Zuei esker

Nonahiko irakurle taldeetan topatzen zaituztegu, betaurrekoen kristal biribilduen gainetik ahots urratuz hizketan, taldean autoeditatu berri dugun liburu ilustratua oso ederra dela eta barrua mugiarazi dizuela aitortu bai, baina ñabardura bat gehitzeko jarraian; hurrengorako hautatzeko letra tipo handixeagoa, mesedez, “hizki hauek txikiegiak dira adin batetik gorakook irakurtzeko”. Bertso-saioetan aurkitzen zaituztegu, hirugarren ilarako erdi-pare horretan eserita, beti-beti hor, aurpegi osoarekin irribarre eginez eta sorbaldak nabarmenki mugituz, badaezpada, musukoaren atzetik ere gustura zaudetela igar diezazuegun. Urduritzen eta hausten garenetan nora eta nori begiratua izan dezagun. Kalean ere gelditzen gaituzue, gutxien espero dugunean, guk idatzitako azken artikulua iruzkintzeko. Zer pentsatua eman dizuen pasarteren bat tarteko, gu miresmenez zoriontzeko. “Segi, segi horrela”. Liburu aurkezpenetan, mahai-inguruetan, hitzaldietan eta askotariko emanaldien ostean gerturatzen zarete guregana, eskutik estu heldu eta, esker hitzak ahoan, ederki ari garela azpimarratzeko.

"Askotariko emanaldien ostean gerturatzen zarete guregana, eskutik estu heldu eta, esker hitzak ahoan, ederki ari garela azpimarratzeko"

“Eskerrik asko egiten ari zareten guztiagatik...” ahoskatzen duzue sarri. Eta, oharkabe, gu bat marrazten duzue, zuek batengandik aparte samar egon litekeena. Beste zenbaitengandik sekula jasotzen ez ditugun –eta ziurrenik sekula jasoko ez ditugun– aitortza txikiak gordetzen dituzte zuen keinu handiek. Eta indartu egiten gaituzte, aldian behin guk geuk ere egiazko bidezidorgintzan eta saregintzan ari garela sinisteraino.

Ari garela; gu. Eta gu horren barne zaudetela zuek ere, ezbairik gabe. Gure sormen lanak arkatzez zirrimarratzen, kideei gomendatzen, gure hitzak zalantzan edo auzitan jartzen, zuen herrietan zerbait antolatzen duzuenero gurekin gogoratzen, buruarekin baietz egiten duzuen bitartean txalo jotzen, irribarre bidez gu eusten… ari zaretenak.

Horregatik irudikatu nahi nuke guztia parez parekoago; berdinetik berdinerago. Oholtza gainekoa eta azpikoa, fokupean dagoena eta argiztatutako eremu murritz horren ondorioz itzalpean gelditzen dena, espazio publikoan eta handik kanpora gertatzen dena, agerikoa eta ezkutukoagoa. Guk, berez, ez dugulako ezer asmatu. Kalean gertatzen denak mugitzen eta mugiarazten gaituelako. Kaleko mugimenduek zeharkatzen gaituztelako. Zeharkatzen dutelako sortzen dugun oro. Gu ere kalea garelako, finean. Zuei esker ari garelako. Zuekin batera.
Eskerrik asko, beraz.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude