"Energia berriztagarria tsunami bat da eta horren helburua batzuen poltsikoak gizentzea da"

  • Erakunde ofizialek eta politikariek egin nahi ez dituzten txostenak egiten ditu Sustrai Erakuntza taldeak. Legeen zirrikituak bilatzen eta baliatzen dituzte ustezko garapen proiektuen aurka borrokatzeko. AHT, energia berriztagarrien tsunamia, uraren eta hondakinen kudeaketa, Mina Muga eta Erdiz harrobi eta meategiak, Aroztegia Nafarroako Marina d’Or berria... ezin konta ahala bataila.

Argazkia: Eneko Arzuaga
Argazkia: Eneko ArzuagaArgazkia: Eneko Arzuaga
Pablo Lorente. Castejon, 1969

1991tik 1995era Castejongo zinegotzia izan zen IU-EBren eskutik, lehen parlamentari komunista Nafarroako Parlamentuan (1995-1997) eta PCE-EPK-ko idazkaria Nafarroan 1996tik 1999ra. Sustrai Erakuntza fundazioaren sortzaileetako bat eta egungo presidentea. Ekologista, autodidakta, aita eta, lanbidez, saltzaile. Lakuntzan bizi da.

Nola hasi zen zure ibilbide politikoa?
14 urterekin Alfaroko institutuan hasi nintzen ideia komunistak ezagutzen eta berehala egin nuen bat haiekin. Batxilergoko Hirugarren Maila errepikatu nuen denbora pila ematen nuelako egunkariak eta irratsaioak egiten eta grebak prestatzen. UBI amaitu ondoren boluntario gisa joan nintzen Gurutze Gorriarekin soldaduska egitera. Intsumiso edo eragozle egin nintekeen, baina etxean egoera zaila zen. Ni aitona-amonarekin hazi nintzen eta aitona hil berria zen, beraz, ikasten jarraitzeko edo lanean hasteko hori iruditu zitzaidan bide egokiena. Institutu garaian finkatu nituen inoiz aldatu ez ditudan nire bi konbikzio iraunkorrenak: komunista izatea eta athleticzalea.

17 urterekin CCOO sindikatuan afiliatu nintzen. Ondoren Euskadiko Alderdi Komunistan eta Nafarroako Ezker Batuan. 1991n zinegotzi sartu nintzen Castejonen, nire herrian, 1995era arte, eta urte hartatik 1997an dimititu arte, parlamentaria izan nintzen. 1999an Ezker Batua ere utzi nuen. Hor amaitu zen nire alderdi ibilbidea, politikoa ez delako inoiz amaituko, Sustrai Erakuntzan, auzo-lagunen elkartean edo guraso elkartean jarraitzen baitut politika egiten.

Zergatik zara komunista?
Beharbada lehenago kristaua izan nintzelako. Komunista naiz ideologia honek duen mundu-ikuskerarengatik; azken bi mendeotan aurrerapen asko ekarri ditu maila guztietan. Hemen edo denok salbatuko gara edo inor ez. Klaseak izan behar du gure pentsaeraren erdigunea, ikuspegi internazionalista eta solidarioarekin. Komunismoa, feminismoa edo ekologismoa bezalako mugimendu eraldatzailerik ezean, ideologia faxistek beteko dute toki hori. Hau gaur egungo arazo larrienetakoa da.

Lehenengo parlamentari komunista izan zinen Nafarroan. Zergatik eman zenuen dimisioa?
Arrazoi politikoengatik. Nik karguaren zina egin nuen legeak hala aginduta, errepublikar eta euskal herritar gisa, nahiz eta euskaraz ez jakin. Eta egin nuen Itoizko urtegiaren aurkako kamiseta batekin. Bost kide ginen Ezker Batuan eta hau ez zitzaien guztiei gustatu. Gure artean, bestalde, ez geunden ados programan eta aurrekontuetan.

Hasieran dietak baizik ez nituen kobratzen, beste alderdikide batzuek ez bezala. Nire dimisioa behartu nahi zutela uste dut. Handik denbora batera nomina bat jarri zidaten, baina bost hilabetera, 1997an, dimititu egin nuen Floren Aoiz eta Adolfo Araiz preso eraman zituztenean, gu euskal gatazkaren aferan elkarrizketa eta negoziazioaren alde geundelako. Bakea lortzen da ez soilik armak uzten direnean, baizik eta justizia egiten denean.

1997tik 1999ra Ezker Batuaren zuzendaritzan eta Estatuko Batzorde Federalean egon nintzen, baina desadostasunak direla medio, 1999ko abenduan 100 pertsonak alde egin genuen Euskadiko Alderdi Komunistatik eta etxera joan nintzen.

"Mina Muga Zangotza aldeko meategia edo Erdizko harrobia bezalako proiektuak Amazoniaren deforestazio edo Kongoko koltan ustiaketaren lerro berean daude”

Nola sortu zen Sustrai Erakuntza?
AHT gelditu! mugimenduan edota Erriberako zentralen aurkako borrokan ibilitako ekintzaileek bat egin genuen uste genuelako beharrezkoa zela tokiko erakunde txikiei eta gizarte-taldeei laguntza juridiko-teknikoa emango zien tresna bat.
Prozedura guztiak urtetan luzatzen dira eta herri oposizioak muskulu juridiko teknikoko aparatu horren laguntza behar du, borroka horiek bertan behera geldi ez daitezen. Horretarako sortu zen Sustrai Erakuntza 2009an.

Nola funtzionatzen du?
Fundazio bat gara. Zazpi kide gaude patronatuan eta ez dugu ez soldatarik, ezta gastuetarako sosik jasotzen ere. Gai zehatzetarako behar diren zerbitzu juridiko eta teknikoak kontratatzen ditugu. Horregatik ezinbestekoak ditugu sustraikideek egiten dituzten diru ekarpenak. Egun 90 bat kide ditugu eta Onura Publikoko Erakundea garenez, errenta aitorpena egiterakoan jarritakoaren %25 itzultzen zaie. Elkarlan hitzarmen xume batzuk ere baditugu toki entitate zenbaitekin, baina funtsezkoena da jendeak jartzen duena. Onena litzateke 500 bat sustraikide izatea.

Kapitalismo berdea zer da?
Gezur bat. Kapitalismoa ezin da berdea izan, berdea ulertzen badugu orain dugun ekoizpen eta kontsumo ereduaren alternatiba bezala. Lehoi bati barazkijalea izateko eskatzea bezala da.
Kontzeptu hori marketin hutsa da. Kapitalismoak hazkunde etengabea behar du. Garapen jasangarria ere ezinezkoa da kapitalismoaren barruan.

Honek guztiak, korporazio handien interesei men egiten dieten ereduak sustatzera garamatza, eta hori da orain Europar Batasunean ikusten ari garena, adibidez, Next Generation funtsekin edota pandemiari ematen ari zaion tratamenduarekin. COVID-19arena egia esan sindemia bat da, hau da osasun kontu hutsa baino gehiago den arazo sozio-politiko-ekonomikoa. Energia berriztagarriekin eta auto elektrikoarekin dena konpontzen dela pentsatzea da kapitalismo berdea, eta hori ez da horrela.

Argazkia: Eneko Arzuaga

Eta zein da soluziobidea?
Ekintza iraultzailea behar da. Ez da soilik klima aldaketaren arazoa, baizik eta pentsamenduaren, balioen eta herrien arteko berdintasun harremanen kolapsoa. Soluzioa ezin daiteke izan baliabide naturalak xahutzen jarraitzea bai hirugarren munduan eta bai hemen bertan ere. Mina Muga Zangotza aldeko meategia edo Erdizko harrobia bezalako proiektuak Amazoniaren deforestazio edo Kongoko koltan ustiaketaren lerro berean daude. Hemen oraindik ez dituzte pertsonak hiltzen, baina borondateak erosten dituzte. Publizitatea egiten dute kirol jardueretan edota hainbat kolektibori diru-laguntzak ematen dizkiete, adibidez. Baina egoera guztiz larria da eta bizimodu aldaketa eta desazkundea ezinbestekoak dira. Gutxiago kontsumitu eta aberastasuna eta lana banatu behar dira. Aterabide kolektiboak bilatu behar dira, ez norbanakoenak edo eliteenak.

Kontatzen digutena sinesteko gogoa dugu?
Bai, lurra prestatzen joan direlako urte askoan eta errematea COVID-19ari ematen ari zaion trataera izan da. Gaixotasunaz harago, aprobetxatzen ari dira errepresioa eta konduktibismoa sustatzeko. Beldurra da gauzarik arriskutsuena. Aterabideak ez dira ez azkarrak ezta errazak ere, baina oinarriak jartzen has gaitezke. Beharbada COVID-19arena izango da hurrengo hamarkadetan nazioarte mailan izango dugun krisialdi arinenetako bat, milioika pertsonen sufrimendua ekarri duen arren. Beldur kolektibo eta globala antolatzen ari dira eta bitartean jendetzak gosez, errepresioz, gerretan edo bestelako gaixotasunez hiltzen jarraitzen du. COVID-19ak dena estaltzeko balio du. Kapitalismoak bere bide-orriarekin jarraitzen du eta baliabideak gero eta gehiago konzentratzeko beharra du. Aberatsak gero eta aberatsagoak dira eta pobreak pobreago, XIX. mendean Marxek eta Engelsek aurreikusi zuten bezala.

"Beharbada COVID-19arena izango da hurrengo hamarkadetan nazioarte mailan izango dugun krisialdi arinenetako bat, milioika pertsonen sufrimendua ekarri duen arren"

Honi guztiari bira eman behar zaio, bestela hauteskundeetan faxistek gora egiteaz gain, jendearen pentsamendu kolektiboa eskuin muturrekoa izango delako. Eta hori hasi da gertatzen dagoeneko.
Errepresioa normaltzat hartua izatea ikaragarria da. Horren erakusle da, adibidez, militar bat edo polizia bat ateratzea osasun gaiez prentsaurrekoetan hitz egitera.

Gure bizimodu eredua errotik aldatu behar dugu. Ekonomia soziala bultzatu eta zaintza erdigunean jarri lehenbailehen, aspalditik mugimendu feminista eta ekologista aldarrikatzen ari diren bezala.

Ezkerreko alderdien jokamoldeaz zer uste duzu?
Eskuin muturrari askatasunaz hitz egitea errazten ari zaizkio, askatasunean inoiz sinetsi ez dutenean. Honekin batera, aurrekontuak sinatzeko orduan ez dira marra gorririk jartzen ari, AHTren proiektuarekin, adibidez.

Zer aukerak galdu zituen aldaketako gobernuak Nafarroan?
Asko. Hasteko Euskararen Legea aldatu behar zuten eta ez zuten egin. Aukera izan zuten PAI ingelesezko hezkuntza programa bertan behera uzteko, horren helburu nagusia euskararen zabalkundearen aurka egitea delako, eta hor ere kale. Ingurumen kontuetan, erakundeen planifikazio demokratikoa bermatuko luketen lege berriak ezartzeko aukera galdu zuten. Ez zioten eskua sartu zor publikoari eta jarraitzen dugu itzalpeko bidesariak ordaintzen atzerriko enpresei eta inbertsio funtsei. AHTa ez zen gelditu. Are gehiago, onartu zutena izan zen EAJ, UPN eta PSNk nahi zutena. Lau urte horietan lan gehiago esleitu ziren aurreko hamabost urteetan baino. Esaten zuten Madrilgo kontua zela, baina eraikuntza proiektuak Nafarroan egiten dira. Hemendik hara ez badira bidaltzen, ez dira abian jartzen. Guk Nafarroarako Tren Publiko eta Sozial baten aldeko apustua egiten dugu, garraiobide iraunkor, herrikoi eta demokratiko gisa. Ezinbestekoa da zama astunen garraio guztia kamioietatik trenera pasatzea eta pertsonen bizitokiak ongi konektatzea. Duela bi urte aurkeztu genuen, baina inork ez du aintzat hartu.

Borondate politikoaren kontua izan zen eta gauza bera gertatu zen Castejongo zentral termikoekin. Beti haien aurka egon diren alderdiek ez zuten ezer egin geldiarazteko. Beste aukera galdu bat Nafarroako ubidearena izan zen. Ez zuten ezbaian jarri beharrezkoa den ala ez, ureztatze eredua ez zutelako aztertu. Kontua ez da lur azaletik ubidea kendu eta lurrazpiko tutu batzuekin ordezkatzea, afera da nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpen eredua aldatu behar dela. Ustiategi txikiak eta ekoizpen ekologikoak legez lehenetsi behar dira, gure akuifero eta ibai guztiak ongarri kimikoz kutsatzen ez jarraitzeko eta Caparrosoko makro-behitegia bezalako proiektu suntsitzaileei aurre egiteko.

Joan den legealdian ere Aroztegia proiektuari argi berdea eman zioten Lekaroz herri txikian hotela, golf zelaia eta 228 txalet egiteko. Honetaz guztiaz gainera, aldaketaren alderdietako zuzendaritzek beren oinarrietako batzuk desmobilizatu zituzten, jada boterean zeudela ulertuta. Aldaketaren gobernuarena larria izan zen, urte gutxian lortzen ahal zena askoz gehiago kostako delako orain, eta areago COVID-19ak ekarri digun guztiarekin.

“Nafarroako Hondakinen Planak eta Europako zuzentarauek hondakinen %50 birziklatzeko helburua ezarria dute, baina hemen egun egiten den hondakinen kudeaketarekin ezinezkoa da helburu hori erdiestea”

Zergatik ari da Sustrai alegazioak sustatzen Nafarroan dagoen eguzki- eta eoliko-poligono proiektu andanaren aurka?
Ardo kopa bat ona da, baina botila bat edo bi kolpetik, ez. Oraingoz,  guztira 36 dira inpaktu eta tamaina handiko proiektuak. Horiek dira Nafarroako Gobernuak eta Estatuko Gobernuak azken aldi honetan Nafarroan jendaurrean aurkeztu dituzten proiektuak. Baina kopuru osoa askoz handiagoa izango da asteak eta hilabeteak pasatu ahala. Hau tsunami bat da eta uholde horren helburua ez da krisialdia konpontzen laguntzea, baizik eta  enpresa eta pertsona batzuen poltsikoak are gehiago gizentzea.

Muineko arazoa da Nafarroan kontsumitzen dugun energia guztiaren %21 baino ez dela elektrizitatea. Energia berriztagarriak soluziobidea dira, baldin eta ekoizpen eredua aldatzen bada eta kontsumoa jaisten bada. Horregatik martxan dauden proiektu guztiak geldiaraztea eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari. Beharrezkoa ikusten dugulako eredu energetikoaren inguruko hausnarketa eta plangintza prozesu egoki bat irekitzea.

Gizarte trinkoa eta ongi zaindua eduki nahi duen edozein gobernuk sektore energetikoaren nazionalizazioaren alde egin beharko luke. Teknologiak ez dizkigu arazoak konponduko, eta irtenbidea ez da hazten jarraitzea, energia berriztagarriekin bada ere.

Zergatik salatu duzue Nafarroako Gobernuak birziklatze datuak “edertzen” dituela?
Iaz bildutako zaborraren %47 berrerabiltzeko edo birziklatzeko prestatu zela esan zuen duela gutxi gobernuak, baina  prozesu batzuk ezin dira birziklatze gisa hartu.

Nafarroako Hondakinen Planak eta Europako zuzentarauek hondakinen %50 birziklatzeko helburua ezarria dute, baina hemen egun egiten den hondakinen kudeaketarekin ezinezkoa da helburu hori erdiestea. Mankomunitate gehienek hondakin organikoen parte handia enpresa pribatuen esku uzten dituzte biometaniza ditzaten. Hondakin horiek ez dira birziklatu; are gehiago, kutsadura toxikoak sortzen dituzte tratamendu horien bidez eta hori oso larria da.

Guk proposatzen duguna da hondakin kopurua murriztea, eta benetako berrerabilpen politika martxan jartzea. Sorburuan banatzeko eredu batek baizik ez du bermatuko Europako legediak zehazten dituen helburuak erdiestea. Bide horretan, Sakanako Mankomunitatean egiten ari direna eredugarria da: atez ateko bilketa eta hondakinen tratamendu publikoa. Organikoan %80 lortu dute. Ni Lakuntzan bizi naiz eta badakit nola jokatzen ari den.

Honekin batera, hondakin planta txikiak sustatu behar dira eta konposta erabili ahalik eta gertuen. Iruñerrian aukera zoragarria dugu inguruko soro guztiak hiriaren zabor organikoen konpostarekin ongarritzeko. Soluziobidea ez da planta erraldoiak egitea, orain Imarkoainen egin nahi duten bezala, edo erraustegiak. Hondakinen kudeaketa ezin da esku pribatuetan utzi. Italian mafiak kontrolatzen du hondakinen kudeaketa. Hemen mafiak beste izen batzuk ditu, baina estatu mailan negozioa kontrolatzen dutenak ere mafiosoak dira, eta gero eta hondakin gehiago ekoiztea interesatzen zaie, tona bakoitzeko kobratzen dutelako. Ecoembes enpresak, adibidez, ontziak biltzeagatik eta berriak egiteagatik kobratzen du. Zergatik ez dira ontzi itzulgarriak egiten, txikiak ginenean bezala edo Alemaniako leku askotan egiten den bezala?

 


ASTEKARIA
2021eko maiatzaren 30a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-22 | Ahotsa.info
Sakanak tren publiko eta sozialaren aldeko apostua egiten du

Manifestazio jendetsua egin dute Altsasun AHTren lanak gelditzea eta gaur egungo trenbidea hobetzea eskatzeko.


Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


Eguneraketa berriak daude