Borrokatutako alternatibaren kontakizuna

  • Eraisteko zorian dira Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrika gaztetxea. Herriaren erdigunean eraikitzen ari diren hirigintza proiektua tarteko, behera botako dute 16 urtez herriko kulturaren habia eta Euskal Herriko eszenan erreferente bilakatu den espazioa. Gaztetxeko kideek lantegia zena okupatu zutenetik argi izan dute noizbait irtenaraziko zituztela, promotore ezagun baten jabetzakoa baita eraikina, eta aspaldikoa da orube horretan etxeak egiteko asmoa. Beste gaztetxe bat eskuratzeko negoziaketetan dabiltza Udalarekin, baina argi dute baldintza berak bermatu ezean ez direla Putzuzulotik joango. Hartaz eta honetaz hitz egiteko zabaldu dizkiote ARGIAri ateak.

Argazkia: David Julià

Textil Gipuzkoana enpresa zenaren eraikinera sartu ziren herriko zenbait gazte 2005eko urriaren 30ean. Herriak orduan ez zuen gaztetxerik, eta gazteen beharrari jarraiki okupatu zuten ohial fabrika. Atea zabaldu bezain pronto eman zioten eraikinaren jabeari ekintzaren berri, sorpresaz ez harrapatzeko eta kartak mahai gainean jartzeko. Erantzuna jokaldia bezain azkarra izan zen: batetik, salaketa zuzena jarri zion deia egin zuenari, eta, bestetik, mehatxu egin zien guztiei. Horietako bat da Jorge Nieto Abuelo. Ordurako gaztetxea lortzeko bi saiakera eginak zituzten, bi asteko iraupenekoa lehena, hiru hilabetetakoa bigarrena: “Poliziak atera gintuen bi haietatik, eta neurri batean hona ere etortzea espero genuen, baina ez zen halakorik gertatu”. Udal gobernuak euren aldeko jarrerarik azaldu ez bazuen ere, urak bare mantentzeren aldeko jarrera erakutsi zuen, Salberdingo fabrika zaharrean biltzen zen jende andana ikusita. Marimin Aizpurua ere hasierako asanblada haien parte zen, eta Ertzaintza ez bidaltzea jarrera “ulergarriena” izan zela dio, uste baino jende gehiago baitzebilen gaztetxe berriaren inguruan proiektua gorpuzten. Abuelok aipatu du okupatu ostean udalarekin izandako lehen hartu emanetan esan zietela zein asmo zituzten lurzoru haiekin, baina ez zietela data zehatzik esan: “Salberdingo hirigintza planarekin bi edo hiru urtera hasiko zirela esan ziguten. Hasieratik izan dugu mamua lepo gainean, baina 15 urte igaro dira azkenean”.

Argazkia: David Juliá

90eko hamarkadaren lehen eta azken urteetan gaztetxea lortzeko egin zituzten bi saiakerekin alderatuz gero oso bestelakoa izan zen hirugarrena. Manuela gaztetxea izandakoaren eta Putzuzuloren artean hiru urteko hutsunea egon zen, gazte asanbladak hala moduz funtzionatu zuen tarte hartan; ez espazio alternatiborik ezta berau betetzeko indarrik ere. Hala, belaunaldi berriek beste saiakera bat proposatu zuten arte, baina bestelako moldeekin egin beharreko jokaldia izan behar zuen. Urtebete iraun zuen komunikazio kanpainak, eta gazteak saretzeko ez ezik, herriaren babesa eskuratzeko ere balio izan zuen. “Zarautzek gaztetxea behar zuela argi genuen, baina bero-beroan okupatzea zentzu gutxiko jarrera zela ere jakitun ginen. Orduan gaztetxea herriaren behar gisa irudikatuko zuen komunikazio kanpaina egitea otu zitzaigun”, dio Abuelok. “Badator” izenarekin hasi ziren ekintzak egiten, izan pintadak, kale antzerkiak edo informatzeko deialdi irekiak. “Leku asko tanteatu genituen. Kokapen aldetik erdigunetik gertu egotea nahi genuen, baina Zarautzen ez da erraza halako lekuak topatzea”. Auzoan dagoen bolatokia hartu zuten aitzakia gisa okupazio ekintza gauzatzeko: “Bolo txapelketa bat antolatu genuen, eta 200 pertsona azaldu ziren. Kalejiran etorri ginen bolatokitik Putzuzulora. Hor hasi zen gaztetxearen ibilbidea”. Zapaburua eta kolore berdea ziren identifikatzeko elementuak, eta animaliaren metamorfosia lez, ibilbideari amaiera emanez Putzuzulo izena jarri zioten.

Argazkia: David Julià

Ongi gogoratzen da Xakela asanbladako kide Leire Makazaga eraistearen alarma piztuarazi zuen uneaz: “Belaundi gazteagokook ere bagenekien bota nahi zutela. 2019ko udaberrian gaztetxearen inguruko eraikinak botatzen hasi ziren, eta pilak jarri behar genituela pentsatu genuen, kontu serioa zela ikusi genuen”. Politikariak hauteskunde kanpaina betean zeudela aprobetxatuta, hautagai bakoitzari gaztetxearekin zer egin nahi zuten galdegin zioten. EAJko Xabier Txurrukak irabazi zituen bozak, eta berarekin hasi zen gaurdaino luzatu den negoziaketa prozesua: “Alkatearekin elkarrizketak hasi bezain azkar, udalak baimena eman zuen Putzuzulo eraisteko. Ia dena bota zuten, aldameneko eraikin osoa. Uda hartan kalean ikusi genuen gure burua, baina gure asmoekin jarraitu genuen”.

Bilera “dezente” egin dituzte ordutik, udaletxean zein gaztetxean. Klara Lazkano Danda gazte asanbladako kidea da, eta Makazagak esandakoari eutsi dio, azpimarratuz eurak ez direla bertatik joango udalaren aldetik ez badute baldintza bereko proposamenik jasotzen. Gazte dinamikaren erdigunean kokatzen dute gaztetxea, eztabaida eta antolaketa politikoarako babesgunea den heinean, eta etorkizunean ere hala izaten jarraitu behar duela dio, gero eta “despolitizatuago” dagoen gazteria biltzeko “funtsezko plaza” baitira gaztetxeak.

Beste eredu bat helburu
Espazio propio baten bila sartu ziren egungo Putzuzulora duela 16 urte Marimin Aizpurua, Abuelo eta beste hainbat gazte. Bada, zertarako? Alternatiba sortzeko eta eraikitzeko gogoan jarri dute indarra biek, eta kultura nahiz politika azpimarratu dituzte faktore nagusi bezala: “Zarautzen orduan ez zegoen ez Modelo (herriko antzokia) ezta toki gehiegirik ere kultura arloko ekimenak antolatzeko. Kultura alternatibo bat sortzeko beharrak ekarri gintuen hona”, dio Aizpuruak, eta hargatik jendeak errezeloz begiratzen ziela. Gerora, ordea, gaztetxeak ikuspegi zabalagoa lortu duela iritzi dio, milaka ekimen egin baitira bertako oholtzan, haurrentzat, gazteentzat nahiz helduentzat, eta halakoek jendearen babesa eskuratzeko balio izan dutela: “Hainbat aiton-amona gaztetxean topatu ditugu euren biloben kontzertuak ikustera etorrita”. Arraio irratia ere prozesuaren parte garrantzitsua izan da. 15 urte bete ditu aurten, eta egitarau zabala osatu dute urtemuga ospatzeko. Nomadak lez eta ondo bidean, gaztetxeari jarriki egoitza berrian emititzen jarraituko dutela dio Aizpuruak, eskutik helduta baitoaz asanblada eta irrati librea.

Danda asanbladako kideak. Argazkia: David Julià

Kultur plaza ez ezik, molde berriei heltzeko lekua da Putzuzulo. “Guk guretzat, inorri ezer eskatu gabe, gure modura, gure akatsekin eta gure gauza onekin egin dugun proiektua da. Hori ere oso garrantzitsua izan da”, nabarmendu du Abuelok. Hainbat proiekturen aterpe izan da Putzuzulo. Bitxikeria moduan aipatu dute gaztetxearen aldameneko eraikina, iazko udan eraitsi zutena, Euskal Herriko skate parkerik handienetarikoa izan zela denbora luzez, eta edozein txokotako skaterrak ibiltzen zirela bertako aldapetan gora eta behera: “Ez zen munduko jenderik politizatuena, baina eurak ere honen parte ziren, eta izugarrizko mugimendua ekarri zuten”. Alta, izan ziren urteak non atzetik zetorren gazteriari kosta egiten zitzaion Putzuzulo bere sentitzea. “Gure buruari galdetzen genion ea non zeuden gazteak. Koadrila bakoitzak bere lokala du, eta horrek indibidualismora mugatzen du euren arteko jarduna. Gainera, lokalak ordaindu egin behar dira!”, gehitu du Aizpuruak. “Beherakada” baten antzera definitu du Makazagak, eta Danda gazte asanblada sortzearekin batera gaztetxean muturra sartzen hasi zirela. “Gu ere Amets Fabrikaren parte sentitzen gara, eta etorkizuneko belaunaldiei ere halako espazio bat izateko borrokan jarraituko dugu”.

Ametsak leku aldatu daitezke
Apirilaren 17an egindako prentsaurrekoan jakinarazi zuten Putzuzuloko kideek alkateak adierazitako azken berria: GLK Altzariak pabiloia izandakoa erosi duela udalak, eta gaztetxea han birkokatzeko asmoa duela. Berri pozgarritzat jo dute mahaiaren bueltan daudenek, baina Putzuzuloren eta udalaren arteko hitzarmena oraindik ixtear dagoela nabarmendu dute; adosteke baitaude, besteak beste, erabilera nahiz kudeaketa Putzuzulo Kultur Elkartearen esku uztea, eta etorkizunean ere Zarautzen gaztetxe bat egongo dela ziurtatzea. “Ikusi dute ezin gaituztela, besterik gabe, espaziorik gabe utzi. Gauzak ongi egin direnaren erakusle izan da, eta 2006an egin bezala, orain ere udalak konpromisoa hartzea espero dugu”, azaldu du Makazagak azken erabakien harira.

Argazkia: David Julià

Herrigunetik geroz eta gehiago ari direla aldentzen aipatu du Abuelok, kontziente direla hortaz. Hori gutxi ez eta, sartu aurretik asanbladako kideak badakite eraikin hori ere eraitsi egingo dutela etorkizunean, eta ez dute nahi mamu hori berriz lepo gainean sentitu. “Urbanizazio planean hor etxeak egiteko asmoa dago, beraz hortik ere inoiz irtenaraziko gaituzte, Zarautzen gaztetxe iraunkorra egoteko konpromiso finkoa eskatzen dugu”. Udalaren jokaldiari letra txikia irakurri behar zaiola dio Aizpuruak, ez baita kasualitatea pabiloi hori erosi izana. “Momentuz oso ondo geratu dira herriaren aurrean, eta izango da “joe gaztetxekoak, udalak lokala erosi die!” pentsatuko duenik. Gauza da urte batzuetara izugarrizko dirutza atera ahal izango dutela pabiloi horri esker”, dio Aizpuruak.

Putzuzulotik joatea inposatutako erabakia den heinean, eta Makazagak dioen moduan, “baldintza berdineko adostasunik ezean” ez direnez bertatik mugituko, agenda oparoa osatzen jarraitzen dute astez aste. COVID-19ak eragina izan du gaztetxean, dudarik gabe, autofinantzazioa baita euren diru-iturria, eta jenderik ezean, ezin itsulapikoa bete. Halere, gogotsu bezain indartsu aritu dira azken urtebetean kontzertuak, hitzaldiak nahiz bestelako ekimenak antolatzen: prest daude Amets Fabrika birsortzeko. Eraikin berriak jende gaztea erakarriko duela espero dute, eta ilusio handiz helduko diotela erronkari. “Hasieratik hor badaude, espero dut belaunaldi gazteek gaztetxea gertuago sentitzea”, aitortu du Abuelok. Eta gakoa Aizpuruak jarri du: “Lokala ez da garrantzitsuena, espazioa leku egiten duten pertsonak baizik”.

Marimin Aizpurua. Argazkia: David Julià

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Okupazioa
2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


2024-04-17 | ARGIA
Berangoko Otxantegiko nekazal lurren desalojoa gelditzen laguntzeko deia egin dute

Berangoko Otxantegiko nekazal lurrak modu kolektiboan lantzen bi urte eman ditu proiektu agroekologikoak, baina desalojo agindua dute apirilaren 18rako. Kanporatzea gelditzea lortu zuten iaz, eta berriro ere lortuko dutelakoan, gosari herrikoia deitu dute egun horretarako... [+]


Berangoko Otxantegi Herri Lurrak bigarren urteurrena ospatuko du, desalojo mehatxua gainean duela

Apirilaren 13an Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatuko dute. Apirilaren 18an ordea bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean.


2024-01-23 | Gedar
Zestoako Gaztetxearekin elkartasunez, Eliza seinalatzen jarraitzen dute

Zestoako Gaztetxearen kontrako prozedura judiziala mantentzen du Elizak: asteazken honetan izango da epaiketa. Aurreko ostiralean, Gaztetxearen aldeko elkarretaratze bat izan zen Donostiako Artzain Ona katedralean.


2024-01-19 | Gedar
Euskal Herrian izan den apostasia kolektiborik handiena ari dira egiten Zestoako Gaztetxearen alde

Gipuzkoan, 700 apostasia eskaera baino gehiago lortu dituzte Zestoako Gazte Asanbladak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak. Bihar protesta bat egingo dute Donostiako Artzain Ona katedralean, aurrera baitoa Gaztetxearen kontrako prozedura: hilaren 24an... [+]


Eguneraketa berriak daude