Gehiengoan kokatzeko eta auzapezgoak irabazteko aukerak dituzte abertzaleek

  • Ekainaren 28an iraganen da Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeen bigarren itzulia, koronabirusaren izurriteak bi bozketen artean hiru hilabeteko parentesia behartu ondoren. Guztira hemezortzi herrietako hautesleek dute bozkatu beharko, beste 140 herritako auzapezak eta herriko kontseiluak martxoaren 15eko hauteskundeetan argitu zirelako. Guztiak ezin aipa, aldaketa haizeak ufatu dezakeen herriei begira jarri da ARGIA. Bozketa berean, Euskal Hirigune Elkargoko ordezkaritzarentzat bozkatuko dute hautesleek.

MIARRITZE UHAIN BERRIA

Ipar Euskal Herriko hemezortzi herrietako boz-emaileek itzuli beharko dute bozkatzera ekainaren 28an, hots, martxoaren 15eko lehen itzulian herriko kontseiluaren osaketa argitu ez zen herrietakoek. Bozketa sistemari segi, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 140 herrietan lortu zuen hautagai batek botoen %50 baino gehiago biltzen eta zuzenki martxoaren 15ean udaletxera sartzen. Lehen bozketa horretan abertzaleez ere osatutako ezkerreko hautagaiek lortu garaipenen zerrenda luzatzeko aukera handiak dira bigarren itzuli honetan: alde handiarekin lehen indarra atera zirelako lehen bozketan (Ziburu, Urruña) edo beste zerrenda batekin osatu aliantzak dakarren botoen batuketari esker (Hendaia, Senpere, Miarritze).
Oroit gara nola koronabirusaren izurriteak agenda politikoa erabat nahaspilatu zuen, hiru hilabeteko parentesia behartuz bi bozketaldien artean eta beraz, kanpainaren baitan. Azkenean, maiatzaren 22an bigarren itzuliaren dataren berri eman zuen Frantziako Gobernuak, ofizialki behintzat geldituak ziren hautagaitzen arteko negoziaketei ateak zabalduz. Ekainaren 2a zuten zerrendak  prefekturan erregistratzeko azken epea –%10aren ozka gainditu duten zerrendek bigarren itzulirako txartela zuten, baita %5az gora gelditu zirenek ere, horiek lotzen ahal zirelako lehian zegoen beste bati–. Negoziaketa beroak egon dira, aliantza osatu eta garaipena errazteko esperantzarekin. Programaz gain, herriko etxerako aulkien banaketa eta Euskal Hirigune Elkargorako ordezkaritza ukan dituzte negoziatzeko gai nagusi. Hain zuzen, herriko kontseiluaren osaketa bozkatzeaz gain, Ipar Euskal Herriko 158 herriak batzen dituen instituziorako ordezkariak ere izendatzen direlako bozketa horretan. Negoziaketa guztiek ez dute ordea fruiturik ekarri eta ezkerrari zein abertzaleen esparruari dagokienez, hiru porrota aipatu ditzazkegu: Baiona, Maule eta Itsasu.

Baiona eta Miarritzeri so

Lapurdiko hiriburuari dagokionez, izugarri tinko izan zen afera 2014an: 24 bozen aldearekin gailendu zitzaion Jean-Rene Etxegarairen eskuineko zerrenda Henri Etxeto sozialistari. Aurtengoan ere lehia gogorra aurreikusten da. Nekez erran daiteke segurtasunez “lehen itzulia ikusiz edota bigarren itzuliko panoraman kokatuz... X-k irabaziko du”. Etxegaraik (%40,33 lehen itzulian) parean du Etxeto (%29,76 lehen itzulian), lehen itzulian %11,20 egindako Mathieu Berge ezkertiarra juntatu zaiola. Matematikoki berdintsu dira eta beste behin ere, abertzaleen bozka izanen da erabakigarria Lapurdiko hiriburuan.

Baionan Etxegarai eta Etxetoren arteko lehia tinkoa da, beste behin erabakigarria izanen da abertzaleen botoa


Abertzaleez ere osatutako Baiona Berde eta Solidarioa bigarren itzulitik erretiratu da, doi-doietarik Etxetori ez batzeko hautua eginik –aliantzaren alde ziren 54, kontra 56 eta zuri kokatu ziren sei–. Duela sei urte ez bezala, bigarren itzulian ez mantentzeko hautua egin dute –horrek dakar de facto ez dutela hautetsirik ukanen herriko kontseiluan– eta hori horrela, abertzaleen boto bakoitzak sekulako pisua ukanen du ekainaren 28an. Batzuek Etxetoren alde eginen dute, ezkerra garaile ateratzeko, baina guztiek ez: Batzuek zuri bozkatuko dute, Etxeto anti-euskalduna eta jakobinoa ez dutelako nahi baina eskuineko zerrendarentzat bozkatzea nekeegi zaielako eta beste batzuek Etxegarai bozkatuko dute, azken honek bake prozesuaren, euskal presoen zein euskal elkargoaren alde egiten duenaz  kontziente, baita bai ala bai Etxetori bidea mozteko ere, azken hau argiki kokatzen delako aldarri horien aurka. Nola ez, martxoaren 15ean izandako abstentzio handia ere da misterioa –Baionako hautesleen %61ak ez zuen bozkatu– eta hortik atera daiteke bata ala bestearen aldeko bultzada.
Guztiak Baionarantz begira direla, baliteke aldaketa ondoko hirian gertatzea: Miarritzen. Hain zuzen, aliantza osatu dute abertzaleez ere osaturiko Euskal Herria Berde eta Solidarioa (%12,34 lehen itzulian) eta Guillaume Barucq mediku ekologistaren Miarritze Uhain Berria (%16,22 lehen itzulian) zerrendaren artean. Hori horrela, batuketa matematikoei fidatuz, botoen %31,47 eskuraturik lehen indar ateratako Maider Arrostegi eskuindarraz nahiko hurbil kausitzen da Barucqen hautagaitza. Gainera, lehen itzuliko zazpi zerrendetarik lau doaz bigarrenera, zentroko eta eskuineko botoak zatituz. Arrostegi bakarrik doa, inolako aliantzarik gabe, ez dut zuen beharrik garaile ateratzeko postura ez hain estrategikoa hartuz. Nathalie Motsch zentrista ere mantentzen da, lehen bozketan %14,24 eginik eta azkenik, Michel Veunac auzapez zentrista erretiratu bada ere –sekulako putarra bildurik martxoaren 15ean, bosgarren kokatuz, botoen %12,22 bakarrik bilduz–, bere zerrendakoak Jean-Benoit Saint-Cricqen Miarritze Elkarrekin zerrendari lotu zaizkio  (%10,59 lehen itzulian). Abstentzioa %60koa izan zen eta bistan da, hor dugu berriz ere misterio handia; bigarren itzulirako aurreikuspenak zangopilatu ditzake, ez delako lehen itzuliko botoen batuketa matematikoari mugatuko ekainaren 28koa. BAM Baiona-Angelu-Miarritze hirigune potoloari dagokionez, Angelu da beraz ez-jakintasunaz eta aldaketaz mehatxatua ez den bakarra. Hala nola, lehen itzulitik mantendu zuen auzapezaren aulkia Claude Olive zentro-eskuinak, botoen %67,22 eskuraturik.
Mauleri dagokionez, 2014an bezala aurten ere ez da aliantzarik posible izan ezkerreko zerrenden artean. Botoen %37,6 bildurik lehen indarra ateratako Louis Labadot komunista jakobinoak ez ditu onartu aliantzarako Beñat Elkegarai abertzaleak (botoen %28,9) jartzen zizkion baldintzak (tartean, Labadotek sostengatzen ez duen Euskal Hirigune Elkargorako aulkia Elkegaraien zerrendari bideratzea). Hori horrela ezkerretik bi hautagai izanen dira Mixel Etxebest auzapez zentro-eskuindarrari aulkia hartzeko lehian. Azken hau bigarren kokatzen da %33,45 eginik eta duela sei urtekoa baino zailagoa du aldi honetakoa: ez da lehen atera eta 2014koari alderatuz, 250 bat boto galdu ditu. Kostaldean baino parte hartze handiagoa izan arren, abstentzioa aurrekoetan baino handiagoa izan da Zuberoako hiriburuan ere, zortzi puntuz emendatuz. Hautesle horiek alda dezakete tendentzia baita ere hirugarren kokatzen den Elkegaraien zerrendaren hautesle batzuek Etxebest bozkatzen badute, jakobinoari bidea mozteko. Ekainaren 28an hurbiletik segitzeko herrien artean ukanen dugu Zuberoako hiriburua ere.
Hurbiletik jarraitzekoen artean izanen dira Urruña eta Ziburu ere. Zerrenda-buru abertzalea duten ezkerreko hautagaitza zabalak lehen kokatu ziren bi herri horietan.

Urruña eta Ziburun aldaketa?

Auzapezaren aulkia eskuragarri dute Eneko Aldana ziburutar gazteak (%44,6 lehen itzulian) eta Filipe Aramendi urruñarrak (%40,8 lehen itzulian). Hain zuzen, parean, orain arte bezala hauteskundeak irabazteko beharrezkoa zuen aliantza osatzen ez du lortu eskuinak. Bidea nahiko erraza dute beraz hautagai abertzaleek, beti ere abstentzio tasa handiaren baitan gordetzen direnek ez badute egoera iraultzen.
Hori horrela, abertzaleek gobernaturiko udal potoloen zerrenda luza liteke ekainaren 28an –Baigorrin Jean-Mixel Coscaratek eta Uztaritzen Bruno Carrerek eskuratu zuten auzapezgoa 2014an eta ezustekorik gertatu ezean, auzapez segituko dute biek: lehen itzulian %45,23 lorturik, alde handiarekin lehen kokatu zen Carrere martxoaren 15ean eta bigarren itzulirako Jean-Claude Saint Jean (%22,42 lehen itzulian) eta Bruno Cendres (%19,69 lehen itzulian) ukanen ditu parean, iraganean auzapez izandako Dominique Lesbatsek (%12,64 lehen itzulian) sostengua Cendresei erakutsi diolarik. Baigorriri dagokionez, Coscaratena martxoaren 15ean argitu zen, lehiakiderik gabe aurkezturik, auzapezaren aulkia atxiki zuen.
Auzapezgoa lortu gabe ere, akordio batera iritsirik, aliantza osatu eta gehiengoan kokatzeko aukerak dituzte hainbat udaletan abertzaleez osaturiko zerrendek. Demagun, Hendaian eta Senperen. 2014an lehen aldikotz osatu aliantza errepikatu dute aurten ere Hendaiako abertzaleek: botoen %41,08 eskuratuz lehen ateratako Kotte Eszenarro auzapez sozialistari juntatu zaio Laetitia Navarron buru duen Hendaia Biltzen zerrenda ezkertiarra (%18,4 lehen itzulian). Pascal Destruhauten zerrenda zabala ukanen dute lehiakide (%32,71 lehen itzulian). Matematikoki auzapez izaten segitu behar luke Eszenarrok, gainera, azken geldituriko Laurent Tariol komunistaren sostengua ere lortu duelako, herriko etxerako bi aulkiren truke.
Senperen lorturiko akordioa da haatik berritasunen artean. 2014ko sorpresa handien artean kokatu zen Senperekoa: inork espero ez zuenean, lehen itzuliko emaitzak hankaz-gora jarri eta garaile atera zen Pierre-Marie Nousbaum eskuindarra. Ordura arte auzapez izandako Christine Bessonarten segida hartzen zuen Dominique Idiartek aurten errekupera dezake duela sei urte eskuetarik eskapaturiko auzapezgoa, zerrenda abertzalearekin adostu akordioak bidea errazten diolako. Martxoaren 15ean Idiartek egindako  %41,27ri abertzaleek lortu %16,70 gehiturik, Nousbaumen lehen itzuliko %42,01a gailenduko luke aliantzak.
Akordiorik ez bada lortu ere, kontuz Itsasuko hautagai abertzaleari! Lehen itzulian bezala ukanen dituzte hiru hautu bozkatzaileek: Jean-Paul Iturburua orain arteko auzapezaren axuanta (%37,97 lehen itzulian), Mikel Hiribarren laborari eta sindikalista abertzalea (%34,36) eta etiketarik gabeko Louis Ustarroz (%27,66). 2014koari konparaturik, emaitza askoz hobeagoak egin dituzte abertzaleek (14 puntu gehiago) eta baliteke bigarren itzulian are hobeagoak egitea, Ustarrozen batzuek boto estrategiko gisa Hiribarrenen alde egiten badute. Akordioa lortu izanaren ustea hedatu bazen ere, doi-doietarik huts egin zuten Hiribarren eta Ustarrozen arteko aliantza –nagusiki euskara politika eta aulki banaketari buruz ez dira ados jarri–. Hurbiletik segitzen du Hiribarrenek Iturburua eta baliteke bigarren itzulian aurreratzea.

Lehen itzulitik, 140 auzapez

Martxoaren 15eko lehen itzulian argitu zen Ipar Euskal Herriko beste 140 herriko kontseiluen osaketa. Aldaketak eta berritasunaren aire freskoak inarrosi zituen hainbat herri. Aipagarrienen artean, Donapaleu: abertzaleez osaturiko zerrenda irabazle atera zen, politikari eta enpresari ezaguna den Barthelemy Aguerre Amikuzeko jaunttoari sekulako zaflakoa bideratuz. Charles Massondo da auzapez berria, aspaldian erroturiko eskuina Amikuzeko hiriburutik haizaturik. Gisa berean, Biriatun ere aulkia hartu zion 1989tik alkate izandako Mixel Hiriart eskuindarrari Solange Demarcq-Eguiguren ezkertiarrak. Hazparnen ere ezustekoa gertatu zen, Isabelle Pargadek zuzendu Hazparne Bihotzean zerrendak botoen %54,56 bildu eta aulkia hartuz Beñat Intxauspe zentristari.
Denetan ez da aldaketarik gertatu eta auzapez berarekin segitzen dute besteak beste, Donibane Lohizunen, Ezpeletan, Kanbon, Saran, Mugerren, Hiriburun, Basusarrin, baita erran bezala Baigorri zein Angelun ere. Oraingoz, 140 auzapezetatik hogeita bederatzi emakumezkoak dira. Duela sei urte baino emakume gehiago izanen dira beraz, 2014an hemeretzi emakumek zutelako auzapez aulkia irabazi. Hala eta guztiz ere, parekidetasuna oraindik urrun gelditzen da Ipar Euskal Herriko auzapezgoan baita ondorioz Euskal Hirigune Elkargoan ere, orain arteko tendentziak segitzen duelako: nahiz eta ez behartuak izan, auzapezek hartu ohi dute instituzio honetako aulkia ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri bozak 2020
2021-08-04 | Euskal Irratiak
Bokaldarrek berriz bozkatu beharko dute, iazko herriko bozetan iruzur elektoralak izan zirela erabaki baitu auzitegiak

Hauteskunde egunean, oposizioak ohartarazi bi akats nagusi onartu ditu epaileak.


2021-07-19 | ARGIA
Marie-José Mialocq Arbonako alkate berrautatu dute

Marie-José Mialocq-ek Arbonako hauteskundeak bigarren aldiz irabazi ditu. 2020ko martxoko bozketan Beñat Arlaren zerrendak helegitea jarri zuen eta auzitegiak onartu. Uztailaren 18an egin dituzte hauteskundeak bigarren aldiz.


2020-07-12 | Aritz Galarraga
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Barne kolonialismoa

Aktualitatea ez zait batere interesatzen –zutabe hauetarako, bistan da; bestela aktualitatearen kontsumitzaile ohikoa naiz, are garaiaren arabera tiraniaren menpekoa–; baina batzuetan iruditzen zait azkar asko ahaztuko dugun txikikeriaren batek erakuts dezakeela... [+]


Joseba Erremundegi, Etxegaraien zerrendako abertzale ezkertiarra
"Masa euskalduna iratzartzea lortu behar dugu"

Jean-Rene Etxegaraien zerrendan aurkezteko hautua egin zuen Joseba Erremundegi abertzale eta euskaltzaleak. Justuki abertzale eta euskaltzale den horri luzatu dizkiogu bizpahiru galdera, hautatu duen zerrenda ez delako abertzalea eta eskuinekoak ere dituelako bere taldean.


Analisia
Xinaurri lanaren uzta

Bigarren itzuli honetan ere urtetako lanaren emaitza lortu dute abertzale ezkertiarrek: Ziburun, Urruñan eta Itsasun auzapez izango dira. Bozketen lehen itzulian Biriatun eta Donapaleun irabazirik, Uztaritzen eta Baigorrin 2014ko garaipen historikoa berriz ere... [+]


Eguneraketa berriak daude