Eskola, porrot ala arrakasta?

Eskola-instituzioari ez zaio haurren ikasketa benetan axola, ez da hori bere existentziaren arrazoia, ez eta bere jardunaren helburu nagusia ere. Bai, badakit eskolari buruzko iritzi orokorraren kontra egiten dudala, eta bertan lanean ari diren hezitzaileen komunitatea asaldatu ere egin daitekeela hau irakurtzean. Niretzat, ordea, eskolaren emaitzek aditzera ematen dutenaren araberako baieztapena baizik ez da, eskolak bere buruari ematen dion izenari begiratzearekin bakarrik ere ondoriozta genezakeena, bestalde. “Hezkuntza”(-ren) sistema da. Eta ez, beraz, “ikasketa”rena. Zergatik ote?

Begira. Eskolak erdietsi beharreko lehen helburu gisa aurkeztu izan zaigu  beti curriculumean diren edukien ikasketa eta gaitasunen garapena. Xede horretarako instituziorik egokiena delakoan aitortu diogu eskolari zilegitasuna, eta ikasketaren toki enblematikoa kontsideratzen dugulako eman dizkiogu, hain zuzen ere, gure oniritzia eta baimena. Ez du, ordea, betetzen. Eta oso arrazoi xumeagatik, gainera. Ez delako diseinatua izan ikasteko gizakiok behar ditugun baldintzen arabera, eta ez dituelako aintzat hartzen ikas-prozesuen oinarrian dauden printzipioak. Emana izan zaion ustezko eginkizunean porrot egin du, hainbeste non, bertan haurrek ikasten dutena (eskolan ere ikasten baitute, jakina) gehiago kontsideratu daitekeen eskolara joanagatik ere gertatzen den zerbait, eskolari esker lorturikoa baino.

"Hauxe da eskolari benetan egiten zaion funtsezko galdea: segurtatu dezala helduaroan pairatu beharko duten gizarte, bizimolde, lan-baldintza eta agintearen aurreko tolerantzia nahikoa garatzen dutela haurrek"

Dena den, eta zintzoki hitz eginda, hori ere ez da oso gertakari ez-ohikoa, asko direlako beren benetako funtzioari buruz iruzur egiten duten instituzioak. Egiten duela esaten duen eta benetan egiten duenaren arteko distantzia salbaezina izatea ez da, beraz, eskolari bakarrik leporatu dakiokeen jokabidea. Eskolaren kasuan berezia dena, horrek guregan sortzen duen (edo ez duen) erreakzioa da. Ez ditu eskolarenganako gure konfiantza itsuaren zutabeak kolokan jartzen, ez garamatza kontuak eskatzera, edo bere ustezko helburuen ontasunaz zalantza egitera. Harrigarriki.

Kontua da, ikasketarako baldintza egokiak ez ezartzeko eskolak dituen arrazoiei buruzko galdera, pausatu ere ez dugula egiten. Zeren eta, egia balitz eskolak merezimendu osoz eta harrotasunez nahi duela ikastoki gorenaren izena eraman, ez al zaizue iruditzen aski lukeela ikasketa esanguratsuaren abiapuntuan dagoen printzipio pedagogiko oinarrizkoena errespetatzea (alegia, pertsona bakoitzak ikasketa-ibilbide, -erritmo eta -modu propioa duela)? Orduan?

Bada, ez da hori bere lehentasuna. Nahiago luke hori ere gauzatu ahal balu, noski, –bere helburua ez izateak ez duelako esan nahi kontrako helburua duenik–, baina ezin du. Ikasketa bermatzeko bere egunerokotik erauzi beharko lituzkeen praktikak (kalifikazioak, irakaskuntza, azterketak, adibidez), behar beharrezkoak zaizkiolako aitortu ez dezakeen bere helburu gorena lortzeko. Eta azken hau, lagunok, negoziaezina da. Sinpleki eta gordinki.

Eskola, zerbaiten ikasgune izatekotan, sozializazioarena da. Eta horrek, hemen eta orain, haurrei oso balio konkretuen arabera bizitzen irakastearen eginkizuna hobetsi beharra inposatzen dio eskolari. Edozeren gainetik, eta edozer preziotan, hauxe da eskolari benetan egiten zaion funtsezko galdea: segurtatu dezala helduaroan pairatu beharko duten gizarte, bizimolde, lan-baldintza eta agintearen aurreko tolerantzia nahikoa garatzen dutela haurrek. Horretarako entrenamendu egoki zaiela eskolako bizitza.
Bada, horixe. Horretan duen arrakasta ikusita, zergatik aldatu beharko luke eskolak?

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude