"Badirudi emakumeok beti behar dugula gizon bat ondoan baserritik bizitzeko"

  • Goizuetako mendietan Domiña baserrian bizi da Maite. Hara iritsi zen duela 20 urte bere seme-alabekin eta han hazten ditu betizuak. Hutsetik abiatuta nola eraiki dituen baserria eta bizitza kontatu digu.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Maite Sánchez Hernández. Errenteria, 1964

Betizu arrazako behi ekologikoekin lan egiten duen abeltzaina da. Duela 20 urte iritsi zen Goizuetako Domiña baserrira bere lau seme-alaba txikiekin. Baserria berregin zuen bere eskuez eta betizuak hasi zen hazten inguruko mendietan. Abeltzaintza ekologikoaren aldeko bere ahaleginarengatik 2017an Landa Eremuko Emakumeentzako Berrikuntzaren Bikaintasun Sari Nazionala jaso zuen Espainiako ministroaren eskuetatik. Gaur egun Garazi, Anxo eta Indar alaba-semeekin ari da bertan sutsuki lanean.

Zer egiten du zu bezalako kalekume batek baserri honetan?
Nik Errenteriakoa dut familia osoa eta han bizi izan nintzen 17 urterekin alde egin nuen arte, baina txikitatik nire asmoa beti izan da baserritarra izatea. Asko kostatu zait, baserriaren munduarekin batere harremanik ez nuelako. Txikitan, 4 edo 5 urterekin jada baserritarra izan nahi nuela esaten nuen. Gero Geriatriako laguntzailea eta Eguzki-teknikaria ikasketak egin nituen mundu hori ere gustatzen zaidalako.

Animaliekin lanean Aiako Harrian, Arditurrin hasi nintzen eta handik Oiartzunera joan nintzen bizitzera hona etorri arte. Baserri hau aurkitu nuen, ia eroria zegoena, eta nire lau haurrekin hemen bizitzea erabaki nuen. 1, 4, 6 eta 9 urte zuten orduan. Bat hil zitzaidan gero, baina hasieran laurekin etorri nintzen eta hemen hasi zen berriro nire bizitza. Oso zaila izan zen. Andre bat hona etorri, bakarrik, lau ume txikirekin… Integrazioa oso zaila izan da. Hemen ondokoa naiz eta denak euskaldunak gara, baina hala eta guztiz ere ez da erraza izan. Hona etorri ginen ezer gabe eta erruz kostatu zaigu gure tokia egitea. Orain pozik bizi gara.

Nolakoa izan zen hasiera hura?
Ahuntz batzuekin etorri nintzen eta nire ideia zen animaliak haztea. Hasieran ez zen posible izan eta handik eta hemendik ibili nintzen lanean, baina haurrak oso txikiak ziren eta erabaki nuen hemen bertan, baserrian, lan egitea. Gogorragoa zen, baina horrela seme-alabak ondoan edukitzeko aukera izan nuen behintzat. Orain alaba, bi semeak eta lau biloba dauzkat inguruan eta denak bizi gara baserritik. Indar, gazteena, eta biok Domiñan eta aldameneko bi baserritan besteak haien familiekin. Nire seme-alabak ni bezalakoak dira. Ohituta gaude lan asko egitera. Etxeak ere guk geuk zaharberritzen ditugu, geure eskuekin eta familiako guztion artean. Hemen ikusten duzun guztia, guk egina da.

Baina nola da posible denetik jakitea?
Ni lehenago etxe okupatu batean bizi izan naiz eta han guztia egiten genuen. Guk egiten ditugu mahaiak, altzariak, etxeko lurra… eguzki plakak jartzen ditugu eta orain dela gutxi semeek Domiñako teilatu osoa aldatu dute eta sukaldea guztiz berritu. Hau da gure filosofia: geuk dena egitea.

Ni familia apal batetik nator eta bizitza bilatzea tokatu zait. Hiriko jendeak ez dit batere inbidiarik ematen. Nork bere bidea hartzen du.

Zergatik jarri nahi zenituen betizuak?
Egia da hemen beste arraza bat haztea oso zaila dela, mendi hauek oso gogorrak eta pobreak direlako. Bertako animaliak nahi genituen kanpotik ekarritakoek asko sufritzen dutelako. Ekarri nuen lehen betizua hil egin zen berehala. Beste bat ekarri nuen Bizkaitik eta hura ere hil zen. Uztekotan egon nintzen abeltzain ona ez nintzela sinetsita, baina gero beste batzuk lortu nituen inguru hauetatik ekarritakoak, eta hauek bai atera zirela aurrera. Gainera nire alabak abeltzaintza eta albaitaritza ikasketak egin zituen eta haren laguntzarekin azkenean lortu dugu. Pixkanaka hasi ginen eta 20 urte hauetan ikasi eta hobetu dugu.

Zenbat buru duzue orain?
Amak kontatzen dira, behi ume-hazleak. Orain 46 ditugu. Urtean 13 edo 14 txekor saltzen ditugu. Anxo semeak orain beste ustiategi bat egin nahi du ardiekin eta betizu batzuk jartzeko asmoa du, beraz ale batzuk emango dizkiogu.

Argazkia: Dani Blanco

Horren berde eta eder eta mendi hauek pobreak direla diozu?
Bai. Hala da. Lur sailak hemen oso maldatsuak dira eta lurraren higadura oso handia. Hemen behiak libre ibiltzen dira neguan eta udan eta hilabete askotan bazka eman behar izaten diegu. Lur pobrea da eta gero eta gehiago. Klima aldaketak badu zerikusirik horretan ere. Haize handia ibiltzen da, edo eguzkiak bete betean jotzen du edota bat batean euri pila botatzen du eta ur horrek mineral guztiak eramaten ditu beheraka. Gero eta pobreago dago dena.

Mendiak ere garbitu behar dira eta horretan baserritarrak eta udala saiatzen gara. Zuk sartuko bazenu hemen beste behi arraza bat, abelgorria edo limousina, esate baterako, hilko lirateke. Hemengo belarrak ez du beste tokietakoak bezain beste bitamina.

Betizuak urte osoan daude mendian. Oso basatiak dira eta bizi behar dira aske, eta horregatik irailetik maiatzera arte bazka eramaten diegu. Belarra besterik ez. Betizuek ez dakite pentsua jaten. Egunero bi fardo jaten dute, denera 1.000 kilo belar. Lehen hiru hilabetez ematen genien belarra, baina orain urtean sei hilabetez eman behar diegu mendian gero eta gutxiago dagoelako.

Nondik ekartzen duzue belarra?
Gure soroetan ebakitzen dugunaz gain, kanpoan 80 bat tona erosten dugu urtean. Aurten gehiago. Ekologikoan lan egiten dugunez, kosta egin zaigu belarra aurkitzea eta urteak eta urteak egon gara Zaragozatik ekartzen hemen ez zegoelako. Orain Lekunberri ondoan hasi dira lantzen eta hemen erosten dugu. Azken urteotan gero eta jende gehiago ari da sartzen ekologikoan, baina orain arte oso prozesu luzea izan da.

Haragitarako saltzen dituzue betizuak?
Bai. Haragi paketeak eta hanburgesak saltzen ditugu eta orain hasi gara txorizoak egiten, dena Domiña markarekin. Ferietara joaten gara eta hainbat tokitako dendetara ere eramaten dugu haragia. Gure proiektua da haragia saltzea eta honetatik bizi nahi dugu.

Orain arte betizuak  diru-laguntza asko jaso izan duenez, jende askotxok horregatik jarri izan ditu. Gure ideia, aldiz, ez da hori. Guk benetako baserritarrak bezala bizi nahi dugu. Gure filosofia ez da diru-laguntzen zain egotea, horiek guztiak merezi arren. Azken finean gu gara mendiak eta herriak bizirik mantentzen ditugunak. Errazagoa da pabilioi handi bat jartzea eta hor abereak haztea pentsua emanez. Gure egitekoa zailagoa da eta ingurua zaintzen laguntzen dugu. Gu gabe hau dena akabo.

Errentagarria da betizu haragia saltzea?
Guk ongi saltzen dugu. Denborarekin lortu dugu jendeak gu eta gure lana ezagutzea. Domiña ikusi eta badakite haragi naturala eta ekologikoa ari direla jaten, kimikorik gabe, mendian aske bizi diren behiena. Orain Covid-19rekin ikusi dugu inoiz baino argiago nora doan mundua eta jende asko ohartu da zaindu egin behar ditugula lurra, ingurumena eta geure burua; prozesu horretan gaude gu. Honek bultzada bat eman digu.

Betizuak desagertzeko zorian daude?
Lehen bai, baina 1975etik hona INTIA nekazaritzaz eta abeltzaintzaz arduratzen den Nafarroako Gobernuari atxikitako sozietate publikoak, eta azken 13 urte hauetan ASBENA Nafarroako Betizu hazleen elkarteak eginiko lanari esker egoera aldatu da. 500 bat buru daude gaur egun Nafarroan, Euskal Herrian dauden %75. Gobernuaren laguntzarekin eta abeltzain ausart batzuen lanarekin lortu dugu hau dena.

Asko gustatu behar zaizu arraza hau, oso zaila delako animalia hauek maneiatzea eta gainera diru gutxi ateratzen duzu haragi gutxi ematen dutelako besteekin alderatuta. Hala ere, nik ez nuke aldatuko.

Zu bezalakoak direlako?
Bai, jendeak hala esaten du! Erronka handiko emakumea naiz. Hori egia da.
Nik betizuengatik pasioa dut. Egunero mendira joaten naiz eta izugarri gustatzen zait ikustea nola dauden. Badaukate edertasun berezia. Basatiak eta azkarrak dira eta batzuetan toreatu egin behar dituzu pixka batean.

Argazkia: Dani Blanco

Erasokorrak dira?
Bai, baina gu ezagutzen gaituzte. Gu haien lagunak gara bazka ematen diegulako, baina hala ere estutu egiten badituzu oldartzen zaizkizu adarka eta joka. Jakin egin behar da. Nik hamalau urte daramatzat betizuekin eta oraindik egunero ikasten dut zerbait.

Goizuetako mendi hauetatik ez dute ihes egiten?
Animalia hauek ezin dira itxita eduki eta libre ibiltzen dira, baina Hernani, Berastegi edo Aranoko mugak bai daudela itxita. Mendian ibiltzen den jendeak badaki nolakoak diren eta ez dira hurbiltzen. Berez txekorrik ez badute ez dira jendearen bila joaten. Haien kumeak zaintzen dituzte, guztiok bezala, edo txakurrak ikusten badituzte izutzen dira, baina saldoan daudenean babestuta sentitzen dira. Jendeak orain ohitura du mendira joateko arropa koloredunarekin eta koloreak ikusten badituzte izutzen dira eta horregatik kontuz ibili behar da. 25-30 metroko distantzia gorde behar da beti, badaezpada ere. Modu berean saiatu behar da zaratarik ez egiten eta ez ikaratzen.

Behi hauek ikuskizunetarako erabiltzen dira?
Lehen bai. Esaten zuten horretarako erabiltzen zituztela gehienbat. Nik bi izan nituen bereziki arriskutsuak zirenak eta azkenean haragitarako eta txorizotarako eraman nituen hiltegira. Berez, gaur egun jaietan erabiltzen diren behi eta bigantxa horiek baino biziagoak dira. Amaiurren eta Baztanen ohikoa omen zen horretarako harrapatzea eta esaten dute Zugarramurdiko sorginek ere beren kobazuloak zaintzeko beti izaten zituztela betizuak inguruan. Oso istorio politak daude behi hauen inguruan.

Europako azken arraza basatia da?
Hala omen da. Beste arraza autoktono batzuk geratzen dira, eta genetikoki gordetzen dira, baina ez dira aske bizi beren habitat naturalean. Hau toki berezia da horretarako. Denborarekin nik uste dut Goizuetan baizik ez direla geldituko.

Haragia nolakoa da?
Berezia da, baina ez dakit betizuarena delako edo belarra jaten dutelako. Biziagoa da, txuriagoa, txuletak eta azpizunak txikiagoak… oso goxoa. Guk etxekoa baino, ez dugu beste haragirik jaten.

Pozten naiz nire esperientziak balio badu neskak ahalduntzeko. Emakumeok potentzial handia dugu. Nik matxismoa pairatu dut baina ni ez naiz behin ere sentitu gizonetatik desberdin. Ez dago ezer nik ezin dudanik egin”

Gogorra da baserriko lana?
Guretzako gogorra dena hemendik ateratzea eta jendearekin egotea da. Berez egin gara oso bakarti eta isilak, edo itxiak. Nik uste dut hemengo gehienak halakoak garela. Hemen gehienak baserri txikiak dira eta gehienek dituzte beren animaliak eta baratzeak. Batzuk lanera joateko ateratzen dira, baina beti itzultzen dira. Goizueta horretarako berezia da.

Negua bai dela gogorra. Goizean goiz euritarako arropa jantzi, fuerte gosaldu eta egunero gertatzen diren arazoei aurre egin: gurpilak buztinean trabatu direla edo erremolkea irauli dela edo behi batek ihes egin duela. Berez gogorra da. Uda, aldiz, oso polita. Bestelako lanak egiten ditugu: itxiturak, makinaria eta traktoreak konpondu, bideak egokitu, lorategiak ondo paratu… lan politagoak. Gustatzen zaigu dena ondo edukitzea eta horregatik beti dugu lana.

Fisikoki oso nekagarria da?
Bai, baina lo egiteko arazorik ez dugu ezta gimnasiora joateko beharrik ere! Oso ongi jaten dugu gainera eta horregatik denok garena baino gazteago ematen dugu.

Zer moduzkoa dituzue interneteko konexioa eta telefono estaldura?
Txarra. Argia eta internet joaten dira eta kosta egiten zaie itzultzea… Eta estaldura gutxi izaten dugu. Mendiak oso itxiak dira eta oso gutxi gara. Enpresa handiek ez dute gure ondora etortzeko interesik. Azpiegituretan udalak zaintzen gaitu asko, baina landa eremuan, oro har, oso laguntza gutxi dago. 700 biztanle inguru gara eta denetik daukagu baina herria saiatzen delako: suhiltzaileak boluntarioak dira, medikua hemengoa da, denda dago hemengo jendeak jarria, auzolanak antolatzen ditugu eta zerbait gertatzen bada herriak erantzuten du, baina kanpoko laguntzarik ez dago.

Berrikuntzaren Bikaintasun sariak zer ekarri zizun?
Poza. Sariarengatik ez dut haragi gehiago saltzen eta ez zait bizimodua aldatu, baina pozten naiz beti lagundu eta animatu nauen jendearengatik. Saria haientzako eta guretzako domina bat izan da, baserria bezala. Maite dudan eta maite nauen jendearentzat oso polita izan da. Gurasoak, familia… hemen lagun asko ez daukat baina nire atzean beti izan da familia eta lagun sare sendoa eta horrek izugarri lagundu dit beti. Eta herriarentzat ere ona izango dela uste dut.

Nola ikusten duzu etorkizuna?
Orain artekoa baino hobea bai. Seme-alabak jada helduak dira, babestuagoa sentitzen naiz eta ikusten dut gauza berdinak gustatzen zaizkiela. Oso trebeak dira, egunero ari dira berritzen eta proiektu handiak ditugu buruan. Ilusio handia dugu. 

 

Azken hitza
 

BASERRIAN AHALDUNDU
Pertsonalki oso gogorra izan zen hona etortzea lau ume txikirekin, etxe erori batera eta batere laguntzarik gabe. Berriz jaioko banintz ez nuke egingo. Inork ez daki zer pasatu dudan. Eta ez dakit nola egin dudan. Andrea naiz eta kanpokoa. Hotza, miseria, bazterkeria eta matxismoa sufritu ditut, baina ez zait morboa gustatzen eta nahiago dut hori dena ahaztea. Ama, amona eta emakume baserritar bezala agertu nahi dut, besterik ez. Emakume zoragarri eta indartsu asko izan dira eta badira gure baserrietan. Agian ez dira beren istorioak ikusten baina hor daude. Ni ez naiz berezia.
Pozten naiz nire esperientziak balio badu neskak ahalduntzeko. Emakumeok potentzial handia dugu. Nik matxismoa pairatu dut baina ni ez naiz behin ere sentitu gizonengandik desberdin. Ez dago ezer nik ezin dudanik egin. Orokorrean tratua oso umiliagarria izan da. Semearekin motozerra baten bila joan, adibidez, eta semeari hitz egiten dio saltzaileak. Edo tratante bat etorri eta esaten dizun lehen gauza da senarrari esateko ateratzeko. Edo bileretan zure ahotsari kasurik ez egitea. Eta gertatu zait ere baten batek dirua eskaintzea gizon batekin joateko… Badirudi emakume baserritarrok beti izan behar dugula gizon bat ondoan honetatik bizi ahal izateko. Zorionez gauzak aldatzen ari dira. Orain belaunaldi bat oso ona dator. Gazteak desberdinak dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nekazariak
2024-03-31 | Itxaro Borda
Open Bar

Ikusi ditugu alimaleko traktoredun nekazariak, bideak, zubiak, mugak blokeatzen, eta bihotzak “krak!” egin zigun elkartasunez, geu ere laborari haurrak garelako eta anaiak, oraino, etxaldeak aitzina eramaten tematzen direlako. Manifestariak entzun ditugu normak... [+]


Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik

Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.


Nekazari talde bat Nafarroako Parlamentuan indarrez sartzen saiatu da

Ostegun goizean, traktoreekin elkarretaratzea egin dute kanpoaldean, eta saioa hasi denean hainbat nekazari ateraino hurbildu dira. Tirabirak izan ondoren, Foruzaingoak atea ixtea lortu eta manifestariek ezin izan dute barrura sartu.


Eguneraketa berriak daude