Planeten lerroa bigarren bakarkako diskoa atera berri du Paco Etxebers baxenabartarrak. Entzun bezain laster hitzordua jarri dugu, azken sorkuntza honetaz eta orokorkiago kantari eta musikari gisa duen ibilbide luzeaz solastatzeko. Inondik ere xerkatzen ez duen aipamentxoa merezi duelako sare sozialetatik eta komunikabideetatik urrun hobeki bizi den artista honek.
Bakarkako bigarren diskoa atera berri duzu. Garai berezi honetan sorturiko kantuak dira?
Bada denetarik. Euskaraz diren kantuak berriak dira, joan den urtekoak. Ingelesezkoak aldiz zaharrak dira, hamar hamabost urte dituzte, orain arte maketa moduan nituen, jogurtak ziren, hau da, hitzik gabekoak, eta joan den urtean azken ukituak eman nizkien.
Zer dela eta argitaratu dituzu orain duela hamabost urteko kantuak?
Hauen gisara baditut beste anitz esku artean eta badakit noizbait erakutsiko ditudala. Lehen diskoarentzat egindako maketan banituen 60 kantu. Kondatu genituen eta baziren 60! Hauetarik hamar hautatu genituen diskoan grabatzeko. Oraindik anitz gelditzen dira, oraindik zirriborro.
Disko gehiago etorriko direnaren esperantza atxiki dezakegu beraz.
Bada pasta, behintzat [irriz].
Planeten lerroa izena jarri diozu diskoari. Diskoan den kantu baten izenburua ere bada, piano konposizioa dena, hitzik gabekoa. Nola burutu da hautaketa?
Lehenik diskoari eman nion izena. Planeten lerroa…. planeten lerrokatzea erran nahi nuen; gauzak berriz kokatzen direnaren sentsazio hori banuen. Hori duela urte bat zen, diskoa lantzen hasten nintzenean, eta justu ondotik entzun nuen arras gutxitan gertatzen den planeten lerrokatzea gertatuko zela 2020an. Kasualitate horrek are gehiago kokatu ninduen gogo horretan. Maiana Irigoyeni galdetu nion piano aire bat idaztea eta jotzea. Egin zidan eta ez zuen titulurik. Kantuen nahasketa denboran, kantu hau entzutean, berriz ere planeten lerrokatzea irudikatzen nuen: mugimenduak eta nahasmenduak ikusten nituen, eta ondotik datorren tenpestaren gelditzea. Proposatu nion aire hori Planeten lerroa deitzea eta onartu zuen.
Ederra da doinua.
Bai. Pausoz-pauso doa, mugimenduak badira... zartatzen da eta bukaeran bada arintze bat.
Justuki mugimendua aipatzen duzula, biziki presente da mugimenduaren ideia hitzetan ere. Besteak beste, azken kantuan, ready to go edo “joateko prest naiz” argiki errepikatzen duzunean.
Ez nuen horrela analizatu, baina orain hori diozula, bai egia da. Bigarren kantuak “joan giten” dio, The trip kantua ere bidai bat da, azken kantua aipatu duzu…
Ohartu gabe egin da.
Bai ohartu gabe. Egia badela lotura hori kantuen artean. Ready to go-n ez dut nik kontatzen joatearena, ni naiz istorio horren aktorea edo kontalaria, ez naiz baitezpada pertsonaia... Baina bai, pertsonak argiki dio prest dela joateko. Nora joateko haatik ez dakit…
Kantuetan barnekoa ateratzen duzu, anitz dira lehen pertsonan idatzitako kantuak.
Prozesuaren bukaeran ohartu naiz, estudioan nahasketa egiterakoan, eta egia erran, horrek nardatu nau. Aldi berean, ez naiz hobendun sentitzen, pertsonaia bat delako mintzo. Ni kontalaria naiz eta horrek nonbait lasaitzen nau… Baina bai, badu horren antza: norberaz mintzatzeko beharrarena, eta astuna edo trabagarria egin zait. Justuki, kasu egin dut Soldier Kapo kantuarekin, jogurtez lehen pertsonan zen eta idatzi dugularik hirugarrenean jarri dugu.
Zuretik ari zinela pentsatuz, galdetu nahi nizun barnekoa zuzenekoetan ezezagunei plazaratzea ez ote zitzaizun zaila… Baina agian galderak ez du balio.
Disko honetako kantu bakar batean egiten dut neure “ni” hori: Mikel Laboaren Lore sortu orduko. Terapia bat da niretzat, zerbait aitortzearen urratsa, nonbait. Lehen diskoko Haizegoaren oihua gauza bera da, ene kantua da, ni naiz. Baina besteetan “ni” hori ez naiz ni.
"Mikel Laboaren giroa eta metalarena lotuak dira, sentsazio berak dira, tripetatik ateratzen dira biak"
Hitzik gabeko kantuak ere badira diskoan. Zer gordetzen da hitzik gabekoak eta hitzezkoak tartekatzeko hautu horren gibelean?
Ingelesezko kantuen gisara, baditut pila bat erreserban eta aldi guztiz bat edo bi sartzen ditut. Bestalde, Mikel Laboaz inspiratzen naiz, bere diskoetan baziren Lekeitio deitzen zituen kantuak eta aldi oro inprobisazioak ziren. Gauza bera egin dut, Doinua izena jarriz. Paco eta Marieder taldearekin plazaratu diskoan ere bagenituen.
Laboazale handia zara eta sendi da zure ibilbidean. Aipatu duzu Lore sortu orduko kantua, aspaldian kontzertuetan berriz hartzen duzuna eta Paco eta Marieder-ren diskoan ere badena. Zergatik kantu hau?
Hitzengatik. Jean Baptiste Elizanburu Harlouchirenak dira hitzak. Lehen aldikoz Laboaren diskoan hitz hauek entzun nituelarik haluzinatu nuen, kantu horretan erabat erraten zuen erran nahi nuena: justu hogei urte nituen eta gauza bera sentitzen nuen. Ene begietatik punta-puntako testua da, eta horregatik aldi guztiz berriz erabiltzen dut. Aldi honetan airea aldatu diot, ene aire berri bat eman diot, baina kontu honetan horrek ez du inportantziarik, hor hitzek dute guztia.
Testuaren aldetik zure lehen diskoan den Oihartzuna kantuaren eitea du, ezta?
Oihartzuna kantua ez dut nik idatzi, Elorri Lamberten hitzak dira, beraz ni naiz mezularia. Kantua ez dudanez nik idatzi komentatu dezaket: iduritzen zait eromenetik baduela Oihartzuna-k, suizidio historio bat da ere, baina Lore sortu orduko baino bortitzagoa dela iduritzen zait. Lore sortu orduko garbia da, suizidatu nahi duela erraten du, ordua duela baina aldi berean lasai da. Erraiten dituen gauzak nik arras modu berean pentsatzen nituen hogei urterekin.
Hitzak hor dira baina zure moldaketa eman diozu doinuari. Hor ere zartatzen da, metalerantz tiratzen du azkarki.
Bai, metal giroa edo orkestra sinfonikoa irudikatzen nuen nik ere. Hastapeneko xedea zen, baina teknikoki ez zen posible izan eta horrela utzi behar ukan nuen gitarra eta ahotsarekin bakarrik, baina frustrazio handiarekin. Ez ditut atzeman musikalariak, batzuei eskatu diet baina inor ez zen libre. Denbora pasa da, lehen konfinamendua ere hortik pasa da eta antolaketagatik ez da egin. Nik ez dakit orkestra batentzat idazten, eta bada ere sos kontua, nik ezin dut orkestra bat pagatu, beraz laguntzaile moduan egin beharko zen eta ez da gertatu. Nahi nuen baina ez dut lortu.
Metalzale ere bazara.
Maite ditut estilo anitz baina egia da metala dela gehienik ezagutzen dudana. Horretarako hemen bizi naiz.
Suhuskunen. Irakurleak ez baldin badaki, metalaren hiriburu gisa izendaturik duzuen herria, Buru Beltz Fest festibala duzuelarik urteko hitzordua.
Hori da [irriz]. Baina, Laboaren giroa eta metalarena lotuak dira, sentsazioak berdinak dira, eta metala eta orkestra sinfonikoarekin gauza bera. Metalean badira espezialitate anitz, baina tripetatik ateratzen den guzti horri dagokionez, Laboak egiten duena berdina da.
Zein da Euskal Herriko metal taldeetan zure kuttuna?
Anestesia… Buf, tripetatik ateratzen da, biziki sanoa, garbia eta egiatia da.
Ingelesezko kantuak ere badira diskoan. Nola ateratzen zaizu ingelesa?
Jogurtez ateratzen zait hastapenean. Ateratzen da bakarrik, ez dut kalkulatzen. Ondotik kantuak idazten ditut edo ditugu lagunekin, jogurt hori entzunez egiazko esaldiak eta hitzak ateratzen dira. Ez dakit nola esplikatu.
Ingelesarena ez da hautu bat?
Ez, ez zait bururatzen “kantu hori eginen dut ingelesez edo euskaraz”. Ateratzen da gitarran riff batzuk ateratzen diren bezala, inprobisazio batzuk dira eta momentu baten buruan inprobisazioa kantu bihurtzen da, baieztatzen da. Hitzekin berdina da. Jogurtak erran nahi du hitzek iduri dutela ingelesez edo euskaraz direla, baina errealitatean ez dute deus erran nahi. Silaba batzuk dira, soinu batzuk. Euskaraz ere gauza bera egiten dut. Ez naiz bakarra, anitzek egiten dute horrela.
"Ez dut aitzinetik erabakitzen zer aipatuko dudan eta zein hizkuntzetan; sonoritateak dira ateratzen lehenik"
Baina jogurtaren gibelean bada mezu bat jada? Ala jogurtak du mezua ondorioztatzen?
Irringarria da zeren nik ezin dut esplikatu eta besteei ere galdetzen badiezu anitzetan ezin dute esplikatu. Gitarrarekin ala pianoarekin gertatzen denean ulertu daiteke. Hitzentzat gauza bera da, musika tresna bat bezala da, zentzua baino lehen ateratzen dira ozentasunak, melodiak. Thierry lagunak laguntzen nau ingelesezko kantuak idazteko orduan, eta aldi oro erraten diot esku artean dudan ingelesko kantuarentzako ez dudala hitzik, jogurta dudala bakarrik… Erantzuten dit ezetz, dena badudala eta hasteko kantatzen. Hasten naiz eta arrazoi, kasik osatua zen, hor ziren hitzak, bizpahiru salbu eta horiek moldatzen ditugu. Baina ez dut aitzinetik finkatzen zer aipatu nahi dudan, zein hizkuntzatan idatziko dudan. Sonoritateak dira ateratzen lehenik, baina beharbada zentzua lotua da sonoritateei? Aldiz, disko honetan badira bi kantu non ez ditudan nik idatzi hitzak, Larrain Joko Aguxtin Alkhatek idatzia da eta Kuskua Amaiur Epherrek. Bi kantu horientzat nik eman nien gaia; aipatu nahia banuen baina ez dudanez ontsa idazten, galdetu nien haiei.
Ingelesez kantatzen duten bertako talde batzuei antzematen diet fama gosea, euskaldunon publiko ttipia baino gehiago hunkitzeko gosea. Zurekin ez dut hori sendi. Zein da bilatzen duzun publikoa?
Erantzunak bi alde ditu: diskoarena eta zuzenekoarena. Diskoari dagokionez, jendeei erakusteko argitaratzen dut eta espero dudana da sentsazio batzuk sortzea; entzulea hunki nahi dut. Ni hunkia izan naiz Laboa, Unama edo Saioarekin eta sekulako inarrosaldiak bildu ditut. Nahi nuke diskoa entzutearekin entzuleak inarrosaldia biltzea. Nor diren? Ez dakit, eta ez zait inporta; berdin du ez badira anitz, bi ala bost badira aski zait. Anitz badira hobe, baina ez dut hori bilatzen, nahiago dut jende gutiago hunki baina azkarki hunki.
Horri lotua legoke sare sozialetan ez egotearena.
Entzule gisa ere ez dut hori guztia baliatzen. Nik baditut hogei bat disko edo kasete, beti berdinak dira, ez dut egunero musika berria ezagutzen. Prozesua biziki motela dut, iduritzen zaidalako ez dela kantitatera jo behar. Baina bai, badira interneten milaka artista... Biziki ongi, baina ez dut denbora ukanen guztiak ezagutzeko! Nahiago dut entzun hamaika aldiz Laboaren diskoa ontsa ezagutu arte, ez eta egun bakarrean alde guztietatik etorritako hamaika kantu. Joankorra ez dut maite –ez dut maite kantitatea, ezta joankorra ere–. Horregatik ez ditut baliatzen bitarteko horiek. Espero dut nik egiten dudan diskoa joankorra ez izatea. Biziki guti saltzen ditut, baina espero dut erosten duenak hogei urteren buruan berriz entzunen duela. Ez dut buzz-a bilatzen, ez dut joko hori nahi, ez naiz horretan. Hor elkarrizketatzen nauzu, baina ez dut bilatu. Gainera, nahi banu ere ez nekike egiten, komunikazioan oso txarra naiz eta ez nau batere interesatzen. Energia osoa eman dut gitarra ongi akordatzeko, ez sobera gaizki kantatzeko, mikroa ongi kokatzeko, hitzak hautatzeko… eta hortik landa ez dut batere energiarik komunikazioa egiteko.
Diskoa interneten entzungai dugu hala ere, tartean Badok-en.
Bai. Duela urte bat, disko horri lotu nintzean ez nuen hori nahi, baina ohartu nintzen diskoaren formatua gutik duela baliatzen. Beraz diskoak atera ditut, oso guti, eta interneten eman dut. Nahi dut jendeek entzutea ene diskoa eta horretarako badakit disko dendan baino gehiago interneten bilatuko dutela. Nahi badut jendea hunki interneten egon behar naiz, errebeldearena puntara arte egiten banu diskoa ez litzateke biziko. Ez naiz bakarrik planeta honetan, beraz jendeak hori nahi badu horrela emanen diot.
Eta zuzenekoari dagokionez, kontzertuak badituzu programaturik?
Xerkatzen ditut… pixka bat. Ez dut kontzertu anitz egin nahi, urtean bizpahiru kontzertu aski zaizkit. Haatik baldintza onak hautatzen ditut. Zein diren? Edo norbaiten etxean, edo eliza batean. Badira baldintza batzuk ez direnak egokiak enetako, besta baterako animaziorik ez dut eginen. Horretarako ez dut data anitz, eta ez dudanez komunikazio lanik egiten ez ditut atzematen! Jendeek ez zaituzte haien baitarik deituko, ez pentsa! Baina bai, nahi nituzke kontzertuak. Frustragarria da zeren data bat duzunean urteko misioa da, iragaiten da eta bukatu da... eta nahiko zenuke ondoko asteburuan beste bat! [irriz]
Kontzertuak gozatzen dituzu?
Bai! Kristoren izua dut, harrigarria da, geroz eta gehiago gainera! Beharbada astero baldin badituzu kontzertuak hori ere pasatzen da? [irriz]
Euskaldun berria zara. Gurasoek ez zizuten euskara pasa?
Ez nekien hitz bat euskaraz eta hamazazpi urterekin ikasi nuen. Aita garaztarra dut ama biarnesa, baina ez dakit... ez dugu ikasi. Eskola pribatuan nintzen Donibane Garazin, ez nintzen batere ikastolen mundukoa, Herri Urrats eta hori guztia hamalau urteak arte ez nuen ezagutzen. Hamabi eta hamalau urte artean erabaki nuen euskalduna izan nahi nuela. Ez dakit nolaz baina hori horrela da. “Zer da hori ‘euskalduna’? Nahi dut hori izan!”, horra nola pasa zen! Euskalduna izateko hartu nuen euskara ikasteko erabakia.
Euskaraz idazten eta kantatzen duzu. Frantsesez sekula?
Ez, ez dut maite. Maite ditut kantari frantses batzuk, adibidez Bashung, baina nik ezin dut frantsesez kantatu, biziki trabagarri zait.
Gerora begira, bakarrik segitzeko gogoz zaude?
Nahi nuke hardcore talde batean jo edo kantatu, baina ez nuke engaiatu nahi ez bada seriosa eta horregatik ez dut oraindik deus. Egiten balitz nahi nuke biziki biziki bortitza izatea: bortitza izan behar bada biziki bortitza izan dadila. Ametsa da, ez da konkretua. Baina Paco izenarekin bakarrik segitzearena, hori bai. Nahi nituzke kontzertu batzuk egin eta baditut hirugarren disko batentzako ideiak. Izanen da.
Kultura ez omen da funtsezkoa, hala diote agintariek eta kasik urtebete daramagu kontzerturik gabe.
Hori pitokeria da. Haiek diote zer den funtsezkoa eta zer den osasuntsua… baina nik baino hobeki inork ez daki zer den niretzat osasuntsua. Ez ditut hitzez hitz entzuten, kontzertu bat ala liburu bat behar baldin badut ez didate haiek erranen zer den niretzat funtsezkoa.
Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Le Concert des Nations. La capella Nacional de Catalunya.
Zuzendaria: Jordi Savall.
Abesbatzaren prestaketa: Lluís Vilamajó.
Egitaraua: Mendelssohnen lanak.
Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren... [+]
Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Espainiako Orkestra Nazionala.
Zuzendaria: David Afkham.
Egitaraua: Wagnerren ‘Der Ring ohne Worte’ (Lorin Maazelen moldaketa). Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren 22a.
---------------------------
Oraingo... [+]
Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]
Kai Nakai, Maren eta Olatz Salvadorren kontzertua bertan behera utzi zuen Bilboko Udalak joan den igandean. Hiru musikariek azaldu dute gertatutakoa.
Fitxa: Musika Hamabostaldia. Victoria Eugenia Zikloa. Mitsuko Uchida (pianoa).
Egitaraua: Beethovenen hiru azken sonatak.
Lekua: Donostiako Victoria Eugenia Antzokia.
Data: abuztuaren 18a.
Mitsuko Uchidak Musika Hamabostaldia bisitatzen duen hirugarren aldia da. Bere estiloak... [+]
Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa.
Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak
Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.
Data: abuztuaren 8a.
-------------------------
Biarritz Piano Festival... [+]
Zer: Euskadiko Orkestra
Zuzendaria: Diego Martin-Etxebarria. Easo Abesbatza
Zuzendaria: Gorka Miranda
Bakarlariak: Arantza Ezenarro, Gillen Munguía, Marifé Nogales, Lucía Gómez, Juan Laborería, José Manuel Díaz, Darío Maya, Luken... [+]
Goizegi Hiltzeko
Ødei
Autoekoizpena, 2025
53 min.
Ulertzen nauten herrian ez da musika hau entzuten. Rap musikak akaso urte okerragoak izan ditu Euskal Herrian, baina oraindik ez da beste batzuen altuerara heldua. Denentzat ditu koplak Odei Barroso... [+]
Zer: Orquesta de la Comunitat Valenciana.
Zuzendaria: Mark Elder. Donostiako Orfeoia.
Zuzendaria: José Antonio Sáinz Alfaro.
Bakarlariak: Federica Lombardi (sopranoa), Paula Murrihy (mezzoa), Xabier Anduaga (tenorea), Will... [+]
Zer: Orquestra de la Comunitat Valenciana
Zuzendaria: Mark Elder
Bakarlaria: Nelson Goerner (pianoa)
Egitaraua: Txaikovsky eta Xostakovitxen lanak
Lekua: Kursaal Auditorioa, Donostia.
Data: abuztuaren 3a.
-------------------------
Orquestra de la Comunitat Valenciana... [+]
Zer: “Requiem (s)”. Ballet Preljocaj.
Koreografia: Angelin Preljocaj.
Eszenografia: Adrien Chalgard.
Argiztapena: Éric Soyer.
Jantziak: Eleonora Peronetti.
Bideoak: Nicolas Clauss.
Lekua: Kursaal Auditorioa, Donostia.
Data: abuztuaren... [+]
Zuzeneko musika gustatuz gero, ziur azken hamarkadan Eider Iturriagak egindako argazkiren bat ikusi duzula. Bere bi grinak uztartu ditu bermeotarrak: musika eta argazkilaritza. Eszenatoki batean hain azkar pasatzen den une hori harrapatzeko abilezia du, ikuslearen begietan... [+]
Zatitxu 7
Zikin
Mendeku diskak, 2025
-------------------------------------------------------------
Aurten ere, udarekin batera dator Zikinen lan berria, esanez bezala: berdin zait oporrek hartzen bazaituzte Elantxoben, Belaguan edo Copacabanan. Eguraldi onak ez du egoera... [+]
Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.
Musika-eszena antikomertzialean alea jartzeko asmoz sortu dute Aurka kolektiboa. Martin eta Katalin kideekin hitz egin dugu arlo horretako kolektiboen loraldiaz, musika politizatuaz eta musikaren potentzialitateez, industria musikalaz, makrojaialdiez eta beste.