Elkarlana, ekonomia soziala eta kultura

  • 2019an zabaldu zituen ateak Teila Fabrikak, Donostiako Egia auzoan. Lanerako tokiak alokatzen dituzte, baina ez dira horretara mugatzen. Elkarlanaren, ekonomia sozialaren eta kulturaren ardatzen arabera ari dira garatzen proiektua, auzoan errotu eta eragiteko asmoz.

Aitziber Lizarribar (ezkerrean) eta  Maddalen Serras (eskuinean),  Teila Fabrikako kudeatzaileak.
Aitziber Lizarribar (ezkerrean) eta Maddalen Serras (eskuinean), Teila Fabrikako kudeatzaileak. (Argazkia: Dani Blanco)

Aldatzen ari da Donostiako Egia auzoa azken urteotan. Aspalditik dator aldaketa, baserriak eta sagardotegiak zeuden auzoa gutxika industrializatu eta urbanizatu baitzen. Horretan eragina izan zuen, besteak beste, 1903an zabaldutako Fábrica de Tejas y Ladrillos Eguia S.A teila fabrikak. 1962an bota zuten arte auzoko paisaian erreferentzia nagusia izan zen fabrikaren tximinia handia. Urte gutxi iraun zuen fabrikak, 1936an behin betiko itxi baitzuten. Teila fabrika hura eta zekarrena, ordea, garaiko bizimoduaren aldaketen erakusgarria da. Handik gutxira zabaldu zuten tabako fabrika berria, tren geltokiaren ondoan.

Auzoaren paisaia ez ezik bertako jendearen, edo horietako batzuen, bederen, lan egiteko modua ere aldatu da ordutik hona. 2015an Tabakalera inauguratuta eta auzoaren gentrifikazioa sakondu ahala ugaritu egin dira Egian ere coworking espazioak. Beraien lana indibidualki egin arren espazioa eta elkarrekin lan egitetik sor daitezkeen proiektuak partekatzeko guneak. Zentzu horretan, lanerako espazioa partekatzeko gunea da Teila Fabrika ere, baina baditu berezitasunak. Izena eta irudia teila fabrika zaharrari zor dizkio, eta komunitatea elikatu eta indartzeko lekua izan dadin nahi dute proiektuaren sortzaileek.

Balio eraldatzaileak
Balio eraldatzaileen arabera jarduten duten proiektuentzako lekua da Teila Fabrika, eta gizartean eragitea du helburu. Aitziber Lizarribar proiektuaren kudeatzaileak dioenez, inguruan zuten jendearen beharretatik tiraka ondu zuten ideia. Herri mugimenduetan eta horien inguruan lanean ari den jendea, enpresa txikiak, autonomoak, bakarrik lan egiten dutenak eta antzeko egoeretan daudenak leku batean elkartzeak aukera ematen die elkarren lana indartu eta elikatzeko, sareak sortzeko. Izan ere, espazioa baino gehiago eskaini nahi du proiektuak. Etxetik, edo bakarrik lan egin beharrean elkartzeak duen balioari garrantzia ematen diote. Ez bakarrik eremu profesionalean, baizik eta informalean ere, goizetako kafean ere gauza interesgarriak ateratzen dira, esaterako.

Hiru ardatzen arabera garatzen dute proiektua. Elkarlana da horietako bat. Elkarlana sustatzeko mekanismoak dituzte martxan. Esaterako, teilakide bakoitzak proposatzea zer eman diezaiokeen komunitateari, izan profesionalki zein bestela, eta, era berean, bakoitzak zer jaso nahiko lukeen adieraztea. Bi zerrenda horiek erkatuta sortzen dira elkarlanerako proiektuak eta konexioak, elkarlan ekonomikorako edo ezagutza partekatzeko. Ekonomia soziala da Teila Fabrikaren beste ardatzetako bat. Proiektua transbertsalki zeharkatzen du, espaziorako dituzten hornitzaileetatik hasi eta aretoetan antolatzen dituzten jardueretaraino. Norabide horretan, Olatukoop sareko kide dira. Hirugarren ardatza da kulturarena. Hilero bi ekimen kultural antolatzen dituzte, teilakideekin zein auzoko beste proiektuekin batera. Hitzaldiak, tailerrak, topaketak. berriki, Ez da entzuten! musika zikloaren bigarren jardunaldia egin zuten bertan.

Argazkia: Dani Blanco

Pandemiak baldintzaturik
2019an, zabaldu aurretik, auzoko eragileei proiektuaren berri eman zieten. Ekainean “teilakide” batzuekin lanean hasi ziren, eta udan zehar obrak amaitzeko eta espazioa ondo prestatzeko tartea hartu zuten. Urte hartako irailean ekin zioten ohiko martxari. Berehala, ordea, haien jarduna erabat baldintzatu zuen COVID-19aren pandemiak. Martxoko itxialdiaren ondorioz teilakideei arreta eta laguntza eskaintzeko moldatu behar izan ziren. 2020ko ekainean heldu zioten berriro ere pixkanaka martxari, espazioa osasun neurrien arabera moldatuz: protokoloak diseinatu, edukierak kalkulatu...  

Espazioaren garrantzia
Espazioa baino gehiago da Teila Fabrika, baina espazioa ere bada. Eta espazioak berak ere badu garrantzia. Hiru bulego, lanerako espazio komunak, bilera gelak eta aretoak dituzte erabilgarri. Bulegoak hartuta daude, baina lanerako espazio komunetan badago oraindik lekua libre. Aski flexibleak dira, eta, Maddalen Serras kudeatzaileak azpimarratu duenez, beste coworking batzuetan gutxieneko edo gehieneko epe finkoak egoten badira ere Teila Fabrikan malgutasunaren alde egiten dute. Aretoei dagokienez ere, ekitaldi eta jarduera askotarikoetarako moldagarria den areto bat dute. Lehen entitateek batzar handiak egiteko baliatzen zuten, eta orain, aldiz, bizilagunen bilerak egiteko erabiltzen dute gehiago. Funtsean, helburua da espazioa bera eta bertako baliabideak erabiltzaileen beharretara moldatzea, eta ez alderantziz.

Auzoan errotua
Egian bizi dira Serras eta Lizarribar, eta Teila Fabrika bera ere auzoan errotzea nahi dute. Errotze horren erakusgarria da, esaterako, Gordegia Egiako Artxibategi Grafikoak Teila Fabrika duela teilatupe. Gordegian ikus daitezke, besteak beste, auzoak urteotan zehar izan duen bilakaera erakusten duten argazkiak. Horrez gain, auzoko zenbait proiektutan parte hartzaile gisa ere aritzen da Teila Fabrika. Prest daude elkarlanerako eta proiektuaren etorkizuneko ibilbidea ere komunitatean eraiki nahiko lukete.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia soziala
Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-09 | Enbata
Euskal Monetak mugaz gaindiko tresna amankomuna gogoetatzen

Euskal Monetak garapen handia ezagutu du azken urteotan Ipar Euskal Herrian. Europako tokiko moneta indartsuena bilakatu da. Sortu zenetik, Hego Euskal Herrira hedatzeko asmoa integratu zen proiektuan. Mugaz gaindiko tokiko moneta osagarri baten sortzea lantzen hasia da Euskal... [+]


2024-04-09 | Euskal Irratiak
Iñaki Etxeleku: "Gure estatutuek espekulazio merkatutik kanpo ezarri dute gure etxebizitza kooperatiba"

Bizitegi molde kooperatiboak zabalduz doaz Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoko azken biltzar nagusian Nicole Etxamendi, Itsasuko hautetsiak "Bizi lagun" kooperatibak kontutan hartu behar zirela eta alternatiba ona direla azpimarratu zuen.


Hazien lezioak, lan produktibo eta erreproduktiboak bereizteaz

Haziekin hamaika metafora eta hitz joko egin dira. "Zerbaiten hazia izan", "proiektu baten hazia erein", "etorkizunerako haziak"... esamoldeak ezagun zaizkigu. Zerbait berezia dute haziek.


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


Eguneraketa berriak daude