Energia urritzearekin datorren ekonomiaren uzkurtzea

  • Agian etxean ari zara irakurtzen erreportaje hau, paperean, ordenagailuan edo hamaika mineral daramatzan sakelako telefonoan, hormigoiz egindako eraikuntzaren babesean. Elektratresnak, autoak, errepideak, argi artifiziala, berogailua, aire egokitua... dena dago oinarritua lehengaietan eta horien artean gehienak meatzaritzan: ikatza, petrolioa, gasa, potasak, magnesitak, eraikuntzarako agregatuak, harri naturalak, baterietarako litioa... Denak dira ezinbestekoak gure egungo gizarte modernoaren izaerari eusteko eta denak agortu daitezke.

Meatzaritza da ekonomia garapenaren oinarria eta baliabideak asko urritzen ari dira.
Meatzaritza da ekonomia garapenaren oinarria eta baliabideak asko urritzen ari dira.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Natur baliabideak bukatu egiten direnez, galdera berez dator: nola dago planetaren baliagaien biltegia? Erantzuna txarra da, naturaren baliabideak gero eta urriagoak dira, eta zerbait egin behar da. Nola gaude eta zer egin behar dugu? Galdera horri erantzunez, ingurumenaren babesean diharduen Sustrai Erakuntza Fundazioak txostena enkargatu dio Antonio Aretxabala Iruñean bizi den geologoari: Nafarroako meatzaritza trantsizio energetiko eta globalaren testuinguru historiko berriaren aurrean. Uztailaren 2an aurkeztu zuen hiri bereko Katakrak aretoan eta ondorio argi batera iritsi da: gehiegi xahutu ditugu planetaren baliabideak eta hark kito esan du, ezin duela gehiago eman, eta beraz, ezin duela jarraitu gure gizarte moderno eta konplexua sostengatzen duen hazkunde ekonomikoa elikatzen. Ondorioak Nafarroari begira eginak dira, baina zientzialariak dioenez, berdin balio lezakete “Espainiako Estaturako edo Europa osorako, azken finean mundu mailako ekonomia ereduarentzat baita”.

Zein da alternatiba? Azken bi hamarkadetan ekonomiaren desazkundearen mugimendua eskatzen ari den kontrako prozesua: ekonomia txikitzea, mehetzea, uzkurtzea. Adi baina, prozesu hori dagoeneko ez da borondatezkoa, Aretxabalak dioskunez, ez dago energia nahikorik munduan egungo hazkunde ekonomikoa sostengatzeko eta uzkurtzea bai ala bai gertatuko da, “planetak ez du negoziatzen”, eta  hortaz, pertsonok erabaki beharko dugu trantsizio energetiko hau nola egin, edo modu ordenatuan edo kolapso bidez.

Sustrai Erakuntzak enkargatu dio txostena Antonio
Aretxabalari eta elkartearen webgunean eskura daiteke.

Petrolioaren gailurra
Ondorengo erreportajean Aretxabalak aipatu txostenean deskribatzen dituen ildo nagusiak lantzen dira. Historian zehar hazkunde ekonomikoa eta energia erabilera estu lotuta egon dira eta humanitateak beti erabili du energia bere garapen ekonomikorako. Zenbat eta hazkunde ekonomiko handiagoa, orduan eta energia erabilera handiagoa. Gaur egungo terminoetan esanda, zenbat eta Barne Produktu Gordin (BPG) handiagoa, are eta energia gehiago behar izan da hazkunde horri eusteko. Ekuazio hori beti egon da estu lotuta historian zehar.

Nazioarteko Energia Agentziaren (IEA, ingeleseko sigletan) arabera, peak-oil edo petrolio gailurra 2005-2006 artean eman zen eta energia fosilen gailurra 2018an. Horrek esan nahi du, hemendik aurrera energia kopuru gutxiago izango dugula erabilgarri eta, beraz, trikimailuen gainetik, ekonomiak uzkurtzeko joera izango duela.

Gaur egun munduan kontsumitzen den energiaren %86 jatorri fosilekoa da (petrolioa, ikatza, gasa...) eta %14 jatorri berriztagarrikoa. Kontua da energia sortzeko energia gastatu behar dela eta energia sortzea gero eta garestiagoa dela; hots, energia kopuru bera sortzeko gero eta energia gehiago erabiltzen dugu edo, bestela esanda, energiaren berreskuratze tasa (EBT) gero eta txikiagoa da. Esate baterako, XX. mendeko 30eko edo 40ko hamarkadetan petrolio upel batekin 50 upel lortzen ziren (1:50); edo gasa 1:150 proportzioan eskuratzen zen. Fosilen EBT oro har –ikatza barne– 1:44koa izan zen iragan mendeko 60ko hamarkadan.

Baina gero eta energia gehiago bideratzen dugu energia lortzera, eta EBT tasa gero eta txikiagoa da, gero eta azkarrago jaisten da: gaur egun 1:15 baloreetan gaude. Ikerketa asko daude eginak alor honetan eta Aretxabalak bibliografia zabala eskaintzen du bere txostenean. Adituen kalkulua da 1:10 -1:5eko tarteetan arazo handiak izango ditugula. Miraria energia berriztagarrietatik espero da, baina hauen berreskuratze tasa (EBT) are eta txikiagoa da: hidroelektrikoarena 1:6,5 da; lurreko eolikoarena 1:2,9 eta 1:2,3 artean dago; eta eguzkiaren fotoboltaikoarena 1:1,8. Garbi esanda, EBT horiekin ezinezkoa da gaur egungo hazkunde ekonomikoa sostengatzea. Egiazki, mundu mailako ekonomia dagoeneko uzkurtzen ari da 2008tik aurrera.

Energia xahutze horren guztiaren ondorioak oso larriak dira mundu mailan eta kalterik agerikoena aldaketa klimatikoa da, baina bizi izandako krisi ugariren sustraia ere geologikoa da, nahiz eta finantzaz edo bestelako moldez bakarrik jantzita azaltzen zaizkigun. 2008ko krisian, berbarako, lehenik funtsezkoa izan zen energiaren garestitzea, eta ondoren, energiaren salneurrien ezegonkortasuna. BPG datuek gora egin dezaten amarru ugari erabiltzen badira ere –zorra, energiaren esternalizazioa, ezohiko ustiaketak...–,  egiazko ekonomiak mehetzen jarraitzen du harrez gero.

Frackingaren ustiaketarekin estali nahi izan zen ohiko petrolio onaren agortzea iragan hamarkadan, baina negozio hori beti defizitarioa izan bada ere, une batean hainbaten interesekoa izan zen merkatura upel kantitate handia sartzeko, prezioek behera egin zezaten. Ondorioak latzak izan ziren, baina frackingarekin gertatutakoa zabalago landu dugu erreportajeko laukietako batean. Orain, aldiz, COVID-19aren pandemiarekin eskasiaren arazoaz gain, oso agerian geratu dira hornitze arazoak, bai energiarekin eta baita mundu globalizatuan atzera aurrera dabiltzan beste milaka produkturekin ere.

2008tik gaurdaino mundu mailako ekonomia uzkurtzen ari da, Aretxabala geologoak txostenean dioen moduan.

Instituzioen erantzuna
Energiaren agortzeak dakarren aldaketa hau guztia ezaguna da munduan, era askotako zientzialari, ekonomialari eta erakundek aspaldi piztu zuten argi gorria, eta instituzio nagusienak hasi dira trantsizio ekologikoa eta energetikoa prestatzen, ekonomia egokitzen. 2015ean NBEk Garapen Jasangarrirako 17 helburu eta 169 helmuga finkatu zituen. Agenda honekin planeta osoaren ongizatea bilatzen da, ingurumenarekin armonian biziko diren pertsonen bizimaila hobetzea; eta funtsean, inklusio soziala, ingurumenaren jasangarritasuna eta garapen –ez ezinbestean hazkundea– ekonomikoa bultzatzen dira. Egitasmoak 2015-2030eko epea du gauzatzeko eta helburuen artean dira justizia soziala, gobernantza parte-hartzailea eta, baliabideen eta natura kapitalaren kontserbazioa.

Europar Batasuna ere murgildu da trantsizio horretan eta haren erakundeak SC/048 Irizpena onartu dute ekonomia eredu berrien garapena bultzatzeko. Joan den azaroaren 21ean aurkeztu zuten Iruñeko Civican-en. Aretxabalaren ustez, ostera, argi utzi behar da hor bultzatzen den ekonomia eredua guztiz bateraezina dela egungo antolaketa sozialarekin. Gaur egungoa “erauzi, ekoiztu, eduki eta bota” laukotean oinarritua dago eta hondakin fosilen gainbeheran. Eredu hori jasanezina da.

Ekainaren 4an, Nafarroako Industriaren Elkarteak (AIN) antolatutako jardunaldietan parte hartu zuen Maria Mendiluce Garapen Ekonomikorako Enpresen Mundu Kontseiluko ordezkariak eta “mundu eta ekonomia jasangarriagorantz egitea posible dela” luzatu zien bertan bildutako industria gizon-emakume eta agintariei. Pandemian izandako geldiune ekonomikoari erreferentzia eginez, Mendilucek azpimarratu zuen ezinbestekoa zela egungo hornitze sareak gertuagokoak bihurtzea.

Dena da berde orain
Instituzioen eta enpresen munduan hasi dira ohartzen egoeraz, baina trantsizioaren fruitua heldu gabe dagoela argi dago. Ann Westmann EBko Ekonomia kontseilariaren esanetan, trantsizio energetikoa egin beharreko bidea da, baina “hazkunde ekonomiko jasangarria” ere bai, bi kontzeptu horiek –hazkundea eta jasangarria– bateragarriak balira moduan. Areago,  CO2 igorpenak eta BPGaren hazkunde ekonomikoa deslotu zituen, erakunde ugariren baieztapen eta ikerketek diotenaren aurka.
Ez da bakarra, aldiz, gertuago ere badira pentsamolde bertsua adierazten dutenak. Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko  Kanpo Ekintzarako zuzendariak duela gutxi idatzi zuen “Green Deal, ekonomia eraldatu eta planeta salbatzeko itun berdea” artikulua (Green Deal Europe. Nafarroako Gobernua) eta bertan zehazten zuen etorkizunean “hazkunde ekonomikoa baliabideen erabileratik deslotuta egongo dela”. Aretxabalak bere lanean behin eta berriz dioskun gisan, hori ez da posible eta, besteren artean, oso argi ikusten dela 1972an argitaratutako Hazkundearen mugak (The Limits to Growth) txostenean.

Gainera, energia berde gisa saltzen dena ere ez da guztiz garbia. Esate batera, mendian eraiki diren haize-errotak altzairuz eta zuntz-beiraz eginak daude, agregatuekin egiten dira mendietako pistak, dena kamioietan garraiatzen da goraino eta mantenurako ere autoak erabiltzen dira... garraio hori guztia dieselez dabil eta dieselen produkzio samurra gero eta gaitzagoa da, ohiko petrolio gordina gero eta urriagoa delako.

Magna enpresa, Nafarroako magnesita meatzak kudeatzen dituena. (Arg.: Magna)

Zientzia, erlijio berria
NBEaren 2030eko agenda edo Europar Batasunaren irizpenei entzungor egiten zaie enpresa eta eremu instituzional zabaletan, pentsatuz orain galeran diren baliabide batzuk etorkizunean beste batzuek ordezkatuko dituztela. Baina hori –jarraitzen dugu Aretxabalaren esanak azalduz– desioen munduko nahia da, ez egiazko mundu honetakoa. Juan Luis Arsuaga zientzialari espainiarrak dioen legez, asko dira zientzia erlijioarekin parekatzen dutenak, jainkoarekin, zientziak dena lor dezakeelakoan, baina zientziak ez du miraririk egiten. Baliabideak agortu egiten dira eta ez dago hazkunde ekonomikorik baliabide horiek gabe. Historian inoiz ez da halakorik ikusi, eta ekonomia hazi denean beti energia gehiago kontsumitu da. Ez da inoiz izan ekonomiaren uzkurtze boluntariorik; uzkurtzea beti egon izan da pandemiei edo gerrei lotua, eta kasu horietan, energia kontsumoa ere jaitsi izan da.

Agintari askoren heldulekua da ikuspegi hori: “Zientziak sortuko du zerbait” eta herritarrei ere botika hori saltzen zaie. Ekonomia ezinbestean txikitu beharraren diskurtsoa ez da herritarren gustukoa eta gustu txarreko txantxa dirudi ugaritasunera ohitutako gizartean, baina ezinbestekoa da dagoeneko biztanleriaren erdia pobrezian bizi den mundu honetan.

Teknologiaren bidez energia eraginkorrago erabiliko dela sinetsi nahi da, baina bi zehaztapen bederen egin behar zaizkio diskurtso horri: batetik, posible da energia eraginkortasuna, baina historian hori lortu den bakoitzean, “errebote eragina” gertatu da; hau da, eraginkortasun horren emaitza ez da izan energia gutxiago gastatzea, gehiago baizik. Jevonsen Teoremak azaltzen du hori: efizientzia energetikoa lortu den bakoitzean, produkzioa handitzeko erabili izan da eta, hortaz, beti energia eta lehengai gehiago kontsumitu izan dira. Bestela esanda: ekonomian erabili izan diren energia mota berriek inoiz ez dituzte ordezkatu ordura arte erabiltzen ziren energia motak, beti lehengoei egindako gehikuntza izan dira, horrela energiaren erabilera gutxitu beharrean handituz. Akatsa da esatea humanitatea esklabotza eta egurretik balea-oliora iragan zela eta ondoren ikatzera, edo humanitatea ikatzetik petroliora eta gasera pasatu zela. Errealitatea ondo adierazteko modua zera da: humanitateak esklaboak (gaur egun ere inoiz baino gehiago ditu) eta egurra izan zituen, eta horiei gehitu zitzaizkien bale-olioa, ikatza, petrolioa, gasa, nuklearra eta berriztagarriak.

BPG-an egindako iruzurra
2008tik gaurdaino desazkundea dagoeneko gertatzen ari da egiazko ekonomian, baina hainbat tokitan lortzen da BPG eta energia kontsumoa bereiztea, lehena haziz eta bigarrena urrituz. Hori, alabaina, gure burua engainatzea da, iruzur egitea. Europak, esaterako, lor dezake hori, baina energiaren produkzioa bere herrialdeetatik Txina, India, Afrikara edo beste hainbat lekutara aterata. Funtsean, BPGak mugetan oinarrituta egin daitezke, baina planetari begiratuta emaitza berbera da: Europak ez du berak erosi edo ekoiztuko dituen produktuen energia sortuko eta, beraz, ez ditu energia kopuru horiek bere gisa kontabilizatuko, baina haien kontsumorako ezinbestekoa den CO2 berdin zeruratuko da Txinatik edo Indiatik.

Edo gerta liteke baita ere hazkunde ekonomikoa zorraren bidez finantzatzea, gero eta gehiago gertatzen ari den gisan, baina kasu horretan, klase ertainak gero eta gehiago zorpetu eta pobretzeaz gain, arazoa ondorengo belaunaldien esku uzten ari gara.
Aretxabala argia eta zehatza da bere ondorio eta ohartarazpenetan. Hazkunde ekonomikoak etengabe sortu izan ditu hainbat burbuila, lehertu ondoren krisi bihurtu direnak. Bada ordua etengabe harri beraren gainean estropezu ez egiteko. Irtenbide teknologikoak baliagarriak izan daitezke desazkundearen bidean, beti ere automatismoak ez badira erabiltzen burbuila berriak sortzeko eta bai NBEren 17 helburu jasangarriak egikaritzeko. Gure helburua da egungo dinamika bihurria gainditzea, hau da, egungo ekonomiak ez du balio hazten ez bada, eta hazten bada, bere hazkunderako behar dituen oinarri naturalak suntsitzen ditu. Aberatsenak jaun eta jabe izango diren kaosa ala urrituz joango den aberastasuna banatuko duen gizarte eredu berria eraikitzeko abagunea baliatu, horra aukerak.

Honako edukiak ere erreportaje honen barruan doaz:

Nafarroan ustiatzen diren meatzaritza materialak

Frackingaren gainbehera munduan

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia
Irailak 3 Bilbo

Gauza garrantzitsu asko gertatzen ari dira Palestinan, Euskal Herrian eta munduan. Espantu israeldarraren aurrean Euskal Herrian inteligentzia kolektiboa martxan dago, inoiz baino indartsuago. Jende ezberdin asko, toki ezberdin askotan, gauza ezberdin asko egiten ari da... [+]


Jerusalemen egiten ari den tranbia giza eskubideekin bat datorrela berretsi du CAFek

Azken aste eta hilabeteetan CAFek jasotako presioaren aurrean, enpresak agiria atera du eta berretsi du Jerusalemgo tranbiak giza eskubideak aintzat hartzeko parametro guztiak betetzen dituela, eta proiektuarekin aurrera jarraituko duela.


Gasteizko lorezainak, sei hilabete greban eta borrokan lan baldintza duinen alde

Ostiral honetan manifestazioa antolatu dute Gasteizko lorezainek, greba mugagabea hasi zutenetik sei hilabete beteko diren egunean. “Gatazka konpontzeko aurrerapausoak urriak izan dira”, salatu du enpresa batzordeak aste hasieran. Irtenbide bakarra “soldata... [+]


Debekaturiko 122.000 tona pestizida esportatu ditu 2024an Europar Batasunak

Public Eye eta Unearthed Gobernuz Kanpoko Erakundeek eman dute gehiegikeria horren berri irailaren 23an plazaraturiko txostenean. Inportatzaileen zerrendan 93 herrialde ageri dira, eta horietatik hiru laurdenak diru sarrera txikiak edo ertainak dituzten herrialdeak dira.


2025-09-24 | Jon Torner Zabala
Sei-zazpi milioi kilo sagar, Euskal Sagardoa egiteko

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 250 sagastietan hasiak dira jada sagar biltzen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagozkien iazko datuekin alderatuta, uzta handiagoa izango da aurten. Orotara sei-zazpi milioi kilo biltzea aurreikusten dute, datu zehatza urte bukaerarako izango... [+]


2025-09-24 | ARGIA
Boikota
Arrakasta izan duten 20 adibide

FINANTZAK ETA INDUSTRIA

AXA

Frantziar aseguru enpresak Israelgo bankuei dirua mailegatzeari utzi zion 2024ko abuztuan, DBZ eta Ekō elkarteen urtetako kanpainaren ostean.  

Sidenor

Israelgo armadari altzairu militarra saltzen zion Euskal Herrian egoitza... [+]


CAF, negoziorik ez genozidioaren kontura

2018ko uztailean, CAF Beasaingo enpresa batzordeak lehen aldiz eskatu zion ofizialki CAFeko zuzendaritzari Jerusalemgo tranbiaren esleipen konkurtsoan ez parte hartzeko. Momentu horretan egoerak gaurkoarekin zerikusirik ez bazuen ere, ohiko trenbide batetik harago, proiektu hori... [+]


2025-09-24 | Leire Artola Arin
Israeli boikot mugimendua

Milaka pertsonaren inplikazioari esker, Ibaitik itsasora martxak lortu zuen Tuteran hasitako ibilbidea Hendaian burutzea, bidean Gazako genozidioaren eta apartheidaren konplize diren zenbait enpresatan salaketak egin ostean: CAF, M. Torres, Teva, Zara, Carrefour... Irailaren... [+]


2025-09-22 | ARGIA
Greba mugagabea hasi dute Maderas de Llodio enpresan, 39 kaleratzeen aurka

Garnica taldeak egin nahi dituen 39 kaleratzeen aurka hasi dute greba mugagabea Laudioko egur fabrikako langileek. Goizean bilera izan du Enpresa Batzordeak Garnicako zuzendaritzako kideekin, eta langileek txistu artean jaso dituzte.


2025-09-22 | Irutxuloko Hitza
Sustatu duten herri ekimen legegileari "betorik ez" jartzeko eskatu diote pentsiodunek Eusko Jaurlaritzari

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak sustatutako Herri Ekimen Legegilea (HEL) izapidetzearen kontra Eusko Jaurlaritzak oraintsu egin duen txostenaren kontra ehunka lagun mobilizatu dira larunbat goizean Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Pentsio minimoa lanbide arteko... [+]


2025-09-22 | Estitxu Eizagirre
Baserrien erreleboa, ahuakateak eta onddoak Bizi Baratzea Orriaren 3. zenbakian

Udazkeneko zenbakia aste honetan jasoko dute ARGIAko kideek, edo berariaz Bizi Baratzeako kide egin direnek.


Itziar Ituño: “Aldaketa bat exijitzea eta salatzea dagokigu; ea CAF enpresak ere berdina egiten duen”

Zinemaldiko hasierako gala izan da ostiralean, eta Kursaaleko oholtzan Palestinaren eta Israeli boikota egitearen aldeko aldarriak entzun dira. Itziar Ituñok, Silvia Abrilek eta Toñi Acostak aurkeztu dute gala, eta hiruek egin dute Palestinaren alde.


Greba mugagabea abiatuko dute Maderas de Llodioko langileek astelehenetik aurrera

Hala iragarri dute langileek ostegun arratsaldean Laudion eginiko mobilizazioaren amaieran.


Gurutzaontzien turismoa mugatu eta Getxoko Kirol Portuko hotel berriaren proiektua bertan behera uztea eskatu du EH Bilduk

Tokiko EH Bilduk deitoratu du Bilboko Portu Agintaritzak hotel bat egin gura duela Getxoko Kirol Portuan. Udal taldearen esanetan, lau izarreko, 190 logelako eta 26 metroko altuerako eraikina gurutza-ontzien turismoa bultzatzeko estrategiaren parte da, eta, horregatik, proiektua... [+]


Eguneraketa berriak daude
Bi haur Palestinako banderarekin
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.