“Amaitu da betiko musikaren hegemonia”

  • Hiruzpalau amets larri EPa atera berri du Iruñeko Tatxers taldeak, maketako abestietan jada sumatzen zen bidea harago eramanez: gitarra garbiko punk-oi! doinuak, baina iheskorrak, belarria zorroztuz gero genero bakarrean sailkatzeko lanak ematen dituzten horietakoak. Jon Salinas eta Martin Ziriza kideekin elkartu gara, eta solasean hasi orduko atera dira hizpidera panfletismoa, beren belaunaldia, Iruñeko musika eszena berria, eta beste hainbat kontu.

Ezkerretara Martin Ziriza, eta eskuinetara Jon Salinas (Argazkia: Dani Blanco)
Ezkerretara Martin Ziriza, eta eskuinetara Jon Salinas (Argazkia: Dani Blanco)
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Hau dena lehertzear zela, iazko otsailean, Garaipen kutrea maketa atera zuen Tatxersek. Ez zuten izan hura zuzenekoan defendatzeko aukerarik, eta pandemia garaia probestu zuten abesti gehiago egiteko. Zure kebapa kantua argitaratu zuten lehendabizi, Chill Mafiakoekin batera: “Gehiengoak orduan ezagutu gintuen”. Gero, Itxoiten dugun bitartean singlea atera zuten Kaosa Euskal Herrian punk-oi! bilduman, nahi baino soinu distortsionatuagoz grabatua, baina harrera ona izan zuena, edonola ere. Azkenik, Hiruzpalau amets larri EPa kaleratu berri dute, batere presarik gabe. “Joan den azarorako eginda genituen abestiok, baina mantso dabil guztia: soinu estudioak, binilo fabrikak… bost hilabete behar izan ditugu disko fisikoa ateratzeko”, azaldu dute Jon Salinas “Sali” baxulariak eta Martin Ziriza gitarristak (Iruñea, 1999). Bilbon bizi da Salinas –Arte Ederren azken urtea amaitu berri du, eta pinturako masterra egiten hasiko da laster–, eta Gasteizen igarotzen du astea Zirizak – Historiako gradua finitu berri du gizarte antolaketaren aldaketari buruzko gradu amaierako lana entregatzearekin bat–. Hirugarren kidea –Iñigo Soria bateria jotzailea– Iruñean bizi denez, apenas izaten dute hirurak elkartzeko aukerarik: “Asteburu gutxi batzuetan soilik entseatzen dugu”. Gauzak horrela, etxetik aurreratu behar izaten dute lana. Audioz josita daukate taldeko Whatsapp-a, eta elkartzen diren apurretan forma definitiboa ematen diete aurrez aski egituratuta izan ohi dituzten proposamenei. Galderei erantzuteko ere ez zaie etorririk falta, eta erreleboka jardun dute ordubetean. “Ez genuen espero kontu hauei buruz hizketan bukatuko genuenik”, aitortu dute amaitutakoan.

Noiz eta nola elkartu zineten?

Salinas: Martinek eta biok Iturramako institutuan ikasi genuen, eta Acera izeneko beste talde bat geneukan. Rock klasikoagoa egiten genuen, Marea, Barricada, eta estilo horretako gauzak [barrez]. Soria aspalditik ezagutzen genuen –bera punk eszenatik dator–, eta talderik gabe zegoela aprobetxatuz, Arrosadiako festetan harengana gerturatu eta proposatu genion: “Sekulako oi! taldea egin behar diagu!”. Eta konbentzitu genuen.

Ziriza: Esan genion oi! talde bat egin nahi genuela, baina ez hain ortodoxoa. Hasieratik genuen argi hori –Garaipen kutrea maketan uste dut nabaritzen dela–, eta denbora igaro ahala, gero eta argiago.

S: 18-19 urte genituen, eta musika anglosaxoia entzuten hasi ginen, etengabe: post-punka, brit-popa, The Clichés edota Stiff Little Fingers bezalako taldeak… Gainera, Bilbora iritsi berri nintzen, eta hango eszenak txunditu ninduen. Iruñean betiko punk rocka zen nagusi.

Z: Gu eszena horretan hezi gara, eta ez diogu uko egiten. Baina garaiak aldatu dira, orain dena askoz ere eklektikoagoa da, eta estilo zurrun baten barruan ez gaude eroso.    

Bai, Garaipen kutrea maketan behintzat askotariko oihartzunak sumatzen dira: bistakoak zenbait –Perkeleren tankerako oi! talde melodikoak–, eta hain agerikoak ez diren beste zenbait. Adibidez, Aitona abestiaren estribilloak Balerdi Balerdi gogorarazi dit.

S: Hori guretzat sekulako lorea da.

Z: Denetarik esan digute. Ezagutzen ez genituen erreferentziak bota dizkigu jendeak, eta hori oso aberasgarria da. Guri gitarra garbiak gustatzen zaizkigu, reverb handikoak. Soriarengana The Movement taldea aipatuz joan ginen, haien antzeko zerbait egin nahi genuela esanez. Eta hala hasi ginen, gainera, abesti baten bertsioa eginez. Baina laster denon erreferentziak naturalki nahastu ziren, eta askoz ere interesgarriagoa da hori.

Argazkia: Dani Blanco

EP berrian letra esplizituetatik urrundu zarete pixka bat. Maketan, aldiz, mezu nahiko zuzenak kantatzen dituzue, sarri klase gatazkarekin lotutakoak – Bidean galduta abestian, kasurako–.

Z: Pixka bat damutzen naiz letra horretaz: panfleteroegia da [barrez]. Baina badaukagu kezka hori, noski. Sozialdemokrazia instituzionalak ez du gizartearen ehuneko handi bat ordezkatzen. Estatuari begira daude beste inora baino gehiago, eta erretratatuak geldituko dira legegintzaldi hau amaitzean. Gu 1999an jaioak gara, eta krisia besterik ez dugu bizi izan: 2008koa, gaur egungoa, eta etorriko diren guztiak. Ikusten da hau ziklikoa dela, eta Ongizate Estatua ez dela existitzen. Agian ikuspegi partziala daukat eta ingurura begira bakarrik ari naiz hizketan, baina sentsazioa daukat gure belaunaldiak gero eta garbiago ikusten duela indar guztiak politika instituzionalera bideratzeak zer muga dituen, eta joera izango duela, adibidez, gero eta gutxiago bozkatzeko. Edonola ere, bai, nik eduki dut letra esplizituak egiteko joera, eta Saliren eraginez ari naiz pixkanaka beste zerbait bilatzen.

S: Ez pentsa, niretzat marroia da letrak egitea, askoz ere errazagoa egiten zait musika sortzea. Baina aurten letrak egiteko gogoa piztu zait, eta saiatzen naiz nire iritziei erreparatu beharrean arreta beste zerbaitetan jartzen: irudi bat, eszena bat, leku bat… nahiago dut halakoak iradokitzea, ideia esplizituak bere horretan botatzea baino.

Z: Askoz aberasgarriagoa da, eta ederragoa ere bai. Letrei neurria hartzea kosta egiten da, eta horregatik jotzen duzu hasieran patroi batzuk jarraitzera. Baina hasi behar dugu hori ere astintzen. Betiko musika eszenaren gabezietako bat izan da: talde guztiek uzten dute letra amaierarako. Gure kasuan, saiatzen gara letrak edo Salik edo nik egiten, baina nahasi gabe. Idazteko modu desberdinak dauzkagunez, hobe da horrela.

Orain 10-15 urte punk-oi! eszena oso indartsu zegoen –Gipuzkoan bereziki–. Egun, nola ikusten duzue?

Z: Talde asko gaude orain ere. Zalantza daukat, halere, mugimendu bezala oinordekorik izango ote duen. Punka –jarrera edo nortasun bezala– mantenduko da, dudarik gabe, baina ez dakit estetika zehatz horrek bere horretan iraungo duen, ea gehiago garatzeko marjinarik ote duen oraindik. Sentsazioa daukat gero eta talde gehiago ari direla sortzen estetika ortodoxoan kabitzen ez direnak, eta punk-oi! eszena ere –gainontzeko guztia bezala– aniztasunerantz doala ezinbestean.

S: Chill Mafiakoak, adibidez, oso punkiak izan dira, eta halaxe jarraitzen dute, nahiz eta beste rollo batean egon.

"Taldeek hobe lukete politika gutxiago eta ironia pixka bat gehiago, eta politikan dabiltzanek, ironia gutxiago eta politika gehiago".

Zuen belaunaldia “zazpi ironia kaparekin” janzten dela aipatu zuen Chill Mafiako Beñat Rodrigok elkarrizketa batean. Orokorkeria izan daiteke, baina irudipena daukat jarrera zinikoa eta politizazioa –sarri antagonikotzat jotzen direnak– bateragarri bezala bizi dituzuela, zenbaitek behintzat.

Z: Gauza bat da lagunartea –eta hor bakoitzak izan ditzake nahi adina ironia kapa–, eta beste bat da politika –eta hor zintzoa izan behar da–. Politikak serioa izan behar du, gauzei ondo aurre egin, ideiak zintzotasunez esan, printzipioekin eta erantzukizunez. Lagunartea, aldiz, esparru desberdina da niretzat. Eta musika ere bai. Taldeek hobe lukete politika gutxiago eta ironia pixka bat gehiago, eta politikan dabiltzanek, ironia gutxiago eta politika gehiago.

S: Gainera, musika talde baten politizazio maila kantatzen dituen mezuekin lotu ohi da, baina, egiaz, beste nonbait dago: non jotzen duzun, nola jokatzen duzun… halakoetan gelditzen da agerian zure politika. Artearen lengoaia autoerreferentziala da: pinturak pinturaz hitz egiten du, musikak musikaz, eta hori egiten dutelarik, politikoak izaten ari dira. Ez dago bestelako eduki politikorik txertatzen aritu beharrik. Horretarako, sar zaitez kolektibo batean. Gu musikariak gara.

Z: Ez dakit garaien sintoma den, baina gazteok ironia muturrera eramaten dugunean izugarri infantilizatzen gaituzte. ETBn, Gaztea-n, eta halakoetan, ez daukate gazteoi buruzko arrastorik ere. Beñat Rodrigo gonbidatzen dute eta txotxongilo bat balitz bezala hitz egiten diote: “Zein ondo, saltsa pixka bat jartzera dator”. Infantilizazio hutsa da. Ez dakite Rodrigok zer pentsatzen duen, zer egin nahi duen… Ez dakite kontzientzia politiko handia duela, eta behar denean oso serioa dela. Hark, ordea, hara joatean, badaki berak ETBri adina edo gehiago mesede egiten diola ETBk berari.

"Non jotzen duzun, nola jokatzen duzun… halakoetan gelditzen da agerian zure politika. Ez dago bestelako eduki politikorik txertatzen aritu beharrik. Horretarako, sar zaitez kolektibo batean".

Zuek ere kolaboratu zenuten Chill Mafiarekin, Zure Kebapa abestian. Nola sortu zen hura?

S: Arratsalde bakar batean. Lehengo udan, berrogeialdiaren ostean, Rodrigok bere etxera gonbidatu gintuen. Garagardo batzuekin bere logelan sartu, letra bat inprobisatu… eta kito. Agian zer edo zer moldatuko nukeen, baina azkenean bere horretan utzi genuen. Ez genekien argitaratuko zutenik. Orain dirua eskatu behar diegu [barrez].

Z: Ez genekien mixtape bat aterako zutenik ere, pentsa. Uste genuen, orain arte bezala, abesti solteak ateratzen jarraituko zutela. Gordean zeukaten diskoarena, eta harrituta gelditu ginen. Baina izugarri pozten gara ondo doakielako.  

Orain ahoz aho dabil Iruñeko musika eszena aberatsa. Hainbesterako al da? Inguruko zein talde sentitzen dituzue gertuko?

S: Bilakaera natural samarra izan da, nik uste. Lehengo eszena serioa astintzeko beharra zegoen. Tijuana in Blue-ren jarrera aipatzen nuen nik askotan, tontoarena gehiago egin behar zela aldarrikatzeko. Chill Mafiakoak eta Ibil Bedikoak aspaldiko lagunak dira…

Z: Hor dago Burutik taldea ere, apustu oso berezia egiten duena. Edo Skabidean, edo Herdoil, edo Attürri…

Argazkia: Dani Blanco

Apustu estetiko oso desberdinak dituzten taldeak dirudite, itxura batean.

S: Ezaugarri batek batzen gaitu: musikaren oso frikiak gara guztiok. 

Z: Eta, bestalde, eszena berri honen atzean gogoeta kolektibo asko daude, ordu luzeetako elkarrizketak musikari buruz, inguruan gertatzen zenari buruz. Eta denok ados ginen diagnostikoan: gabezia bat zegoen estetikoki, gogoetetan, letretan. Gazteak gara, baina badugu maitasunean esperientzia, eta, adibidez, horri buruz ez zuen inork abesten. Dena zen panfleteroegia, eta jakina denez, aldarrikapen zuzenek konbentzituak konbentzitzeko baizik ez dute balio. Egungo errealitatea islatzen saiatuz, aldiz, jende gehiagorengana iritsi zaitezke. Guk letra politikoak egiten ditugu, baina ez nahita, hortik ezin garelako atera baizik. Gainera, ikusi da jendeak aldaketa eskatzen zuela. Amaitu da betiko musikaren hegemonia. Begiratu Chill Mafiari: uste zuten Iruñea ingurukoengana bakarrik iritsiko zirela, eta ikusi da sekulako entzuleria potentziala zeukatela.

Punk eszena tradizionalarekiko ez ezik, mainstreamarekiko erreakzioa ere ez al da sumatzen honetan guztian?

Z: Zalantzarik gabe, askoz ere identifikatuago sentitzen naiz betiko punk eszenarekin. Hortik gatoz, oso harreman ona daukagu talde pila batekin, eta Kaosa Euskal Herrian bilduman atera dugu kantu bat, adibidez. Mainstreamarena beste mundu bat da; zirkulu itxi bat: Vendettak uzten du, baina abeslariak talde berria sortzen du eta segituan Gaztean jartzen dute. Betagarrik uzten du, baina abeslariak talde berria sortzen du, eta berdin. Zirkulu horretan sartzea zaila da, baina hortik ateratzea ere bai. Anbiziorik badugu, horrekin amaitzea da bat. Ahal den guztia egingo dugu horren aurka egiteko.  

"Mainstreamarena beste mundu bat da; anbiziorik badugu, horrekin amaitzea da bat. Ahal den guztia egingo dugu horren aurka egiteko".

EP berriko aurrerapenak –Goizean oskorri abestiak– sekulako arrakasta izan du. Espero al zenuten?

S: Grabatzerako bagenekien hit-a hori zela. EPko nire gustukoena da.

Z: Banuen abestian konfiantza. Espero nuen arrakasta pixka bat edukitzea, ez hainbeste kuantitatiboa, baizik eta jende bati iristea. Eta zenbaki onak izaten ari bada, ezin hobe. Baina nik EP osoan sinesten dut: lau abesti desberdin dira, baina laurek dute zerbait. Ea zer harrera duen.

Hurrengo kontzertuak non?

Z: Udan dezente ari gara jotzen –Lekunberrin, Errekaleorren, Gasteizko Lakuan, Donostiako Mogambon…– baina nahi genukeena baino gutxiago. Saiatzen ari gara konexio berezia dugun taldeekin batera jotzen: Blessure, Toc, Pogrom, eta beste. Oraingoz, lotuta daukagu hilaren 23an Bergarako Kartzela Zaharrean joko duguna, Attürri taldekoekin batera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2025-09-18 | Irutxuloko Hitza
Lourdes Iriondori emango dio aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina

Aldundiak aurtengo Gipuzkoako Urrezko Domina emango dio abenduan Lourdes Iriondo Mujikari (Donostia, 1937-Urnieta, 2005) bere heriotzaren 20. urteurrenean. Aintzatespen horrekin, euskaren biziberritzean eta euskal kulturaren suspertzean Iriondok egindako “lan mamitsu eta... [+]


2025-09-17 | Xalba Ramirez
Nhil, etxe bat 'soulari'

Etxea
Nhil
Autoekoizpena, 2025

------------------------------------------------------------

Etxea du izena Nhil taldearen hirugarren diskoak. Taldekideek azaldu dutenez, “etxea” baita taldea haientzat, eta entzulearentzat ere hala izatea nahi dute. Zazpi... [+]


Zergatik?

'GUREA KULTURA' JAIALDIA 
Taldea: Sal del Coche
Non: Zestoan
Noiz: Irailaren 7an

--------------------------------------------------------

Kronika hau egitera Donostiara joan behar nuen, baina sarrerak garestiegiak iruditu zitzaizkidan behinola zezenketak... [+]


Espainia ere ez da Eurovisionen izango, Israelek parte hartzen badu

RTVE irrati-telebista kate espainiarreko Administrazio Kontseiluak astearte honetan onartu du erabakia. Jaialdiaren antolaketan pisu handia duen “Big Five” deituriko herrialdeen artean, Espainia da lehena iragarri duena Eurovision utziko duela Israelek parte hartuz... [+]


2025-09-15 | Iker Barandiaran
Atzera begira gaztea

Badut lagun bat pop-aren bueltan Euskal Herrian emakume eta gazteek martxan jartzen dituzten proiektu berriei erreparatzen diona. Hark ezagutarazi dit onomatopeiadun talde bizkaitar hau. Hiruzpalau kantu sarean, eta uda ostean lan luzeago bat kaleratzeko asmoa.

KAK! taldea... [+]


Spoti-fire, Stop-ify edo Spoti-fair

Guztiok entzun nahi dugu musika: asko, merke, euskaraz eta gaizki sentitu gabe. Baina Spotify utziko badugu Israelen konplize izateagatik, agian beste enpresa eta tresnen inguruan ere hausnartu beharko dugu. Edo gure morala kontratatzen ditugun zerbitzuen arabera neurtzen hasiko... [+]


Itsaso zakar bat eta bi ahots poetiko

Xak eta Ekiza

Non: Ondargain txiringitoan (Deba)
Noiz: abuztuaren 27an.

-------------------------------------------------------

Euri langarraren eta lanbro-lainoen artean pasatu dugu Gipuzkoako muga, kostaldean zehar doan errepidetik itsaso zakarrari beha. Bandera... [+]


Musika klasikoa
Kilate askoko abesbatza

Les Concert des nations, La Capella nacional de Catalunya orkestra sinfonikoa

Zuzendaria: Jordi Savall
Abesbatzen prestaketa: Lluís vilamajó
Egitaraua: Mendelssohnen lanak 
Non: Kursaal auditorioan (Donostiako Musika Hamabostaldia)
Noiz: abuztuaren... [+]


Espiritualtasun ukitu bat

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Gewandhausorchester Leipzig.
Zuzendaria: Andris Nelsons. Donostiako Orfeoia.
Koru zuzendaria: Esteban Urzelai.
Bakarlariak: Julia Kleiter (sopranoa), Christian Gerhaher (baritonoa).
Egitaraua: Mendelssohn eta Brahmsen lanak.[+]


Maila altua

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Gewandhausorchester Leipzig.
Zuzendaria: Andris Nelsons.
Bakarlaria: Isabelle Faust (biolina).
Egitaraua: Pärt, Dvorak eta Sibeliusen lanak.
Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren... [+]


Kai Nakaik, Marenek eta Olatz Salvadorrek gezurtatu egin dute Bilboko Udalak esandakoa: ez zien beste eszenatoki bat eskaini

Bilboko Udalak ostegunean adierazi du Abandoibarrako kontzertua bertan behera geratu eta gero, Plaza Biribileko agertokia eskaini ziela hiru artistei, baina ezezkoa eman zutela. Abeslariek bertsio hori ukatu eta zehaztu dute: bakarrik Kai Nakari eskaini zioten.


2025-08-29 | Eider Iturriaga
Musika zuzenean Eider Iturriagaren begietan

Zuzeneko musika gustatuz gero, ziur azken hamarkadan Eider Iturriagak egindako argazkiren bat ikusi duzula. Bere bi grinak uztartu ditu bermeotarrak: musika eta argazkilaritza. Eszenatoki batean hain azkar pasatzen den une hori harrapatzeko abilezia du, ikuslearen begietan... [+]


Kilate askoko abesbatza

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Le Concert des Nations. La capella Nacional de Catalunya.
Zuzendaria: Jordi Savall.
Abesbatzaren prestaketa: Lluís Vilamajó.
Egitaraua: Mendelssohnen lanak.
Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren... [+]


Wagner birformulatua

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Espainiako Orkestra Nazionala.
Zuzendaria: David Afkham.
Egitaraua: Wagnerren ‘Der Ring ohne Worte’ (Lorin Maazelen moldaketa). Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren 22a.

---------------------------

Oraingo... [+]


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Eguneraketa berriak daude