Inoiz gertatu behar ez zena

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Esaten ari zaren guztiarekin, beraz, asmatu zutenak 1982an utzi zuten poli-miliak izan ziren?”, galdegin dio Xabier Letona kazetariak Emilio Lopez Adan idazle eta militante ohiari. Ez da neke irudikatzea Beltzak galdera aditzean agertu duen irri murritz gaixtoa. Gasteiztar lapurtartuaren azken liburuaz ari dira, Larrun aldizkarirako: Borroka armatuaren historia Euskadin. 1967-2011, azken 60 urteetan euskal gatazkan izandako hildakoetan oinarritutako ikerketa. Elkarrizketatuak deskribatu berri du 80ko hamarkadaren hasierako Euskal Herriko giroa, zeinean posible baitzen jende batek –ETAko zuzendaritzatik beretik hasita– uste izatea azken buruan erakundeak makurraraziko zuela estatua. ”Nik horrenbeste ez dut esango”, erantzun dio, zuhur, Lopez Adanek Letonari. Gero, ñabardura mamitsuak. Halakoxea baita liburua, mamitsua.

"Erantzukizuna ez da historiarena. Erantzukizuna da historiaren une bakoitzean, zirt edo zart egiteko atakan, makurrenaren hautua egin duten gizon-emakumeena"

Kazetariak, bistan dena, ez dio erraz jarri idazleari mahai gainera ekarritako mamuarekin. Zer eta poli-miliak. Inon bada-eta traidorerik, inon bada-eta saldurik, horra Euskadiko Ezkerra zenaren beso armatukoak ezker abertzale zaharreko militante eta agintarien iruditerian. Nahi ez zutenaren eredu. Begietatik aldendu beharreko ispilu. Eta begi-bistako aurrekari historiko. Ondorio praktikoei bagagozkie, poli-milien lorpen politikoak milienak bezainbat dira: zero. Tartean, 1.000 hildakoen aldea. Le pétit detail.

ETAren behin betiko su-etenaren 10. urteurrenaren harira, beren sufrimendua ez zela “inoiz gertatu behar” aitortu die Otegik ETAren biktimei. Adierazpenak bazterrak harrotu ditu. Noraino luze, noraino motz; noraino zintzo, noraino abagune politikoak behartua. Lerro hauen xedea ez da halakoak epaitzea. Deigarria da, hala ere. Ez baldin bazen inoiz gertatu behar, zergatik gertatu zen?

Azken aste hauetan, berriz ere ikusi dugu nola maite duten batzuek oreka ariketak egitea historiaren sokan. Egia borobila: Euskal Herrian ez zen borroka armaturik sortuko frankismoaren zapalkuntza gabe eta 60ko hamarkadako mundu mailako askapen mugimenduak gabe. Kataluniak, ordea, testuinguru historiko samurragorik gabe ere, ez zuen halako trepeta hilgarririk sortu.

Areago, geroago sortu zuelarik –Terra Lliure erkina–, jakin zuen luze gabe indargabetzen. Galiziaz edo Andaluziaz, zer erranen. Erantzukizuna ez da historiarena. Erantzukizuna da historiaren une bakoitzean, zirt edo zart egiteko atakan, makurrenaren hautua egin duten gizon-emakumeena. Gauzak ez ziren halabeharrez eta ezinbertzean jazo. Ez zen zertan hala gertaturik. Ez 1961ean, ETAk atentatuei ekin zienean, ezta 1979an eta 1981ean, gelditzeko aukera izanik, aurrera bolie oihukatu zenean. Izen-abizenak dituzte erabaki horien aita-amek.

2011n ere norbaitek deliberatu zuen aski zela.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude