Tripak atara

  • Sonata bat Tripak kolektiboak orain gutxi argitara ekarri duen lanaren izena da. Antzokietako taula eta fokoak une batez alde batera utzita, Arabako Badaia mendilerroan dagoen Santa Katalina lorategi botanikoa izan da obraren agertokia. Bertako landaredi askotarikoa, komentu zaharreko hondakinak, Zadorra ibaiko ur gardenak eta zeru irekia aukeratu dituzte lantzen ari diren azken piezaren materialak eta ideiak bertan probatzeko. Tripak: Sonata bat, bideo-formatuan aurkeztu duten lana da, Ander Sagastiberri artistaren sinadura darama eta Zapi Zuria proiektuaren webgunean dago ikusgai.

Tripak Kolektiboa antzerki konpainia da, Gasteizen du bere kanpamentu nagusia, eta egun bost emakumezkok osatzen duten proiektua da: Marina Suárez, Natalia Suárez, Andrea Berbois, Maite Mugerza eta Mayi Martiarenak. Konpainiak 2013. urtean hasi zuen ibilbidea Gasteizko Baratza Aretoko antzerki laborategietan eta ordutik hiru dira publiko aurrean aurkeztu dituzten lanak: Maite (2013), Aitaren larrua (2015) eta Urruna (2019). Beren lana euskal antzoki sarean luzaz erakutsi bada ere, zirkuitu artistikoetan ere izan du isla. Izan ere, konpainiaren sortze-prozesuak eta erreferentziak arte plastiko eta bisualek zeharkatuak daude. Halaber, konpainiako kideek Arte-Ederretako fakultatean ezagutu zuten elkar eta badute beren ibilbide propioa artista gisa.

Sortze-prozesu luzeak izaten dituzte, saiakera, bazterkin eta deriba ugarirekin. Obrek abiapuntu ezberdinak izan ditzakete –argazki bat, asmatutako leku ezinezko bat edota gidoi bat–, eta handik aurrera hainbat eta hainbat forma hartuz doa obra, itxuraldatuz, adierazpen ezberdinak arakatuz, lengoaia baten eta bestearen arteko mugak tenkatuz. Eszenatokiratzen dituzten objektuekin ere harreman bereziak sortzen dituzte Tripakekoek, eta askotan objektuek taula gainean dauden protagonistak dirudite. Sortze-prozesu horietan, sarri, inguruko lagun eta artistekin kolaborazioak egiten dituzte, izan musikari, izan artista, aberasgarriak suertatzen diren lan-ildoei ekinez.  

Egun Platea lana prestatzen dabiltza buru-belarri. Lan-prozesu horretan, egonaldi ezberdinak egin dituzte Bilboko Bulegoa z/b espazioan, Arabako Azala Kreazio Espazioan eta martxoan Sardiniako S'ALA-n  egonaldia egin dute azken lan horri forma ematen jarraitzeko. Noizean behin, sortze-prozesuan sartzeko aukera ematen digute, pasa den urteko urrian Eremuak jardunaldietan egin zuten aurkezpenean, kasu. Work in progress horretan, Donostiako Tabakalerara gerturatu ginenok Platea obraren nondik-norakoak ezagutzeko aukera izan genuen. Eta emanaldi hura, oraindik bukatuta ez dagoen saiakera hura ikusteak,  esango nuke ez zuela inor axolagabe utzi.  

Platean, zetazko mahai-azpi urdinxkadun mahai baten bueltan, lau protagonistak bankete oparoa izandakoaren aldirietan ageri dira, zorioneko une baten azken apurrak dastatzen eta azken tantak edaten, dantzan, igurtzen, ekilibrio ezegonkor batean borrokan. Dekadentzia somatzen da atmosferan, egunsentira heltzen ari den festaren azken zipriztinak bailiran, hasierako elegantzia eta neurritasuna aspaldi galdu den ordu txiki horietan gertatzen den bezala. Zilarrezkoak izan litezkeen baina metal itxura duten erretiluak, ontziak eta kopak, haien arteko talkak eta isuriak dekadentzia sentsazio hori areagotu besterik ez dute egiten. Obra osoa mahaiaren inguru horretan garatzen da, erritmo pausatuan, melankolia puntu batekin. Laukoteak sortzen duen irudiak sarri, tableau vivant baten itxura hartzen du: itzela da sortarazten duten garaiko iruditegi piktorikoa.

Sonata bat bideoan, aipatu berri dugun eszena aire irekira eramaten dute, piezaren dimentsioa hedatuz. Tripakekoek hiru egun pasa zituzten Santa Katalinako lorategian bideo-pieza hori grabatzen, eszena bakoitza lokalizazio ezberdin batean interpretatuz. Natura, arkitektura eta memoria batzen diren kokapen horretan laukotearen presentziak, haien gorputzek eta imintzioek, paisaian eragin egiten dute, bertako eszenatoki naturalean ezohiko elementu gisa txertatzen dira. Nesken keinu eta mugimenduek, harri jaurtiketek eta zaratek, durundiak eta burrunbak sortzen dituzte lautadan barrena. Lekuak berak balio erantsia ematen dio piezari; izan ere, aukeratutako lokalizazioa ezin liteke ederragoa izan: Badaiako mendilerroaren magalean dagoen XIII. mendeko dorretxe eta komentu agustindar izandakoaren hondarrak, gaur Santa Katalina lorategi botanikoa izenez ezagutzen dena.

Kokaleku horretan, erraz antzemango dugu zeta urdinezko mahaia, baita aurreko obran ikusiak genituen erretilu eta kopak ere. Eta etengabe eta neurririk gabe irensten dituzten oskoldun jaki horiek. Bereziki dira politak ibaian grabatutako eszenak, lau protagonistak, horietako bat biolinaz, ur gardenetan agertzen direnean, parpailadun arropekin igerian, edateari utzi gabe, flotatzen, kantuan. Ez dakigu zehazki sirenak ote diren, baina beren kopekin topa egiten jarraitzen dute, ospatzen duten horren zergatia zein den jakin ez dakigun arren. Ilargiak zeru iluna argitzen du, banketea bere azkenetan dago, festa baten apurrak besterik ez dira geratzen. Dagoeneko kandelak itzalita daude.

Tripak: Sonata bat Bilboko Bulegoa z/b espazioan egin zuten egonaldi artistikoaren testuinguruan sortutako bideoa da. Oraindik denbora falta da obra antzokietan ikusi ahal izateko, baina bien bitartean bideo honek antzezlan bat ikusteko beste formatu bat eskaintzen digu, antzerkia imajinatzeko dimentsio berria dakarkigu, hala nola, prozesua ikusarazteko aukera ere. Zapizuria.org webgune interaktiboan dago ikusgai esku-hartze artistikoa.    
 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
2024-09-20 | Euskal Irratiak
Maider Mourgiart eta Paul Laborde
“Pastoralari esker Xarnegu eskualdeko herritarrak elkar lotu gira”

Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko.


Artea, zein preziotan?

OSCARRA OSCARRENTZAT
AKTOREAK: Mikel Laskurain, Jon Plazaola, Oihana Maritorena eta Ane Gabarain.
PRODUKZIOA: LaMandanga Producciones, Txalo Produkzioak
NOIZ / NON: martxoaren 2an, Donostiako Antzoki Zaharrean.

[+]


‘Inesa de Gaxen’ pastoralak beste bi emanaldi eskainiko ditu irailean

Lehen aldiz ekainean antzeztu zuten Inesa de Gaxen pastorala, Bastidan (Nafarroa Beherea). Izan zuen arrakasta ikusita, xarnegutarrek irailean berriz biziberrituko dute Gaxengo Inesaren historia, irailaren 21 eta 22an, Bardozen (Lapurdi). 1.000 sarrera jarri dituzte salgai... [+]


Zapata pila!

Antzerkiaren labirintoan I
Ander Lipus
EHAZE eta Susa

---------------------------------------------

Ander Lipus antzerkigileak EHAZE eta Susarekin argitaratu ditu bere autobiografia teatrala eta antzerkiari buruzko argitalpenak. Antzerkiaren labirintoan I. Bitakora... [+]


Miren Gaztañaga
“Ez da erraza zineman eta antzerkian gauzak beste modu batean egitea. Baina saiatu gaitezke”

Askotariko lanak egin ditu Miren Gaztañagak antzerkian, zineman zein telebistan, baita dantza edo musikari lotutako proiektuetan ere. Txani Rodriguezen Los últimos románticos (Seix Barral, 2020) eleberrian oinarritutako pelikularen errodajea amaitu... [+]


Kike Diaz de Rada hil da, aktore, antzerki zuzendari eta idazle donostiarra

64 urterekin, Kike Diaz de Rada donostiarra hil da, Eneko Olasagasti lankideak asteazken arratsean sare sozialetan jakinarazi duenez. Ibilbide luzeko aktorea izan zen eta Tanttaka teatroaren eta Orain gipuzkoar antzerki taldearen sortzaileetako bat.


Zubiburu mahai ingurua. Daniel Landart eta Arantxa Hirigoen
“Antzerkia emana izateko da, gordetzeko baino”


2024-05-29 | Reyes Ilintxeta
Estefanía de Paz Asín
“Hildakoak erreskatatzera eta berpiztera etorri naizela sentitzen dut”

"Garai batean, nire herrian, kateme guztiek Remigia izena zuten, kateme belaunaldi oso bat, Iruñeko ikuspegi panoramiko ederrenak konkistatu zituztenak”. Horrela hasten da Remigia Etxarren funanbulistaren bizitza kontatzen duen Argako erregina antzezlana... [+]


‘Lurrez estali’, laborarien errealitatea oholtzara eramango duen Axut! kolektiboaren obra berria

Izurako Latsaga zalditokian egingo dituzte emanaldi guztiak, hamar saio, maiatzaren 31tik ekainaren 16a bitartean. Ximun Fuchsek idatzitako obrak "ikuspegi integratzaile eta kolaboratiboa" du oinarrian, landa eremuko lurraldearen lekukotasunak bildu eta "tokiko... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


Eguneraketa berriak daude