"LGTBQ+ nortasunak marrazten ditut, jendeak gero nahi edo ahal duena ikusten du"

  • Bere Aldudeko estudioan hartu gaitu Campistronek. Elizaren eraikinean bertan du lantokia, horma hormaren kontra, eta meza garaian bertan balego bezala entzuten omen ditu fededunen kantuak eta apezaren hizketaldiak. Bere murruetan, ordea, kolore paletak eta emazteen irudiak ageri dira. Emazte biluziak. Indartsuak. Emazte lodiak. Bekatorosak.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Dom Campistron. Aldude, 1994

Marrazkilaria da Dom. Aldudetik Parisera, Paristik Glasgowra eta Glasgowtik Aldudera, bere ibilbide artistikoa du bizitza ibilbide. Hainbat lan eta kolaborazio egin ondoren, apirilaren 13an aterako da Bekatorosak bere lehen album ilustratua. Nafarroa Behereko zazpi lagun elkarrizketatu ditu, lesbianak, queerrak, gayak, eta paperera ekarri ditu haien esperientziak, irudi diren hitzez, eta hitz diren irudiz.

Alduden hazi zara. Nola oroitzen duzu zure haurtzaroa?
Oroitzapen bikainak ditut. Herri ttipi batean handitu nintzen, ene bi ahizpekin, kanpoan, naturan, animaleko ibilbideak eginez ene aita-amekin, zinez biziki-biziki haurtzaro polita. Gainera banituen ene aitatxi eta amatxi ere, laborariak direnak. Etxalde batean bizi nintzen, aberez inguratua… Arrunt bizi sinplea, goxoa eta alaia. Gero, gure aita-amak irakasleak ziren eta biek maite zuten anitz artea eta literatura. Beraz, naturan ginen eta ber momentuan anitz kultura genuen etxean. Film onak begiratzen genituen, irakurtzen genuen… eta telebistatik aski urrun bizi ginen. Amak beti erraten zidan behar nuela irudimena landu, ene buruan pasatzen ziren irudiak behar nituela atxiki, eta haiekin jostatu. Horrek erraztu dit bidea, gerora, marrazkilari izateko.

Eta nerabezaroan? Zer egiten du nerabe batek Alduden?
Aspertu ez. Baina, hasi nintzen ulertzen nor nintzen. Ikusten bertze interes batzuk nituela. Hiri gosea sartu zitzaidan. Baina ez nintzen honetaz aspertu. Bertze zerbaiten gogoa nuen. Maite nuen Euskal Herria eta hemengo herri kultura. Pentsatzea dena egiten ahal dugula. Bai dantza, bai antzerkia, bai kantua, bai musika. Hemen biziki erraza da dena ukitzea, dena eskura baita. Baina horrez gain, nik artearen historia ikasi nahi nuen, museoetara joan, galerietara… gustu hori banuen.

Eta bestetik, 16 urterekin ulertu nuen neskak ere maite nituela. Eta hori, garaian, biziki bortitza izan zen. Pentsatzen nuen bakarra nintzela. Bakartasun sentimendu horrek eraman ninduen jende gehiago ezagutu nahi izatera. Ni bezalakoak. Bai arte munduan, eta bai sexualitatean. Horrek eraman ninduen atzerrira.

Ez zenuen heteroa ez zen inor, inguruan?
26 urte ditut, eta pentsatzen ahal da 90eko hamarkadan izanen zirela homosexualak, lasai eta publikoki bizi zirenak nire inguruan. Baina, ez. Nik 16 urterekin deskubritu nuen neskak maite nituela, neska batez maitemindu bainintzen, eta bera ere bai. Harreman bat hasi genuen biek, baina nik ez nuen sekula ikusi bikote homosexual bat musuka. Ez nuen “lesbiana” hitza entzun ere egin. Atzerritik itzuli nintzelarik ohartu nintzen jende homosexualak bazirela ene ingurumen biziki hurbilean, baina nik ez nekiela hala zirenik. Eta hori haiekin aipatzen dugularik, orain, haientzat bitxia da nik ez ulertu izana. Gauza da ez zela erraten eta ez zela erakusten.

Beraz, neskak maite nituen, eta bakarrik nintzen. Animaleko xantza izan dut ene familia biziki irekia baitzen. Berehala maitatu zuten ene laguna. Baina hemen haziak gira giristino gisa. Ni igande guziz joaten nintzen mezara. Beretter ere izan nintzen! Gizarte giristino, heteronormatibo eta ehiztari eta laborari giro batean bizi nintzen. Eta aste bat iraun zuen. Biziki laburra izan zen, baina zikina sentitu nintzen. Bidea biziki zaila izan zen eta denbora behar izan genuen zinez goxoki izateko, kanpoan, lasaiki, bikote ginela erakutsiz. Urteak.

Geroztik, itzuli naizenetik, harritu naiz ikusirik ezagutzen nituen jendeak armairutik atera zirela kanpoan nintzen bitartean. Feminismoa ere lehen arrunt bazterrekoa zen, eta orain airean da. Sekulako zapartatzea izan da me too mugimenduarekin. Eta sare sozialak ere, beharrik hor direla. Nik hori ukan banu, Aldudetik ikusi ahal izatea erreferente horiek... Oraingo gazteriak irudi horiek ikusten ditu, eta hori animaleko irekidura da.

Argazkia: Dani Blanco
"Neskak maite nituen, eta bakarrik nintzen. Animaleko xantza izan dut ene familia biziki idekia baitzen. Berehala maitatu zuten ene laguna"

Marrazten nola hasi zinen?
Ez dut oroitzapenik, hasi nintzenekorik. Betidanik marraztu dut. Aitak anitz marrazten zuen etxean eta berarekin karikaturak egiten genituen. Komikia maite zuen berak. Eta nik maite nuena zen istorioak kontatzea. Gure amak istorioak irakurtzen zizkigun. Eta anitz maite nituen momentu horiek. Gure artean antzerkia ere egiten genuen gure burasoen aitzinean. Anitz idazten nuen… Marrazkia lizeo garaian jin zen. Beharbada marrazki bidez istorioak kontatzeko erraztasun gehiago nuelako. Zeren zinez, haria izan da ene botza, ene hitzak, eta ene ikuspuntua ematea.

Beraz, lizeo garaia bukatuta, arte eskola batera joatea erabaki zenuen. Aldudetik Parisera.
Parisera joan nintzen, gogo adina beldurrekin. Zinez behar nuen. Nahi nituen gauzak ikusi, lesbianen ostatuetara joan… ikaragarriko gosea nuen. Nor nintzen ikertu behar nuen, ene estiloa atzeman, zer pentsatzen nuen jakin… Zinez loriatu naiz Parisen. Alta, han beste nortasun batekin borrokatu behar izan nuen. Pariseko ikuspuntutik baserritar bat nintzen. Baserritarra eta euskalduna. Beraz, ETA, bonbak, eta bestelako txisteak… Bisexualitatea errazago bizi nuen, baina, han euskalduna izatea zen zaila. Interesgarria zen.

Eta zer atzeman zenuen arte eskolan?
Egun guztia marrazten pasatzen nuen, brodatzen… Plazera zen. Eskola tradizionalean beti enoatu naiz. Ez nuen ulertzen zertarako ikasi behar nituen gauza batzuk. Denbora galtzea iruditzen zitzaidan. Lizeoan banekien artea ikasi nahi nuela. Akitua nintzen aspertzeaz.

Baina, bazituen alde txarrak ere. Ikaragarriko lehiakortasuna bada ikasleen artean. Eta irakaslea zure gainean da eta zuk ezin duzu deus erran. Marrazki hau ona da, hau ez. Eta zu isilik. Ni arribatu nintzen dena zakil dena bular… eta irakasleak ez zuen jasaten. Beraz ez ginen biziki ongi moldatu. Ez dut batere maite Frantziako irakasteko tradizio hori. Ni arrunt goxoki heldu nintzen Aldudetik… Eta gogorra zitzaidan. Bestalde, eskolan denak paristarrak ziren, biziki ongi jantziak… Zuk ez duzu sobera kasu ematen zure janzkerari edo zure itxurari, eta bat-batean giro hori…

Han bi urte egin eta gero erabaki zenuen Eskoziara joatea.
Bai. Guri beti gomendatu izan digute Pariseko eskolara joatea, handik pasa izanak ateak zabalduko zizkigulako. Eta hala da. Ez nuen arazorik izan The Glasgow School of Art-en sartzeko. Ene ahizpa zaharrena Eskoziako arte eskola batean ikasten ari zen. Eta erraten zidan irakasleak lagunak zirela, bazela pub bat eskola barnean… Eta gainera banekien trans eta gay kultura handia bazela Eskozian. Beraz izena eman nuen.

Eskola bikaina da Glasgowkoa. Nahi duzularik sartzen zara, asteburuz bada ere. Kurtsoa gustatzen zaizu? Bikain. Ez zaizu gustatzen? Ez da arazorik. Ez etorri. Posible zen irakasleekin eztabaidak ukatea ere. Han ikasi nuen plazerez lan egiten eta ez minez. Parisen bezala Euskal Herrian, pentsatzen dugu gure lana ona izan dadin sufritu egin behar dugula. Eta ez naiz diskurtso horiekin ados. Plazer hartu! Ez baduzu zerbaitetan plazerik atzematen, gelditu. Bilatu beste pista bat, eta segi horri, berriz plazera atzeman arte.

Ikaskideak ere ez ziren paristarrak…
Ez! Eskoziarrak, ingelesak, italiarrak, letoniarrak, alemaniarrak… Melting Pot biziki interesgarria zen. Han erran nuen euskalduna nintzela, eta ez zen galderarik izan. “The Basque one” nintzen eta kito. Sexualitatean ere biziki irekiak ginen denak. Nehork ez zion galdeginen neska bati ea ba ote zuen mutiko lagun bat. Galdera izanen zen “baduzu norbait, edo ikusten duzu norbait”? Eta lehen aldikotz ikusi eta ezagutu nituen pertsona transgeneroak ere. Elkarrizketa anitz izan nituen eta anitz ikasi nuen. Ene transfobiaz ohartu nintzen eta anitz ireki zidan burua. Zeren eta nik ez dut sekula jakin klarki zer nintzen. Ez naiz gauza finko bat. Erraten dut bisexuala naizela, errazagoa baita jendeei esplikatzeko. Baina, nik ez dut ene burua definitzen.

Argazkia: Dani Blanco

Erran nezake queerra naizela, bai generoan eta bai sexualitatean.
Orain Euskal Herrira itzuli zara. Paristik Glasgowra eta Glasgowtik Aldudera.
Han egiten nuena han egitea kasik sobera erraza atzematen nuen. Banekien momentu batez itzuliko nintzela eta gauza bera egin behar nuela Euskal Herrian. Eta hor interesgarri izanen zela. Animaleko pisua kendu banu bezala sentitzen naiz. Bestalde, herrimina nuen, ikaragarria. Hiria biziki interesgarri da, baina ni psikologikoki ez naiz batere hiritarra. Indar anitz galdegiten dit hiriak, nerbiosten bainaiz. Zaila zait. Bi edo hiru egunez, edo bakantzetan, bikain. Baina urte guzian zehar zaila zait. Behar dut natura, eta behar dut lasaitasuna.

"Glasgown ikasi nuen plazerez lan egiten eta ez minez. Parisen bezala Euskal Herrian, pentsatzen dugu gure lana ona izan dadin sofritu egin behar dugula. Eta ez naiz diskurtso horiekin ados”

Banekien hirira joateko diru gehiago beharko nuela alokairua pagatzeko, eta ezingo nuela ilustratzaile gisa lan egin. Beraz familiaren etxera itzuli nintzen, ostatu batean lana atzeman nuen… Herri batean bizi zarelarik, ezagutzen dituzu jendeak, erosten ahal dituzu tokiko barazkiak eta arroltzeak, eta bizia aski merke bilakatzen da. Horrek eman dit denbora. Hiru-lau egunez lan egin, eta hiru-lau egun enetako, marrazteko. Hirian ezingo nuke.

Lagun harremanak ere berrartu ditut. Libertimenduaren dinamikan sartu naiz, euskara berriz ikasi dut, ahantzi bainuen… Sekulako kulpabilitatea nuen euskara galtzeagatik! Urte bat eman nion ene buruari. Eta hara. Kontent naiz. Aldi berean, zaila da kontrazentzuan joatea. Behar da asumitu. Jendeak ez du beti ulertzen, zertan ari zaren ostatuan sasoilari eta marrazkiak egiten, lan finko bat xerkatu ordez. Ene hautua, alta, ilustratzaile izatea da, eta horretatik bizitzea.

Zure lanetan bada zerbait zureak direla asmarazten duena. Hori da estiloa?
Eskola ttipian ginelarik asteburutan oroitzen naiz letrak berriz egiten nituela, ene “a” nolakoa izanen zen erabakitzeko. Eta jakin gabe, tipografia egiten nuen. Ttipitatik badut ene estiloa. Anitz aldatu zait denborarekin, baina betidanik badut. Orain duela hiru urteko zerbait ikusten dudalarik, ez dut ia ene estiloa ikusten. Kanpotik bai, ikusten da enea dela, baina nigan dena aldatzen da egunero.

Behar da konfiantza hartu. Eta lan anitz egin! Marrazten baduzu egunero, marrazki batzuk maiteko dituzu eta beste batzuk ez, baina zure estiloaren bilaketak hori du. Zer maite duzun deskubritu behar duzu. Sare sozialetan jendeak segituz, zerbait berria xerkatuz beti. Begiak zabalik ukan behar dituzu. Zineman irudi bat ikusten duzunean eta ederra atzematen duzunean, entseatu oroitzen. Berdin zerbait irakurri eta irudi bat iradokitzen dizularik.

Eta ikasi behar da zure lana baloratzen ere. Ez sobera kritiko izaten zure buruarekin. Zure marrazki bati so egin eta zera pentsatu: “Hori egin nuen. Egun horretan eman nuen ematen ahal nuena eta hori zen, eta hala da. Orain egiten ahal baldin badut hobeki, hainbat hobe”. Baina zure marrazkia ez zara zu. Zure marrazkia da. Ez zaitu osoki errepresentatzen.

Zure lanen ezaugarri bat da emazteak ageri direla maiz.
Bai. Anitz axola zaidan gai bat da hori. Denek dugu emaztearen irudi kanoniko bat. Nik badakit beti sartu izan naizela kode horietan. Luzea naiz, fina naiz… Eta lehen ni bezalako emazteak marrazten nituen. Ohartu naizen arte nik ez nituela horrelako emazteak maite. Ederrak atzematen nituenak, karrikan begiratzen nituenak, forma gehiagokoak ziren. Gero ohartu naiz hori ere politikoa zela. Ez zela gustu kontu soila. Eta hor hasi naiz exajeratzen, gorputz biziki gihartsuak irudikatzen, edo biziki gizenak, iletsuak… Berriki ohartu naiz arrazista nintzela. Soilik emakume zuriak marrazten nituela. Beraz, orain hasi naiz kolore guztietakoak marrazten. Eta generoari dagokionez ere, saiatzen naiz genero gabeko gorputzak proposatzen, zuk nahi duzuna ikus dezazun. Zakila eta bularrak, eta alua eta ileak…. Nahi duzuna da, eta ez da deus. Dena da. Ikusten badituzu ileak pertsona baten gainean eta pentsatzen baduzu horregatik gizon bat dela, hori da ikusten duzuna. Nik ez, baina ez da arazo bat. Nirea beste ikuspuntu bat da. Zerbait desberdina gure ingurune bisualean. Hazi bat, jendeak bere burua galdezka dezan.

"Lagun harremanak ere berrartu ditut. Libertimenduaren dinamikan sartu naiz, euskara berriz ikasi dut, ahantzi bainuen… Sekulako kulpabilitatea nuen euskara galtzeagatik!"

Zure bizi esperientzia, pentsamoldea, eta marrazteko gaitasunaren batura da Bekatorosak proiektua?
Bai. Proiektu bat garatu aitzin pentsatzen dut, “Zerk nau kakinarazten?” eta nik bizi izandako gauzak izaten dira. Eta entseatzen naiz gai horiek umorearekin aipatzen. Marrazkiak begiak erakartzen ditu, eta umoreak errazten du gai konplikatuez mintzatzea jendea uxatu gabe.

Hastapenetik egin nahi nuen proiektu bat hemen gaindiko homosexualitatea aipatzeko. Parada ukateko pertsona horiekin elkarrizketak egiteko, eta haien bizia ezagutzeko. Hala, Baxenabarreko zazpi pertsona lesbiana, gay eta bisexualekin bildu nintzen. Zaharrena 50 bat urtekoa da, eta gazteena 24 urtekoa. Elkarrizketak egin, idatzi, berridatzi, zatitu, zatiak hautatu eta zatiak ilustratu ditut, album ilustratu bat osatuz. Forma aski berezia du. Testu guziak eskuz idatziak dira, testua eta irudia nahasten dira… Urte bat hartu dut dena egiteko. Eta egin dut. Plazerez.

 

 

                                                                                         *     *     *

 

DOM BILAKATU NINTZEN

"Ene lehen eraso sexista 15 urterekin bizi izan nuen, Aldudeko ostatuan. Gizon batek, 22 urtekoak, ene gibeletik arribatu eta ipurdia hartu zidan bi eskuekin. Ni itzuli nintzen, eta bera eta bere lagunak irriz hasi ziren. Hor ulertu nuen ene gorputza ez zela enea. Denena zela. Herra sentitu nuen. Kexu nintzen emazte izateaz. Orain ez, baina orduan bai. Eta horrek sortu zuen nigan feminismoaz pentsatzeko gogoa eta beharra. Eta hortik iritsi nintzen ene generoa galdezkatzera. Zer naiz? Emazte naiz? Ez naiz emazte? Beharbada ez naiz beti emazte. Zinez behar dut identifikatu genero bakar batekin? Glasgowk eskaini zidan horrekiko esperimentatzeko parada. Han bilakatu nintzen Dom. Eskozian Dominic deitzen diren gizonak “Dom” deitzen dituzte. Eta ni Dominique izanik, jendea Dom deitzen hasi zitzaidan. Geroztik ene izena Dom da".

 

EUSKALDUN FEDEDUN ETA HETERO
“Zinema eta arteari esker hasi nintzen pertsona homosexualen adibideak ikusten, baina denak ziren ingelesez edo frantsesez, eta ez zen deus euskaraz. Eta iruditzen zitzaidan euskal nortasuna eta gay nortasuna ez zirela bateragarriak. Eta manera batez, paradoxikoki, pentsatzen nuen nik ni izateko behar nuela ene euskalduntasunaz urrundu, iduritzen zitzaidalako ez zela posible euskal giroan aske izatea”.

 

 


ASTEKARIA
2021eko apirilaren 18a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Generoa
2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Helena Agirre (filosofoa): “Incel komunitatea gizon heterosexual zuri misoginoen gordeleku bihurtu da”

Incel, involuntarily celibate hitzetatik hartutako terminoa da. Euren nahien kontra harreman sexualak izateko gai ez direla dioten pertsonez osatutako komunitate birtuala da. Batez ere, gizon heterosexual zuriek osatzen dute ‘azpikultura’ hau. Metropoli Forala... [+]


Nafarroan sexu indarkeria pairatzen duten emakumeen %70ak 30 urte baino gutxiago ditu

Indarkeria matxistaren datu "onartezinak" salatu ditu Txibite presidenteak. Izan ere, Nafarroan erregistratutako salaketen %17 sexu-indarkeriagatik dira. Hartara, bihar zabalduko duten Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentro "seguru eta konfidentzialaren"... [+]


Eguneraketa berriak daude