ARGIA.eus

2020ko irailaren 22a
Ekonomia komunitarioa

Ahal duzuna eman, behar duzuna hartu

  • Paso Viejo komunitatea nekazal mugimendua indartzeko helburuz sortu zen Argentinan. Bide horretan eratu zen kideen arteko harremana. Nekazal feminismoa lantzeaz gain, eguneroko bizitza hori barru-barrutik ezagutu du Esti Redondo kazetariak.

Esti Redondo
2020ko irailaren 20a
Opor komunitarioak. Hainbat nekazal mugimenduren parte den Paso Viejoko komunitate argentinar txikiak zaintza eta formazioa ditu oinarri.
Opor komunitarioak. Hainbat nekazal mugimenduren parte den Paso Viejoko komunitate argentinar txikiak zaintza eta formazioa ditu oinarri.

Paso Viejo Argentinako Córdoba probintziako ipar mendebaldean dagoen herri txikia da. Duela hogei urte zonalde hartan ez zegoen herri antolakuntzarik, Estatua ez zen haraino heltzen eta asko jota elizaren ekimen asistentzialistek betetzen zituzten herritarren beharrak. Orduan, gazte lizentziatu berri batzuk heldu ziren, irrati komunitario proiektuen eta agronomo modura egindako lanen abarora, eta bertakoekin harremanetan hasi ziren. Militantzia urbanoetatik zetozen, eta asko 70eko hamarkadan desagerrarazitako borrokalarien familietan hazitakoak ziren.

Zerbait egitekotan, bertan bizi behar zirela erabaki zuten eta Etxe Handia deiturikoa alokatu zuten. Horrela sortu zen, ia nahi gabe, Paso Viejo komunitatea. Baina helburua ez zen komunitate bat sortzea, helburua antolakuntza politikoa zen, nekazal mugimendua indartzea.

Hogei urte geroago, APENOC Córdobako Ipar Mendebaldeko Ekoizleen Elkartea ondo ezaguna da, lurraren eta uraren defentsan aritzeagatik. Córdoban nekazal mugimendurik ez zegoenean sortu zen eta bidea ireki zien beste batzuei. Gainera, hainbat mugimendu zabalagoren partaide ere bada, tartean Somos Tierra nekazal indigenena eta La Vía Campesinakoa. Komunitate honen historia beraz, mugimenduaren historiarekin batera ulertu behar dugu.

Gaur egun 27 pertsonek osatzen dute komunitatea; jendarte berri baten esperimentua da, “prefiguratiboa” adituek esango luketen modura. Eta badu erakusteko zerbait, umiltasunetik, garaile ateratzen direlako egunero. Horren adierazgarri dira elkar zenbat maite duten eta kanpotik heltzen den jendea zaintzeko nolako lanak hartzen dituzten.

Funts komuna

Paso Viejora heltzerakoan bakoitzak zeukan diru apurra batu eta lehenengo hilabetetako alokairua ordaindu zuten. Elkarrekin bizitzeak gastuak arindu zituen eta langabe zeuden militanteei aukera eman zien mugimenduan aritzeko: oreka bat bilatzen saiatu ziren, denbora gutxi eskatzen zuten lanak topatu gainerako denbora guztia mugimenduan inbertitzeko. Kontraesanak, eztabaidak eta gaizki ulertuak egon dira noski, eta baita erabaki gogorrak hartu beharra ere.

Funts komunean aurreztutako diruarekin hiru hektarea lur erosi zituzten eta etxeak eraikiz joan dira. Momentu honetan bost etxe, saloi komunitarioa eta bulegoa dituzte. “Bakoitzak ahal duena ematen du eta behar duen heinean hartzen du”, hori izan da erabilitako filosofia; Carlos Julio Sánchezen hitzetan, “honek bakarrik funtzionatu izan du konfiantza neurtezina diogulako elkarri”.

Elkar zaintza eta formazioa

Askatasun handiko komunitatea da Paso Viejokoa, eta parte hartzeko aukerak etengabe garatu dituzte, horrek markatu du bidea Cecilia Suauren esanetan: “Bakoitzaren erritmoak eta autonomia oso ondo errespetatu ditugu, horregatik jarraitzen dugu elkarrekin, egunero erabakitzen dugulako”.

Bikote krisiak eta harreman berriak sortu dira, zenbaitek haurrak ere izan dituzte eta haien zaintza eta heziketa izan dira komunitatearen egitekoetako bat. “Nik nonbaitera joan behar badut edo zerbait egin behar badut, norbaiti esaten diot umeekin egoteko eta badakit ondo egongo direla”, dio Camila Recaldek. Bestetik, formazioa ere bultzatu dute: unibertsitateko lizentziaturak, masterrak, gustuko zaletasunak edota formazio politikoa; horrek ongizatea ekarri dio komunitate osoari, baita mugimenduari ere.

Emakume Nekazarien Nazioarteko Eguna ospatzeko eta Andrea Sánchez oroitzeko horma-irudia margotu zuten Paso Viejon.

Komunitatean badaude psikologoak, langile sozialak, ingeniari agronomoak, abokatuak, albaitariak, medikuak, marrazkilariak edota irakasleak. Batzuek ogibidea aldatu dute: apaiza izandakoa orain margolaria da, ingeniaria izandakoa irakasle... Eta, nola edo hala, guztiek elikagaiak ekoizten dituzte: lursailean ortu txikiak daude, fruta-arbolak, oiloak eta oilaskoak, eta laster galeperrak.

Andrearen heriotza

Oroimen kolektiboan momentu eta prozesu garrantzitsuak gordetzen dituzte: lehenengo lur okupazioak eta istiluak, Mauricio Macriren garaipenak ekarritako krisia... Beste batzuk eguneroko bizitzarekin lotuta daude, “lan komunitarioak ekarri digun indarra etxeak eraikitzean edo lurra lantzean, hori da niretzat gehien markatu gaituen zerbait”, dio Sánchezek.

Baina bada momentu bat guztiek aipatu izan dutena: 2008an, Andrea Sánchez, komunitateko sortzaileetako bat, minbiziaz gaixotu zen haurdun zegoela. 2010ean hil zen, Buenos Airesen ingresatuta. Errautsak komunitatean daude, algarrobo baten sustraietan eta, Ruben Santillánek dioenez “triste gaudenean Andrearen zuhaizpean esertzen gara, ez dakigu zergatik, inkontzientea da, baina konturatzen garenerako hantxe gaude, berarekin”.

Arraroa da egun oso bat berari buruz hitz egin gabe pasatzea, oso presente dago familietan, proiektuetan, oroitzapenean. Eta oso presente nekazal mugimenduan ere: komunitate, eskola eta egoitzetan, Andrea hor dago. Bere indarra eta laguntasuna dute gogoan: “Nekazal eskola osatzen ari ginen eta utzi gintuenean nahiko bakarrik geratu nintzen proiektu honetan, baina gaur egun eskola ederra da”, dio Suauk.

Elkarrekin jarraitzeko estrategiak

Esperientzia honetan elkarrekin jarraitzeko hainbat erreminta erabili dituzte, askotan instintiboki. Adibidez, jaiak, ospakizunak eta antzeko momentu informalak komunitatea lotuta mantentzeko estrategia dira.  

Komunitatea jendarte berri baten esperimentua da, “prefiguratiboa” adituek esango luketen modura. Eta badu erakusteko zerbat, umiltasunetik, garaile ateratzen direlako egunero

Baina zalantza gabe, komunitateak elkarrekin jarraitzen badu komunikazioari esker da. Hasieratik den-dena hitz egiten da, eta diotenez, horixe da nekazal mugimenduari egin dioten ekarpen garrantzitsuena: edozer hitz egin daiteke, eta krisiei apurka egiten diete aurre, ez dago presarik, behar duten denbora hartuko dute horretarako. Hamabost egunean behin bilerak egiten dituzte mugimenduko kontuez, militantziako lanez, egunerokotasunaz... “Eztabaida gogorrak daude, baina oihurik gabe, horrek asko laguntzen du”, dio Gimena Baigorrik.

Elkarrekin jarraitzeko beste bide bat ateak zabalik izatea izan da: kanpokoei iritzia eta laguntza eskatu, idei berriak entzun eta kide berriak besarkatu.

Komunitate honetan argi dute zertarako elkartu ziren eta zertarako jarraitzen duten elkarrekin: nekazal mugimenduari indarra emateko eta nekazariekin jendarte berri baten alde borrokatzeko. “Batzuetan desesperatzen gara ez ditugulako erremintak aurkitzen –dio Mauricio Murchuttik–, baina atzera egingo banu, berriro ere abentura honetan sartuko nintzateke”.

 

Paso Viejotik, nire esperientzia

2006an ezagutu nuen Paso Viejo. Etxe Handian igaro nituen lehenengo egun horietan Andrea Sánchezek eman zidan ongietorria, eta harreman militantea eta pertsonala eraiki genuen elkarrekin. Askotan bisitatu eta lagundu izan ditut lanean: lur okupatuetan etxe bat eraiki, eskolaren eraikuntzan parte hartu, olibondoak landatzeko zuloak egin, esne dultzea egiten ikasi, egoitzarako sukaldea eta labea egin... Eta, nola ez, eztabaidak, elkarrizketak eta barre ugari elkar-trukatu ditugu mateak hartuz, edota fernetak dastatuz.

Andrea gaixo zegoenean ere hemen egon nintzen, samina nirea ere izan zen hil zenean. Hil ondoren bueltatu nahi izan nuen, urrutitik zaila zaigun agurra bertatik egiteko. Nik ere egin dut negar algarroboren oinean. Hara itzuli izan naiz bidaia “erosoak” behar nituenean, nire krisiei aurre egin behar izan diedanean. Hemen harreman osasuntsuak eta ateak zabalik topatu izan ditut beti.

Beraz, aurten ere, martxoan Argentinara etorri nintzen Paso Viejo eta APENOC bisitatzeko, eta plan handiak egin genituen, nekazal feminismoa lantzen ari diren garaietan, distantziatik bazen ere nola lagundu nezakeen pentsatuz. Berrogeialdiak Buenos Airesen harrapatu ninduenean, Paso Viejora heltzeko ahalegin guztiak egin zituzten –makinaria konplikatua mugitu behar izan genuen– eta geroztik hemen bizi naiz, saloi komunitarioan, niretzat prestatu duten logelan.

Goizetan batzuk hemen egiten dute lan eta beraiekin mugimenduari buruz hitz egiten dut, beste batzuk bazkaltzera datoz eta bizitzari buruz aritzen gara, arratsaldetan ziber-ikastaroak jaso eta ematen nabil, eta astean bizpahiru aldiz norbaiten etxean afaltzen dut ardo batzuen bueltan. Etxebizitza eskaintzeaz gain, nire behar guztiak ase dituzte –edozein militanteri etxea eta elikadura eskaini behar zaiolako, Ceciren esanetan–, baina laguntasuna, elkartasuna eta goxotasuna ere eman didate.

Momentu honetan, nekazal feminismoaren harira komunikazio feministarako eta jendaurrean berba egiteko ikastaroak ematen ditut. Ekonomia partekatu horren parte ere banaiz, nire diru sarrera urriak, erreportaje honetatik etorritakoak barne, komunitatearen funtsera doaz.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Argentina  |  Laborantza  |  Ekonomia eraldatzailea

Argentina kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2020ko irailaren 20a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude