Korrikarik gabeko urtean, bultzada ekonomikoa ezinbesteko

  • Pandemiarik ez balitz, honezkero Korrikaren lekukoa herriz herri ibiliko zen. Martxoaren 28an geldituko litzateke hiribururen batean. Ekimena 2022ra atzeratu da, ordea. Euskararen aldeko aldarrikapen jendetsurik ez eta euskalduntze alfabetatzearen garrantzia lehen lerrora ekartzeko aukerarik ez. Horrez gain, zulo ekonomikoa sortu du eta AEK-k egunerokoari eusteko beharrezko dituen diru sarrerak lortzeko kanpaina abiatu du.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Korrika atzeratzeak eragindako zulo ekonomikoari aurre egiteko prestatu du AEK-k Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! ekimena. Alabaina, birusaren agerpenak bestelako ondorio ekonomikoak ere ekarri dizkio euskalduntze alfabetatzean ari den eragileari. 2020-2021 ikasturtean ikasleen matrikulazioak %11 egin du behera. Bi arrazoik eragin dute batik bat. Batetik, halako osasun egoera berezian hainbat ikaslek ikasturtea ez abiatzea erabaki dute eta beste batzuk birusak eragindako beldurragatik ez dira matrikulatu. Bestetik, segurtasun neurriak bete ahal izateko ikasgeletan ohi baino ikasle gutxiago hartu dute. Eraikin batzuetan ikasgelak moldatu eta ikasle guztiei tokia egitea lortu dute, baina beste batzuetan eraikinaren ezaugarriak tarteko ez dute horretarako aukerarik izan. Hala, euskaltegi batzuek ikasleak itxaron zerrendan izan dituzte edo dituzte.

Zorpetu beharra

Ikasleen matrikulak, administrazioen bidetik datozen diru laguntzak eta Korrika, horiek dira AEKren hiru diru sarrera nagusiak. Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzailea da eta berak adierazi digu ahalik eta gehien saiatzen direla matrikularen prezioa ahal den txikiena izan dadin. Hori horrela izateko beste bi oinarriei zukua ateratzen ahalegintzen dira. Administrazioek ematen dituzten diru laguntzak ez direla nahikoa dio Iribarrenek, “nahiz eta aurrerapausoak emanak dituzten azken urteotan. Bestalde, tokian tokiko administrazioek erritmo desberdinak dituzte”. Bi urtean behin egiten den Korrika bermea da, bi ikasturtetako egunerokoan baldintza egokietan lan egiteko euskarria. Egun batetik bestera aukera hori gabe gelditu direnez, ikasturteari eutsiko badiete, banku bidezko finantzaketara jo behar izan du AEK-k, alegia, zorpetu behar izan du, “eta horri aurre egin behar zaio orain, eta horregatik eskatu diegu herritarrei laguntza”.

Administrazioari deia

Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! ekimena hiru ardatzetan banatu dute. Lehenik eta behin Euskal Herriko hiru administrazio nagusiei gutuna bidaliko diete apirilean. Azalduko diete euskalduntze alfabetatze arloak zein baldintza izan beharko lituzkeen. Eskakizun zehatzak egingo dizkiete eta eduki hori aurrerago azalduko dute jendaurrean. Nolanahi ere, eskakizunen artean egongo diren bi ardatz garrantzitsu ondokoak izango dira: finantzaketa eredu egokia, “oraingoa ez delako aski” eta ikasleek doan ikasi ahal izatea aldarrikatzea.

Pandemiak dena hankaz gora jarri zuenetik, unean uneko arazoei erantzuteko, bestela ere administrazioen bitartekari dituzten HABE, Euskarabidea eta Euskararen Erakunde Publikoarekin erlazio estua izan dute. Ordea, erakunde nagusiekin izan nahi dute zuzeneko harremana, egunerokotik burua altxa eta euskalduntze alfabetatze arlo osoari bultzada estrategikoa ematea eskatuko dute. Horretara dator apirileko gutuna, “ez da pandemia garaian egunerokoan ditugun kontuei erantzuteko eskatzeko eskutitza, sektorearen baldintza orokorrez ari gara”.

Martxoak 28, herritarren hitzordua

Ondo bidean martxoaren 28an bukatuko zen Korrika. Hala izango ez denez, egun hori aukeratu du AEK-k 60 bat tokitan ekitaldi “xumeak” antolatzeko. Hiriburuetan eta euskaltegiak dauden herrietan egingo dira ekitaldiak. Denak ordu berean, 12:00etan. Guztiek izango dute ildo bera eta tokian tokiko berezitasunak ere agertuko dira. Herritarrei eskatu diete kalera ateratzeko, ahal den jende kopuru handiena kalean egotea nahiko lukete kanpainaren bultzatzaileek, jakinda, ekitaldiak ezin direla jendez gainezka egon. Segurtasun neurriak hartuko dituzte eta era berean euskararen lekukoa kalera ateratzea nahi dute, euskaltegien aldeko bultzada kalean sumatzea.

Nola egin ekarpena

Herritarrek ekarpen ekonomikoa AEKren webgunearen bidez egin dezakete eta beste aukera telefono mugikorraren bidez egitea da, bizum erabilita. Diru-emaile guztiei Cultural Memories-ek AEK-Korrikarako sortutako irudia bidaliko zaie posta elektronikoz. 30 eurotik gorako ekarpenak eginez gero, posta arruntez ere jasoko du oroigarria euskaltzaleak. Ekarpenak martxoaren amaiera arte egin ahal izango dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korrika
2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Ane Elordi: "Batasunaren Korrika izan da"

11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.


Eguneraketa berriak daude