EHZ

“EHZ, munduko festibalik onena”

  • Musikari bat, bestazale bat eta kazetari bat joan gara elkarrekin EHZko hiru egunak pasatzera. COVID-19 osteko lehen festibala da guztiontzat, eta espektatibak badu horretatik. Hainbat urteetako gorabeheren ondorioz, azken orduan abiadura bizian antolatu dute jaialdia. Azken konfirmazioak astebete arinago heldu dira. Jaialdiko giroa zein izan den ikusita, merezi izan du hartutako lanak.


2021eko uztailaren 05an - 14:19
Azken eguneraketa: 16:44
Argazkia: Dani Blanco

Lehen geltokia: Hendaiako Pharmacie de la Gare. Bertako langileek kasik ez digute zer behar genuen galdetu behar izan ere, eta antigenoen testa egin dugu, doan. Hamabost minutu itxaron eta martxan gara Irisarrirat, Baxenafarrora. Ehunka auto eta furgoneta herri sarrerako zelaian aparkatzen ikustean, duela bi urteko festibaleko sentsazioak oroitzen hasi gara.

Lehen filtroan kazetaria laguntzaileen txokora joan da, akreditazioak lortzera. QR kodea erakutsi behar dugu denok eta motel doa. Antolakuntzako batek hala dio: “Nahiago dugu orain zorrotz jarri eta beraz ondoren goxoago arituko gara”. Pazientzia pixka bat eta denak gara barruan oihal-etxeak muntatzen.

Irribarrea. Hori da festibalera sartzerakoan topatu dugun lehena. Ez da jendea pozik dagoelako, urte bete daramalako lehengo bizitzara bueltatzeko desiratzen. Pozaz gain, irribarreak ikusten ari gara maskararik ez delako ageri. Ulertu behar da Baxenafarroan ez dela derrigorrezkoa izan orain arte, eta orain lege berriak indarrean direla, are gutxiago. Hegoaldetik etorri garenontzat opari bat izan da, eta izen berria eman diogu herriari: Irrisarri.

Pentzeko giroa sinestezina egin zaigu. Zenbat dantza eta poz zegoen gordeta, banatzeko gogoz.

Gure taldea hasieratik banatu da, musikariak ez duelako Lukiek galdu nahi –Nogen donostiarren ordez etorri dira azken orduan, rockzaleen pozerako–. Plazan berriz, Ekidakoek Manifestua ikuskizuna aurkeztu dute. Artearen funtzio politikoez hausnartu dute, poemak eta neosoul estiloko musikarekin. “Ausarta den kantu hori, beti da kantu berria”.

Pentzeko giroa sinestezina egin zaigu. Zenbat dantza eta poz zegoen gordeta, banatzeko gogoz. Txaranga bat dabil eta Furra furra edo Iñaki zer urrun dagoen Kamerun kantuek inoiz baino dantza gehiago eragin dute. Iruñerriko Herdoil taldearen punk-oi azkarrak eman dio gaualdiari hasiera. Ostean Rö azpeitiarrek biziki ondo aprobetxatu dute oholtza handia rock instrumental emanaldi bikaina eskaintzeko. Gaurko gaua ez da dantza sentsualetarako, jarraian Torheiten txanda izan baita. Suhuskunekoak mito bat dira Baxenafarroko metal harrobian. Azken bi talde hauei ordu hain onak eskaintzea arriskatua den arren, txalotzekoa da, jaialdietan ez baita usu gertatzen. Musikarientzat EHZ ibilbideari errekonozimendua da eta.

Kazetaria eta musikaria lotara joan dira, baina bestazaleak, nola ez, luzatu egin du gaua; Mairü-ren proposamen interesgarriarekin lehenik eta Proleter DJ-en elektro-swingarekin ondoren.

Argazkia: Dani Blanco
Larunbat ia borobila

Larunbat goizean nabaritu da jendearen etorrera, nor zetorren deskantsuarekin eta nor erdi arrastaka. Kanpalekuan rave txiki mordoa egon da, loaren kalterako. Afrikar dantza ikastaro bizia izan da pentzean eta bertso poteoa plazan, ajearen arabera banatuz bertakoak. Txiki donostiarra arduratu da umore ukitua jartzeaz, plaza zaila zuen arren. Iruñetik datorren Komunetik ikuskizuna da jarraian, antzerkia eta musika inprobisazioa uztartuz. Hasi denerako joan behar izan dugu, gure koadrilako musikariaren txanda baita pentzean. Tamalez Amaia Elizaran dantzariaren ikuskizuna ere galdu egin dugu.

Materiala deskargatu eta laguntzaileen txokoan izan gara Julen bolondresarekin. Bera ari da arduratzen guztientzat leku lasai bat sortzeaz. Janaria, edaria eta tertulia pixka bat, besterik ez da behar. Andoni Oilokiegi ere bertatik da. Arratsaldea girotzeaz arduratuko da, eta akaso pare bat orduz arituko da. Baina mutil honek ez du mugarik, eta atseden tokian bere gitarrarekin kantuak eman eta eman ari da.

Festibaletan antolakuntzako erritmoa oso bizia da. Muntatu eta soinu proba egin 30 minututan. Normalean ordubete, ordu eta erdi izaten denean. Urduritasuna ere handiagoa da, kanpoan bolumena altuegia da, kolpe eta nota bakoitza oso ondo neurtu behar da. Leku txikietara ohituta gaudenok beste arnas batekin jotzen dugu. Kontzertua amaitzean Joana antolatzailearekin izan gara eta gogotik eskertu digu bertan izatea. Guk berari eskertu diogu gonbita egin izana eta buklean sartu gara elkarri eskerrak ematen. Datorren urtean beste talde batekin itzuliko garela esan diogu eta berak baietz, ea egia den.

Kontzertua eman ostean nekatuta da musikaria, baina bestazaleak pentzera joateko dei egin dio. Baita asmatu ere. Azken orduko konfirmazioa zen Jewel Usain rap kantari frantsesak egurra banatu du. Erritmo biziarekin batera euri zaparrada itzela hasi da, baina horrek ez du publikoa gogogabetu. Alderantziz, topera hasi da jendea saltoka eta dantzan, eta Usain sinistu ezinik giroarekin: “Ces Basques sont fues!”.

Argazkia: EHZ

Zea Maysen txanda izan da ekitaldiaren ondoren. Antolakuntza poz-pozik agertu da harrerarekin eta zailtasun guztien gainetik festibala aurrera ateratzeko determinazioarekin. Azken lau urteetan bi aldiz utzi behar izan dute bertan behera festibala: behin ekaitzagatik, beste behin koronabirusagatik. Eta hala ere zutik da, beste hogeita bost urtez jarraitzeko prest.

Anestesiak piztu du ilusioa zaleen artean. Eztarriko minbizia gainditu zuen iaz Mikel Kazalisek eta bizitza ospatzeko biraren barruan kokatu dute kontzertu hau. Zaratan oinarritzen den talde baten goxotasuna izan zen kontzertuaren muina, zaleek dioten begirunearena. Hori bai, testosterona gaindosia pixka bat jaitsi beharra zegoen eta hor etorri dira Madrildik Tremenda Jauriakoak. Cumbia eta reggaetoi erritmoak letra aldarrikatzaile eta feministekin uztartu dituzte. Batzuetan sobera errepikakor izan arren, giroa paregabea izan da.

Larunbat gaua ixteko, Chill Mafiaren ordua heldu da. Zalantzarik gabe espektatiba handienak pizten zituen kontzertua. Harridura eragin du hasieratik: mahaian pintxatzen dago Sara Goxua Dj-a, eta hiru kantariez gain, bete zazpi lagun daude sofa batean eserita, ordenagailu aurrean, edaten eta erretzen, lokalean egongo balira bezala. Kontzertuko giroa arraro xamarra izan da, 2.000 lagun inguru –zifra ofizialen arabera–, denak adi-adi so. Asko kantuan, baina beste asko isilik, iritzi bat sortzeko helburuarekin aztertzen arituko balira bezala.

Tamalez, giroa aldrebestu da eraso sexista bat jazo delako. Brigada Ubelekoekin hitz eginda, protokoloan hiru eraso maila bereizten dituztela adierazi dute, eta jazotakoa bigarren mailakoa izanik, kontzertua bost minutuz eten da. Itzuleran, Chill Mafiakoek egindako komentarioengatik –edo ikusten zutena gustatzen ez zitzaielako– eserialdi modukoa egin dute hainbat emakumek eta objektuak jaurti eszenatokira. Giro horretan bigarren eraso baten berri eman du Brigada Ubelak eta taulara igo dira, protokoloaren berri ematera; egoeraren larritasunagatik kontzertua etetea erabaki da, azken bi kantuak falta zirenean.

 

Argazkia: Dani Blanco

 

Azken kartutxoak erre

Igande goizean Pirritx, Porrotx eta Marimototsek girotu dute pentzea. Pailazo horiek duten egurra nahiko lukete hainbat hardcore taldek! Egoten den giro ederragatik, igandera ondo heltzea da helburua. Gure bestazalea saiatu da dutxa batekin esnatzen, ondo gosaltzen, baina ezinezkoa da, ajeak gainditu du. Musikariak konbentzitu egin du Rukularen kontzertura joateko. Bestondorik ez Rukularekin. Gaupaseroek eta gurasoek bat egin dute erritmo frenetikoarekin, lastozko lurretan dantzan.

Kanpalekua husten hasi da eta jende gehiena zikiro janera apuntatu da. Urtero egiten den bazkari herrikoia aitzakia paregabea da inguruko herrietakoak hurbiltzeko, aspaldiko lagunak topatzeko, beti kanturako tartearekin noski.

Zangotzako DJ Reimyrekin topatu gara aparkalekuan. Bizikleta Sound Systema ekarri du. Lau lagun, lau bizikleta, lau soinu sistema txiki eta denak bluetootharekin konektatuta. Reimyren erritmoan dantzatzen ez duenik ez dut ezagutu oraindik.

Ruper Ordorika mitikoak arratsalde paregabea utzi du pentzean. A zer sasoia duen oñatiarrak. A zer trebezia kantu zaharrak patxada horrekin jotzeko. Sarrionandiari eskaini dio kontzertua, aro berri bat hasten delako bere itzulerarekin.

 

Argazkia: Dani Blanco

 

Rockero zaharrekin jarraituz, Potato gasteiztarrak izan dira erregeak. Reggae eta ska doinuekin gelditu ezinik ibili gara dantza eta dantza. Askok uste zuten ez zituztela ezagutzen. Baina ezinezkoa da 30 urte dituzten kantu horiek sekula entzun ez izan. Hitz egiten ez da oso abila, baina Paco Pecadok alaitzen ondo daki.

Guretzat azken kontzertua Diabolo Kiwirena izan da –ezin genuen beraiek ikusi gabe alde egin–. Garazitar gazte hauen funkya beste maila batean dago. Allandek mikrofonotik “eskerrik asko Iparralde!” oihukatu duenean par egin dute Iparraldekoek. Hegoaldekoak Lapurdira, Baxenafarrora edo Xiberura joaten garen bakoitzean botatzen dugun esaldia delako edo.

Bestazaleak jarraitzeko asmoa zuen arren, kazetariak kronika idatzi behar zuela eta, joan egin gara Reykjavik606 eta Xiberoots ikusi gabe. Lastima!

25 urte… eta gehiago

COVID-19 ostean zer gertatuko ote, hori zen festibalaren inkognita handiena. PCR eta antigeno testa egin dugu denok, eta horrek ahalbidetu du giroa benetan goxo egitea, agindu bezala. 2019ko festibaletik ez genuen desberdintasun handiegirik antzeman. Hemen ez Delta, ez india; hemen kutsatu daitekeen bakarra E.H.Zepa da. Espero dezagun behintzat.

Hemen ez Delta, ez india; hemen kutsatu daitekeen bakarra E.H.Zepa da. Espero dezagun behintzat.

Bolondresen lan izugarriari esker atera da aurrera beste behin jaialdia, eta jada 25 urte dira. Brigada Berdeko lagunei goresmenik handiena, gorotzetik ongarria ateratzen saiatzeko egindako lan eskergagatik. Brigada Ubelari ere urtez urte egiten duelako urrats bat gehiago testuinguru zailetan aurrera eginez.

Antolakuntzakoak “biziki kontent” agertu dira, eta ez da gutxiagorako. Euskal Herriko lehen festibala izan da 2019tik. BBK Live edo Heineken ez-dakit-zer festibala izango balitz, portada guztiak izango lituzke. Baina txikiagoa da bere oihartzuna, bere pausuak urrunera doazelako.

Hainbeste marka eta super talde batzen dituztenen ondoan, EHZ munduko festibalik hoberena dela aldarrikatu zuen Mikel Anestesiak. Ni ez naiz izango hori ukatuko duena. Kazetari, musikari eta bestazale gisa bizitzea, ederra delako.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EHZ
2024-04-02 | ARGIA
Pelax, Rudiger, Su Ta Gar, Süne edo Octopussy, EHZn iragarritako talde berrien artean

Auhen, Janus Lester eta Old School Funky Family taldeak ere izango dira festibalean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean egingo dute jaialdia, Arberatzen. Hiru egunetarako bonu berriak jarri dituzte salgai.


Belako, Nakar, Benizze, Lysistrata eta Vincen Garcia EHZren 28. edizioan

Lehen aldiz festibala Amikuzeko Arberatze herrian ospatuko da. Ekainaren 28, 29 eta 30an izango da.


Eguneraketa berriak daude