nahi du hemendik urte batzuetara balantzea egiteko orduan. “65 urtetik gora ez dut uste denbora galtzeko gaudenik”. Gainontzekoek ez bezala, minarekin lotu du zahartzaroa Josunek. Hezurretako mina sentitzen du eta adinarekin lotura izan dezakeen arren, beste faktore batzuek ere zerikusia izango dutela dio, “artifiziala” iruditzen zaio data zehatza jartzea.

Josune: "Amarekin ez nuen inoiz lortu eta orain alabarekin ere, saiatu arren, sentitu izan dut astuna naizela eta ez zaidala tokatzen berarekin sexualitateaz hitz egitea"
Bizitakoa eta datorrena

Haatik, urteek lasaitasuna eta onarpena ere eman diete, kendu adina ematen baitu denborak. “Lotsagabeagoak” bilakatu izana posible dela dio Nekanek, argiago izaten baitu pertsonak nor izan nahi duen aldamenean, eta arinago esaten baitira pentsatzen direnak. Espektatibekin lotu du ideia Josunek, gaztetako ametsak lausotzen joaten baitira zahartu ahala. “Onartzen duzu bizitza ez dela zuk imajinatzen zenuena, baizik errealitateak erakusten dizuna”. Arrazoi beragatik frustazioa kudeatzen ikastearen beharra azpimarratu dute, iraganean pentsatutako hainbat gauza “tontakeriak” zirela onartzea, eta merezi ez zutela konturatzea. “Ereduak eta erreferenteak ere aldatu egiten zaizkizu. Ohartzen zara askotan espetxeak genituela buruan eta hori ez dela bizitzeko modurik egokiena”. Nortasuna aipatu du Itziarrek eta hein handi batean feminismoari zor dizkiola bidean ikasitakoak: “Francoren garaiak ziren, politikan nenbilen, mutilen munduan, eta normalean emakume bakarra izaten nintzen. Emakumeak ahulak ikusten nituen. Gero konturatu nintzen matxista nintzela eta feminismoan barneratu nintzenean bizitza guztia hankaz gora jarri zitzaidan: nortasuna, segurtasuna, konfiantza eta gauza asko eman dizkit”.

58, 68, 77 eta 68 urte dituzte, eta Nekanek adierazi duen gisan, orain lehen baino gehiago pentsatzen dute heriotzaz. Beldurra diola onartu du Arantxak, orainaren eta geroaren arteko unea nolakoa izango ote den pentsatu ohi duela. Larritu egiten dela, baina bizi izandakoaz harro dagoenez lasaitasuna sentitzen duela berehala. Heriotzak baino bizi baldintzek kezkatzen ditu Itziar eta Nekane. Orain osasuntsu daude, eta eutanasiaren legeak itxaropena eman dien arren, kezkaz bizi dute zaintzaren auzia: “Egungo sistema erabat irauli behar da”. Etxean nahiko lituzkete pasa azken urteak, baina kontziente dira agian ezingo dela hala izan. Zahar egoitzetako langileen lan baldintzen alde egin dute eta etxeetan zaintza lanak egiten dituzten emakume migratzaileen esklabotza amaitu behar dela diote. Haien ustez,  zaintza eredu berriak sortzeko beharra premiazkoa da. Josunek jarri dio azken puntua arratsaldeari, gogoan edukitzeko moduko esaldiarekin: “Heriotzak bilakatzen du bizitza bizigarri”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sexualitatea
Begoña Pedrosa
“Berrikuntza egiteak prozesuan gorabehera asko dakar batzuetan, eta hala behar du”

Lanez lepo harrapatu dugun arren, eskuzabal hartu gaitu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak; elkarrizketarako aurrez adostuta genuen denbora luzatzen utzi digu, luze jo baitu solasaldiak. Karguan urtebete egin duelarik, berrikuntzaz aritu gara Begoña Pedrosarekin,... [+]


Sodomia zigortua

Ascension uhartea, 1725eko maiatzaren 5a. “Holandar ontziteriako komandantearen eta kapitainen aginduz, ni, Leendert Hasenbosch, uharte bakartu honetan lehorreratu naute, nire zorigaitzerako”.  

Herbeheretar marinela, 1695ean Hagan jaioa, Ekialdeko... [+]


Debako liburutegian haurrek jasaten duten diskriminazioa ezabatuko dute

6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin zuten egon Debako liburutegian, eta egoera hori aldatzeko borrokan aritu da herriko ama talde bat. Udal gobernuak jarrera aldatu eta onartu du herritar guztiek, duten adina dutela, nahi dutenean egon ahal izatea liburutegian... [+]


Zinegoak jaialdiak “erresistentzia eta afektuen sareak” aldarrikatuko ditu

Zinema eta arte eszenikoen LGTBIQ+ jaialdia Bilbon ospatuko dute ekainaren 23tik 30era,50 jarduera baino gehiagorekin.


Giza Liburutegiak LGTBI+ pertsonen testigantzak ekarriko ditu Nafarroako sei herritara

Neska transexual baten ama, haurtzaroan bere genero identitateagatik bullyinga jasan zuen gizona edota LGTBI kolektiboko nikaraguar erbesteratua ezagutu eta horietakoren batekin bizipenak partekatu eta solastatu nahi duenak aukera izango du datozen egunetan Nafarroako sei... [+]


2025-05-21 | June Fernández
Meloi saltzailea
Konbertsio terapiak

Marioker guztiok nola, erreferenteen egarri nintzen nerabezaroan, bisexuala nintzela onartzeko prozesuan, eta bakan batzuk topatu nituen: Skin, Skunk Anansieren kantaria (tartean ez nekien bisexuala zenik, baina radarrak funtzionatzen zidan), Lucía Etxebarriaren Beatriz y... [+]


Irakasleak armairutik ateratzea zergatik da garrantzitsua?

Galdera horri erantzun dio hainbat irakasle ez-heterok, eta gogoetarako gako ugari utzi dituzte. Mundua deskubritzen eta identitate(sexual)a eraikitzen ari diren haur eta gazteek erreferente anitzak izatea eta eskolan denok espazio seguru eta erosoa aurkitzea ederra baita.


LGTBIfobiaren Kontrako Eguna
“Ez utzi zirrikiturik diskurtso faxista kamuflatuen normalizazioari”

Maiatzaren 17an LGTBIQ+fobiaren Kontrako Eguna dela-eta, “bizi dugun oldarraldi atzerakoia” , “transfobiak hartu duen indarra” eta “instituzioen utzikeria” nabarmendu dituzte kolektiboaren bueltako elkarteek. Zenbait instituzioren kapitalismo... [+]


“Haurren jakin-min erotikoa kriminalizatzen, moralizatzen eta patologizatzen dugu helduok”

Ludotekan, gazte txokoan, udalekuetan... batzuk musukatzen ari direla, beste hark zakila erakutsi duela eta honakoak gorputzarekiko irainak jaso dituela, hori guztia kudeatzea ez dute erraza hezitzaileek. Adibide praktikoz lagunduta, 'Nola landu sexualitatea hezitzaileon... [+]


Josebe Iturrioz Naizenen biltzarrean:
“Sarritan ikerketa objektu bezala tratatzen gaituzte trans pertsonak”

Naizenek I. Nazioarteko Biltzarra antolatu du haur eta gazte transexualitateaz hitz egiteko. Egitaraua maiatzak 5 eta 6 artean egin dute eta hitzaldiz josia izan da. Eztabaida eta hausnarketa bateraturako "espazioak sortzeko" ezagutza arlo ugaritan espezializatutako 400... [+]


2025-04-30 | June Fernández
Meloi saltzailea
Rowling ala Millerey

Errepikatu nirekin: Sara Millerey. Ez dezagun ahaztu bere izena. Transfeminizidioaren biktima da Millerey: gorrototzaile transmisogino batek torturatu zuen, besoak moztu zizkion eta bizirik bota zuen ibaiertz batera. Bi orduko agoniaren ondoren hil zen.

Errazagoa da J.K... [+]


Pintaketa homofoboak egin dituzte Ordiziako alkatearen kontra bere etxetik gertu

Sare sozialetan argitaratutako argazkiaren bidez ezagutarazi du erasoa Ordiziko alkate Adur Ezenarrok. Bere sexu izaerarekiko "harrotasuna eta ohorea" berretsi du, eta azken aldiko "oldarraldia" salatu du.


2025-04-10 | Euskal Irratiak
Maider Hoki eta Ilora Capot
“Libertatearen beharra denek dugu, eta Bekat'uros bestak hori eskaintzen du”

Bekat’uros LGBTQIA+ euskal besta hirugarren urtekoz iraganen da Atharratzen. Apirilaren 12an egun osoko egitaraua antolatu du Prefosta elkarteak, usaiako karrika inguruarekin, kontzertuekin eta ikusgarriekin.


2025-04-09 | June Fernández
Meloi saltzailea
Antifa

Ikaslez lepo zegoen Leioako Hezkuntza Fakultatea pasa den asteazkenean, Samantha Hudson zetorrelako. 1999an jaiotako Mallorcako artista, abeslari eta influencer transgeneroa da. Kantatzen Duen Herria topaketetako izarrak ilara amaigabea zuen selfie eta autografoak emateko, eta... [+]


Hasier Larretxea
“Beharrik gauzak garbi nituela, eta ttiki-ttikitatik garbi jakin nuela zer nahi nuen, zerk erakartzen ninduen”

Larretxeatarren oinordea da, aizkolari, harri-jasotzaile, txinga-eramale eta, oro har, herri-kirolari handien ondokoa. Patxi du aita; Donato, berriz, osaba. Hasier Larretxea, aldiz, da gizarte langile, da idazle, da homosexual. Harro beharko genuke denok.

 


Eguneraketa berriak daude